-

Mikel Olasagasti

2009ko Azaroaren 27a

Hemerotekak oso tresna baliagarriak dira, eta ez politikarien postura aldaketak dokumentatzeko soilik. Edozein kezka argitzeko, edozein eztabaidatik garaile ateratzeko edo mitoak eraisteko balio digute maiz. Gaurkoan teknologia eta informatikaren hemerotekaz baliatuko naiz munduko pertsonaiarik aberatsenari buruz gauza pare bat argitzeko asmoz, nazkatuta nago eta pertsonai honek informatikan eta sarean egin omen dituen ekarpenak izugarriak izan direla entzuteaz.

Bizitzak mila buelta ematen omen ditu eta honen adibide da 1991. urtean patenteak nola eskuratzen ziren kexu agertu zenekoa; patenteak eskuratzeko sistema ongi ezagututa edozeren patentea lortzea posible zela esaten zuen eta, ondorioz, enpresen garapena mugatzea eta enpresa berrien sortzea oztopatzea egozten zien. Hori irakurrita, ez al da kuriosoa 10 urte beranduago software patenteen alde agertzea? Tira, garai haietatik euri asko egin du eta orain bere enpresa ez da berri horietakoa. Kuriositate moduan, jakin Microsoft «klik bikoitzaren» patentearen jabe dela (patentea konplikatuagoa da, baina kasu hori bere baitan hartzen du).

2004ean, «munduko spam arazoak 2006ean konponduta egongo dira» esaldiarekin, etorkizuna iragartzen saiatu zen. Hanka-sartze historikoa, batez ere 2010ean gorputz erdia sartua dugun honetan oraindik ere izugarrizko arazoa delako. Datu moduan, Hostalia enpresako lagun batek aste honetan emandakoa: «Egunero jasotzen ditugun 50 milioi postetatik %98 spama dira». Eta hori zeini esker? Ba mundu mailan dauden ordenagailu sare zonbi erraldoi batzuen ondorioz, denak edo ia denak bere sistema eragile kutunaren eraginez infektatutakoak.

Eta gaur egun? Gaur egun bere enpresaren etsairik nagusiena software librea dela argi esan dute maiz. Beraiek bere modeloa hobea dela argudiatzen saiatzen dira, irtenbide hobeak dituztelakoan. Duten beldur hori ulertzekoa da, sei hilabetetik behin sistema freskoagoak eta potenteagoak ditugunean eskura, segurtasun hobearekin, interoperabilitatea eskaintzen; gainera, etorkizunean lotuta egotera behartu gabe. Baina Rafael Rivera blogariari esker, urriaren 22an kaleratu zen Microsoft etxearen Windows 7 sistema eragilearen aplikazio batean software libreko aplikazio baten aztarnak daudela jakin dugu.

Salaketa larria da Microsoft eta bere garapen modeloarentzat eta frogak mahai gainean jarri ondoren, ImageMaster izeneko proiektu libretik kode zati batzuk kopiatu dituztela onartzea besterik ez zaio geratu multinazional erraldoiari. Aitzakia moduan, azpikontratatutako enpresa bati eskatutako proiektua omen dela eta ez dela beraien errua izan azaldu dute. Nola edo hala, kontua honakoa da: GPL lizentzia bat bortxatu du Microsoftek, nork eta juxtu lizentzia mota horien kontra egiten duen enpresa erraldoienetako batek. Kontsolamendu moduan, behintzat, ez da beraien produktu nagusienetako bateko muinetako zatia, baina tira, beraien filosofia nagusiaren aurka zerbait egitea ere! Azkenean belarriak jaitsi, aplikazioaren kode guztia argitaratuko dutela esan eta ahal den neurrian beraien irudia gehiegi zikin ez dadin saiatu dira. Eta ez omen da kopiatu duten gauza bakarra, Simon Aldous exekutiboaren esanetan Windows 7aren diseinurako MacOS X sistema eragilean oinarritu omen ziren eta.

Ez dakit pertsonai honek eta bere enpresak mundu hobeago batean sinesten zuten 1991. urtean, 2004ean edo gaur egun, baina sinesmen horietatik ekintzetara salto egiteko garaia badela konturatu beharko lukete, benetako ekarpenak eginez eta ez gaur eguneko kaos nagusiak sortuz eta besteen ideiak bereganatuz. Guk, aldiz, pertsonai honen ekarpenak urriak izan direla jakin beharko genuke (Obamak Nobel saria jasotzeko egindakoak haina), eta ez zela garaje batean hasi lanean, Billek familia diruduna zuelako eta hori egitea ez zegoelako bere bizi mailarekin bat. Beraz, mesedez, izan dadila azken aldia norbaitek garajearena komentatzen didala.