-

Jose Angel Oria

2009ko Abenduaren 18a

Zer egin daiteke erlijioaren izenean? Noraino iristen da erlijio askatasuna? Erlijio askatasunaren izenean, onartu egin behar al dira muturreko iritziak ume girotan ere? Hori guztia berraztertzea nahi nuke. Herriaren Defendatzaileak Suediako Aso herriko arauak ez direla bidezkoak erabakitzen badu, Stockholmek auzitegien erabakiak berraztertzeko aginduko du», idatzi berri du Lotta Edholm Suediako hiriburuko Eskola gaietarako arduradunak Newsmill foroan. Stockholmeko eskola batek ikasle bati debekatu egin zion klasera beloa jantzita sartzea, nahiz eta Suediako legediak ez duen aipatzen tankerako debekurik. Ikasleak Herriaren Defendatzailearengana joatea erabaki du, bazterketa baten biktima delakoan.

Badirudi Europako herrialdeetako biztanle gehienek musulmanak ez dituztela europartzat hartzen, nahiz eta Europako musulman asko betidanik bizi diren aipatu kontinentean. Miguel Maiquezek «20 Minutos» egunkarian gogorarazten ditu datu esanguratsu batzuk. «Musulmanak gehiengoa dira Albanian, Kosovon, Bosnia-Herzegovinako eskualde batzuetan eta Ipar Kaukason. Baita Turkian ere, bere azaleraren %3 Europan duen herrialdean. Toki horietako musulmanek mendeak egin dituzte islamaren jarraitzaile moduan», idatzi du Maiquezek.

Berak aipatzen ez badu ere, nabarmentzekoa da herrialde horiek ez daudela Europar Batasunean sartuta. Eta ez dirudi inoiz sartzen utziko dietenik, Turkiak aspaldi eskatu baitzuen sarrera, baina oraindik itxita ditu ateak eta gero eta politikari gehiago daude Europan Turkia Batasunean onartzearen aurka.

AEBetako Pew Ikerketa Zentroaren txosten baten arabera, presseurop.eu webgunean irakurri ahal izan dugunez, gaur egun 1.570 milioi musulman bizi da planetan, hau da, lau gizakietatik bat islamaren jarraitzailea da. Musulman gehienak (%60) Asian bizi dira. Europa osoan, berriz, 53 milioi inguru, hau da, 730 milioi biztanletik 53 milioi dira musulmanak. Alemaniako Islamaren Institutuaren arabera, Europar Batasunean dauden herrialdeetan 16 milioi musulman bizi da gaur egun (datua 2007koa da), baina beste aditu batzuek idatzi dute une honetan kopuru hori 20 milioitara iristen dela. Eta gero eta gehiago dira.

Azken bolada honetan musulmanekin zerikusia duten berri ugari izan ditugu Europar Batasuneko herrialdeetan. Eta demografoen aurreikuspenak betez gero, hemendik hamar urtera askoz ere musulman gehiago izango ditugu herrialde horietan, egungo kopurua bikoiztu arte. Aditu batzuek uste dute 2015erako bikoiztu egingo dela egungo kopurua, eta 2050erako bost europarretik bat musulmana izango dela. Beraz, tankerako gatazka gehiago izango dugu datozen urteetan, Europak xenofobiarako joera hori erabat aldatzen ez badu.

Suitzan egin berri den erreferendumak hauts ugari harrotu du. Herrialde osoan lau minarete besterik ez badaude ere (nahiz eta ia 500.000 musulman bizi diren zortzi milioi biztanleko Suitzan), eskuin muturreko alderdi politiko batek gaia bere posizioak indartzeko erabiltzea erabaki du, eta inork uste baino hobeto atera zaio maniobra, tamalez.

Miguel Maiquezek agerian utzi du erreferenduma bultzatu dutenen jarrera eta «islamofobia» hitza erabili du horien jarduera esplikatzeko, «inoiz ez baitute tankerako ekimenik plazaratu kristauen sinboloen inguruan». Eta sinbolo horiek musulmanenak baino askoz ere ugariagoak dira Suitzan zein Europar Batasunean.

Erreferendumaren inguruan asko idatzi da Europako hedabideetan. Michael Wieviorka soziologoak honela erantzun zien BBC telebista kateko kazetariei, Suitzako erabakiak gainerako herrialdeetako egoerarekin zerikusirik ba ote duen galdetzean: «Suitzako kasua muturrekoa da, baina Europa osoan nagusitzen ari den joera baten adierazle ere bada».

Erdialdeko Europako herrialdean minareteak eraikitzea debekatu izanak adierazten du noraino iristen den kontinentean atzerritarrekiko beldurra, Attila Novak publizista eta historiagileak komment.hu Hungariako webgunean idatzi duenez. «Europako historiak eskaintzen dizkigun adibideak kontuan hartuta, publizistei eskatuko nieke kontuz ibiltzeko, buruan askotan nahastuta izaten baitituzte erakunde islamista terroristen irudiak musulman baketsuenekin eta, horrexegatik, islamismoa musulmanek osatzen duten komunitatearen gainetik jartzeko joera izaten dute. Suitzako minareteen aurkako legeak ez du lortuko muturreko musulmanek beraien ideiak ez hedatzea. Erreferendumean hartutako erabakiak atzerritarrekiko beldurra uzten du agerian, eta datorkigun etorkizuna ikusita, hori ezin daiteke gauza ona izan».

Mendebaldeko Europako herrialdeetan gaur egun bizi diren musulman gehienak etorkinak dira. Etorkinak, eta horien seme-alabak edo bilobak. Horiek nola integratu? Gaiari buruzko iritzia idatzi du «Dnevnik» Bulgariako egunkarian Dragomir Iwanovek. «Islamaren hasieran, minareteak zuziak erabilita argitzen ziren talaiak ziren. Beranduago, musulman guztiei otoitz egitera deitzeko erabiltzen ziren. Gaur egun, Europako bihotza argitzen duten lau minareteek muturreko arazo baten berri ematen digute», dio Iwanovek. Azken urteotan izandako gatazka batzuk gogorarazi ondoren -Danimarkako hedabide batek argitaratu zituen Mahomaren karikaturekin hasita-, egileak honakoa esaten du: «Inork ez zuen espero musulmanak Europan integratzea gauza erraza eta gatazkarik gabekoa izango zenik. Kasu horretan ez dute musulmanek porrot egin. Integrazioa lortzeko moduei jaramon egin behar zaiela adierazten du Suitzako kasuak».

Gabonetako zuhaitzak

Kanpotarrek ekarritako sinboloen inguruko eztabaidak nekez ulertzen diren jarrerak ere eragin ditu Europan. Hagako Unibertsitate Politeknikoak Gabonetako zuhaitzik ez jartzea erabaki zuen, esaterako, zentro horren izaera kulturanitzarekin bat ez datorrelakoan. Malou van Hintum Herbehereetako «De Volkskrant» egunkariko zutabegileari ez zaio batere gustatu erabakia: «Gizartearen aniztasuna onartzeak esan nahi du zure burua agertu egin behar duzula, ez ezkutatu. Ezberdinak gara; ezberdin pentsatzen dugu; era ezberdinean bizi gara. Batek besteari emaiozue ahal den askatasun eta espazio guztia, ezberdintasun horiek adierazi ahal izateko. Ideia honek balio du, batez ere, festekin zerikusia duten gauzetarako. Gabonetako zuhaitza kenduta, Unibertsitate Politeknikoak duen nazioarteko izaera anitza kaltetu egin du. Hori ez da politikoki zuzena; erabat itxia eta egoskorra da. Eta ikaragarri aspergarria, gainera», zutabegilearen iritziz.