Hitz gurutzatuak euskaraz egiteko usadioa dutenek euren abilezia zaletasun bera duten pertsonekin alderatzeko aukera dute. Asteburuan egingo da Hitz Gurutzatuen Euskal Herriko Txapelketa Irunen. Hortaz, etxean, autobus geltokian... bakarka nork bere burua lehian jartzeko egiten den lanak, plazara, jendaurrera, egingo du salto.
Maider Eizmendi
2009ko Azaroaren 27a
Hiru gurutzegrama, ahalik eta zuzenen eta ahalik eta denbora laburrenean. Horixe asteburu honetan, larunbatez, Irunen jokatuko den Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen III. Txapelketako parte hartzaileek osatu beharko duten lana, baldin eta txapel etxera eraman nahi badute behintzat.
Sona handiko lehiaketa izan ez arren, estimatua da urte guztian zehar denbora-pasa mota hau egiteko zaletasuna duten herritarren artean. Etxean nork bere burua lehian jartzeko bakarka egindako lana neurtzeko eta beste zaleenarekin parekatzeko aukera ematen dielako seguruenik ere.
Ezagutzen diren euskarazko lehen joko idatziek 1883. urtean dute jatorria. Dirudienez, «Euskal-Erria» aldizkarian argitaratu ziren eta mutadi edo isitza bezalako izenekin egindako hieroglifikoak ziren.
Euskaraz egin ziren lehen hitz gurutzatuak, aldiz, kartzelarekin dute lotura. 1936ko Gerraren ondorioz kartzelaratutako preso euskaldunek horrelako jokoak asmatzen ematen omen zuten denbora, lau pareta artean igaro beharreko denbora arinago pasa zedin.
Beranduago, 60ko hamarkadan, hasi ziren horrelako denbora-pasak argitara ematen, eta ondorengo hamarkadetan indarra hartu du jarduera honek. Hala, egunkari eta aldizkari gehienek dute egun denbora-pasa tartea euren orrietan eta tabernetan izaten direnak egiteko, adibidez, lehia ere izaten da nork lehenago harrapatuko.
Herritarrek denbora-pasak euskaraz egiteko zuten interesari erantzuna emateko asmotan sortu zen «Luma» aldizkaria 2002. urtean eta bera da, hain zuzen ere, txapelketa hau antolatu duena.
Aldizkarian jokoak egiten aritzen da Joxan Elosegi eta denbora-pasen garrantzia eta zeresana nabarmendu nahi izan du. Jakina da gisa honetako jokoak entretenimendurako baliabide ezin hobea direla, baina horretaz gain burua lantzeko duten balioa ere handia da. Hitz gurutzatuak eta sudokuak egiteak esaterako, oroimena estimulatzen du. Hala, estatubatuar mediku talde batek egindako ikerketaren arabera, egunean gurutzegrama bat egiteak oroimena ez galtzen laguntzen du. Hori dela eta, adineko pertsonei eta arrazoi bat edo beste tarteko oroimena galtzen ari direnei gurutzegramak egitea aholkatzen zaie.
Baina haratago ere joan da Elosegi eta azaldu du hizkuntza batean egiten diren jokoak, denbora pasatzeko ez ezik, herri baten gaineko ikuspegia transmititzeko ere balio dutela. «Ez bakarrik hizkuntzari dagokion ikuspegia, baita gure inguruaren, kulturaren eta herriaren gainekoa ere; azken batean nork bere munduaren ikuskera transmiti dezake jokoen bidez».
Hala, gaztelera oso ondo ezagututa ere, gazteleraz kaleratzen diren joko guztiak egiterik ez dago. «Ezin da pentsatu gazteleraz dakigulako Mexikora joan eta bertako gurutzegrama bat erraz egin dezakegunik». Gauza bera denbora-pasak euskaraz egiten dituenarentzat. «Hizkuntza jakiteaz gain, Euskal Herria ezagutzea ezinbestekoa da», ohartarazi du Elosegik.
Joko guztien artean, ordea, hitz gurutzatuen aldeko apustu argia egin du. «Paperean era ordenatuan irudikatutako laukitxo-multzoa letra edo silabaz betetzean datzan joko edo denbora-pasa da. Aurrez emandako definizioen laguntzaz betetzen dira eta letra edo silabek bertikalki eta horizontalki irakur daitezkeen hitzak eratzen dituzte». Hala, definitzen da hiztegian hitz gurutzatua eta, Elosegiren esanetan, joko guztien artean osatuena eta aukera gehien eskaintzen dituena da dudarik gabe. «Gurutzegrama batean definizioekin joka dezakezu, ez da sinonimo hutsetan oinarritzen, azalpen bihurriak eman daitezke eta burua gehiago landu behar izaten da horiek osatzeko». Hortik joko honen aberastasuna eta jokogintzan dihardutenentzat xarma.
Horrenbesteko estimua duten hitz gezidunek ez dute, bere hitzetan, halako aukerarik eskaintzen. «Azalpena bi hitzetan eman behar izateak asko mugatzen du».
Plazara
Orain hiru urte hasi zen aldizkaria hitz gurutzatuen lehiaketa egiten. Horrela, etxean, autobusaren, parkean... nork bere kabuz eta bere erritmora egiten duen lehia plazara atera zuten. Izan ere, besteen kontra ez arituta ere, denbora-pasak egiteak badu lehiatik, apustutik eta erronkatik. Horrela onartzen du Elosegik ere. «Bakarka arituta ere, lehiaketa moduan hartzen du batek gurutzegrama bat betetzea; `ea betetzen dudan' pentsatzen du eta erronka horri ere gustua hartzen dio jendeak», azaldu du.
Zaleen inguruan, gainera, erdibidekorik aurkitzea zaila dela dio. «Hitz gurutzatu bat noiz edo noiz guztiok egin dugu, baina mundu honetan edo zalea zara edo ez zara; zaila izaten da zaletasun honekin bustitzea osorik murgildu gabe», zehaztu du.
Jakina da, gainera, orduan eta gehiago egin, jokalariak are eta gehiago ezagutzen dituela sarri agertzen diren hitzak. Noski, hori ere pizgarri izaten da jokatzen jarraitzeko.
Txapelketan parte hatzeko pizgarrien artean, sariak ere nabarmendu nahi izan ditu Elosegik. Txapelketaren irabazleak txapela eta 300 euro etxeratuko ditu; 200 bigarrenak; 100 hirugarrenak; eta laugarrenak, berriz, 50. Gainera, lehen hogei sailkatuei hamarna euro emango dizkiete.
Sarien eta irabaztearen gogobetetzeaz haratago, Elosegik azaldu du txapelketak afizio bera partekatzen duten pertsonak topo egiteko aukera ezin hobea eskaintzen dutela. «Giro oso atsegina izaten da, jendeak ondo pasatzen du eta txapelketa baino gehiago elkartzeko aitzakia izaten da». Gainera, ez dago sarrera mugarik eta lehiaketan parte hartzen ez dutenak ere joan daitezke txapelketaren gorabeherak jarraitzera. Nork daki, agian gustua hartu eta eginaren eginaz datorren urtean lehiaketan parte har dezakete.
Hitzordua garrantzitsua da Elosegi eta bere taldearentzat, jokozaleen gorabeherak ezagutzeko ere balio izaten baitie: «Zergatik hau, zergatik beste hori... galdetzen digute».
Txapela etxera eramateko hiru fase gainditu behar izaten dituzte parte hartzaileek. Lehenengo bi kanporaketetan, paperean ematen zaie lehiakideei egin beharreko hitz gurutzatua eta ordubeteko denbora eskaintzen zaie horretarako. Lana osatzeko hiztegiaren laguntza ere balia dezakete, baina hala ere ez da beti erraza izaten lana ondo burutzea. Hogei lagun pasatzen dira bigarren fasera eta finalerako, berriz, lehen lauak sailkatzen dira.
Finalean zutik jarritako paneletan osatu behar izaten da hitz gurutzatua, jendearen aurrean, ikusle gisa dauden pertsonen begien aurrean, alegia. Hori akaso lehiaketaren alderik gogorrena, oro har, jendea ez baitago hitz gurutzatuak jendearen aurrean egitera ohituta. Kasu honetan ere ordubeteko muga dute. Irabazleari jokoa azkar osatzea eskatzen zaio, baina hori baino garrantzitsuagoa da ondo osatzea, behar diren hizki guztiak zuzenak izatea, alegia. Hona hemen Elosegiren azalpena: «Neurtzen den lehen gauza zuzentasuna edo egokitasuna da eta gero, berriz, azkartasuna, hau da, zenbat denbora behar izan duen parte hartzaileak amaitzeko». Plazagizonak edota plazaemakumeak ez direlako seguruenik, egunerokoan egiten ez dituzten akatsak egiten dituzte parte hartzaileek lehiaketan. «Hutsak despisteengatik egiten dira edo osatzeko denborarik izan ez eta betetzearren egin delako». Izan ere, hitz gurutzatuko laukitxo guztiak betetzea derrigorrezkoa da.
Oraindik ez da ezaguna
Euskal Herriko txoko ia guztietatik etortzen dira parte hartzaileak eta zaleen artean emakumeak gehiengo nabarmena izan arren, lehiaketan gizonen eta emakumeen proportzioa paretsua izaten da. Pasa den urtean hogeita bost bat izan ziren, orain bi urte bezalatsu; aurten ere, Elosegiren esanetan, parte hartzaile kopuru bera espero dute. «Beharbada jendeak ez du lehiaketa behar bezala ezagutzen edota, agian, zaleak ez dira jendearen aurrean aritzera ausartzen», azaldu du.
Inguruan gisa honetako lehiaketak egiteko eta horietan parte hartzeko ohitura murritza bada ere, munduko beste txoko batzuetan sona eta arrakasta itzela izaten dute. «New York Times» egunkariak, esaterako, urtero antolatzen du American Crossword Puzzle Tournament ezaguna eta mundu guztiko milaka lagunek parte hartzen dute. Italian Ottetto elkarteak Campionato Italiano di Cruciverba ospetsua antolatzen du.
«Gerta daiteke jendearen aurrean itsutzea; guztiek ikusten duten hori ez ikusteko adina»
Noiz hasi zinen gurutzegramak egiten, noizkoa da zure afizioa?
Betidanik egin ditudala ezin dut esan, baina aspalditxotik dut gurutzegramak egiteko ohitura. Garai batean gaztelaniaz egiten nituen, baina, azken urte hauetan, euskaraz egiten ditut. Ez naiz, ordea, modu intentsiboan aritzen.
Oraindik, beraz, afizio duzu, ez bizioa.
Ez, bizioa ez, baina azkeneko urteotan gehiago egin ditut. Orain bi urte egin zen lehenengo txapelketa eta hori dela eta gehiago egiten saiatzen naiz.
Gurutzegramak orokorrean bakarkako lanak dira, nola ikusi zenuen zure burua jendaurrean iazko txapelketan?
Eragiten du pixka bat jendaurrean aritzeak. Panel handi batzuk jarri zizkigunetan eta jendea inguruan bueltaka zebilen. Eragina izan badu, baina egia esan egoera aintzat ez hartzen saiatzen zara. Akaso inguruan dauden guztiek argi ikusten duten hori zuk ez duzu ikusten eta horrek argi erakusten du bat pixka bat urduri ere egoten dela bat; gerta daiteke jendearen aurrean itsutzea, guztiek ikusten duten hori ez ikusteko adina. Plazagizona ez izatearen eragina da, akaso.
Nola prestatzen zara lehiaketa honetan parte hartzeko. Aparteko saiorik egiten duzu?
Prestaketa egin daiteke eta denboraren arabera denbora gehiago edo gutxiago ematen duzu horretan. Nik zerbait egin dut aurten ere, ez iaz bezain beste, baina azken aste honetan saiatu naiz gurutzegrama mordoxka egiten. Harrapatzen ditudan guztiak egiten saiatzen naiz.
Azken aste hauetan zenbat hitz gurutzatu egin dituzu, konta daitezke?
Anarkiko samarra naiz horretan, baina saiatzen naiz nire burua proban jartzen.
Temosoa, hitz gurutzatua bukatu bitartean estutu eta onik izaten ez duen horietakoa zara?
Estutu akaso ez, baina ohituta zaude egiten eta egia da bukatu gabe uzteak amorru handia ematen dizula. Pasa den egunean gaztelerazko gurutzegrama bat hartu nuen eta aspaldian euskaraz bakarrik aritu naizenez, ez nuela bukatuko pentsatuz hasi nintzen egiten. Banindoan pixkanaka-pixkanaka osatzen eta, azkenean, bukatzeko grinaz, hiztegian kontsultak eginez bukatu nuen. Izugarri kostatu zitzaidan, baina azkenean bukatu nuen. Norbere buruarekin lehia sortzen da, bukatu nahi hori...
Egunkarien kasuan, adibidez, begiratzen al duzu hurrengo egunean hitz gurutzatua ea ondo osatu duzun edo ez?
Egia esan, leku batzuetan gurutzegramaren ondoan ekartzen dute soluzioa eta bukatu ostean begiratu izan dut ondo egin ote dudan edo ez ikusteko. Aldiz, hurrengo egunean ez dut horretarako ohiturarik, ondo egin dudala pentsatzen baitut.
Hitz Gurutzatuen Txapelketa eskuratzeko aukera bai, baina afizio bera duten jendea topatzeko aukera ere bada. Nolako giroa izaten da?
Oso giro ona izaten da eta harrera oso ona egiten digute; azken finean, familia txiki baten antzeko zerbait gara. Oraindik orain txapelketa ez da asko zabaldu, ez da jendetza handirik biltzen, baina polita izaten da.




