-

Labayru Ikastegiak Nerbioi-Ibaizabal bailarako euskararen ondare linguistikoa eta etnografikoa bildu, ikertu, eta DVD bat osatu du Haur eta Lehen Hezkuntzako neska-mutikoentzako eskola curriculumean txertatzeko. Harrera bikaina izaten ari da ikastetxeetan. Lanari esker, denek gozatu ahal izango dute euskaraz dakiten aiton-amonez.

Maider Iantzi

2009ko Azaroaren 27a

Deriora egin dugu bisita, Labayru Ikastegiaren eraikin handira, bertan ari baita lanean Zuztarretatik ahora egitasmoan parte hartu duen hainbat jende. Bulego batera sartu eta ordenagailu aurrean harrapatu ditugu Eneko Zuloaga, Janire Enzunza eta Fredi Paia -Algortakoak Uribe Kostako ondarea bildu du-. Miren Ibarluzea proiektuaren koordinatzailea eta Akaitze Kamiruaga zuzendaria ere etorri dira azalpenak emateko.

Hauek argitu dutenez, Uribe Kostako Mankomunitateak eta Getxoko Udalak sortu zuten euskararen ondare linguistikoa eta etnografikoa jasotzeko eta lantzeko egitasmoa, eta bertatik zabaldu da Nerbioi-Ibaizabalera. Antzeko lana egin dute bi bailaretan; berriemaile kopurua, diseinua eta eduki batzuk desberdinak izan arren, filosofia ez da aldatzen. Uribe Kostako DVDa otsail aldera plazaratzeko asmoa dute. Nerbioi-Ibaizabalekoa, berriz, dagoeneko kalean da, eta, kontatu digutenez, primerako erantzuna izaten ari da.

Material pribilegiatua dela onartu dute irakasleek, lekuan lekura egokitua baitago. Lantzen diren adibideak beti dira eskualdekoak: ondoko basoetako landareak, inguruko animaliak, etxeak... Naturala izateko, erreferentzia linguistikoak urrutiegi ez geratzeko. Lehena eta oraina lotzen dituzte hizkuntzaren bidez eta bizitzaren arlo guztiak ukituz: natura, kultura, soinua, teknologia, tresnak, herri egutegia, kontakizunak, musika, dantza, kirolak...

Tresna osagarri gisa aurkeztu dute, nork bere errealitatera moldatzeko. Erraz eta era askotara erabil daiteke, ikasle eta irakasleek nahi duten bezala: ordenagailu banatan, proiekzio makinarekin, paperean ariketak eginez, emandakotik abiatuta jarduera berriak asmatuta... Etxean familiak umeekin erabiltzeko edo beren kabuz euskara ikasten ari diren pertsonentzat ere baliagarria izan daiteke. Informazio pila ematen dio jendeari non bizi den jakiteko: auzoen eta etxeen izenak, bertako ohiturak, sinesmenak, esaerak, hitzak...

Orotara, 77 berriemaile

2007ko udan ekin zioten Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamo herrietako ondarea jasotzeari, Joxe Migel Barandiaranen galdetegian oinarrituta. 65 urtetik gorako euskaldun zaharrak elkarrizketatu zituzten, ama-hizkuntza bertako hizkera zutenak, ahal zela emakumeak eta gizonak, hainbat auzo eta lanbidetakoak, alfabetatu gabeak. Orotara 77 berriemaile grabatu zituzten bai audioz bai bideoz, hitzez gain keinuak ere jasotzeko. Guztira 340 ordu.

Aiton-amona hauekin antzinako bizimodua berreraiki zuten: jaiegunak, ezkontzak, jantziak, hiletak, jatekoak, herri medikuntza, kantak, ipuinak... Sarri, ate joka joaten ziren etxez etxe edo berriemaileek eurek erraten zieten batarengana edo bestearengana joateko.

Batzuek ez zutela nahi erantzuten zieten, baina gero pozarren egoten ziren eta berriro ea noiz egingo zuten galdetzen zieten. Ikertzaileentzat ez ezik, haientzat ere terapia izan zen. Antzinako bizimoduari buruzko interesa agertzea eskertzen zuten eta harritu egiten ziren norbaitek orduko daturen bat ematen zienean. «Zuk zelan dakizu hori?», galdetzen zuten.

Emakumetik emakumera

Hasieran distantzia markatzen zuten, euren bizimoduan sartzen baitziren galdetzaileak. Garrantzitsua da filtroak jartzea. Jakintza eta tradizio batzuk emakumetik emakumera transmititzen direla ohartarazi du Fredi Paiak. Jolasez, kantuez, etxeaz, erlijioaz, errituez, hildakoez, gaixoen bisitez gehiago hitz egiten zuten andreek; industriaz, lanbideez, aldiz, gizonek. Bizimoduaren ispilu da kontatu dutena.

Nerbioi-Ibaizabal eskualdea berezia da industriagatik eta lekuagatik, mendebaldeko euskararen mugan dagoelako. Labayruko langileek azaldu digutenez, bi alde ditu: «Bata, oso euskalduna, Orozko eta Arrankudiaga, eta bestea erdalduna, industrializatua, Basauri, Etxebarri... kanpotik jende asko jaso dutenak. Baina Basaurin badaude auzoak %90ean euskaldunak direnak. Beti lotzen dugu industriarekin, auzo batzuk oraindino nekazaritzarekin lotuta daude, ordea. Horrek jendea harritzen du».

Berriemaileek kontatutako bailarako mila kontakizunak grabatu, bulegora etorri eta bideoak eta audioak digitalizatzea izan zen hurrengo pausoa. Gero, gaika sailkatu eta fitxak bete zituzten, norbaitek informazio zehatz bat behar duenean zuzenean aurkitzeko.

Ahozkotasuna helburu

Nerbioi-Ibaizabaleko kultur ondarea transmititzea da euren asmoetako bat eta horretarako modu bat hezkuntza da. Materiala zikloetan banatu dute, haurren adinaren arabera: 0-3, 3-6, 6-8, 8-10 eta 10-12 urte. Etapa eta gai bakoitzerako bideo egokienak aukeratu dituzte.

Miren Ibarluzeak nabarmendu duenez, unitate didaktikoak prestatzean garrantzia eman diote eduki etnografikoak emateari, baina, batez ere, ahalegin handia egin dute ahozkotasuna lantzeko materiala izan dadin. «Ikasleek jakin dezaten hainbat erregistro dagoela, modu batera idaztearren bestela berba egin dezaketela, ez direla euskalkiak baztertu behar».

Egitasmoaren koordinatzailearen arabera, ahozkotasuna txikitatik lantzen da, umeen hitzak, kantuak eta kontuak erabilita. Ahozkotasunarekin lehenengo lotura gurasoekin eta olgeta eta jolasekin izaten dute haurrek, eta afektibitatea bikoitza izan ohi da: hizkuntzaren erabiltzaileekikoa eta hizkuntzarekikoa berarekikoa. «Belarria egitea inportantea da ez dadin saltoa hain handia izan hezkuntzatik kalera».

Haur Hezkuntzan, umeekin erabiltzeko esamoldeak bildu dituzte, umeei nola deitzen ahal zaien, haserrea nola adierazi, eskualdean beti erabili izan diren ereduak. Umeen hiztegia ere osatu dute, honek afektibitate eta adierazkortasun handia du eta haurrek euren kabuz uzten diote bertako hitzak erabiltzeari kontzeptuak zabaltzen doazen ahala. DVDan olgetak, esaera zaharrak, jarduerak, eskulanak eta kantak daude, abesti bakoitza bere bideoarekin, entzunez ikasteko. Denak dira ahozkotasuna lantzeko aitzakia.

Lehen Hezkuntzari eskainitako atalari dagokionez, herri bakoitzak bere fitxa du eta curriculumean ezarritako gaien arabera banatuta daude testu, argazki eta bideoak. Idatzizkoa batuan eman dute, baina batu bizkaieratu baten aldeko hautua egin dute, hau da, bizkaieraz onartuta dauden hitzak sartu dituzte. Ahozkoan, berriemaileek darabiltzaten hitzak dauden moduan, euren ahoskerarekin eman dituzte. Mirenek gogora ekarri duenez, gaur egun oinarrizko jakintzak ikasgai guztietan erakusteko joera dago, adibidez, hizkuntza arlo guztietan lantzen da, ez bakarrik hizkuntzaren arloan. Joera honekin bat dator Labayruk kaleratutako produktua.

Nortasun berezia

Nerbioi-Ibaizabaleko nortasun berezia berreskuratu nahi dute lan honen bidez. «Eskualdeko herri-jakituria eta kultura tradizioa modu sistematikoz eta metodologikoz batuta, berreskuratze kultural eta linguistikoari ekin diogu, eta ahoz bildutako materialak egokituta eta plazaratuta, gizarteari eredu baliagarriak eta irakaskuntzarako erreferentzia egokiak eskaintzeaz gain, bere aberastasunari eutsi eta iraunaraziko diogu. Era horretara, aurrekoak izan ziren moduan, ostekoak ere ondasun horren jabe eta jagole izan daitezen», azaldu dute.

Horretarako, euskal kulturaren inguruko zaletasuna sortu eta indartu beharko dutela deritzote, ez ikasleengan bakarrik, baita irakasleen eta gurasoen artean ere, eurek baitute kultura ezagutarazteko ardura.

Proiektuan lan egin dutenek bihotz-bihotzez eskertu nahi diete lekukoei ondarea sentiarazi izana. Euren seme-alabak horren guztiaren parte izan daitezen nahi dute, hurbil izan arren, ezezaguna ere egiten zaien hori erakutsiz. «Gure esku dago lan zehatz honen emaitza, bertoko euskalkien ezaugarriak bildu dituena. Zabaldu eta gure eguneroko bizimoduan erabili nahi genituzke», adierazi dute. Beste herrietako jendeak ere agertu du interesa, eduki batzuk orokorrak direlako. Labayrukoen ustez, eskualde bakoitzak halako materiala izatea baliotsua litzateke. Ea lan hau ezagututa beste batzuk ere animatzen diren!

 

«Lehenengo pausoa eta garrantzitsuena bilketa ondo egitea da»

Akaitze Kamiruaga Zuztarretatik ahora proiektuko zuzendariaren arabera, lehenbiziko urratsa eta inportanteena ondarea ongi biltzea da. Hori ahalik eta azkarren egitea komeni da, berriemaileak gero eta zaharragoak direlako. Dena den, bilketak ez du beti atzera begirakoa izan behar, gaur egungo etnografia ere egin daiteke.
Bai lehengo ondarea bai oraingoa biltzeko metodologia zehatz eta profesional bati jarraitu behar zaiola uste dute Labayruko ikertzaileek. Oinarri bat, metodologia ildo bat, bide bat behar da; gainontzean informazioa galdu egiten da edo loturarik gabe jasotzen da. Garrantzitsua da, esaterako, berriemaileak beren inguruan agertzea eta beren inguruko kontuez hitz egitea.
Metodologia hori erabilita, hamaika produktu gara daitezke, hartzailea nor den eta zein interes dituen kontuan hartuta. Bakoitzari egokitzea da kontua. Fredi Paiak liburu bat kaleratu du Uribe Kostan bildutako materialarekin. Batutakoa gizarteratzeko beste modu bat da, publiko orokorrago bati, helduei zuzendutakoa kasu honetan. Etnografo algortarrak jakinarazi duenez, ikerketa lan bat da, baina edukiak Zuztarretatik ahora egitasmoan bildutakoen antzekoak dira; liburuan ere agertzen dira haur jolasak.
Egitasmo honen baitan batu den informazio guztiaren %10 baino ez dago DVDan. Ondare zabala jaso dute eta etorkizunean beste hainbat material argitaratzeko aukera izango dute: monografikoak, abestien CDak, bideoen transkripzioa eta sailkapena, webguneak... Benetan garrantzitsua iruditzen zaie lan horiek egitea bereziki eskualde horietan katea apurtuta dagoela ikusten dutelako. Aiton-amonen seme-alaba askok ez du euskaraz egiten eta bilobek batuan egiten dute. Maiz, nagusiek sentsazioa dute erabiltzen duten euskara ez dela egokia. Horregatik eraiki nahi dituzte zubiak batuaren eta eskualdeko azpieuskalkien artean, ez ezberdinak direlako; batua nonbaitetik dator eta nonbaitetik aberasten da. «Bata eta bestea ez dira ezer elkar barik. Gauza bera gertatzen da ahozkoarekin eta idatziarekin. Ereduak ahalik eta naturalena izan behar du. Batzuetan bentanea erabiliko dute. Erabiltzen den hori da egokia. Espresibitate handiarekin berba egiten dute», defendatu dute.