Abereak beti gustatu izan zaizkio. Txakurrak zituen gertukoen umetan, baina aitak Roberto poneya oparitu zionetik zaldiekin moldatu da ondoen. Begirada eta gorputz espresioa erabiliz zuzeneko komunikazioa lortzen du aurrean duen moxalarekin. Liderra bera dela garbi jartzen dio lehenik. Ondoren hasten da heziketa prozesua.
Xole Aramendi
2009ko Abenduaren 18a
Zaldiaren atentzioa erakartzen saiatzen naiz lehenengo. Picadero borobilaren erdian jartzen naiz. Zaldia hormaren kontra jarrarazi eta ihes egin dezan saiatzen naiz. Hurbilduz jiratu arazi egiten dut. Halako batean, berak burua jaitsi eta aho-keinu jakin baten bidez otzantasuna adierazten dit. `Nahi duzuna egin nirekin', esaten dit. Hau dena begietara begiratuta», kontatu du.
Zaldiei euren hizkuntzan hitz egiten die Edurne Barriolak. Tolosarra da eta 27 urte ditu.
Naturan gertatzen den eskema errepikatzen du berak. «Talde batean denetarik dago: behorrak, moxalak eta hazitarako zaldiak. Moxala indiziplinatua bada, liderrak (behor zaharrenak) taldetik bota egiten du. Hasieran harroxko dago moxala, baina bere ahultasunaz ohartzean, hark gerturatu egin nahi du. Behorrak ez dio uzten. Itzuli egin nahi du eta horretarako, burua jaitsi eta ahoarekin keinua egin behar du. Niri egiten didan bera». Une horretan gorputza sartzen da jokoan. «Batere begiratu gabe, alboka jartzen naiz. Hori ikustean, normalean, etorri egiten da. Berak ni ukitzen nau aurrena eta era horretan bera ukitzeko baimena ematen dit. Orduan hasten naiz lanean», azaldu du. Konfiantza giroa lortzea da kontua.
Zaldia taldeko animalia da. «Bakarrik oso ahula da. Otsoa etorri eta jan egingo du. Taldean badoa, agian egongo da herren dagoen zaldiren bat eta harengana joango da otsoa. Gu eurentzako lehoiak gara, piztiak. Baina nahiago du bakarrik egon baino gurekin, ezezagunekin, egon. Horregatik lortzen dugu heztea. Biziraupen instintuak gugana hurbiltzera daramatza», dio.
Larre askeetan, bizimodu nahiko lasaia du zaldiak. «Otso batek jateko ehizatu egin behar du. Eta horretarako taldeko estrategia landu behar du. Zaldiak, aldiz, ez du janaririk bilatu behar. Belarra edonon aurki dezake. Ez dauka pentsatzeko inteligentzia asko erabili beharrik, otsoak askoz gehiago pentsatu behar du. Zaldiak jan, egon... besterik gutxi. Hortik ateratzen den edozer beldurgarria gertatzen zaie, baita txori bat hegan hasten bada ere», esan du.
Hezitzaile bakoitzak bere teknika dauka entrenatzeko garaian. «Nik bere liderra bihurtu behar dut. Bestela ez nau errespetatuko -esan du-. Beraiek buru bat daukate. Taldea irekiz, aurrean, doa liderra. Bera da bigarren doanaren buru. Eta hura, era berean, hirugarrenaren buru da. Ez doaz edonola», kontatu du.
Beharrezkoa ikusten badu, Edurne Barriolak ez du zaldia jotzeko erreparorik. «Zaldiak, euren artean, ahal dela ez dute elkar jotzen. `Molestatzen ari zara', esango dio, abisua emanez. Nik ere, ahal dudala, ez dut joko, baina hirugarren esanean ez badit kasurik egin, orduan bai», aitortu du.
Bere burua ezagutzeko baliagarria zaio zaldiekin lan egitea. «Oso ondo etortzen da. Nik, adibidez, pazientzia askoz gehiago daukat orain», dio.
Argentinan eta Uruguayn 2004an egindako egonaldia erabakigarria izan zen Barriolarentzat. Gabriel Dianorekin ikasi zuen. Western amerikarraren barruan dagoen reining diziplina lantzen du hark. Punta-puntan dabil. «Aurretik zaldiekin urte asko aritutakoa nintzen, baina instintuz egiten nituen gauzak. Oraindik ere gauza asko ditut ikasteko, baina berekin hobetoxeago ikasi nuen ofizioa. Bi mundu, doma naturalarena eta reining diziplinarena, ireki zizkidan».
Beste hainbat entrenatzailerekin aritu da, han eta hemen egindako ikastaroetan. «Doma naturala asko aldatzen da batetik bestera. Nik nire erara egiten ditut entrenamenduak. Ia denengandik hartu dut zerbait eta nire egin dut». Datorren martxoan Brasilera beste hilabetez joatekoa da Gabriel Dianok han ireki duen eskolara.
Barriola diziplina zalea da. «Lanera noanean horretara noa, ez jolasera. Badira jolastu egiten duten entrenatzaileak ere, baina arriskutsua da. Zaldiari nola adierazi noiz zauden lanerako eta noiz jolaserako? Noski, jolasean ere diziplina sar dezakezu. Nik zaldi bat hartzen dudan lehen unetik, zaldia lanean ari da. Gaur tontakeria egiten uzten badiozu bihar handiagoa egitea pentsatuko du eta ostikada eman», esan du. Agian horregatik izango da, baina ez du kolpe askorik jaso. «Zorteko naiz. Askotan libratu izan naiz juxtu-juxtu, egia esan», kontatu du.
Baserritar bat baino gehiago harrituta geratu izan da neska gazte bat zaldia ferratzera etxera iristen denean. Edo azkazalak moztera, zaldiei manikura ere egiten baitie Edurne Barriolak. Baina, batez ere, zaldi hezitzailea da.
Zaldiari sokaz lotuta ibiltzea erakustea izaten du lan bakarra batzutan. Egun gutxitako kontua izaten da. Bestetan moxalaren gainean jarri eta mendian ibiltzeko prestatzea du eginbeharra. Badira gainean jartzen hasi eta lurrean bukatu ondoren Edurne Barriolari deitzen diotenak ere. «Arazoak sortu baditu ohitura txarrak kendu behar dizkiot zaldiari», adierazi du. Jabearen eskaeraren araberakoa da egin beharrekoa.
Baserriz baserri
Eguna batetik bestera pasatzen du, arropa biltegi bateko lana eta zaldi heziketa uztartuz. «Goizetan baserriz baserri ibiltzen naiz, bezeroen eskariei erantzunez. Arratsaldetan, 15.30etik 19.00etara, lanera noa eta ondoren beste zaldi bat entrenatzen dut -kontatu du-. Larunbatetan egun osoa ematen dut zaldiekin».
Ez dago kexatzeko, zaldiak zaindu eta hezteko gero eta enkargu gehiago jasotzen baititu. «Iazko irailetik hona, ahoz ahokoari esker, enkarguak asko gehitu zaizkit. Hiru urte daramatzat zaldiak nire kontu domatzen eta eta ez dut inoiz horrelakorik ezagutu. Lehen hilean agian zaldi bat domatuko nuen. Orain, aldiz, bezero batek deituz gero, ordua ekainerako emango diot!».
Abere kopurua asko igo da. «Zaldi asko du jendeak, nahiz aurten, krisiarekin, zaldi piloa egon den saltzeko. Krisia pasa ondoren ere gora egingo du. Baserrietan adinekoak geratzen dira eta gazteek ez dute lanik egin nahi. Pena ematen die lursaila zikin ikusteak, eta behirik nahi ez dutenez -lana ematen du-, zaldien aukera egiten dute. Gainera, gustukoa izanez gero, asteburuetan lagunartean elkartzeko hobbya daukazu. Sozialki asko elkartzen du zaldiak».
Zaldirik ez daukanez igandean jai har dezake; horixe da bere ustez abereekin lan egitearen okerrena, iganderik eza. «Egunero eman behar diezu jaten, azpiak atera...».
Bere erronka lur zati bat hartu eta han eskolak emateko tokia, jendeak bere zaldiak edukitzekoa... jartzea da. «Picadero handi bat egin eta reining diziplinan lehiatzea gustatuko litzaidake. Baina asko ikasi behar dut horretarako...».
Gorpuzkera handiegia dauka amazona bezala lan egiteko, baina ez du pena handirik. «Hipodromoan lan egitea burutik pasa ere ez zitzaidan egiten. Txikitan zaldiak ikusi eta hain handiak eta urduriak iruditzen zaizkizu...». Hala ere, hipodromoan, Zubietakoan, lan egindakoa da.«Kasualitatez sortu zen eta urte eta erdiz aritu nintzen», dio. Gustura aritu zen, nahiz matxismoa gertutik sufritu zuen.
Han probatu zuen zaldi gainean lasterka aritzearen adrenalina: «`Helmugako zuzenean utzi zaldiari korrika egiten!' esan zidaten. Hori ikaragarria da». Inor gutxik bizi izan duen esperientzia ere izan zuen. «70 milioiko zaldiaren gainean ibilia ere banaiz! Bi urte egin gabe dituen moxal batengatik dirutza hori ordaintzen duenik bada, bihar hanka bat hautsi eta korrika egin ezinik geratuko ez den segurtasunik izan gabe».
Roberto poneya bizi da oraindik. Berastegiko baserri batean dago, gustura, behor artean. «Hemezortzi urte ditu eta makina bat da. Karakter asko dauka. Duela aste pare bat Donostian errauskailuaren aurkako manifestaziora joan ginen biok. Zaldi guztiak handiak ziren eta hantxe ibili zen haien artean. Azkenerako nazkatu eta haserretu egin zen eta hurbiltzen zitzaizkionei kolpeka hasi zen. Oso liderra da, nahiz arra den».
Roberto giltzarri izan da. «Hamaika urte izan arte oso zakurzalea nintzen. Urte batean aitari eta osabei zer bururatuko, eta Iruñeko sanferminetan poney bat erostea lehengusu guztiontzat! Ford Sierra autoaren atzeko eserlekuan etorri ziren hiru gizon poneya etzanda gainean zutela! Rebeka zen».
Berehala geratu zitzaien txiki eta lagun batekin tratua egin eta Roberto ekarri zien aitak. «Gaztea zen, barrabilak eta guzti zeuzkan. Oso harroxkoa zen. Pentsatzen jarri eta... ni ume moko bat nintzen! Agindu eta kasu egiten zidan. Eskerrak ez zen handiagoa, bestela ezingo nuke berarekin. Bederatzi urtez mendian bakar-bakarrik ibili nintzen Robertorekin. Gaztetxoa nintzen baina ez zitzaidan sekula ezer pasa!», amaitu du Barriolak.




