POLITIKA -

Eztabaidatu ala beste zerbait ere egin behar da? Horixe litzateke Jendarte Foroetan esku hartzen dutenen arteko debate nagusia, oraindik bukatu ez dena. 2011n Dakarren egingo da hurrengo Munduko Jendarte Foroa, baina urtarrilaren azken egunetan beste foro batzuk egin dituzte han-hemenka. Porto Alegren hamar urteotako bidea aztertu dute.

Bizkaiko langabeen esperientziaren berri eman dute Madrilen

Jose Angel Oria

2010ko Otsailaren 05a

Hamar urte beteko dira ekainean Genevako Gailur Sozial Alternatiboak WSF Munduko Jendarte Foroa antolatzeko deialdia egin zuenetik. Geroztik gauza asko aldatu da munduan zein foroen dinamikan. Suitzako Davosen egiten den Munduko Ekonomia Forotik irteten diren ildoekin bat egiten ez dutenak elkartzeko borondatearekin jaio zen Munduko Jendarte Foroa, globalizazio neoliberalaren aurkako guztiak elkartzeko. Zer lortu da? Zertan aurreratu daiteke gehiago? Zer-nolako mugak gainditu behar dira? Urtarrilaren azken egunetan Brasileko Porto Alegren bertan eta munduko beste leku askotan egin diren Jendarte Foroek eta horien inguruan egin diren hausnarketek galdera horiei erantzuna emateko aukera eskaintzen digute.

«Munduko Jendarte Foroak bete du bere helburua -idatzi du Esther Vivasek, Bolpress Boliviako agentziak banatutako testuan-. Ekitaldiz ekitaldi, gero eta esku-hartzaile gehiago izan du, iaz Belemen (Brasil) egin zen ekitaldian 130.000 lagun elkartzera iritsi arte. Onartu behar da ere lehendabiziko ekitaldi hark izan zuen eragin politiko eta mediatikorik ez dutela izan ondorengo edizioek. Orduan, WSFren proposamenek Davosekoen oihartzun bera izaten zuten. Gaur egun, ordea, aldatu egin da oreka hori».

Vivasen iritziz, Munduko Jendarte Foroak lortutako arrakasten artean dago ekitaldiak deszentralizatzeko erabakia ere, edozein bazterretan mundua hobetzeko egiten diren ekimenengana gehiago hurbiltzeko aukera ematen duelako. Giza mugimendu ugarik egiten dute bat Foroen dinamikarekin. Horrexegatik, 2003ko otsailaren 15ean Irakeko gerraren aurka egin ziren mobilizazioek milioila lagun elkartu zituzten munduko ehunka hiritan, begirale guztien harridurarako. Baina egun hartako arrakastaren arrastorik ere ez da izan geroztik, nahiz eta egin izan diren tankerako deialdiak.

Edonola ere, Munduko Jendarte Foroak baditu bere arriskuak ere eta horien inguruko eztabaidak ez du etenik. Foroak egiteagatik egitea litzateke horietako bat, ekitaldi horiek ohitura bihurtu direlako antolatzea, besterik gabe.

Nairobin ikasitakoa

Bestalde, esku-hartzaile batzuek salatu dute nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde handienek pisu gehiegi hartu dutela foroetan, giza mugimenduek gutxiegi dutenean. Nairobi Kenyako hiriburuan 2007an egin zen Munduko Jendarte Foroa litzateke horren adierazle.

Munduan gertatzen denak mundua aldatu nahi dutenen artean ere izaten du eraginik. Azken hamar urteotan gauza aipagarri ugari gertatu da, batez ere ezkerra indartsuen dagoen Latinoamerikan. Eta gauza horietako batek sekulako eragina du giza mugimenduen jardueran, kontraesanak azaleratzen baititu: Hugo Chavez Venezuelako presidente kargura iritsi zen hautestontzien bitartez, eta neoliberalismoaren eta inperialismoaren aurkako mezuei eutsi zien. Bolivian eta Ekuadorren ere indar aurrerakoiek lortu zuten garaipena, eta bertako agintariek bat egin zuten Chavezekin. Egoera aldatu egin da, begirale askoren arabera: orain gobernu batzuek giza mugimenduen proposamen batzuekin bat egiten dute. Hortaz, zer egin behar dute ekintzaileek? Nolakoak izan behar dute agintera iritsi diren indar politikoen eta giza mugimenduen arteko harremanek?

Ereduari eutsi

Foroa zer den eta zer ez den. Horri buruzko eztabaida etengabea da. Chico Whitaker arkitekto brasildarraren ustez, Foroak ez du alderdi politiko izan behar, beste mundu justuago baten aldeko mugimendu izan behar ez duen moduan, mugimendu horren tresna baizik. Gaiari buruzko liburua argitaratu zuen 2005ean, nazioarteko bilera horien printzipioak, bilakaera eta arriskuak azaltzeko. Berak esandakoaren arabera, egun Munduko Jendarte Foroaren Nazioarteko Kontseiluaren bileretan ere ordezkari batzuek «jada porrot egin duten bide politikoak» defendatzen dituzte, baina hori ez omen da egokia. «Mundua aldatzea da Munduko Jendarte Foroaren helburua, baina ereduak eta estrategiak ezarri gabe, arlo guztietan aldaketak exijituz, baita maila pertsonalean ere». Ideia hori indartu egin delakoan dago, baita prozesua orain hamar urte uste zutena baino konplexuagoa izango delakoan ere.

Brasiletik bertatik irten gabe, beste muturreko hausnarketak ere topatu ditugu. Joao Antonio Felicio CUT sindikatuko presidentearen ustez, Munduko Jendarte Foroak urrats bat egingo luke aurrera gai jakin batzuen inguruan «guztien artean adostutako» posizioak hartuko balitu, esaterako, inperialismoaren kontra, krisia gainditzeko banketxeak finantzatzearen aurka edo Kopenhageko klima aldaketari buruzko gailurrak porrot egin izana salatzearen alde. Felicioren ustez, bestelako gizarte bat lortu nahi dutenek mobilizazio jendetsuak antolatu beharko lituzkete gai horien inguruan, agintariak estutzeko. Gainera, Latinoamerikak atzera egin ez dezan ere oso tresna eraginkorrak izan daitezke mobilizazio horiek.

Futbola eta politika

Ideia bera futboleko hizkera erabilita adierazi zuen Joao Pedro Stedile MST Lurrik Gabekoen Mugimenduko buruak: «Partida irabazterik ez daukagu zelaira irteten ez bagara». Bere iritziz, gaur egun Jendarte Foroek egiten dutena «beste taldeko jokalariekin eztabaidatzea da». Eta hori ez da nahikoa.

Iritzi berekoa da Oier Imaz Askapeneko kidea. Foroek aldaketa behar dutelakoan dago. Honela deskribatu dio GAUR8ri posizio berean daudenen multzoa: «Bertan, orain arte giza mugimenduen asanbladaren inguruan antolatutakoak ageri dira. Horiek, fokua, forotik ALBA alternatibaren baitan osatzen ari den mugimendura eraman nahi dute. Evo Morales Boliviako presidenteak klima justiziaren inguruko gailurra deitu du: Cochabamban apirilaren 19tik 22ra egingo da. Giza mugimenduen dinamikaren erakusleiho izan nahi du gailurrak. ALBAko hainbat ministrok eta Europar Batasuneko ordezkaritza batek baieztatu dute jada bertan izango direla».

ALBAren espaziotik irtenda, «mundu osoko giza mugimenduen asanblada antolatzeko asmoa» dutela jakinarazi du Oier Imazek. «Orain arte Munduko Jendarte Foroetan egiten zen giza mugimenduen asanbladaren erreleboa hartzeko prestatzen ari dira», erantsi du.

Edonola ere, euskal ekintzaileek jaramon gehiago egingo diete aurten iaz Belemen antolatu zen «Zibilizazioaren krisia» izeneko forotik irten ziren dinamikei. Katalunian, esaterako, aurki herrien eskubide kolektiboen inguruko gailurra egingo da.

Brasileko Bahia estatuko Salvador hirian beste foro bat egin da azken egunotan: Gaikako Munduko Jendarte Foroa. Batek baino gehiagok salatu du Lularen Gobernuak antolatutako zerbait izan dela, ez giza mugimenduek egindakoa. Foroa antolatu dutenek jakinarazi dute beraien helburua Afrikako (Bahian afrikar jatorriko pertsona asko bizi da) eta Latinoamerikako agintarien eta gizarteen arteko elkarrizketa sustatzea zela.

Afrikakoen hausnarketa

Eztabaida horrek ere kilometro asko egin ditu dagoeneko, eta oraindik ez da helmuga ikusten. Eta helmuga hori noiz ikusi zain daude leku batzuetan, batez ere Afrikan, kapitalismoak gehien kaltetutako kontinentean. «Munduan nagusi den apartheid egoerari aurre egiteko tresna eraginkor eta jasangarri bakarra elkartasuna da, XX. mendeko askapen borrokek erakutsi zuten moduan», esan zion IPS agentziari Dakarayi Matanga Afrikako Hegoaldeko Jendarte Foroko kideak, Harare Zimbaweko hiriburuan egindako elkarrizketan. Bere iritziz, Dakarren 2011n egingo den ekitaldia ikaragarri garrantzitsua izango da Afrikako giza mugimenduentzat, «bertako herritarrek beste inork baino gordinago jasan baitituzte krisiaren ondorioak». Honako hauek lirateke kontinenteak dituen arazo larrienak, Matangaren arabera: neoliberalismoa, diktadurak, inperioen interes ezkutuak, atzerritarrek eragindako etnien arteko gatazkak eta «eskuinaren berpiztea». Latinoamerikan sortu diren ekimen batzuk goraipatzen ditu, Afrikak dituen arazoak konpontzeko baliagarriak direlakoan, esaterako, Hugo Chavez Venezuelako presidenteak proposatu duen Hegoaldeko Bankua.

Hegoaldeko herrialdeen arteko elkarlana bultzatuko lukeen bankua eskatzen dute Afrikan, eta Brasilen, dagoeneko, krisiak eragin dituen aukera berriak nola baliatu aztertzen hasiak dira. Gai ekonomikoei tarte handia eman zitzaien Salvadorreko Foroan. Bertan hitz egin zuen Ladislau Dowbor Sao Pauloko Unibertsitate Katolikoko Ekonomia irakasleak. Bere iritziz, ekonomia berria jakintza bezalako ondasun «ukiezinetan» oinarritzen da, eta ondasun horiek ez dira bukatzen besteek erabiltzen dituztenean. Irakasleak robotak ekoizten dituzten enpresak jarri zituen adibide gisa. «Horiek puntako teknologia erabiltzen dute -esan zuen Ladislau Dowborrek-. Batzuek sare bat eratzea erabaki zuten, software librea erabilita, jakintza hori hobeto aprobetxatzeko, batek ikasitakoa besteak ere jakin dezan. Konturatu ziren askoz ere etekin hobeak lortzen zituztela elkarrekin lan eginda, patenteak monopolizatzen ibilita baino».

Matxistegia, oraindik

Emakumeek beren irakurketa propioa egin dute Jendarte Foroen inguruan Porto Alegren egindako mintegi batean. Horrez gain, martxotik aurrera egingo den Munduko Emakumeen Martxa antolatzeko urratsak eman dituzte. «Foroak gure bizitzak aldatu zituen, nahiz eta matxista izaten jarraitzen duen», adierazi zuen Nalu Fariasek Porto Alegren. Berak ez du ahaztu orain hamar urte lehenengo ekitaldia prestatzen ari zirenean emakume bakarra zegoela Brasileko batzordean, zazpi gizonen artean. Orain, berriz, Porto Alegren bertan egin diren ekitaldietako bakar batean izan dira nagusi emakumeak, beste hamarretan gizon gehiago baitziren. Horrek adierazten du oraindik urrats asko eman behar direla, baina feministek goraipatu egin dute orain hamar urte hasitako bidea, «besteekin harremanetan jartzeko gaitasuna irabazi genuelako eta, beste mugimenduekin hitz egin ondoren, gure diskurtsoa hobetzera behartu gintuelako: ingurumen edo ekonomia gaiei buruz ere ikastera behartu gintuen». Emakumeek gauza berriak ikasi beharra izan bazuten, gainerako ekintzaileak «kutsatzeko» aukera ere izan zuten. Eta horixe da Lilian Celiberti uruguaitarrak nabarmendu duen ezaugarria.