Israelgo Armadak orain urtebete Gazan eragin zituen sarraskiak eta txikizioa salatzeko, eta setioari amaiera jartzeko exijitzeko, oso mobilizazio anbiziosoa egin da azken egunotan: 43 herrialdetako 1.400 ekintzaile elkartu dira, munduko agintariei koloreak aterarazteko. Aurretik pentsatutakoa ez dute bete, baina bide berriak ikusi dituzte.
Jose Angel Oria
2010ko Urtarrilaren 08a
Agintarien duintasunaren arrastorik geratzen ez denean, herritarrei dagokie horien jarrera salatu eta gauzak bere onera ekartzea. Edo horretan saiatzea behintzat. Ideia horretan oinarrituta, Gazako Askatasunaren Aldeko Martxa antolatzen hasi ziren orain hilabete batzuk Code Pink-Bakearen Aldeko Emakumeak taldekoak. Eta horiekin batera, mundu osoko makina bat elkartetako kideak. Honela zioten Komite Internazionalistak taldekoek beraien webgunean: «Israeldarren inbasioaren urtemugan, nazioarteko erakundeen paralisiaren eta justiziaren blokeoaren aurrean, Gazako Askatasunaren Aldeko Martxa, Gazako Setio Ilegala Amaitzeko Nazioarteko Koalizioaren ekimen ez-biolentoa, blokeoa apurtzen saiatuko da, beraien gobernuek okupazioan duten konplizitatearekin bat egiten ez duten pertsona guztien babesa adierazteko palestinarrei. Abenduaren 29an, 42 herrialde ezberdinetatik joandako 1.300 pertsona Egiptoko Rafahko mugatik Gazara sartzen saiatuko dira eta, abenduaren 31n, Gazako palestinarrekin batera, Eretzeko mugaraino joango dira, blokeo ilegala amaitzeko exijituko duen manifestazio batean».
Aniztasuna. Azkenean ez ziren 42 herrialde ezberdineko manifestariak elkartu, 43koak baizik. Ekintzaile ugari AEBetakoak ziren, ekimena abian jarri zutenen lehen helburua AEBetako Gobernuaren jarrera salatzea baitzen, Israelgo Armadari ematen dion laguntzarengatik. Kanada, Brasil eta Venezuelakoak ere baziren, Amerikari dagokionez. Europako ordezkariei dagokienez, honako herrialdeetakoak zeuden: frantses eta espainol Estatuak, Austria, Belgika, Bosnia, Danimarka, Britainia Handia, Alemania, Grezia, Irlanda, Italia, Lituania, Herbehereak, Norvegia, Malta, Portugal, Suedia, Suitza eta Turkia. Australia eta Zeelanda Berrikoak ere bazeuden. Afrikari dagokionez, Marokokoak, Algeriakoak, Tunisiakoak eta Hegoafrikakoak. Japoniako, Indiako, Bangladesheko eta Filipinetako ordezkariek ere esku hartu dute martxan. Baita Maurizioko batzuek ere. Eta, nola ez, Palestina ondoko honako herrialde hauetakoak: Jordania, Kuwait, Libano, Qatar, Saudi Arabia, Siria eta Yemen, Israelgo ekintzaileak ahaztu gabe.
Blokeoa hautsi. Michael Ratner estatubatuarra da. Eta judua. Ekimena aurkezteko egindako ekitaldi batean esan zuenez, Martxaren lehen helburua Israelek palestinarrei ezarritako setioak hor jarraitzen duela munduari gogoraraztea zen. Une horretan antolatzaileek uste zutenez, Gazan 51.000 pertsona elkartuko ziren abenduaren 31n, horietako 50.000 palestinarrak. «Mobilizazioa egiten den bitartean indarkeria ez erabiltzeko konpromisoa hartu behar dute parte hartzaile guztiek», jakinarazi zuen. Bera bere familiarekin joan zen Ekialde Hurbilera. «Blokeoa hautsi nahi dut. Nik ordaindutako zergekin erositako armek egindako kalteak ikusi nahi ditut. Eta argi utzi nahi dut Israelek ez dituela sarraskiak nire izenean egiten».
Israelen presioa Egiptorengan. Hasieran pentsatutakoa okertu egin zen ordea. Maria Jose Lera Sevillako Unibertsitateko irakasleak Rebelion agerkari elektronikoan salatu zuen Kairoko Gobernuaren jarrera aldaketa, aste batzuk lehenago baimendutako gauza guztiak debekatzea erabaki baitzuen. Abenduaren 27an lokal itxi batean egitekoa zen batzarra kalean egin behar izan zuten, Tahrir plazan. Martxarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten solidarioek, nahiz eta une horretan Gazaraino eraman behar zituzten autobusik gabe zeuden -Mubaraken errejimenaren jardunaren eraginez-. Kairon bertan makina bat protesta egin zuten, Polizia beti atzean eduki arren. Niloko zubi batean Gazakoen aldeko argazkiak jarri zituzten, baina agenteek berehala kendu zituzten, esaterako. Hainbat frantses beraien enbaxadara joan ziren, eserialdia egitera. Bi dozena lagunek gose grebari ekin zioten, horien artean Hedy Epstein Poloniako judua, Holokaustotik bizirik ateratako 86 urteko emakumea. 63 urteko Teresa Salas katalanak ere baraualdia egitea erabaki zuen, eta aste honetan, Bartzelonara iristean, gose grebarekin jarraitzea erabaki du, gutxienez hilaren 18a arte, orduan beteko baita Berun Urtua operazioaren bukaeraren lehen urteurrena.
«Kaosa eragiten». Kairotik Gazaraino joatea ezinezkoa izango zela ikustean, batek baino gehiagok hiriburutik irten eta Al Arish hirira joateko ahalegina egitea erabaki zuen. Baita lortu ere. Horietako bat zen Manuel Tapial, Bartzelonan bizi den ekintzaile madrildarra. Pozik zegoen GAUR8rekin hitz egin zuenean: «Al Arishen kaosa eragiten saiatu gara. Ikusgarria izan da. Historikoa, inoiz ez baita herrialde arabiar batean horrenbeste ekintzaile elkartu».
Protesta kutsakorra. Tapialek Gamal Gomaa Ibrahim gizonaren eta 17 urteko alabaren kasua kontatu digu. «Nazioarteko ekintzaileak Gazaren aldeko oihuak botatzen ikustean, ezin izan zion eutsi emozioari eta manifestariokin bat egin zuen. Hasierako mesfidantza gainditu ostean, agenteek Gamal atxilotzen saiatu zirenean, konturatu ginen bere burua arriskuan jarri zuela. Giza eskubideen aldeko elkarteei egoeraren berri eman genien. Gainera, gure taldeko hiru neska bere etxera joan ziren beraiekin gaua pasatzera, eta hurrengo egunean ere gauza bera egin zuten, Poliziak etxea erabat inguratuta zuen-eta. Une honetan giza eskubideen aldeko taldeen babesa dauka». Poliziarekiko hasierako beldurra gainditu izanaz harro dago Tapial, «horri esker Egiptoko jendearekin eta hemen dabiltzan guztiekin harremanak estutzeko aukera izan baitugu. Esaterako, Libanoko hegoaldean jaialdi bat egin nahi da maiatzean, palestinar iheslariek Palestinara itzultzeko duten eskubidea aldarrikatzeko».
Mozorrotuta Rafahra. Egiptoko Poliziaren deskuidu batez baliatu ziren Jaume valentziarra eta bere lagun bat Al Arishen bi auto alokatzeko (ehun euro). Lehenengoa aurretik bidali zuten, eta beraiek, mozorrotuta, bestean sartu ziren. Rafahraino iristea lortu zuten. Bertan «Free Gaza» zioen pankarta zabaldu eta argazkiak egin zituzten. «Rafah Egiptoko hiria erabat hartuta daukate Poliziak eta Armadak. Soldaduak zakurrekin ibiltzen dira. Hesi handiaren beste aldean, Gaza. Hamar metrora besterik ez. Baina ez genuen sartu nahi, muga itxita dagoela salatu baizik».
Taxia, debalde. Al Arisheko giroa aldatu egin zuten nazioarteko ekintzaileek. «Hemen jendea oso gaizki dago, errepresioa ikaragarria baita. Poliziak esaten die herritarrei gu israeldarren lagunak garela, hiesa daukagula, Egiptoren etsai amorratuak garela... Baina jendeak badaki zertara etorri garen. Kalean ikustean agurtu egiten gaituzte, kafea eskaintzen digute, taxia debalde ateratzen zaigu... Bertako Alderdi Komunistak esan zigun manifestazio bat antolatu nahi zuela, gure protestaldiaren eraginez. Bestalde, Polizia ez da ausartzen gu ukitzera -Kairon egurtu zituzten, ordea, www.youtube.com/watch?v=yT4tk2RiNIo bideoan ikus daitekeenez-. Mehatxuak bai, baina hortik aurrera, ezer ere ez. Hemen maitatuak sentitu gara, babestuta, beldurrik gabe. Hemen nire herrian baino libreago sentitzen naiz. Hau ironia! Azkenean, agente batzuek `Palestine hurra' esanez agurtu gaituzte. Garaipenaren ikurra, seguru asko. Oso egoera zailak pasa ditugu: estresa, beldurra, nekea... Baina besarkadak, muxuak, barreak eta askatasun giroa ere izan ditugu», nabarmendu dute valentziarrek.
Gazakoen ospakizuna. Gazan bertan abenduaren 27an gogoratu zuten Berun Urtua operazio tragikoaren (1.400 hildako) hasiera. Sarraskia hasi zen orduan bertan, 11:25ean, sirenak jotzen hasi ziren. 2008ko abenduaren 27ko bonbardaketek 228 palestinar sarraskitu zituzten. 1967az geroztik palestinarrek izan duten egunik tragikoena izan zen hura. Ismail Haniyeh palestinarrek hautestontzietan aukeratutako lehen ministro bakarrak (Hamasekoa da) telebistan hitz egin zuen, atzean bonbardaketetako irudi ikusgarri bat zuela. Gazakoen erresistentzia goraipatu zuen. Egun berean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere hitz egin zuen kameren aurrean, baina Gazaren aurkako operazioaren urteurrena ez zuen aipatu ere egin. Esanguratsua oso! Zergatik Netanyahu isilik? Erantzuna Gideon Levy Israelgo kazetari aurrerakoiak eman zigun: «Erasoaldi hura beharrezkotzat dutenek ere ongi dakite Israelek zer-nolako salneurri politikoa ordaindu behar izan duen. Mundu osoak ikusi zuen Israelgo Goliat David palestinarra era bihozgabean jipoitzen».
Mubaraken emaztea. Ekintzaileen zatiketa eragin zuen Egiptoko agintarien maniobra batek. Kairotik ezin irten zeudela, Mubarak presidentearen emazteak zuzentzen duen elkarte baten bitartez ehun laguni Rafahraino eta baldintza jakin batzuen arabera joateko aukera eskaini zitzaien. Batzuek onartu egin zuten eta Eretzeko mugan egin ziren ekitaldietan esku hartzeko aukera izan zuten. Gehienek ezetz esan zioten proposamenari. Batzuek traiziotzat jo zuten proposamen hori onartu izana. Haidar Eid eta Omar Barghouti International Solidarity Movementeko kide palestinarrek Mubaraken emazteak eskainitako autobusik ez hartzeko eskatu zieten ekintzaileei, maniobra mugimendua zatitzeko egina zegoela salatuz. «Zuek egin dituzuen mobilizazio eredugarrien eta hedabideetan zabaldu dituzuen mezuen eraginez, Egiptoko Gobernuaren aurkako nazioarteko presio publikoa asko hazi da. Baita arabiar iritzi publikoarena ere». Beraien iritziz, hori garrantzitsuagoa zen Gazara bertara iristea baino.
Xabi Vazquez, Bidea Helburu taldeko kidea:
«Indarkeria ezaren bidezko jardunaren helburua Estatuaren indarkeriari erantzun trebe eta eraginkorra ematea da»
Xabier Vazquez Bidea Helburu taldeko partaidea da eta desobedientzia zibila eta indarkeria eza aktiboki erabiltzean oinarritutako esperientziak aztertzen ditu etengabe. Beste egile batzuekin batera, iaz ezagutarazitako “Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat” liburua idatzi zuen.
43 herrialdetako 1.400 pertsona joan dira Egiptora, bertatik Gazara iristeko asmoz. Ez dute lortu nahi zutena. Horrek zer esan nahi du, tankerako mobilizazio anbiziosoak ez direla egin behar, ala mobilizazio horiek modu egokian egin ahal izateko formula berriak bilatu behar direla?
Beno, ez zuten lehen unean nahi zutena lortuko, baina ekimen hauei esker ari gara honi buruz hizketan. Edozein ekimenek ondo neurtu behar du helburu eta indar arteko oreka, jendea erre gabe tentsioa mantenduz. Hor dago erronka! Ezin dugu pentsatu edozein ekimenek bere lehen helburua ez lortzea ekidinezineko porrota denik, zerbait egite hutsa bada garaipen txikia pasibotasunaren aurrean. Sareak osatzea, koordinaketa, mugimendua... lorpenak dira. Azken helburua ahalik eta mobilizazio masiboena lortzea da, beraz, horrelakoak egin egin behar dira; zailtasuna noiz egitean datza.
Egiptoko Polizia AEBetako, Pariseko edo Kataluniako manifestariak egurtzen ikustean, zein hausnarketa egiten duzu?
Estatuaren indarkeria zilegitzat jotzen duen sistema munduko lurralde guztietan ematen da. Edozein ezberdintasun edo mendekotasunari aurre egiten dion edozein kimu errotik desagerrarazi nahi dute estatu aparailuek. Indarkeria ezaren bidezko jarduna ez da inondik ere babesean geratzen. Helburua, bada, indarkeria horri erantzun trebe eta eraginkorra ematean datza; indarkeria hori erabiltzen duenaren aurka bihurtzea, jendearen gehiengoa lortuta.
Adineko pertsonak (horietako batek 86 urte zituen) gose greba egiten ikusi ditugu, Kairoko agintarien jarrera salatzeko. Mubaraken errejimena diktadura hutsa da, estatubatuarren laguntza duena. Errejimen horiengan ba al du eraginik indarkeria eza aktiboki erabiltzeak?
Aminetu Haidarren gose grebak, adibidez, oihartzun zabalagoa izan du Saharan egin izan balu baino edo saharar askok isiltasun hesia haustea lortu gabe egiten dituztenek baino. Hedir edo Salasen gose grebek marokoar, egiptoar edo israeldar errejimenen isiltasun hesia apurtzen lagundu dute. Baina badira mila antzeko ekimen giza kostu altukoak eta iristen ez zaizkigunak; horregatik, martxak bertako jardunean errepararaztea zuen helburu.
Hegoafrikako Apartheidaren aurkako borroka zibilean oinarritutako ekintzak proposatzen dizkigute Palestinako giza mugimenduek: boikota, inbertsioak ateratzea... Gauza batzuk egin dira, baina Israelgo, AEBetako eta Europako agintarien jarrera ez da aldatu. Indarkeria ezak ba al du inolako kemenik munduko armadarik moderno eta krudelenari aurre egiteko? Ez al da gogoa kentzekoa Israelen bertan hain intsumiso eta objektore gutxi egotea?
Jarrera aldatu ez denik ezin da esan. Europan behintzat jarrera epelak dira nagusi, baina bertako zein Palestinako jendearen mugimendurik ez balitz, akaso jarrerak are okerragoak lirateke. Indarkeria ezak baino, eguneroko borrokan ari diren pertsonen bihotzek dute kemena. Aurrean armadarik modernoetakoa izateak ez dio aterik ixten indarkeria ezari; are gehiago, Israelen estrategia zanpatzaileak indarkeria bidezko erantzuna sustatu nahi du, borroka horretan jaun eta jabe dira-eta. Hori da Israeli komeni zaion borroka esparrua. Indarkeria ezak itxaropenerako zirrikitua ireki lezake, estua izanda ere. Palestinar lurretan jarduteari uko egin dioten militarrak eta euren aldeko elkarteak hain gutxi ere ez dira, eta halako egoera bortitzean pausu hori ematen duen jendea egotea kezkagarria baino itxaropentsua da; eurek ere inguruko hesia urratzen dute.
Gazaren Askatasunaren Aldeko Martxak une hunkigarri ugari ere utzi ditu. Egiptoko herritarrak hemengo manifestariekin bat eginda ikustea edonor pozteko modukoa da. Nola lortu momentuko poza eraginkortasun politikoa izango duen zerbaitetan bihurtzea?
Nola lortu Euskal Herrian urtez urte ematen diren manifestaldiek erantzun politiko positiboagoa izatea? Galderak toki askotarako balio du. Dakidanaren arabera, martxa ez da ekimen puntuala izan, ez da hutsetik abiatu. Hurrengo hilabeteetarako taxuzko ekintzak daude prestatuta eta bertako erantzunaren bidelagun izango den nazioarteko ekimena behar da.
Internet gabe, posible al litzateke 43 herrialde ezberdinetako ekintzaileak koordinatzea?
Ziurrenik, oso zaila. Bistan da Internet aukera handia dela, baina beti bezala aukera alde askoren esku dago; bere eraginak pairatzea edo probestea norberaren esku dago.
Tankerako mobilizazioetan aniztasuna (aniztasun ideologikoa, esperientziari dagokiona...) izaten da nagusi. Eta aniztasunak gauza asko eskatzen ditu; pazientzia esaterako. Merezi al du horrenbeste herrialdetako pertsonak elkartzen saiatzea?
Dudarik gabe, bai! Horrek ez du esan nahi ekimen xumeagoei bidea ixtea.
Zergatik uste duzu Palestinako herriaren egoerak beste edozein herrirenak baino ekintzaile gehiago erakartzen dituela?
Agian ez da munduan bidegabekeria handiena dagoen lurraldea izango, baina, hau esate hutsa izugarria bada ere, hedabideetan lekua egin duen bidegabekeria handienetakoa da. Israelen existentzia bera, gainera, beti da albiste dituen inplikazio historiko eta erlijiosoengatik; arrazoi geoestrategikoak direla medio ere beti daude begiak begira. Gainera, kolonialismoaren iragan eta oraina uztartzen ditu; mendebaldarren irlatxo bat da Ekialde Hurbilean eta kolonialismo mota zaharkituenek bere horretan diraute. Urtetan begiak han izan direnez belaunaldi ugarik erreferente gisa ezagutu dute eta gaiarekiko interesa ez da jaisten.




