KONTSUMOA/ Eguberri produktuak -

Gabon garaia sasoi garrantzitsua da hainbat alorretan jarduten duten enpresentzat. Horien artean daude Gabonetako saskiak osatzen dituztenak. Krisiak kolpatu ditu, baina ohiturak bultzatuta lan eta lan dihardute. Internetek tartea kendu dien arren, posta-txartelena da urte sasoi honetan lana duen beste arloa. Imajinazioa eta berritasuna ez dira falta.

Maider Eizmendi

2009ko Abenduaren 18a

Opariak, posta-txartelak... Ohituragatik edo barrenak hala eskatuta, Gabon sasoiak horietarako parada ugari ematen du edo eman izan du.

Ez agian aspaldian zuen pisu berberarekin, baina oraindik orain usadioa dute hainbat lantegitan Eguberrien aurretik langileei Gabonetako saskia emateko. Jatekoak, edatekoak eta azken urteetan bestelako opariak ere nahasten dira horietan.

Saski eta kutxa horiek osatu eta egiten aritu da Eusebio Pulet azken 40 urteotan bere enpresan. Poltsiko eta, batez ere, borondate guztietara egokitzen diren aukerak eskaintzen ditu Puletek. Aurten osatu duen katalogoan hamabost euroko saskiak ageri dira, baita guztiek oparitan jaso nahiko luketen 1.280 eurokoa ere. Bertan, urdaiazpikoak, turroiak, izen eta estimu handiko ardo, likore eta xanpainak, gaztak... daude. Begiak findu eta ahoak bustitzen dira begiratu hutsarekin.

Gutxik jasoko dute, ordea, horrelakorik aurten, Pulet berak onartu duen moduan, krisiak asko kolpatu baitu Gabonetako saskien merkatua. «Saski gutxiago saltzen dugu, ez lantegietan saskiak emateari utzi diotelako, tamalez aurten iaz baino langile gutxiago daudelako baizik», adierazi du. Oraindik ere kanpainan daude eta azken egunetan ere eskariak jasotzen dituzte; horregatik, ez dakite aurten zenbaterainoko jaitsiera izango duten, baina kalkulatzen dute aurten orain bi urte saldu zituzten saskien erdia salduko dutela.

Kopuruz murrizteaz gainera, edukian ere apaldu direla nabarmendu du, ordea. «Lehen hirurogei eurokoa hartzen zuenak orain 40koa hartzen du». Krisiak bazterrak kolpatzen ari dela onartzen du, baina saskien kontuan halako eragina izatea ez du ulertzen: «Beste ezer baino gehiago beldurra dago, saskiak oparitzeagatik ez du enpresa batek ondoa joko, baina aitzakia hartzen da batetik eta bestetik murrizten joateko».

Gutxiago ala gehiago, egun hauetan buru-belarri dihardute lanean bere enpresan saskiak josten. Azken egunetako esprinta izan arren gogorrena, Puletek nabarmendu du urte osoan zehar, hilabetez hilabete, egindako lanaren emaitza direla hango eta hemengo etxeetara iritsiko diren saskiak. «Gabonen ostean urtarrilean bertan hasten gara lanean Gabonetako kanpaina prestatzen», aitortu du. Hala, urtarrilean bertan datorren urteko saskien paketeak begiratzen hasten dira: zumezko saskiak, kartoizkoak... Aldi berean, urdaizapikoak aukeratu eta ontzera bidaliko dituzte; martxo inguruan hasiko dira saskiak erosteko produktuak erosten. «Turroiak ez, horiek maiatza bitartean edo ez ditugu hartzen. Izan ere, kasu horretan almendraren prezioak finkatzen du turroiarena», zehaztu du. Ekainean katalogoa egiten hasten dira; uztailean, argazkiak egiten dituzte; abuztuan, inprimatu; eta irailean eta urrian, banatzen hasten gara».

Aurreikuspenez jokatzen dute enpresa handiek eta uztailean edota abuztuan egiten dituzte eskaera handienak. «Normalean, ordea, salmenta guztia azaroko azken hogei egunetan eta abenduko lehen hogeietan pilatzen da».

Azken berrogei urteotan asko aldatu dira mahaiaren gainean Gabon garaian jartzen diren jakiak; baina, kontrakoa dirudien arren, oso gutxi aldatu dira Gabonetako saskietan sartzen diren produktuak. Hori ziurtatzeko, orain 40 urte argitaratutako katalogora jo du Puletek. «Honetan ere turroiak daude, txerrikiak, alkoholdun edariak... Prezioak ere, konparatuz gero, bertsuak dira», azaldu du.

«Produktuak baino, gustu zehatzak aldatu dira. Orduan, adibidez, ez zen agian whiskia asko estimatzen eta askoz nahiago zuten brandya. Aldiz, oinarria apenas aldatu da», jarraitu du.

Orduan bezala orain ere «saskien oinarrian turroiak eta xanpaina daude». Horiei beste produktu batzuk gehitzen zaizkie. «Orain, ardoak, delicatessen produktuak, gazta, fruta, esparragoak...», jarraitu du. Orduan eta saski garestiagoa, orduan eta gehiago. Hala ere, aukera egitekotan, oro har, edatekoa baino jatekoari estimu handiagoa zaiola iritzi dio: «Jendeak joera handiagoa du, eta eskatzen digu akaso edariak kendu eta jateko gehiago sartzeko».

Orokorrean, enpresa batera bidaltzen dituzten saski guztiak berdinak dira, baina erosleak hala eskatuta bereizketak ere egiten dituzte: «Adibidez, diabetea duen langile batentzat azukrerik gabeko turroiak jartzen ditugu. Langile musulmanei, berriz, ez diegu ez alkoholik ez txerrikirik sartzen eta, horien ordez, produktu gozo gehiago sartzen dizkiegu». Beraz, saskiak aldatu aldatu dira: lehen kontuan izaten ez ziren bereizketak orain halabeharrez aintzat hartu behar dira.

Baina, agian, azken berrogei urteotan aldaketarik handiena saskiaren edukian baino saskian bertan izan da. Itxurazko aldaketa izan da batik bat, kaxetan eta katalogoetan ere bai. «Alde ederra badago!» esaten du, aurten kaleratu dutena eta orain 40 urte egindakoa seinalatuz. Bada, ordea, orduan eta orain batere aldatu ez den kontu bat: «Jendeari marka gustatzen zaio. Ez du zertan kalitate handiagokoa behar, baina ezaguna bada hobe!».

Langileei bai, baina aldi honetan enpresa gizonen arteko opariak ere egiten dira. Horrela azaldu du Puletek. «Gabonetan egiten diren gisa honetako oparietan 95 jateko produktuak izan ohi dira eta gainerako bostak bestelakoak: boligrafoak, gorbatak, paineluak...».

Zentzu horretan, Puletek saski hauetako batek ematen dituen aukeretan erreparatu nahi izan du: «Gorbata polit bat oparitu daiteke eta agian ikaragarri gustatuko zaio jasotzen duenari, baina asmatu egin behar da. Jatekoarekin asmatzea errazagoa da eta, gainera, gorbatak ematen ez duen aukera ematen du: familian elkarbanatzekoa, hain zuzen ere. Oso opari estimatua da».

Berrogei urte ez, zazpi daramatza lanean Opari enpresak. Publizitate enpresa da, eta enpresen saskiak ere egiten dituzte. Bertan espezializaziora jo dute saskiak egiteko orduan, berezitasunera. Bide horretan, esaterako, enpresa baten logotipoaren kolorearekin jokatzen dute produktuak aukeratzeko orduan.

Hala, badituzte, saski laranjak eta bertan sartzen dituzten produktu guztiak kolore horretakoak dira; saski beltzean, berriz, denak beltzak. Langileentzako saskiak baino enpresa oparietarako aritzen dira lanean eta horregatik, jakiez gainera, bestelako produktuak ere sartzen dituzte: gailu elektronikoak, kopak... Hala ere, batez ere jatekoak sartzen direla onartzen dute enpresan; «eta, batez ere orain, krisi garaian». «Jendeak aurten beranduago egin ditu eskaerak eta merkeago eta gutxiago eskatu du, gainera».

Urtero saiatzen dira produkturen bati edo besteari pisua ematen. «Iaz, gozoa nagusitu zen saskietan eta aurten, berriz, oliba olioa asko sartu dugu».

Puleten enpresan bezalaxe, Oparin ere produktuez gain, packaging-ari arreta berezia eskaintzen diote. «Saiatzen gara gero berrerabiliko ditugun edukietan ematen produktuak; helburua, izan ere, zakarretara ez botatzea da». Metalezko saskiak, larruzkoak... «Saskia berezia izatea bilatzen dugu, bai barrukoagatik, baita kanpokoagatik ere».

Urteak daramatza Puletek aldarean, berak dioen moduan, «herenegun» hasitakoa da Maider Alustiza, oinarrian duen ideia urteetako hausnarketaren mamia izan arren. Tradizioa eta modernitatea modu elegantean uztartzea dela bere helburua dio eta hori buruan hartuta sortu du «Boboidentity» marka. Marka bai, baina, batez ere, Alustizak dioen moduan, «euskal kulturaren inguruko proiektua da».

Ez da Gabonetako produktuetara mugatuko bere eskaintza. Izan ere, merkaturatu nahi dituen produktuen artean euskal mozorroak, kamisetak, jertseak... daude; garai eta gustu ugaritako produktuak. Tartean, ordea, arreta eskaini die, halaber, sasoi honetan garrantzia berezia hartzen duten baserritar jantziei eta posta-txartelei ere. Aurten, lehenengo horietan aritu dira buru-belarri.

Moda diseinua eta diseinu grafikoko ikasketak egin eta bi arlo horiek uztartu ditu Alustizak orain bere produktuetan. «Posta-txarteletan diseinu grafikoa baliatu dugu irudiak egiteko, baina baita oihalak ere». Postalak, gainera, CDak biltzeko zorrotxoan banatzen dira eta horrek ere berezitasuna eransten die.

Ez dira soilik Gabon garaira mugatuko, bestelako mezuei lotuak joateko ere euskal kulturako pertsonaiak egokiak baitira. «Maite zaitut ez da irakurtzen postal batean eta irakurtzean, gainera, loretxo baten edota bihotz baten ondoan ikusten dugu. Zergatik ez Boboren maskara baten ondoan? Gauza potente bat izan daiteke eta, aldi berean, gauza goxo bat esan dezake».

Merkatura berandu iritsita ere, harrera ona izan dutela dio. «Harrituta nago. Ezberdinak dira eta horixe bera eskertu dute erosleek nonbait».

Klasikoak edota komikoak

Azaldu du euskal kulturako gaiekin lotutako txarteletan, gauza onak badiren arren, «normalean oso gauza klasikoak edota gauza komikoak» egiten direla; «nire asmoa zerbait elegantea egitea zen, diseinuarekin eta modernoa izatea gainera, baina gaia betikoa izanik».

Horretan ere, gaian, dago Alustizaren esanetan jasotako erantzunaren beste oinarria. Oraindik orain Gabon hauei begira distribuzio murritza izan dute posta-txartelek, baina banatzaile handi bati erakutsi dizkiote, gustatu egin zaizkio eta Euskal Herri osora iritsiko dira etorkizunean. «Publiko orotara iristea gustatuko litzaidake, onartzen dut ez dela haur bati bideratutako produktua, baina hortik aurrera ez du mugarik». Diseinuan modernitatea bilatu badute, banaketan ere bide horretan ari dira lanean. Oraindik ere enpresaren web orria eraikitzen ari dira, baina etorkizunean Internet bidez ere salgai izango dira www.boboidentity.com orrian.

Bertan postalak bai, baina gainerako produktuak ere salduko dituzte. Laster batean, mozorroak. «Haurrentzako mozorro bat erostera joan eta bikingoen edota tiroldarren mozorroak topatzen ditugu. Aldiz, Euskal Herriko mozorro tradizionalak ez dira topatzen; enkarguz egin behar dira». Hutsune hori bete nahi izan du. Datorren urteko Gabonetarako prest izango ditu baserritar jantziak. «Kezka nuen. Jantzi hauetan eboluzio handia izan da azken urteetan; XX. mende guztian jantzi ilun eta bakarra nagusitu da, lanerako jantzia zena. Azken urte hauetan lan handia egin da, baita ikerketan ere, eta joan da benetako XIX. mendeko jantzia eguneratzen; zenbait kasutan, ordea, oinarri historikorik gabe».

Argudio historikoa izateari garrantzia egozten dio, baita eskuragarri izateari ere. «Jantzi egoki eta fin bat egiteko 500 bat euro behar dira, jatorrizko oihalak aintzat hartzen badira bederen. Prezio horretan ez da hedatzen jantzi hori, ez da herritarrengana iristen». Eta, horixe lortu nahi du Alustizak. Euskal kultura herritarrengana iristea, modernitatea eta tradizioa uztartuz eta, gainera, modu elegantean.