In Fraganti -

18 urteko gazte oiartzuar hau Gipuzkoako Kantu Txapelketak egin du ezagun. Hiru sari eskuratu ditu: bakarkakoa, binakakoa eta publikoarena. Baina orain, Egañak bezala, lehiaketak behetik ikusi nahiko lituzke, eta bere bideari ekin. Talde txiki bat sortzea gustatuko litzaioke. Gozatzeko, musika horretarako delako.

Maider Iantzi

2009ko Abenduaren 18a

Beti ari da musika aditzen. Etxera ailegatu eta diskoa bueltaka jartzen du. Kantatu ere egunero egiten du momenturen batean: Gasteizko ikasle pisuan, sukaldean bakarrik dagoenean, edo Oiartzunen, etxean gitarra hartuta... Disfrutatu eta deskonektatu egiten du, orain adibidez, azterketak gainean dituenean. Familian edo lagunartean sarri erraten diote: «Benga Irati, kantatu pixka bat!». Gogoa baldin badu, abesten du. Bestela, ez. «Ohitura handia daukagu etxean mahaian kantuan aritzeko. Amonak txikitan asko kantatzen zigun, amak ere beti, eta agian horregatik ekarri dugu zaletasuna. Txikiak ginenean beti egoten zen Xabier Lete, Errobi edo zer edo zer jarria. Ibiltzen baino lehenago ikasi nuen hitz egiten eta kantatzen ere bai ia-ia», kontatu dio GAUR8ri.

Gasteizen elkartu gara berarekin, han ari baita Euskal Filologia ikasten. Hotzari aurre eginez kanpoan argazki batzuk atera eta ziztu bizian sartu gara taberna batera, musikaz, bere zaletasun nagusiaz, solas egitera. «Niretzat musika asko da: emozioak ateratzeko bide bat, beste mundu bat bezala. Estresatuta zaudenean, triste zaudenean, pozik zaudenean, beti daukazu musika sentimendu horiek adierazteko. Zer edo zer berezia da musika, eta kantatzea ere bai. Triste nagoenean letra batzuk ateratzen zaizkit, pozik nagoenean beste batzuk, musikarekin oso lotuta dago nire bizitza», azaldu du.

Gipuzkoako Kantu Txapelketako finalean hiru sari irabazita sekulako poza sentitu zuen. Bazekien urtetik urtera maila handitzen ari zela eta jende gehiagok izena ematen zuela. Aurten, hemezortzi bakarlari ziren hasieran eta hamar pasatu ziren finalera. «Hamarretik nik irabaztea ez nuen pentsatzen. Lehenengo, bikotekako irabazle bezala entzun nuen nire izena, Ane Badiolarekin, eta esan nuen: bikoteka ja txapela irabazi badugu, bakarkakoa urruti izango dut. Baina gero bakarkakoa irabazi nuela esan zuten, eta gero publikoarena!».

Oiartzuar gazteak oroitarazi duenez, duela urte batzuk Gipuzkoan ez zegoen halako indarrik, ez zen txapelketarik egiten ere. Eta orain oihartzun ikaragarria du lehiaketak; Lain taldea, adibidez, bertan hasi zen eta aurrera egin du. Iratik poza hartzen du kantu zaletasuna dagoela ikusita.

Duela lau urte Haur Kantu Topaketan kantatu zuen; urtebete geroago lehenengo aldiz aritu zen helduen txapelketan eta interpretazio onenaren saria eskuratu zuen; eta hurrengoan ahots onenarena lortu zuen.

Euskal Herriko Txapelketa lau urtetik behin egiten da eta urte horretan herrialdekoa irabazten dutenek lortzen dute bertan aritzeko sarrera. «Orain dela bi urte irabazi nuenean justu Euskal Herrikoa zen eta joan ginen. Abestu eta etxera. Arriagan izan zen, eta oso ondo».

Iratiren ustez, lehiaketa hauek jendeak kantari gazteak ezagutzeko balio dute. «Aukera daukagu jende askoren aurrean kantatzeko, gure burua pixka bat ezagutarazteko eta, zer edo zer lortzen badugu, komunikabideetan ateratzeko. Gero, Euskal Herrian beti asko gustatu zaigu lehiakortasuna. Topaketa ere egin zitekeen, baina txapelketak morbo gehiago dauka».

«Urte guztian aritzen gara kantatzen, leku txikietan, tabernetan, herriko festetan... Txapelketa ez dugu asko prestatzen. Egia esan, astebete lehenago aukeratzen dugu abestia, pianistari esaten diogu: `Hauxe!'. Behin entseatu eta halaxe joaten gara. Gehiago presta genezakeen, baina bat Gasteizen ikasten, bestea Donostian lanean...». Hiru kantu kantatu zituen txapelketan: bakarka Ken Zazpi taldearen «Zu ez zaudenean», eta bikoteka Amasako Ioritz Galarragarekin Alaitz eta Maiderren «Oroitzak» eta Ane Badiola oiartzuarrarekin Ken Zazpiren «Irudi biluztuak». Orain arte abesti klasikoagoak abesten zituen: Xabier Lete, Amaia Zubiria... «Pixka bat arriskatzea erabaki genuen, gazteei ere gehiago gustatzen zaizkie abesti modernoagoak, eta gustura gaude emaitzarekin».

Zerbait handiagoa

Musikari batzuek dantzaldietan jotzeko talde bat osatu nahi zutela errateko deitu zioten, baina egitasmoak ez zuen aurrera egin. Entseatzeko geratu ziren, baina batzuk urrunekoak ziren eta ez zuten denbora anitz denak elkartzeko. Orain, Ane Badiolarekin kantatzen du, gitarraren edo pianoaren laguntzaz. «Lan txikiak egiten ditut eta gustatuko litzaidake zerbait handiagoa lortzea. Presarik gabe, denbora badago zer edo zer egiteko. Baina gogoa badaukat eta orain gaztea naizela ere aprobetxatu behar da horrelako gauzak egiteko. Eskaeraren batzuk izan ditut, baina oraindik ez naiz ari ezer serioa egiten».

Familian betidanik kantatu izan dute. Lehengusinek, Ansa ahizpek, Nafarroako Txapelketan parte hartzen zuten eta senide guztiak joaten ziren haiek ikustera. Geroago, Gipuzkoan topaketa egingo zela jakin zuten eta lehengusinek animatuta eman zuen izena, 14 bat urterekin. Lehenbiziko aldiz goititu zen oholtzara, pixka bat beldurtuta, hagitz urduri eta aitzinetik negar saio bat eginda. Aurrera segitu zuen. Gustatu zitzaion seinale.

Txapelketan lagun ugari egin du. «Sekulako giroa sortu da gipuzkoar abeslari gazteen artean. Topaketak ere egiten ditugu Euskal Herri mailan. Beste herri bateko neska edo mutil bat ezagutu eta elkarri esaten diogu: `Benga, hurrengo urtean aterako gara biok, animatu'. Oso ondo dago hori. Baina agian kantu txapelketak baztertzeko garaia iritsi da; Egañak esan duen bezala, txapelketak behetik ikusten hasi beharko dugu». Dagoeneko askotan parte hartu du eta bere gauzak sortzen hasi nahi du. Kantu txapelketa lehenengo urratsa da, jendea ezagutzeko eta jendeak abeslariek zer egiten duten jakiteko. Gero, ahal bada, norberak bere bideari ekiten dio.

Solfeoa ikasi zuen txikitan eta gero hainbat instrumentu: panderoa, trikitia, gitarra... «Musika-tresna batzuk lardaskatzen ditut eta gehiago ikasteko gogoarekin egoten naiz beti. Oso ondo pasatzen dut musikarekin. Nik nahi dudana da azkenean. Batez ere abestea gustatzen zait, baina instrumentuak ere bai, lagunak elkartzen garenean gitarra jotzea... Oraindik gehiago ikasi beharra dago eta aurrera segitu nahiko nuke».

«Oso zaila da euskal musikan, orain ari dira talde gazteak ateratzen, baina horretarako nahiko musika komertziala egin behar duzu eta nik ez dut horrelakorik egiten». Iratik nahiago du herriko jendearentzat kantatu; goxoago, txikiago, eta euskaraz. Amaia Zubiria da bere erreferentzietako bat, «sekulako ahotsa eta teknika daukalako». Orain Mikel Urdangarinen disko berriarekin dabil bueltaka, gogoko ditu zornotzarraren letrak. Maite du idaztea.

Iratiren asmoa Euskal Filologiarekin harremana duen zerbaitetan lan egitea eta musika oraingoz behintzat hobby bezala hartzea da. «Euskal kantagintzan zer edo zer egitea ere gustatuko litzaidake, ez dut gezurrik esango», aitortu du. «Baina jendeari gustatzeko zer edo zer egin behar duzu eta azkenean gurpil batean sartzen zara. Ez daukat oso argi sartu nahi dudan ala ez. Zerbait ateratzen badut bene-benetan nirea izatea nahi dut eta horrek agian ez dauka halako arrakastarik», adierazi du.

Euskal musika entzuten du gehien, baita Joaquin Sabina, Ismael Serrano, Rosana, Silvio Rodriguez eta bertze artista anitzen doinuak ere. Une bakoitzean abesti bat. «Whitney Houstonen ahotsa asko gustatzen zait, baina ikusten dut ahots hori lortzea ezinezkoa dela», agertu du barrez.

Idaztean, maitasun kontuak, malenkoniaz betetako kantuak, ateratzen zaizkio errazen, baina saiatzen da hortik ateratzen, beti gauza bera idatzi gabe. «Azkenean, idazten duzuna zure ispilu bat bezala da».

Oholtzan kantatzean, politena jendeak ematen duen berotasuna da Iratirentzat. «Globo edo burbuila batean sartzen zara eta ikaragarri gozatzen duzu jendeari transmititzen eta ikusten jendeak ere jasotzen duela zuk eman nahi diozun mezu hori. Gurasoak edo lagunak aurre samarrean baldin badaude eta keinuak egiten ari direla ikusten badut, urduriago jartzen naiz. Hortaz, nahiago dut haiek ez ikustea eta fokuek laguntzen dute horretan. Oso gustura kantatzen dut edozein lekutan, publiko aurrean, publikorik gabe... Agertokian, kantatu baino gehiago kontatu egin behar dudala pentsatzen dut».

Interpretazioa lantzea garrantzitsua da, ahotsa ere bai. Oiartzungo abeslariak argitu duenez, beste instrumentu bat da, eta, instrumentuak jotzen bezala, ahotsa erabiltzen ere jakin behar da. Arrasateko kontserbatorioan erakusten dute eta galdetzera joateko asmoa du, Gasteizen ere zerbait aurkitzen saiatuko da, pixkanaka bidea egiten joateko.

Momentu eder asko bizitzen ari da musikari lotuta. Herrian kontzertuak ematean, jendeak animoak ematen dizkio. Eta ingurukoak disfrutatzen ikusiz gozatzen du berak gehien.