-

Ramon Sola

2009ko Abenduaren 18a

Adierazgarria bezain gordina egin zitzaidan GARAk igandean argitaratu zuen Martxelo Otamendiren irudia. ``Egunkaria''ko zuzendari izandakoa aulkitxo batean eserita ageri da, bakar-bakarrik, ia ilunpetan, kamerari zuzen-zuzen begira, begietan etorkizunak sortzen dituen zalantza guztiak antzematen direlarik. Epaitegietako aulkitxoak ekartzen duen zama osoa kolpe batez irudikatzen zuen argazkiak. Egunkariaren itxiera bortitzak utzitako samina, kalabozoetako infernua, kartzelaldia, beste egunkari bat sortzeko lan eskerga, ondorengo mehatxuak, kezkak eta beldurrak, auziaren gora-behera guztiak, itxaronaldi luzea, erantzunean xahutu beharreko denbora eta indarrak... Zauriz betetako gladiadorearen antza hartu nion Martxelori, Erromako zirko barruko gelaren batean eserita, lehoien aurka borrokatzera noiz deituko duten zain.

Oso sentsazio astuna eragiten du Auzitegi Nazional espainolak beti, baina bereziki epaiketa hauetan. Guztiak berdin-berdinak dira, Auzitegi Gorenak Herri Batasuneko Mahai Nazional osoa epaitu zuen 1997ko horretatik hasi eta gaur egungo ``Egunkaria''ren honetara iritsi arte. Mingarriak egiten zaizkit, umiliagarriak, lotsagarriak... Bertan duintasunari eustea ez da lan erraza. Izan ere, izatez errudunak dira euskaldunak areto ponpoxo horietan sartzen diren -sartzen dituzten- une beretik. Errugabetasuna frogatu behar dute. Eta horretarako Euskal Herria zer den, nolakoa den, zerk egiten duen azaldu behar dute. Gladiadoreen herria dela kontatu behar diete, non egunkari batzuk herritarren poltsikotik eraikitzen diren, non erakunde politikoak boluntarioen lanean oinarritzen diren, non elkartasuna eguneroko jokamoldea den, non ideologiak oraindik jendea mugiarazten duen, non herriarekiko eta hizkuntzarekiko maitasunak bizi-bizirik dirauen...

Baina Madrilek ez ditu inoiz euskaldunak ulertu, eta hau ez da soilik hizkuntz arazoa. Ez du ulertzeko batere asmorik izan. Erroma hura bezala, Inperioa da, eta kito. Eta bere burua inperiotzat duen neurrian, beste herriak -herri txikiak- epaitzeko eskubide osoa duela uste du. Askotan egon naiz epaiketa horietan, eta egunak pasa ahala gero eta nabariagoa egin zait harrokeria hori, axolagabekeria hori, handi-mandi itxuren azpian ezkutatutako mespretxu hori. Gero eta jasanezinagoa zait zirko horri darion usain ustela, gero eta alferrikakoa hor egiten den ahalegina. Epaileak Erromako mandatarien gisara egoten dira, aspertu aurpegiaz, aho-zabalka askotan, hatza beherantz jartzeko keinua egiteko unea noiz iritsiko zain. Espero dezagun oraingoan behintzat gorantz jarriko dutela, baina sakonean betiko sentsazio bera utziko du ``Egunkaria»ren' aurkako epaiketa honek.

Etsigarria da, batez ere, galarazten diguten denbora eta indarra. Gaur Bilbon berriro ere bildu beharko da jendetza, epaiketa hau ezin delako erantzunik gabe gelditu. Duela hilabete, gazteen alde egin behar izan zen; duela bi hilabete, ezker abertzaleko kideen kartzelatzearen aurka; bi aste barru, euskal preso politikoen alde. Hamabi urteotan bata bestearen atzetik pasatu dira euskaldunak Erromako zirkotik, eta Otamendi bezala aulkitxoan zain daudenen zerrenda oraindik luzea da.

Albiste ona da protesta horietan guztietan jendetza bildu dela ikustea. Bistan da gladiadoreen leinua ez dela agortzen gurean, baina zirko arrotz horietan alferrik egotearen fase historikoa noizbait bukatu behar da. Lehoien aurka euskaldunak ez direla kikiltzen aski frogatua dago, baina hortik ez dago gehiago lortzerik, kanpoko mandatari baten hatzak agintzen baitu. Espartacok bezala, bide berriak bilatu beharko dira, Inperioari aurre egiteko eta, bide batez, bere zirko nazkargarrietatik urrun bizitzeko.