Asier Altuna zinema zuzendaria Barakaldoko BECen egon zen joan den igandean. Ikusi, ikusi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, modu berezian gainera, baina apenas entzun zuen bertsorik. Lanean aritu zen bere kamerarekin. Bertsolaritzari buruzko dokumental bat ari da prestatzen eta finala izango da puzzlearen piezatako bat.
Amagoia Mujika
2009ko Abenduaren 18a
Aspalditik neukan bertsolaritzari buruz zerbait egiteko gogoa eta horretan hasi naiz. Baina, oraindik landu gabeko istorio bat da, gidoirik gabea. Ideia baino ez daukat. Bertsolaritzari buruzko dokumental sakona eta luzea egin nahi dut. Eta zinema aretoetara eraman nahiko nuke, nahiz eta telebistarentzat ere interesgarria izan daitekeen. Baina nire helburua zinema jaialdiren batean aurkeztea da. Donostiakoa izan daiteke, ez baita plaza txarra». Ideia hori buruan hartuta hurbildu zen Altuna duela hilabete batzuk Maialen Lujanbio eta Unai Iturriagarengana laguntza eske, bi bertsolariak gidoigintzan aritzen baitira. Baina, txapelketa bezpera ez da abentura berriak hasteko sasoi ona izaten bertsolarientzat. «Gidoia bideratzen laguntzeko prest zeudela esan zidaten, baina txapelketa prestatzen ari zirela-eta, urte hasierarako geratu ginen. Eta txapelketa lau urtean behin izaten denez, horri lotutako zerbait egitea erabaki nuen».
Txapelketak eskaintzen zizkion aukerak baliatu nahi izan ditu Altunak eta Andoni Egañari jarraipena egin dio bai finalaren aurretik bai finaleko egunean bertan. Gainera, oraindik ere jarraituko du kamera hartuta Egañaren atzetik pixka batean. «Egañak finalaren aurreko egunetan zer egiten duen, nola entrenatzen den jaso nahi izan dut. Eta finaleko egunean bertan hoteletik BECerako bidea, han bertan egindakoa.. Txapelketak dakarren hori guztia Andoni Egañaren ikuspuntutik bildu nahi izan dut». Horrez gain, bertsolaritzari buruzko hamaika galdera egin dizkio zarauztarrari.
Finalaren bezperatan eta finalean bertan kamera baten itzalpean aritzea ez da gauza samurra bertsolariarentzat. Eta hori badaki Altunak. «Nik sekulako beldurra nuen nire asmoa azaltzerakoan, banekielako bertsolari batentzat ez zela proposamen atsegina. Eta denek esaten zidaten norbait prest egotekotan, Egaña izango zela. Eta egia esan bere jarrera sekulakoa izan da, beti laguntzeko prest. Ni saiatu naiz ahalik eta gutxien mareatzen, baina beti mareatzen duzu. Eta juxtu presio gehien zuen egunetan». Zinema zuzendari bergararra oso pozik dago orain arte bildutako materialarekin. «Egañak txapela galdu zueneko aurreneko dokumentu bezala oso interesgarria da. Eta txapeldunaren genero aldaketa historiko bezala ere hor geratuko da betiko dokumentua. Eta hori oso-oso interesgarria da». Hori ezin zen aurreikusi, baina horixe da dokumentalen gakoa, errealitateak markatzen duela gidoia. «Dokumental batek hori dauka, ezin duzu aurretik pentsatu nondik nora joango den eta adaptatzeko ahalmen izugarria izan behar duzu. Baina polita da beti asmatzen egon beharra». Andoni Egañari jarraipena egitea luxua izan da; «oso pertsona jantzia da, esaten dituenak asko hausnartzen dituena eta oso-oso pertsona interesgarria iruditu zait Andoni Egaña. Merezi izan du jarraipen hori egiteak».
Eta igandean finalean jasotakoarekin ere oso konforme geratu da, nahiz eta espero zuen eguna oso goitik joango zela emozioetan eta irudietan. «Txapelketa bisualki oso interesgarria da, dagoen jende multzo handi horrengatik eta berez sekulako indarra duelako. Ekintza hain xumeak, hitzez eta a cappella egiten denak, jendea modu horretan hunkitzea, barrea eta negarra sortzea, benetan interesgarria da. Eta horrek kanpotarrentzat sekulako interesa piztu dezake. Eta ez da bakarrik kanpotarrei begira, hemengo ikusleentzat ere oso interesgarria da». Missouriko unibertsitatean ahozkotasunean aditua den Jonh Foleyk egun hauetan Euskal Herrian izan da eta, aukera baliatuz, elkarrizketa egin dio Altunak.
Egun hauetan orain arte bildu duen materialarekin muntaia txiki bat egiten ari da, lehenbailehen finantziazio bila ate joka hasteko eta udaberri inguruan grabatzen segitzeko. «Inoiz ez da erraza dirua lortzea. Eta askotan epeek oso luze jotzen dute. Ate asko jo behar dituzu eta laguntza batzuk eskatu eta urtebetera hasten dira iristen».
Erabat irekia dagoen proiektua da. Altunak badauka ideia, badaki zer egin nahi duen, baina ez daki biltzen duen materialak nora eramango duen. «Helburu nagusia hain gauza xumeak hainbeste jende modu horretan nola emoziona dezakeen erakustea da. Txundigarria da hori. Espektakulu ez horretatik sortzen den giroa islatu nahi dut». Bada beste alderdi bat Altunari asko interesatzen zaiona, inprobisaziok bertsolariaren buruan egiten duen bidea. «Inprobisatzerakoan bertsolariaren buruan gertatzen den zurrunbiloa asko interesatzen zait; ideiak ordenatzea, errimak bilatzea, neurrian sartzea... eta hori irudikatu nahi dut. Nola? Horretan asmatu behar dut eta nik baditut horretarako nire armak, efektu digitalak eta beste gauza asko erabil daitezke. Ni dagoeneko hasi naiz hori bisualizatzen», bukatu du.




