-

Mikel Soto

2010ko Urtarrilaren 15a

Aurreko larunbatean Hatortxu Rockera joan nintzen. Laburbilduz, ohi bezala joan zen kontua: elkartasun oldea, kristoren kontzertua, antolakuntza miresgarria, giro aparta eta Jainkorik badago eskuinekoa dela pentsarazteko moduko eguraldia. Leihotik mara-mara ikusten nuen elurraren beldur, leporaino babestuta atera nintzen etxetik: botak, jertsea, bufanda, berokia... Ez zen aparteko berokia, neguan jantzi ohi dudana: artilezkoa, luzea, beltza. Duela urte batzuk merkealdian erosi nuen 80 euroren truke. Ez pentsa berokiaren deskribaketa soberan dagoenik; sei bat lagunek zer edo zer esan zidaten horren kontura. «Joder, ezkontza-arropa etxean utzi dut nik»; «e, kontzertu batera zatoz, gero»; «kontuz, sekreta bat dator», eta abar, eta abar.

Urteak daramatzat antzeko pitokeriak aguantatzen, beraz, azala dezente gogortu zait. Hala ere, lehen horrelakoak botatzen zituen jendea Monimboren uniforme guatemalarretik Trango-Ternua-Astore hirutasun saindura mudatu da, eta ez dakit nik zer den okerrago. Hala, bada, zirtolariak kutxazain begiekin aztertzen hasi nintzen: Boreal mendi-botak, 150 euro; Trango Gore-Tex zira, 160 euro; Ternua jertse termikoa, 140 euro; The North Face txaleko polarra, 100 euro, eta 0 azpiko tenperaturek txizaldi laburrak aholkatu arren, komunetara bikoteka egindako bisita luzeek iradokitzen zutenez, «para todo lo demás, Master Card».

«A las ocho en el Bule»n Silveirak idatzi zuen: «Cualquiera diría que Radical Fruit era quien patrocinaba aquellos eventos» eta nik, nire kautan pentsatu nuen: «Joder, badirudi Trangok eta Ternuak babesten dutela kontzertua!» (kasu, antolakuntza, hor duzue ideia on bat!). Badirudi uniformea ez den beste uniforme bat neramala soinean, baina, bitxiena zera da, niri haiek iruditzen zitzaizkidala uniformatuak. Nik uste dut Hatortxun ziren sekretak Hernaniko mendigoizale uniformearekin joango zirela, eta esango nuke ikusle inpartzial batek polizia izateaz libratuko ninduela, baina, hala ere, ukaezina da Hatortxuko paisaia himalaiarrarekin ez nentorrela bat. Kostata, aurrera egin dugu estetika kontuetan, baina badirudi aski dela klimatologia okertzea barruan daramagun Mari Abrego txikia ateratzeko.

Kartzelan behin kolonbiar bat hurbildu zitzaidan forru polarrek euskaldunontzat zentzuren bat ba ote zuten galdetzera. Ulertzen ez duenaren harridura aurpegian ulertzen duenaren lotsa aurpegia agertzen ikusi zuen afera argitu zidanean: «No, pregunto si es algo así como un uniforme; como todos ustedes llevan...». Okerrena zera da, nik badudala etxean Trango-Ternua uniformea, hain zuzen ere, kartzelan nengoenean senideek eta lagunek erosia, baina onegia iruditzen zait kontzertu batera eramateko! Ondo pentsatuta, adinean gora noala, ekitaldiotan susmoak uxatzeko hobe dut etorkizunean ere berokiari eustea.

Gogoan dut duela hamalau bat urte lagun batzuk Gasteizera ikastera joan zirela. Politikoki eta estetikoki outsider samarrak ziren orduan eta, zoritxarrez, aldaketak aldaketa, izaten jarraitzen dute. Kontua da 90eko urteetan Zaran jantzitako neska gazte haiek, Iruñean egin ohi zuten bezala, Herriko Tabernara joan zirela karrerako lehen asteburuan pote bat hartzera. Inguruan giroa gaiztotzen sumatu ahala, alde egiteko gogoari eutsi zioten zer gertatzen zen jakin nahian. Azkenean, tentsioak eztanda egin zuen eta, Alderdi eguna asteburu hartan izaki, egitxuak izatea aurpegiratu zieten bezeroek, itxura hartuta froga bakartzat. Eztabaida sutsu baten ostean, kolpeka atera ez zitzaten, Egizaneko militanteak zirela aitortu behar izan zioten inkisidoreburuari, eta hark erantzun: «Bien, pero Egizan ya no está en KAS».

Hurrengo astean Alde Zaharreko Herri Batasuneko komitera joan ziren gertatua salatzera eta, bat etorri arren, lasaitu zituzten, gertatu zena nahiko ohikoa baitzen (nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Zaraz janztea jazarrita zegoen taberna horren lekuan Gasteizko tabernarik coolenetakoa dago orain; auskalo Ternua-Trango uniformearekin sartzen utziko duten!). Torquemada gehiegiren zaintzapean baina horrelakoak ezinezko bihurtu arte egin dugu aurrera. A, zer-nolako mesedea egin zigun Jarrairen V. Kongresuak!

Ez dakigu Euskal Herria aske ikusiko ote dugun ala ez, bereziki txanponaren gizarte-aldea. Hala ere, beharrik esan dezakegu XXL kamiseta eta puntu lodiko artilezko jertse erraldoirik gabeko Euskal Herria utziko diegula gure seme-alaboi. Orain, arropa artetik ikusten hasi den haragiari bide egiten uzten badiogu, iraultzaren erdia egina izango dugu. Eta horrek ez du preziorik.