Gorka Elejabarrieta
2010ko Otsailaren 05a
Apirilaren 18an hauteskundeak izango dira Ipar Zipreko Turkiar Errepublikan. Egungo lehendakaria Mehmet Ali Talat da, baina inkestek esaten dutenaren arabera, Dervis Eroglu abertzale turkiarrak apirileko hauteskundeak irabazteko aukera handia du. Hala izanez gero, horrek amaiera data jar diezaioke Mehmet Ali Talat eta Dimitris Christofias (Zipreko Errepublikako lehendakaria) daramaten negoziazioari. Argi dago Dervis Eroglu abertzalearekin zailagoa izango litzatekeela akordiorik erdiestea, bi estatu sortzea baita berak sutsuki defendatzen duen irtenbidea.
1974an Zipreko irla bi zatitan banatu zen, eta geroztik zenbait saiakera izan dira euren arteko gatazka konpontzeko. 2004an Nazio Batuetako buru zen Kofi Annan-ek bultzaturiko plana («Annan plana» izenez ezagutua), konponbidetzat estatu federala proposatzen zuena, bertan behera geratu zen Zipreko Errepublikako biztanleek erreferendum bidez ezetza eman eta gero.
Zaila da apirilak 18a baino lehen akordio oso bat egitea lortuko dutenik sinestea. Bi hilabete denbora gutxi da, horrenbeste urtez etsai izan direnak ados jar daitezen. Hala ere, gutxienez 2008ko irailetik daramate negoziazioetan, eta beste prozesu batzuetan gertatu den bezala, buruan amaiera data bat izateak akordioa erraztu dezake.
Irlandako bake prozesuan ikusi genuen negoziazioaren agenda eta arauak zehaztea gatazkaren beraren gaineko eztabaidan akordioa bilatzea bezain garrantzitsua izan zela. Negoziazio prozesuan akordioa erdiesteko amaiera data bat jartzea oso garrantzitsua izan omen zen, bai akordioa lortzeko bidean, eta bai elkarrizketak hasi eta bultzatzeko garaian.
Irlandar errepublikarrak beldur ziren beren taldea negoziazio amaigabe batean eta eduki garrantzitsuak jorratuko ez zituen prozesu batean murgildu nahian ez ote zebiltzan unionistak eta britainiarrak. Egoera hori ekiditeko negoziazioa hiru zatitan edo hiru gairen arabera banatu eta prozesu osoari amaiera data jarri zioten. Prozesu horretan parte hartu zuten protagonistek idatzi dutena irakurrita (Gerry Adams, George Mitchell, John Hume, Jonathan Powell eta abar), argi ondorioztatu dut agenda eta arauak aurrez aurretik zehaztea berebizikoa dela.
Ban Ki-Moon Nazio Batuetako lehendakaria Zipren dago egun hauetan, «prozesua indartzeko» helburuarekin. Aztertzekoa da nazioarteak prozesu honetan izan duen jokabidea, interes kontrajarri asko baitaude mahaiaren gainean eta interes ezberdinak dituzten potentziak. Zipreko Errepublika Europar Batasuneko kidea da, eta oro har, nazioarteko onarpena dauka. Turkia da Zipreko Errepublika onartzen ez duen bakarra. Ipar Zipreko Turkiar Errepublikak, aldiz, ez du nazioarteko onarpenik. Turkia da «estatu» hau onartzen duen bakarra. Baina Turkia ez da edozein estatu, eta Zipre ere ez dago edozein tokitan, eta horregatik daude Estatu Batuak eta Nazio Batuak tartean sartuta. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu greziar-zipretarrak eta turkiar-zipretarrak akordioa egiteko gai izan diren. Hauteskundeak tartean izatean, ez da momenturik egokiena halako akordioak lortzeko, baina helburuak merezi du egin beharreko saiakera eta esfortzu guztia. Irtenbideak agertoki ezberdinak kontenplatzen ditu: bi estatu, estatu federala, estatu bi-zonala eta bi-komunitarioa eta abar.
Gatazka politiko honek momentu garratz eta goxoagoak bizi izan ditu urte luzez. Inoiz konponbidea lortuko badute, elkarrizketa eta akordio politikoaren bidez izango da.




