Hamabost urte zituen etxean ahaztuta zegoen gitarra bat ikusi zuenean. Amak aitari oparitutakoa zen. Eskuan hartu eta erdi jolasean, melodiak josten hasi zen. Berbena talde batean gitarra jotzaile izatea amestu zuen ondoren. Mikrofonoaren aurrean, kantari, bukatu zuen. Festa giroan, Izotzekin, eta, antzoki isiletan, Albokarekin. Orain bakarka ari da. Denetarik egin du musikan. Eta denaz gozatu.
Xole Aramendi
2009ko Azaroaren 27a
Hamabost urte zituen amak aitari ezkongaiak zirenean erregalatu zion gitarra aurkitu zuenean. «Neure kasa saltseatzen hasi nintzen», dio. Gaur arte.
Madrilen hiru urte jazza ikasten eman ondoren erabaki zuen berbena talde baten jo nahi zuela Xabi San Sebastianek (Donostia, 1967). Gitarra jole ez, kantari bukatu zuen. Akelarreko Markox Juaristi izan zen abestea proposatu ziona. «'Nik ez dut inoiz kantatu!', esan nion, harrituta. Froga egin nuen. Berehala Izotz taldekoek deitu ninduten. Haiekin hasi nintzen abesten», gogoratu du musikariak.
Donostiako taberna batean gaude, Pasealeku Berritik hurbil. Itsasoak gogor jotzen du. Alde Zaharra bertan dago eta hara jotzen du lagunekin egotera.
Datorren asteartean hainbat musikarik Mikel Laboa gogoan izango dute, haren kantuen bitartez. Zer hoberik. Han izango da Xabi San Sebastian. Urtebete da Antiguako musikaria zendu zela. Berak Alboka taldearekin Eskoziako Glasgow hirira egindako bidaian ezagutu zuen. Celtic Connection Folk Jaialdian parte hartu zuten eta gogoan du Laboari pub batean sartzen utzi ez ziotenekoa: «Atean zegoenak `zu ez' esan zion Mikeli eta denok harritu egin ginen. `Ba al dakizu nor den bera?', pentsatu genuen besteok. `Zapatila zuriekin ezin du barrura sartu', azaldu zuen atekoak berehala. Han joan ginen denok kalera», kontatu du kantariak. Laboaren Lekeitio batekin ausartuko da. «`Dialektikaren laudorioa' izenekoa hartu dut. Auzokoak harritu egingo dira nire oihuak entzutean. Mikel ezagutzen badute ulertuko dute, bestela erotu egin naizela pentsatuko dute...». Bere esanetan, «aukeratzen duzuna aukeratuta, zailena Mikelek bezala kantatzea da».
Bere taldearekin «Ospela» diskoaren -aurtengo otsailean kaleratu zuen- aurkezpen kontzertuak egiten ari da. Sormen lanek merkatuan gero eta gutxiago irauten duten garai kontsumista hauetan, dagoeneko hasia da abesti berriak idazten jartzean pentsatzen. «Oraindik ere jarraituko dugu `Ospela' jotzen, baina ez da komeni lo hartzerik», nabarmendu du.
Alboka taldea lozorroan egon da aspaldian baina jaialdi batera gonbidatu dituzte eta Irlandatik itzuli berria da San Sebastian. «Aurreko asteburuan William Kennedy gaita jaialdian parte hartu dugu. Sekulako maila dute. Lehendik Eskozian-eta egona naiz, eta ikaragarria da han duten musika kultura... Oraingoan, gainera, 8-9 urteko haurrak taldean gaita, txirula, soinua eta biolina hartu eta jotzen entzun ditugu... Harrituta gelditu gara», azaldu du.
Zuzeneko emanaldiei dagokienez, aurtengoa ez da urterik onena izan. «Kontzertuak ateratzen dira, baina nahi baino gutxiago. Inguruan ere, beste musikariei, horixe entzuten diet. Ez dira garai onenak kontzertuetarako. Agian horregatik, dauzkazunak gehiago gozatzen dituzu. Dena den, egia da tabernetan eta kontzertu giroa sortzen ari dela», esan du. Lehia handia da. «Guk, batetik, musikari euskaldunen konpetentzia daukagu, baina baita gaztelaniaz eta ingelesez ari direnena ere. Ingelesezkoak mundu osokoak dira eta haiek ez daukate gure konpetentziarik».
Kanpora ateratzea ez da erraza euskal taldeentzat. «Nahiko zaila daukagu -argitu du-. Ez dakit gure kulturak bizi duen egoeraren, gure hizkuntzaren txikitasunaren edo egoera politikoaren eragina den».
Irlandatik bueltan, kezka sortu dio hamar urteko ikasleek euskaraz abestu duela jakitean agertu dioten harridurak. «`Euskaraz? Bai zera! Ez da posible', esan didate. Gezurretan ari nintzela uste zuten». Arduratuta geratu da. «Gure konplexuak ez dira gainditu hurrengo belaunaldian ere!», bota du. Atzerritarrak hona etortzea logikotzat hartzen dugu, baina ez alderantziz. Inbadituak izatera ohituta gaude; ondo iruditzen zaigu... Hurrengoan jendearen txaloak grabatuko ditut, nola gozatzen duten ikus dezaten».
Ama hizkuntza gaztelania izanda ere -gurasoek, donostiarrak, galdu egin zuten- euskaraz abestea naturaltasunez etorri zaio. «Ikastolan ikasi nuen euskara, baita aiton-amonekin ere. Baina beti euskaraz kantatu izan dut, bai ikastolan bai etxean. Gaztelaniaz ez zait ateratzen», argitu du. Xabi San Sebastianek, tarteka, saio akustikoak eskaintzen ditu, gitarra lagun bakarra duela. «Oso desberdina da. Noizbehinka gustura hartzen dut».
Donostian kultura kontsumitzeko aukerak ikusten baditu ere, kontua dezente aldatzen da sormenari dagokionez. «Zure ekimenak lantzeko guneak aurkitzea ez da batere erraza. Oso kontrolatua dago eta garestia da. Ez bakarrik musika arloan. Erakundeek nahiko utzia dute gai hau. Penagarria da. Udan turistak liluratzeko gauza asko egon badaude, baina kultur hiria izatea ez da kultur ikuskizunak antolatzea bakarrik. Kultur hiri batek kultura sortzen duen hiri bat izan behar du: erraztasunak eman behar ditu eta horretaz harro egon behar du», esan du donostiarrak.
Gitarra eskolak ematen ari da eta, aspaldiko partez, egonkortasun ekonomikoaz gozatzen. «Orain arte, kontzertuen arabera, batzutan lasaiago eta besteetan estu ibili izan naiz. Aurrerantzean, ondo pentsatu nahi dut zein musika proiektutan sartzen naizen. Burua nekatu samarra daukat batean eta bestean ibiltzeaz», azaldu du.
Musikaz autoan gozatzen du San Sebastianek. «Musikarik gabeko momentuak ere behar ditut. Lagunekin etxean nagoela nahiago dut ez jartzea, burua bertara joaten zait eta. Musika entzuteko gogoa izan behar dut; sarri autoan noanean aprobetxatzen dut», adierazi du kantariak. Hitza, bertsoa, edo melodia izan daiteke abesti baten abiapuntua. «Bide askotatik iristen naiz». Kantuak betidanik egin izan ditu baina idaztetik argitara ematera badago saltorik eta, azken lana, «Ospela», berezia da. «Hitzak zein musika goitik behera nireak diren zerbait egin nahi nuen», dio.
«Ospela» barrura begira egindako bilaketaren emaitza da. Aurrez norabiderik zehaztu gabe joaten da, bidea eginez. «Pentsatu gabe gauzak ateratzen joaten naiz. Ondoren dena bildu eta osotasunean koherentzia bat bilatzen dut. Normalean aurkitu egiten dut», esan du.
Ospela izena honelaxe etorri zen: «Musika nahiko argitsua izan arren, gaua, iluna... bezalako gaiak aurkitu nituen hitzetan egin ondoren berriz irakurri nituenean. Idazterakoan ez nintzen kontziente», argitu du.
Gauez bizi izan da urte askoan. Izotz taldearekin herriz herri, festetan. «Gustukoa nuen bizimodu hura. Gaueroko abentura zen», gogoratu du.
Urtetako prozesua izan da eguneko bizitzara ohitzea. «Bizitza horrek pixkanaka bakardadera eramaten zaitu. Lagunekin eta bizitzarekin konektatuta egon nahi baldin baduzu, beraien erritmora bizi beste biderik ez daukazu».
Musikan denetarik egin du. Eta denaz gozatu du. Gauez plazan kantatzetik antzokiaren isiltasunari aurre egitera pasa zen, Alboka taldearekin. Bakarkako bidea hartu zuen ondoren. «Izotzekin ahalik eta bolumen handienean jotzen genuen. Jaietan jendea ez dago zuri adi; dantzan edo hitz egiten ari da. Bat-batean, Albokarekin, antzoki batera joan eta 400 pertsona denak isilik, edozein mugimendu edo soinu entzuten dela, a capella kantatzen aurkitzea... Aldaketa oso handia izan zen. Gustatzen zaizkit erronkak. `Ea hau egiteko gai naizen', pentsatzen dut».




