-

Mikel Soto

2009ko Abenduaren 18a

Lagun batek gomendatu zidan Vetusta Morla musika taldea, baita «Un día en el mundo» diskoa oparitu ere. Entzun eta berehala sentsazio gozoa eduki nuen aspaldiko partez. Kuraiaren edo eta Estoparen lehen diskoak entzun nitueneko sentsazioa berritu zitzaidan: abesti guztiak ziren singleak. Ezer ez zeukan soberan. Ederra taldea, ederra diskoa eta ederra Zurriolan entzun nuen kontzertua.

Geroago jakin nuen Patxi Lopezen talde kutunetako bat dela Vetusta Morla. Beharbada horixe entzuten egongo zen Ipodean Vanity fair aldizkarirako argazki ezin vanityagoa atera ziotenean. Dagoeneko ez naiz harritzen Lopez Lehendakariak -Lehendakaria soilik izateari utzi dio, memoria traidorea baita- eta biok gustu berdinak dauzkagula dakidanean. Vetusta Morla, Gari, Kirmen Uribe, Wislawa Szymborska... gustua du gizonak edota gomendio onak jasotzen ditu.

Aitortu ala ez, gomendioz elikatzen gara guztiok. Saltzailea liburu berrien inguruan galdekatzen dugu, musika maite duen lagunari zerbait entzun duen galdetzen diogu, jatetxe berrian ondo afaltzen ote den itauntzen dugu. Onena jantzi, entzun, irakurri eta jan nahi dugu, horrek, kontsumitzaile huts beharrean, eraren batean sortzaile bilakatuko bagintu bezala. Horretarako, dealer onenak dauzkana da onena. Coolena. Edo guayena, Morauren aspaldiko hitzetan.

Bistan da Patxi Lopezek dealer onak dauzkala. Jendeak dioenaren kontra, horrek badu meritua, ez pentsa. Baita ondorioak ere. Euskaldun batzuen patu okertua zuzentzen ari den gizonaren gustuko izatea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula komunikabide, kritiko zein enpresentzat eta, ondorioz, euskal kontsumitzaileentzat edo eta intelligentsiarentzat. Kirmenen kasua aztertu besterik ez dago... Baina hori beste kontu bat da. Luzea eta dagoeneko pixka bat aspergarria (alegia, honezkero ez da cool).

«La cuadratura del círculo» kanta arretaz entzun nuenean konturatu nintzen zein izan zitekeen Lopez Lehendakariaren arrazoietako bat taldea maitatzeko: «Cuadrar el círculo de esta obsesión / asumir que rendirse no es una opción / saber que no os puedo aniquilar, / no es suficiente para firmar la paz. (...) Saber que no os puedo colonizar, / no es suficiente para firmar la paz». Zalantzarik gabe Lehendakaritzaren ereserkia izan zitekeen kanta. Ziur naiz Aresen sadomaso itxura horren azpian Vetusta Morlaren jarraitzaile sutsu bat dagoela. Basagoitiren «Amo a Laura» lizunaren azpian ere, vetusto bat dago, fijo. «Votar si hoy hacemos el amor...».

Hala ere, hasiera batean nire inguruan taldearekiko sumatu nuen grina asperdura bilakatzen ikusi dut azkenaldian. Arrakastak sortzen duen asperdura eta gaitzespena. Hau ere, dagoeneko ez da cool. Jarraitzaile, aitorpen, sari gehiegi. Hitz bitan, arrakasta gehiegi.

Euskaldunok alergia modukoa diogu arrakastari. Fermin Muguruza, Kerobia, Prodigy, Kirmen Uribe, Paul Auster edo Lars Von Trier, guri gehiago gustatzen zitzaizkigun hasieran; «autentikoagoak» zirenean, hain «komertzialak» ez zirenean.

Komertzial izateak harremana du dirua irabaztearekin eta ez dago Euskal Herrian «ez dakit zeinek dirua irabazi nahi du kontu horrekin» baino irain larriagorik. Dirua «egin». Halakorik! Arrakastak alergia sortzen digu eta dirua irabaztea gaixotasuna da, ez besterik.

Badirudi gurean, denborak aurrera egin ahala, artistek -batez ere- okerrera egiten dutela, beren burua saltzen dutela edo eraren batean hasierako xarma galtzen dutela.

Nire kabutan galdetzen dut xarma galdu dutenek artistak ote diren ala guk geuk. Azkenean, Vetusta Morlak arrazoi: «Hay tanto idiota ahí fuera».