-

Xole Aramendi

2009ko Azaroaren 27a

Dagoeneko bederatzi urte pasa dira Maroko utzi nuenetik. Ia oharkabean joan dira. Zuzenbidea ikasten ari nintzen Tangerren eta ikasketak amaitu gabe nituela lan kontratu bati esker El Ejidora (Almeria) joan nintzen. 26 urte nituen. Justu 2000. urteko iskanbilak gertatu ziren eta hilabete besterik ez nuen egin han. Ez nuen lan egiteko aukerarik eduki.

Lehengusina bat nuen hemen eta bisitan etorri nintzen. Etxera itzuli nintzen, karrera bukatu eta ondoren Euskal Herrirako bidea hartu nuen.

Nik aurrez ez nuen sekula pentsatu hona etortzerik. Nire herria utzi eta beste batera alde egiteak ez ninduen gehiegi erakartzen, baina inoiz ez dakigu bizitzak nora eramango gaituen. Egia esan, oso zaila da han abokatu bulegoa irekitzea.

Egun mikrobus bat gidatzen dut, bezeroak, ikasleak zein helduak, toki batetik bestera eramanez. Krisi ekonomikoa dela eta, zoritxarrez, hainbat enpresatan gauza arraroak ikusi ditut. Orain arte ez ziren gertatzen eta, orain, bat-batean... Orain arte bertakoek ez zekiten hainbat lanpostu bazeudenik ere. Orduan ez zitzaien interesatzen, baina orain edozer egiteko prest daudenez, guk lanpostuak kentzen dizkiegula pentsatzen dute.

Familia osatu dut hemen. Nouria emazteak eta biok bi seme alaba ditugu: Mohammed Reda (lau urte) eta Amal (urte eta erdi). Nouria duela zazpi urte etorri zen hona. Abokatua da bera ere. Ez dugu inongo kexarik. Oso ondo hartu gaituzte.

Euskaldunak serioak zarete eta gustukoa dut. Behin ezagutzen zaituztenean gehiago irekitzen dira. Azkoitia nire bigarren etxea da. Aurten Marokon egon gara guztiok bi hilabetez eta Mohammed txikia familiarekin egon da. Gure kultura ere ezagutzen hasi da. Garrantzitsua da. Etxean arabieraz hitz egiten dugu.

Nouria ikastaroak egiten ari da bere prestakuntza hobetzeko. Beloa darama eta ez du arazorik izan ez ikaskideekin ez irakasleekin. Bere erabakia da eta nik errespetatu egiten dut.

Hemen bizi diren arabiarren artean ikasketa maila ez da oso altua eta batzuk ez dute gaztelera edo euskara ikasteko beharrik ikusten. Ezagutzen dut hemezortzi urtez hemen bizi den gizon bat arabiarrez bakarrik egiten duena. Urtebete pasa nuen iaz euskara ikasten. Beti utzi egiten nuen. Gogo pixka batekin ez da hain zaila.

Al Rahman elkartea sortu nuen Azkoitian. Arabiera eskolak ematen dira bertan. Ume asko etortzen dira. Egun ere bazkide naiz, baina ez nago zuzendaritza taldean. Tarteka, kultur etxean elkartzen gara.

Orain, Zinadeko Garapena gobernuz kanpoko erakundea sortu dugu lagun talde batek. Guztiok Zinad ingurukoak gara, Maroko iparraldean, eta bertan osasunari eta hezkuntzari lotutako proiektuak garatzea du helburu. Guraso askok ez dute nahi seme-alabek 25 kilometroko bidea egin dezaten Tangerrera ikastera joateko eta garraioa erraztu nahi diegu. Horrez gain, oso kezkatuta nago hainbat heriotza kasu eman baitira haurdun zeuden emakumeen artean. Ez daukate beharrezkoa duten arreta medikurik. Bertako ospitale txikia ez dago behar bezala prestatuta eta ez dago Tangerrera eramango dituen anbulantziarik. Ez han bakarrik. Hemen ere garatu nahi ditugu proiektuak. Sentsibilizazio arloan lan handia dago egiteko. Ezjakintasun handia dago hegoaldeko herrialdeen inguruan. Joan den apirilean bilera egin genuen Euskal Herriko Unibertsitateak, bertako elkarteek eta etorkinen elkarteek. Oso interesgarria izan zen. Azkoitiko alkatea ere bertan zen eta lanean hasiko zela esan zigun; zain gaude.

Eusko Jaurlaritzak immigrazioaren gainean prestatu duen bigarren planarekin ere berdin. Irakurri eta oso polita dela ikusten duzu. Urrezko letrez idatzia. Baina praktikan ez da jartzen. Madrilgo Gobernuak ere, beste plan baten bidez, gure haurrek ikastetxeetan islama ikastea ahalbidetzen du. Joan gatzaizkio ikastolako zuzendariari horixe eskatuz eta ezetz, ez duela jarriko. Eta horretan gaude. Orokorrean, oztopo asko ditugu gure kultura eta erlijioa lantzeko. Ate guztiak itxita aurkitzen ditugu. Ez dakit zeren beldur diren, agian bertakoa galdu egingo dela pentsatzen dute. Bestela ez dut ulertzen. Nire ustez, Korana arabieraz ikastea ez da interesgarria arabiarren seme-alabentzat bakarrik, baita euskaldunen ala erdaldunen umeentzat ere. Legeak betearaztea, besterik ez dugu eskatzen.

Ikastetxe askotan, jantokietan ere zailtasunak ditugu, ez dietelako gure umeei halal haragia jateko aukerarik ematen. Asteko menuan haragia tokatzen denean hobe da ume guztiek haragia jatea, nork berea, bati tortilla berezia egin ordez. Nola azal diezaiokezu 2-3 urteko haurrari haragirik ez jateko? Halal haragia erostera harategira joaten den ikastetxe bateko zuzendaria ezagutzen dut.

Grazia egiten dit `zuek eskubideak bai, baina obligaziorik ez daukazue' aurpegiratzen digutenean. Oinarrizko eskubiderik ere, bozkatzekoa adibidez, ez daukagu eta! Arlo sozialeko laguntza bat eskatzera goazenean ere beharrezko paperak aurkezten ditugu, euskaldunek osatutako parlamentuan erabakitako legearen arabera. Zein da arazoa?

Nik, gauzak dauden bezala, ez diot lagun bati esango hona etortzeko. Uste baino gogorragoa izan da, nahiz niri Euskal Herriak asko eman didan.
Bost anai-arreba ditut Marokon. Baita ama ere. Beste anaia hemen bizi da. Zahartzaroan auskalo Euskal Herrian ala Marokon egongo naizen. Familia ondo egotea da garrantzitsuena, ondasun materialez harago.