Komunikazioa -

Joxe Rojas

2009ko Abenduaren 18a

Seguru asko bestelako iritzia izango nuke hurbilagotik ezagutuz gero. Baina horrela, urrunetik ikusita, mirespena eragiten dit BBC irrati-telebista publiko britainiarrak. Eta ez soilik tartean behin iristen zaizkigun haren ekoizpen ederrengatik. Erakunde gisa ere ekimen eredugarriak gauzatzen ditu, eta aste honetan horietako bat abiatu dute.

BBC Academy du izena, eta kazetaritza, ekoizpen, lidergo eta teknologia alorretako prestakuntza eskaintzen du BBCko zein beste hedabideetako langileentzat. Academy sortzeaz gain, BBCk lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Erresuma Batuko beste hedabide eta enpresekin haren prestakuntza baliabideak sektore osoarekin eta publikoarekin partekatzeko. Azken helburua, iragarri dutenez, Erresuma Batuko hedabideen industria sustatzea da. Besteak beste, plataforma anitzeko ekoizpen tailerrak antolatzen ari dira estatu osoan azken urteotan ikasi dutena etxe barruko zein kanpoko profesionalekin konpartitzeko.

Publiko zabalarengana ere iritsi nahi dute, eta horretarako CoJo izeneko webgunea ireki dute, College of Journalism edo Kazetaritza Eskola, alegia. Webgunea duela hiru urte sortu zuen BBCk barrura begirako prestakuntza tresna gisa. Orain, bertako edukiak ingeles guztien eskura jarri dituzte dohainik: bertako profesionalen azalpenak bideo eta audio grabazioetan, etikari, eta balioei buruzko eztabaida irekiak, lege kontuak, hiztegi teknikoak, norberaren jakintza neurtzeko modulu interaktiboak... kazetaritzan aritu nahi duen edonorentzako hamaika baliabide ezin erabilgarriagoak.

Interesgarriena, zalantzarik gabe, BBC-k bere jakintza eta baliabideak hain eskuzabal irekitzeko azaldutako arrazoiak dira. Ekimena aurkezteko zabaldutako oharrean, halaxe diote (gutxi gorabehera): «Academy-k kazetaritza, ekoizpena, lidergoa eta teknologiaren inguruko prestakuntza guneak elkartu ditu gure langileentzako mundu mailako garapen tresna sortzeko. Baina langileek gero eta mugikortasun handiagoa dute, eta, hori dela eta, prestakuntza erakunde barruan zein kanpoan eskaintzea interesatzen zaigu. Bestela esanda, ekimen berri hauen atzean dagoena ez da ongintza, interes propioa baizik!». Jakintza hedatzea eta zirkulatzen uztearen onuren inguruko diskurtsoa ez da hippyen kontua soilik. BBC erakunde erraldoia ere konturatu egin da: komeni zaio ahalik eta jende gehien egotea bertan lan egiteko prestatua, eta horregatik -besteak beste¯ zabaldu ditu bere akademiaren ateak.

Tira, «zabaldu-edo» esan beharko dugu. Izan ere, ingelesak ez garenok ez baitugu aukerarik CoJo webgune horretan sartzeko, eta etorkizunean ere harpidetza bidez soilik egin ahal izango dugu. Neurri batean ulergarria izan daiteke: jakina denez, BBC ikusleek etxean duten telebista bakoitzeko urtero ordaintzen duten kuotaren bidez finantzatzen da, eta ez da oso bidezkoa etxekoei kobratzen zaiena kanpokooi «by the face» eskaintzea, nahiz eta jakintzaren zabalkundearen inguruko mezu horrekin oso bat ez etorri.

Edonola ere, ideia bikaina iruditzen zait, batez ere inguruan dugunarekin konparatzen badugu. Inguruan aurkitu dudan adibiderik antzekoena EiTBk unibertsitate pribatu batekin elkarlanean sortutako master bat da, 9.000 euro inguru kostatzen dena. Baina herri santu honetan tradizio bihurtu da diru publikoz sortutako edukia gero publikoari berriz ere saltzea, ezta?