Egoitz Lasa
2009ko Azaroaren 27a
Lagun artean poteoan ari ginela Antena 3 telebista katean Donostian ospatzen ari zen Gastronomika sukaldaritza kongresuari buruzko berria ikusi dugu. «Horixe da gure herria», esan du lagun batek. «Horixe eta Mendi Expo», besteak. «Eta Durangoko azoka», gehitu dut nik. «Ez», erantzun dit lehenak, «hori izan nahi duguna da». Zer pentsatua eman dit. Izan ere, ederra litzateke Durangoko azokan ikusten den jendetzak egun batez euskal disko eta liburuekiko agertzen duen elkartasuna urte guztiko zaletasun bilakatuko balu. Baina ez da horrela.
Durango egun pasa joateko plan bihurtu da. Goizean Anbotora mendi buelta, gero talo bat bazkaldu, azokan buelta bat eta poteoa. Morauren «Supereuskalduna» kantuan sartzeko moduan. Gero, azoka komentatzeko momentua iristen da. Batzuetan harrigarriak dira balorazioak. Behin barra ondoan nengoen, atzekoen elkarrizketan antena jarrita; «zer iruditu zaizue aurtengoa? Nik iazkoa nahiago. Bai, aurtengoari kolorea falta zaio». Kolorea? Harrituta atzera begiratu eta esku artean zuten «Berria» egunkariko egutegiari buruz ari zirela konturatu nintzen.
Izan ere, gauza txikiek ikaragarrizko pisua dute azokan: egutegiek, orri markatzaileek, atariko zozketek, katalogotxoek, doako aldizkariek... Batez ere jende artean bultzaka hiru orduz tente egon behar baduzu. Egia esan, erosotasunak ez dauka parekorik azokan. Egundoko jendetza, besoan lumazko jaka, edo aterkia, poltsan «Pirinioak» aldizkariko egutegia turulo bat eginda, eta libre daukazun eskua indarra egiten atzekoaren bultzadekin aldaka standaren kontra ez txikitzeko. Literaturaz gozatzeko azoka.
Hala ere, momentu onenak ezagunekin topo egiten duzunean heltzen dira. «Zer moduz? Zer erosi duzu?». Eta segundo batez galdera sorta ikaragarria pasatzen zaizu burutik: zer jakin nahi ote du? Zerbait erosi dudan? Zer den erosi dudana? Berak baino gehiago erosi dudan? Berdin du. Prest nago. «Baaaa...», eta ezertarako balio ez duten paper mordoaren artetik, liburu fin bat ateratzen duzu, hogeita hamaika eskutik izateak ematen duen segurtasunarekin. Poesia liburu bat da. «Poesia... Jon Benito... Ez duzu ezagutzen? Asko gustatzen zait». Isiltasun deserosoa. «Idazle bezala». Isiltasun deserosoagoa. Orduan, eta zuk? galdetzeko instintua etorri zait, baina bere poltsa erabat beteta ikustean erreprimitu egin naiz. Alperrik. «Ba nik... Atxagarena amarentzat, Benito Lertxundiren diskoa aitarentzat, ahizpari Ken Zazpi eta anaiari Irigoienen liburua. Bueno, baita ilobentzako ikastolen elkarteko jolasak ere». Zerbait utzi ote du besteentzat? Badaezpada beretzat ez du ezer erosi, seguru Dan Brownekin euskal kulturari adarrak jartzen dabilela, eta Durangora penitentzia egitera etorri dela. «Erosi ditut Olentzerotako opari guztiak».
Bat-batean arraro sentitzen hasi naiz. Aspaldian ez dudalako inoren bultzadarik jaso? Ez, Olentzerotako opariak aipatu dituelako. Nekatuta nago, azoka topera dago, beste buelta bat... ez. Lasai, oraindik denbora dago.
Herriko liburu dendan erosiko dut. Non dago? Ez al zuten itxi? Bueno, Fnac saltokian erosiko dut. Ez Fnac-en ez... Megadendan, edo, elkartasunez, Durangoko liburu denda batean. Zer irudituko ote zaie Euskal Herri osoak muturren aurrean milaka liburu erostea? Irekita ote dago? Seguruenik, itxita, por competencia brutal. Erotzen hasi aurretik banoa. Aurtengoa ere egin dut. Etorri naiz erromesaldian, Landako guneari buelta eman diot, eta beste urtebetez euskaldun izaten jarraitzeko fedea berritu dut. Euskal kulturaren txertoa hartu dut. Urte osorako daukat. Orain libre naiz Lisbeth Salanderren abenturak arriskurik gabe irakurtzeko. Fitxatu dut.




