-

«Eskuko behatzak ere ez dira igualak». Hala dio AEK-ko mintzapraktika programetan parte hartzera gonbidatzen duen leloak. Izan ere, denak dira ongietorriak. Helburua, bakarra: euskaraz mintzatzea. Eta horretarako bidea, norbere esku: trago batzuk hartzera irtetea, mendira joatea edo erosketetarako hitzordua egitea.

Xole Aramendi

2009ko Azaroaren 27a

Mintzalagun, berbalagun, solaslagun... izen ugari, tokian tokikoak, eta helburu bera: euskaraz hitz egitea. Ez gutxiago, ez gehiago.

Denak dira ongietorriak koadrila berezi hauetara: ama hizkuntza euskara dutenak edo ikasi egin dutenak. «Badira guraso erdaldunak izanik ikastolan txikitatik ikasi dutenak, euskaltegian ikasi dutenak edo ari direnak...», argitu dute AEK-ko arduradunek.

Batzuk tabernak dituzte elkargune. Beste batzuk, kafetegiak. Edo zinemak. Badira leku itxietatik atera eta frontoira edo mendirako bidea hartzen dutenak ere. Kontua, harremanak euskaraz bizitzea.

Zarauzko Tarin tabernan aurkitu ditugu Nekane Guerrero, Iñaki Sueskun, Iñaki Arrillaga, Guillermo Paniagua eta Mariano Cedron. Ostegun arratsaldea. Zazpiak. Mintzalagunekin elkartzeko unea.

Lehen biak euskaldun zaharrak dira eta gainontzekoak ikasten ari dira. Euskal Herrian bizi direnez, euskaraz jakitea, zer hoberik.

Zarauztarra da Guerrero eta bertan bizi da, taldekide guztiak bezala. Sueskun Iruñetik etorri zen kostaldera eta Paniagua eta Cedron argentinarrak dira. Atlantikoaz bestaldeko doinu gozoaz hitz egiten dute biek. Guillermo Paniagua duela hilabete etorri da Zarautza Getxotik eta nahikoa lan du gipuzkeran murgiltzen. «Oso desberdina da», baieztatu du.

Mariano Cedronek abantaila dauka, urteak baitira bertan bizi dela. Tabernaria da, gainera, eta barraren barrutik, herrikideekin euskaraz aritzen da ahal duen guztietan.

Guerrero eta Sueskun AEK-ko irakasleak izandakoak dira eta Mintzalagun egitasmoa abian jarri aurretik elkarrekin geratzeko ohitura zuten. «Hau bigarren urtea da mintzalagun bezala, baina aurretik geratzen ginen -gogoratu du Guerrerok-. Gelan ikasitakoa ez da nahikoa. Batzuk badaukate euskaraz hitz egiteko aukera baina beste batzuk ez». Berak erdaldunak ditu gurasoak eta Zarauzko ikastolan ikasi zuen euskaraz.

Iñaki Arrillagak bere esperientzia azaldu digu. «Donostiarra naiz. Nire bikotekidea euskaldun zaharra da, baita lagun gehienak ere. Baina ez da erraza euskaraz egitea. Gehienekin harremana gazteleraz hasi nuen eta zaila da», dio.

Zarautzen euskaraz bizitzeko aukera nahikoa zabaldua dagoela pentsa dezake bat baino gehiagok. «Iruñean, adibidez, zailagoa da. Baina hemen ere, euskaraz bizitzeko aukera izanda ere, jendea euskaraz ezagutzeko aukera ematen du Mintzalagun programak. Ez daukagu ezer komunean, daukaguna da euskaraz egiteko gune bat», argitu du Sueskunek.

«Jendea biltzeko bide ematen du», gaineratu du Mariano Cedronek. Harremanak euskaraz egitea. Horixe da gehien baloratzen dutena. Solasaldietan ez dago ikasle-irakaslerik. «Ez gara zuzentzen hasten. Horretarako klaseak daude. Kontua askatzea da eta naturaltasun osoz, lasai hitz egitea», esan dute. Arrillagak modu berezian eskertzen du hori. Bere kasuan, ederki ulertzen du euskaraz, baina hitz egitea gehiago kostatzen zaio. Koska, lotsa gainditzea. Taberna giroa lagungarria da. «Gustura egoten naiz. Hurrengo urtean ere, denborarik badut, animatuko naiz», azaldu du.

Mariano adi-adi dago alboan, guztia entzunez. «Euskaldun zaharrak entzun eta haiengandik ikasteko aukera ezin hobea da». Nabari zaio gozatu egiten duela.

Herriko euskara darabilte. «Ez dugu euskara batuan egiten. Polita da euskaldun berri bat gure esamoldeak erabiltzen ikustea, tokian tokiko euskalkia erabiltzea», nabarmendu du Nekane Guerrerok.

Beti izaten dute hizpiderako gairik. «Hasieratik. Ez dakizu ze eztabaida sakonak izaten ditugun batzutan», gaineratu du.

Denerako tartea ematen du hitzorduak: orain elkar zirikatu, eguneko albisteak komentatu ondoren. Ilundu egin du kanpoan. Bi ordu joan dira eta solasaldia aurrera doa.

 

EDORTA LOPEZ, Praktika jardueren koordinatzailea AEK-n    

«Ez gara konturatzen alboan ditugun euskaldun berriek harreman sareak behar dituztela»

Iaz 2.500 pertsona ibili ziren mintzapraktika programetan eta aurten 3.500 ingurura iristea espero dute. Parte-hartzaileen %65 emakumezkoa da, 30 urte ingurukoa eta euskaltegitik pasatakoa. Edorta Lopez praktika jardueren koordinatzailea da AEKn. Gustura dago mintzapraktika egitasmoek emandako emaitzarekin. Dei berezia egiten die euskaldun zaharrei, pausua ematera anima daitezen. Interesatuek praktikatu.blogspot.com helbidera jo dezakete.

Noiz  hasi zineten egitasmo hauekin? Zein helbururekin?

AEKren sorreratik jarri dira antzeko programak martxan, ia euskaltegi guztietan. Beti izan da gure kezka euskaltegitik kanpo ikasleek euskara erabil dezaten. Programa hauen helburua da, batetik, ikaste prozesua arintzea eta bestetik, herriko gainontzeko euskaldunekin harreman normalizatua izatea euskaraz. Hasieran euskaltegi bakoitzak ahal zuena egiten zuen, bere kasa, baina hamar urtetatik hona modu profesionalagoan antolatzen dugu. Orain ia 40 lagun ari dira era honetako egitasmoak prestatzen eta haien jarraipena egiten.
Teknikarien formazioa dela, edota informazioa, materiala... prestatzen aritzen dira. Taldeen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira. Herriko beste erakundeekin –euskara elkarteak, gainontzeko euskaltegiak, udalak– elkarlanean egiten da hori guztia.

Zer eskatzen zaie euskaldun zaharrari zein berriari?
Gutxieneko konpromisoa astean ordubetekoa da. Badira talde bakar batekin egon beharrean gehiagorekin aritzen diren euskaldun osoak ere. Euskaldun berriei gutxieneko elkarrizketa bat mantentzeko gaitasuna eskatzen diegu, bosgarren mailatik aurrerakoa izatea. Euskaldun zaharrari, berriz, ez zaio berea ez den papera betetzea eskatzen, inola ere ez. Ez da irakaslea, ez doa hara zuzentzera, hizkuntz eredua ematera baizik. Taldekideak gustura egotea nahi dugu.
Gidari lana egin beharko dute euskaldun zaharrek. Zein laguntza izaten dute?
Aurretik gidoi bat pasatzen diegu zer lan egin behar duten, zelan zuzendu... elkarrizketa moztu gabe nola egin behar den jakin dezaten.

AEK-ko ikasleak al dira parte hartzen duten euskaldun berriak?

Ez, une honetan gutxiengoa dira. Asko gure ikasle izandakoak dira, batez ere ingurune erdaldunetan, euskaraz ikasi baina ondoren galdu egin dutenak. Berriro euskaltegira bueltatzea oso gaitza egiten zaie. Pentsa dezakegu gauza asko ahaztu eta betirako galdu ditugula, baina oso erraza da berreskuratzea. Gure ustez hau da modurik hoberena euskaltegian ikasitakoa finkatzeko eta aurrera egiteko. Ez da beharrezkoa euskaltegira joatea, honekin nahikoa da. 

Zein da zailtasun handiena taldeak sortzeko orduan?

Oztopo nagusia ordutegiarena da, guztiok presaka ibiltzen baikara batetik bestera. Oso sakabanatuta dauden herrietan zaila izaten da elkartzea. Aldiz, hiriburuetan errazagoa gertatzen da.

Talde desberdinek egoten al dira elkarrekin?

Arduradunek ekintza osagarriak antolatzen dituzte, talde desberdinetako partaideek elkar ezagutu dezaten. Ondoen funtzionatzen dutenak afariak, bazkariak eta askariak dira. Oso modu ona da elkar ezagutzeko eta hitz egiteko.

Ingurune euskaldunik ez daukatenen kasuan gehiago eskertuko dute egitasmoa honek eskaintzen dien aukera.

Bai, esaterako, Santurtzin joan den otsailean abiatu zen eta dagoeneko 120 lagun daude. Asko da. Bakoitzak astean ordubete emanda, ordu asko dira. Eta garrantzitsuagoa dena, toki publikoetan daude. Leku publiko asko irabazita ditugu –kultur etxeak, euskaltegiak...– eta programa hau bertatik atera egiten da. Kalea da daukagun espazio publikorik handiena, euskararentzat irabazi behar duguna. Hori eremu euskaldunetan ez da ikusten, baina erdaldunetan daukan eragina oso handia da.

Zer da parte-hartzaileek gehien baloratzen dutena?
Ezagutzen ez duten norbaitekin gustura egon ahal izatea da gehien baloratzen dutena. Hasieran hizkuntzarekin egindako aurrerapausoa baloratuko zutela uste genuen eta hori ere aipatu arren, ohituren finkatze horrek erakartzen ditu, bidean aurrera egitera bultzatuz. Talde batzuk jada iraunkorrak dira, kanpaina egin aurretik bildu eta udan ere jarraitu egiten dute. Talde horiek askotan ekintza osagarriak bideratzen dituzte eta erakargarriak egiten zaizkie besteei ere: mendi taldeak, adibidez, sortu dira berbalagun taldeetatik.

Euskaldun zaharrei dei berezia egiten diezue, ezta?
Bai, askotan ez gara konturatzen euskaldun berriak ondoan dauzkagula, euskaldunduko direla eta harreman sareak eta ereduak beharko dituztela. Ikusi beharko dute ‘nire herrian bertan badago euskaraz egin nahi duenik eta nik ere hori egin dezaket egunen batean’. Edo oraintxe bertan. Horretarako lagun euskaldunak behar dira.

Ogia euskaraz eroste soila aurrerapauso handia izan daiteke.

Bai, eguneroko gauzak oso garrantzitsuak dira: gauza txikiek jendearen ohiturak aldatzen dituzte. Euskaldun osoei askotan ahazten zaie ikasten ari diren horiek ere herritarrak direla eta euren harreman sarea ere handitu egiten dela. Oso ohikoa da euskaltegiko ikasleei erdaraz egitea. Mintzalagunarena integratzeko modu bat izan daiteke. Ikasten ari denak erdaraz egingo dizu aurrez konfiantzarik ez badauka. Konfiantza nola hartzen da? Beldurra galduz. Gainera, zure bitartez zure lagunak ezagutuko ditu. Hasieran kostatuko zaio, baina gero animatuko da eta beste pertsona bat irabazi dugu. Zoritxarrez, nahikoa da lagun bakar bat koadrila osoak erdaraz egiteko.