Nagore Amondarain
2009ko Abenduaren 18a
Egunak inoiz baino zuriago eta gauak inoiz baino beltzago diren abenduko egun hauetan jaso dugu postontzian «Geu Gasteiz» aldizkariaren azken alea. Etorri den azken alearen kolorea zuria eta beltza da; zuria da azala eta beltzez marraztua dator «puntu eta koma» baten irudi handi bat, zuriz daude kolaboratzaileen tarteak eta zuriz erreportaje koadroak. Elurra bera baino hotzago eta zuriago, beraz, azken ale hau.
Postontzian izan dugu azken alea eta postontzi berean izan nuen «Geu Gasteiz» aldizkariarenganako urreratze berezia ere. Gogoan dut hamabosgarren urteurrenaren karietara ospatu zen galarako jaso nuen gonbidapen txukuna. Beltza zen gutuna, beltza eta matea, eta zilar koloreko letrekin egiten zitzaidan gonbidapena.
Ohikoak izan daitezke gonbidapenak gurean, baina ezohikoa zen estetika txukun hura. Mamiari ez ezik zuzendariak azalari ere itzelezko garrantzia ematen diola pentsatu nuen. Oso zaindua izan zen gonbidapena, galaren prebioa hain zuzen.
Eta galara ere horrela abiatu nintzen, sobrea eskuan, kariñoz egindako keinu hura eskuan. Galaren prebioak txukunak izan baziren, gala bera are eta hobea izan zen; aurreikuspenak gainditu egin zituen. Gasteizko aniztasuna islatu zuen festa hark. Hala ere, gutunaren keinuan geratu nintzen, pertsonala zelako, arreta norbere buzoitik etorri zelako.
Gasteizera iritsi nintzenean, ez nuen zalantzarik egin. Bertako euskarazko agerkari bakarrean izena eman beharra nuen. Neu ere herri aldizkari bateko kide izatetik nentorrelako, eskualde euskaldun batean euskarazko aldizkari bat abian jarri genuelako, banekielako zer zen horrelako erronka bat martxan jartzea, eta, are zailagoa, proiektuari eustea. Horrela bazkidetu nuen Torno kaleko nire ziega-zuloa; harrez gero pasa dira zazpi bat urte eta hilero hilero izan dut «Geu»ren berri.
Euskarazko agerkariek, azken egun hauetan ikusi dugun moduan, agur esateko modu eta arrazoi desberdinak izaten dituzte gurean. Gasteizko euskarazko aldizkari bakarrak agur esan du halabeharrez; proiektuak ezin izan dio eutsi sektorearen krisiari. Grezia zaharreko amaiera tragikoen erara eman zen itxiera bat salatzeko elkarretaratzean, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, beste itxiera baten inguruan aritu ginen bertan bildutakoak. «Egunkaria»-ren aldeko elkarretaratzean «Geu Gasteiz» zen hizpide paradoxikoki. Eta herria, beste behin ere, lekuko baten beharraz berbetan. Heldu behar zaiola gaiari, Gasteiz moduko hiri batek behar duela euskaraz informatuko duen paperezko euskarri bat, bertatik bertarakoa izango dena.... Airean geratu zen, beraz, asmoa, erreleboa.
Oihal beltz bat izan zen urteurren festara gonbidatzen gintuen gutun hura, zilarrezko letrez apaindua zegoena, zerua izar argiz bezala. Iraganaren oihala pentsatu genezake gaur bezalako egun batean, dagoeneko itxita dagoenean aldizkaria, azken alea erditu duenean. Baina bidalitako oihal hori ehuntzen ari den imajinazioaren oihala da. Beltza gaua izan daitekeelako, itzaltzea... baina gauak gauzatzen duelako maitasuna bera ere.




