-

Isidro Esnaola

2009ko Abenduaren 18a

Aurreko asteburuan, egunkari bateko igandeko gehigarriak munduko banku boteretsuen baten inguruko erreportaje bat zekarren. Banku hori AEBetako Goldman Sachs omen da. Kazetariak bankuaren egoitza nagusian eguna pasa ondoren idatzi zuen artikulua. Nola bizi diren eta nola lan egiten duten azaltzen du bertan, eta esaten du, besteak beste, eguneko hogeita lau ordu eta asteko zazpi eguneko kulturan oinarritzen dela lana; hau da, lanean daude denbora guztian. Zenbat opor egun dituzten ez dakite oso ondo, inoiz ez baitituzte denak hartzen. Ez hori bakarrik, Goldman-eko langile denek derrigorrez egunean hiru aldiz begiratu behar dute euren posta elektronikoa, goizean, eguerdian eta gauean. Bestalde, bertan lan egiteko hautagaiek gutxienez hogei elkarrizketa izaten dituzte, batzuek hogeita hamar ere bai, lan eskaintza jaso aurretik. Behin lanean, langileak lau multzotan banatzen dituzte. Azpiko multzoan dauden pertsonek ez dute luzaro irauten bertan, urtero %30,5 kalera bidaltzen dutelako, 1.500 pertsona inguru.

Hori guztia bikaintasunaren eredutzat aurkezten du kazetariak aipatu artikuluan. Gainera, bikaintasun hori azpimarratzeko, sei aurpegi gehitzen ditu, garai batean banku horretan langile izandakoak eta egun estatu edo finantza eremuko bestelako postuetan ari direnak, hala nola Altxor Publikoaren idazkari ohiak, New Yorkeko burtsa burua, Hillary Clinton-en gai ekonomikoetarako aholkularia eta abar. Esan beharrik ez dago, horien artean ez dago emakume bakar bat ere ez, eta beltzik ere ez, denak dira gizonezkoak eta zuriak.

Artikulu horren parabola nahiko argia da: pertsona adimentsuenak aukeratuak izaten dira, eta lanean gogor aritzen badira, estatu edo finantza eremuko goi mailako postuetara iritsiko dira. Dena oso zuzena. Baina, bat-batean, artikuluan Goldman-eko bankari batek gaur egungo egoeraren gainean honako irakurketa egiten du: «Guk ez genuen izorratu negozioa, besteek [bankuek] bezala. Guk geure balantzea mantendu dugu. Orain txiza egiteko txizontzi handiagoa dugu». Bikaintasunaren eredua irudikatu nahi duen norbaitek halako adierazpenak egiteak lehenengo momentuan harridura sortzen du; bankari horiek nahiko zakar hitz egiten dutela pentsatzen duzu. Eta hori, kazetari baten aurrean. Pentsa, zer esango duen bankari horrek koktel batean, kopatxoa eskuan duelarik! Gehien harritzen nauena zera da, banku horren merkatuaren zatia irudikatzeko erabiltzen duen metafora: «txizontzia». Merkatua tarta bat bezala irudikatzea ohikoa da, gauza on eta goxoa bezala, bakoitzak bere zatitxoa duela. Baina txizontzia asmakizun berria da, niretzat behintzat. Ondo pentsatuta, metafora hori ez da hain desegokia, finean, bankariek gure gainean txiza egiten dute, komunetako armiarma pegatina horiek izango bagina bezala. Zenbat eta handiagoa txizontzia, orduan eta aukera gehiago armiarma desberdinak bustitzeko. Pairatzen dugun esplotazioaren metafora moduan ez dago gaizki, beraiek ondasuna pilatu, eta gure gainean euren gorotzak botatzen dituzte, gainera, ez besterik gabe, ondo bideratutako zorrotadaren bidez.

Zikinkeria leporaino iritsi zaigula ez da gauza berria; hori hain argi adieraztea, aldiz, ez da ohikoa. Interesgarria da galdetzea nondik datorkien ikuspegi eskatologiko hori bankariei. Euren lan programa ikusteak -eguneko hogeita lau orduz asteko zazpi egunez, etengabeko lehia, kaleratuak izateko mehatxua eta abar- euren bizitza ere zabortegi handi batean garatzen dela pentsatzera eramaten gaitu. Hain handia da gorotza zein euren burua kolonizatzera iritsi baita.

Diru asko irabaztea arrazoi indartsua da egoera horri eusteko, baina badago arrazoi indartsuagoa. Artikulu bukaeran bankari batek esaten du bankari soila dela eta «jaungoikoaren egintza eraikitzen ari dela». Jaungoikoaren borondatearen egileak dira, ez gehiago, ez gutxiago. Horrelako zeruko berme apelaezina izateak nahi duzuna egiteko eta nahi duzuna esateko babes osoa eskaintzen dizu, aukeratuen artean baitzaude.

Lastima da bankariak adierazpenak egiten oparoak ez izatea; bestela, gure munduaren harreman ekonomikoen inguruko ikuskera aberatsagoa eta zehatzagoa izango genukeen.