Aste honetan Badalonan egin da Francesc Ferrer i Guardia Bartzelonako Eskola Modernoaren sortzailea hil zuteneko lehen mendeurrena gogoratzeko azken ekitaldia. Beste asko egin dira amaitzear dagoen Ferrer Urtean.
Jon Odriozola
2009ko Abenduaren 18a
Francesc Ferrer i Guardia (1859-1909) ez zen izan langileen hezkuntzaz kezkatzen hasi zen lehenengoa. Espainia nekazari eta erdi feudal hartan, masen oinarrizko hezkuntzari ia ez zioten kasurik egin antigoaleko gobernuek. Bravo Murilloren sententzia ezaguna zen garaiko goiburua: «Espainiak ez du dakiten gizonik behar, lan egiten duten idiak baizik». Politikari absolutistaren esaldi grafiko bezain esplizitua.
Cabeten jarraitzaileak, cabetianoak, izango ziren, seguru asko, Espainian langileei zuzendutako lehenengo eskola zabaldu zutenak, Elizatik, Estatutik eta udaletatik kanpo. Ictineo izeneko urpeko prototipoa asmatu zuen Monturiolek, Suñer y Capdevillak eta Abdon Terradasek bertan hedatzen zituzten beraien ideiak.
Irakaskuntzak hiru iturri eskaini beharko lituzke, haien arabera: intelektuala, ariketa militarren bitartez garatzen zuten arlo gimnastikoa (Pierre de Coubertin baroi ezagunak berak ere bat egiten zuen ideia horrekin, kontrako arrazoiengatik bazen ere) eta teknologikoa.
Klase borrokan hezkuntzak duen garrantziaz jabetu ziren langile espainolen mugimenduko lehen buruak. Langileen Nazioarteko Erakundeko hasierako kongresu guztietan irakaskuntza integrala izan zen konstanteetako bat. Ferrerren garaian oraindik bizirik jarraitzen zuen irakaskuntza integralaren adierak, irakaskuntza arrazionalistaren ondoan. Azkenean irakaskuntza arrazionalista terminoa nagusituko zen anarkisten artean. Sozialistek, berriz, anarkisten irakaskuntzako helburuekin bat egiten zuten, laiko hitza erantsita. Terminoak ia erabat sinonimoak dira, baina ez da ahaztu behar eskola akrata guztiak laikoak baziren ere, eskola laiko guztiak ez zirela anarkistak izaten.
Bakuninek uste zuen aurrena iraultza egin behar zela, eta gero izango zela herria eraldatzeko aukera eta denbora. Hori egin ahal izateko Estatua, Erlijioa eta Kapitala suntsitzea, eta Anarkiarekin, Ateismoarekin eta Kolektibismoarekin ordezkatzea beharrezkoa zen. 1880ez geroztik, Kropotkinek lehentasunen ordena aldatu egin zuen: gizarte iraultzak ez zuen arrakastarik izango aurretik buruen iraultza egiten ez bazen, eta hori eskoletan egin beharreko lana zen, bere iritziz.
Elizaren aurkako joera
Espainiako analfabetismo indize ikaragarriak eta oso eskola publiko gutxi edukitzeak eskola pribatuen (gaur egungo konnotaziorik gabeko zentroak) hedapena erraztu zuen. Era guztietako eskola pribatuak sortu ziren: laikoak, «nazioartekoak» edo akratak, masonikoak (Ferrer i Guardia bera hasiera batean izan zen moduan), librepentsalariak... Ez da nahastu behar irakaskuntza laikoa langileei zuzendutako irakaskuntzarekin (beti gauez ematen zenarekin). Edonola ere, erakunde horiek guztiek bat egiten dute Elizaren aurka aritzeko garaian. Ez, ordea, Estatuaren aurrean izan beharreko jarreran.
Monarkiaren berrezarkuntzaren garaian txandaketa politikoan eta ortodoxia katoliko gogorrean oinarritutako irakaskuntza ezartzen zituen 1851ko Konkordatua alde batera utziz gero, eskolako maisuarekiko herritarren jarrera ez zen oso zorrotza izaten orduan, ez irakaskuntza eman behar zen lokalarekiko baino zorrotzagoa behintzat. Edonork zeukan maisu izateko aukera. Bere baldintza ekonomikoak espezializatu gabeko beste edozein langilearen tankerakoak ziren. Garai hartan inork ez zion ematen eskolari gaur egun ematen zion garrantzia.
Barruraino sartutako antiklerikalismo sakona zuten garaiko eskola pribatu laiko guztiek. Guztiek kendu nahi zioten gizarteari ordura arteko sakratutasuna: ezkontza eta hilerri zibilak; Eliza eta Estatua ondo bereizi; kontzientzia, iritzi eta adierazpen askatasuna... Ezberdintasunak sustatzaileen adierazpenetan zeuden, eskolatan emandako irakaskuntzan baino gehiago. Leku bakoitzeko ildo ideologikoa sustatzailearen araberakoa izaten zen: masoia, espiritista, anarkista, sozialista... Gainontzean, eskola laiko gehienek bestelakoen maila pedagogiko berbera zuten; eskasa oso. Garaiko eskola espainol guztietan «Jakintsu da astua, makilla du maisua» euskarazko esaera zaharrak adierazten duen printzipioa zen nagusi, gaztelaniazko «la letra con sangre entra», eta hori garaiko gurasoen gustuko zen, begi onez ikusten zuten.
Robin, Bakunin eta Marx
Paul Robinek zuzendu zuen ideologia anarkistaren arabera antolatutako lehen zentro pedagogikoa. Robin ezaguna zen Lehen Internazionaleko giroan. Suitzan Bakunin ezagutu zuen eta bere alde egin zuen Marxekin zuen auzian. Londresen Marx bera ezagutu zuen, eta lana eskaini zion: greko irakasle lanetan jarri zuen alemaniarra.
Orphelinat de Cempuis erakundeko zuzendari izendatu zuten Robin 1880an. Bertako printzipio nagusiak ziren hezkuntza intelektuala, helburu militarrak zituen hezkuntza fisikoa eta ikaslea produkzioaren mundura hurbilduko zuen lanaren bitartez ematen zen hezkuntza teknikoa.
Klaseak kanpoan ematen ziren, aire librean; lorategian edo, ahal zenean, mendian. Higienea eta garbitasuna benetako obsesio bihurtuta zeuden bertan, garaiko Europan ezinbesteko zena, eskolak baitziren edozein gaixotasun hartzeko lekurik arriskutsuenak.
Hezkuntza fisikoak ez zuen etenik eta asko saiatzen ziren, nahiz eta oso gogorra izan: derrigorrezko igeriketa, barra paralelotan eta barra finkoan ariketak, soka, trapezioa, suhiltzaileen ariketak, jomugara tiro egite ariketak errebolberrarekin, karabinarekin eta fusilarekin...
Eskulana egitea derrigorrezkoa zen eta hamabi urte betetzen zituztenerako neska-mutilek ofizio ugaritan lehen urratsak egiteko aukera izaten zuten bertako tailerretan, gustuko zuten bat aukeratu aurretik. Gauzak horrela izan ziren 1894an Paul Robin kargutik kendu zuten arte.
Thomas Robert Malthusen jarraitzaile izatea leporatu zioten Robini. Eta aberriaren aurkakoa izatea. Robinek uste zuen premiazkoa zela munduko jakintsuak, filosofoak eta ongileak kongresu batean biltzea, medikuei antzutzeak egiteko baimena emateko. Bere iritziz, ebakuntzen bitartez, gaixo zeudenak eta «degeneratuak» antzutu behar ziren, «beraien espezie triste hori ugaltzeko aukerarik izan ez dezaten». Kontuan hartu behar da eugenesiaren filosofiak indar handia zuela garai hartan.
Herri armatua, armadarik onena
Aberriaren aurkakoa izatea egotzi ziotenei erantzuten zien armada nazionalik onena ez zela profesionala, herria armatzea baizik.
Ez dago esaterik Ferrerrek Paul Robinen ideiak eta Cempuiseko erakundea ezagutzen ez zituenik. Irakaskuntza integrala ez zuen Espainiara, Kataluniara hobe esanda, Ferrerrek berak inportatu, ordurako nahiko ezaguna baitzen anarkisten giroan. Robinen ideien eraginez, Ferrerrek sekulako garrantzia ematen zien hezkuntzan positibismo zientifikoari, higieneari, hezkuntza arrazional eta zientifikoari, koedukazioari eta abarrei.
Anarkista zenez, Ferrerrek uste zuen Estatua zela herriaren erabateko askatasuna edo emantzipazioa eragozten duen oztopo nagusia. Estatua hezkuntzaz arduratzen hasi zenean, berak pentsatu zuen hori egiten zuela «pertsona, langile eta lanerako tresna hobeak lortzeagatik, konpainia industrialak eta horiei lotutako kapitalak loratu daitezen». Bere iritziz, eskolak bizkortu edo mantsotu egin dezake gizarte iraultza, baina eskola ezin daiteke iraultza horren protagonista nagusia izan.
Ferrerren idatzietan iluminismoaren eragina nabarmena da. «Argia» egiaren, arrazoiaren eta frogatutako eta egiaztatutako jakintzaren sinonimo da, aurreiritziak eta superstizioak edo sineskeriak garaitzeko jakintza bezalakorik ez delakoan. Jean-Jacques Rousseauren naturalismo pedagogikoaren tankerako zerbait.
Erlijiorik ez eskolan
Ferrerren arabera, arrazionalismo humanitarioa (zientifikoaren baliokidea), eskolan inolako erlijiorik ez irakastean datza, batez ere. Beste printzipio batzuei ere eusten die: sexuen eta gizarte klaseen koedukazioa, eskolako higieneari ipinitako arreta, azterketarik ez egitea, sariak eta zigorrak ezabatzea...
Ferrerrek berak onartzen du sexuen koedukazioa ez zela gauza berria Espainian. Milaka eskola «unitario» zeuden garai hartan (gaur egun mistoak esango genieke), herri eta herrixkatan sakabanatuta, eta bertan izaten zen irakasle bakarrak dotrina irakasten zien neska-mutikoei (udalak, apaizak edo sakristauak kontratatutako amateur bat izaten zen maisua). Baina hiri handi eta garrantzitsuenetan ez zegoen koedukaziorik. Ezta Giner de los Riosen Irakaskuntzaren Erakunde Libreko zentroetan ere, nahiz eta horiek elitistagoak, burgesagoak, izan.
Gizarte klaseen koedukazioarekin, noizbait lortu beharreko gizakien arteko ezberdintasunik gabeko egoera margotu nahi zuen Ferrerrek, nolabait. Era idealistan eta erabat konbentzituta bultzatu zuen koedukazioa Ferrerrek, irakasle berberak izan eta irakaskuntza bera jasotzeagatik eskolara iritsi aurretik umeen artean zeuden ezberdintasun ikaragarriak ezerezean geratuko balira bezala.
Higieneari dagokionez, esan behar da eskolatan ez zirela ikuskapen medikuak egiten hasi XIX. mendeko azken urteetara arte. Azterketa, sari eta zigorren ezeztatzeari dagokionez, Ferrerrek bere garaiko pedagogoen argudioak onartzea besterik ez zuen egin.
Apretak, debekatuta
Laburbilduz, esan daiteke Ferrerren kredo pedagogikoa naturalismotik, positibismotik, iluminismotik eta anarkismotik hartutako ideien nahasketa dela. Baita bere garaiko korronte pedagogikoetatik hartutako ideiena ere. Beraz, Ferrerrek ez zuen sistema berri bat eraiki, bere ideiak ez baitziren originalak.
Paradoxa batzuk ere eskaini zizkigun; anekdota hutsak izan daitezke, baina esanguratsuak, diakronikoki hitz eginda, bederen. Eskola Modernoan ikasleek apretak erabiltzea debekatu egin zuen Ferrerrek, nahiz eta horiexek ziren langileen ohiko oinetakoa.
Bere eta bere ikasleen ama-hizkuntza zen katalana irakastea ere debekatu egin zuen, hizkuntza hori ikasteak mundua eta gizadia txikiagoak bihurtzen zituelakoan. Bere ideia kosmopolita zen. «Katalana baino lehen, ehun aldiz esperantoa», esana zuen.
Mateo Morralek huts egin zuen Alfonso XIII.a erregea Madrileko Kale Nagusian ospatzen ari zen ezkontza egunean hiltzeko ahaleginean (1906ko maiatzean gertatu zen hori), eta agintariek Eskola Modernoa itxi egin zuten handik hilabetera.
Morral Sabadellen 1880an jaiotako gaztea zen, oso ikasia eta Ferrerrek zuzentzen zuen erakundeko liburuzaina. Ferrer bera atxilotu zuten, errege-hilketa saioarekin zerikusirik zuelakoan. Lerrouxen eta nazioarteko hedabide batzuen babesa baino ez zuen jaso, mugimendu anarkistarenaz gain.
«Gora Eskola Modernoa»
1907ko ekainaren 12an auzitegiak absolbitu egin zuen Ferrer, baina ordurako bertako giroa jasanezina zen berarentzat. Kataluniatik ospa egin zuen. Morralen atentatuaren ondoren, beldurra nagusitu zen, bakoitzak bere burua salbatzeko ahalegina egiten zuen. Bartzelonako Aste Tragikoaren gertaerak hasi zirenean, Lerrouxek bat egin zuen Ferrer akusatzen ari zirenekin (nahiz eta hiru urte lehenago bera izan Ferrerren defendatzailerik onena): gertaeren erantzukizuna leporatu zioten. Ferrer ez zen Unamunoren gustukoa, Barojarena bai, ordea.
Lerrouxek egoerak esku artetik ihes egiten ziola ikusi zuenean, herriaren haserrea antiklerikalismorantz bideratu zuen, bere jabearen propietateak salbatzeko asmoz: merkataritza eta industria burgesiaren propietateak alegia.
«Mundu guztiak daki Ferrerrek egin duen krimen bakarra eskolak eratzea izan dela. Zigortzen badute, horregatik izango da», esan zuen Anatole Francek.
Francesc Ferrer i Guardia 1909ko urriaren 13an fusilatu zuten, beste lau lagunekin batera. «Gora Eskola Modernoa» oihukatu zuela entzun ahal izan zen Montjuic mendiko gotorlekuan, exekuzio pelotoiak tiro egin aurretik.
Orain ehun urte fusilatu zuten, Aste Tragikoaren aitzakiapean
Duela ehun arte, 1909ko uztailaren 26tik 31ra, Bartzelonan eta beste leku askotan burgesiak Aste Tragikoa deituko zuena gertatu zen. Garaiko langileen giroan Uztaileko Iraultza deitu zuten. Baita Aste Loriatsua ere.
Lehentxeago hasi zen Marokoko gerra, testuinguru jakin batean. Espainiak itsasoz bestaldeko koloniak (Kuba, Filipinak eta Puerto Rico) galdu ondoren, burgesia espainolak merkatu berriak behar zituen. Kataluniako burgesia izan zen Marokoko gerran arreta gehien jarri zuenetako bat. Romanoneseko kondearen bazkide zirela, Comillaseko markesa eta Eusebi Guell enpresaria Melilla ondoko meatze-elkarte bateko jabeak ziren. Soldaduak behar zituzten.
Erreserbista gehienak soldaduska egina zuten langileak izaten ziren. Gerra hasiz gero, armadak berriz mobilizatzeko aukera izaten zuen. Beraz, familiaburuak ziren, beste diru iturririk ez zuten emakumeak eta umeak beraien ardurapean zituztenak. Gobernuak ez zien inolako laguntzarik ematen kaltetutako familia horiei.
Armada bera ere erabat klasista zen garai hartan. Burgesiaren semeek ez zuten gerrara joan beharrik izaten 1.500 pezeta ordaindu edo ordezkoren bat bidaliz gero. Langileen seme batek baino gehiagok bere burua zauritu egin zuen, organoren bat moztuta, «gauzaez» deklara zezaten. Gerrarako ez zuela balio, alegia.
Erreserbistak mobilizatzeko aginduak Bartzelonako eta Estatu osoko giroa erradikalizatu egin zuen. Soldaduen garraioa Bartzelonatik abiatuta egiten zen, Comillaseko markesa baitzen tropak Afrikara eramateaz arduratzen zen itsas konpainiako jabea. Uztailaren 18an izan zen ontziratzea, gerra hasita zegoela. Tropak agurtzeko egindako ekitaldira burgesiako emakume ugari joan ziren, soldaduei tabakoa eta eskapularioak emateko. Soldadu bihurtutako langileen emazteek protestaldia antolatu zuten han bertan, gerraren aurka hortik aurrera ugalduko ziren kale mobilizazioei hasiera emanez. Erreserbista batzuen heriotzaren berri iritsi zenean, uztailaren 26an, greba orokorra deitu zuten (Madrilen Pablo Iglesiasek egun batzuk lehenago egin zuen moduan). Sekulako arrakasta izan zuen grebak. Grebalariek ez zuten langileen matxinadaren bitartez agintea bereganatu nahi, nahiz eta bazeukaten 1905eko errusiar iraultzaren berririk. Zuzendaritza iraultzailearen gabezia Lerrouxen Alderdi Erradikalak bete zuen, klase gorrotoa antiklerikalismorantz eramateko, mobilizazioari izaera antikapitalista eman beharrean. Elizak eta komentuak erre zituzten, baina ez zen lapurretarik izan.
Burgesiak balkoietatik ikusten zuen gertatzen ari zena, keinurik egin gabe eta pozik, langileen haserrea elizen aurka bideratuta zegoela ikustean, beraien igerilekuen aurka bideratuta egon beharrean. Madrilen, berriz, Gobernuak matxinada sezesio separatista bat zela zioen zurrumurrua hedatu zuen.
Ferrer i Guardiak ez zuen esku hartu egun haietako gertakizunetan. Elizaren, Gobernuaren, epaitegi militarren, katalanismoaren, Lerrouxen errepublikanismoaren, hedabide atzerakoien eta Koroaren kontu-garbitze bat zela medio, fusilatu egin zuten. Horien guztien etsai amorratua zen Ferrer.




