Iņaki Altuna
2009ko Azaroaren 27a
Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendutako polizia operazioak esanahi sakona du, ikuspuntu ezberdinetatik begiratuta ere. Operazioaren zenbakiei erreparatzea besterik ez dago: 34 atxilotu -atxilotze aginduak 40 ziren- eta ehundik gora miaketa. Azken 30 urteotan gazte mugimendu independentistak jasandako «erasorik handiena eta larriena» izan dela esan zuten atxilotutakoen senideek eta lagunek Usurbilen egindako agerraldian.
Handia, dudarik ez, oso handia izan da polizia operazioa, baita larria ere, senitartekoek eta lagunek esan bezalaxe. Haien aurpegiek erakusten zuten larritasun hori; alde batetik, berriro ere etxe askotan izua sartu baita poliziekin batera. «Legeria antiterrorista»ri esker inkomunikaturik izan dituzte gazteok. «Asteari zeharka begira» sail hau idazteko orduan, atxilotutakoak polizien eta guardia zibilen esku dira oraindik, eta beren ingurukoek ez dute jasotako tratuaren berririk. Beldurra eta kezka, besterik ez.
Bestalde, politikoki ere larria da PSOEko Gobernuak egindako urrats berri hau. Eta larritasun politiko horrek aurpegi asko ditu.
Senideek beraiek zabaldutako adierazpenak plazaratu du lehen aurpegia. Atxiloketok eskubide zanpaketa masiboaren adierazle dira: «Pentsamendu eta adierazpen askatasuna, asanbladak egiteko eskubidea eta parte-hartze politikorako eskubidea Europa osoan ez bezala, hemen delitu dira gazte independentistentzat».
Aldi berean, errepresio estrategiak proiektu independentistaren bideragarritasuna bera jarri nahi du kolokan, eta horretarako, bereziki, gazteen kontrako jazarpenak proiektu horren geroa baldintzatu nahi du. Euskal Estatuaren proiektua gauzatu eta garatu beharko luketen belaunaldiak indargabetzea luke helburu gazteak hain nabarmen jomugan jartzeko erabakiak, eta horretarako beldurra eta izua erabiltzeko hautua egin dute beste behin ere Madrilgo agintariek.
Luzaz Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari erreparatuta ere, atxiloketok oso larritzat jo ditzakegu, konfrontazio zikloari eusteko gogoa erakusten baitute nabarmen. Estatuak bide poliziala lehenesten duela bistako da, eta horrek sufrikarioa baizik ez dakar berarekin.
Uneko egoerari begiratuta ere, larritasunaz hitz egin beharko genuke itxaropena errepresioaren bitartez ito nahi delarik. Ezker abertzalea prozesu demokratikoa abiarazteko, eta hortik, urtetako estrategia politiko-militarra estrategia politiko bihurtzeko ibilbidea marrazteko apustua egiten ari denean, halako operazio batek ezkerreko independentismoaren egitasmoak hankaz gora jarri nahi dituela nabarmena da. Antza, polizia bidezko garaipenarekin liluratuta, Estatuak ezin du jasan ezker abertzalea, bere buruari uko egin gabe, bide politikoetatik aurrera egiteko hartzen ari den erabakia.
Larritasun horri guztiari erantzuna emateko manifestazioa egingo dute Bilbon. Erantzunaren beharrari buruz ere ezker abertzaleak zenbait gauza esan ditu azkenaldian, zehazki, «Fase politikoaren eta estrategiaren argipena» txostenean. Esaldi deigarriak irakur litezke bertan: «Errepresioaren zurrunbiloak ez gaitzake itsutu eta egin beharreko apustu politikotik urrundu. Etsaiari mesede egitea litzateke hori. Biak ala biak egin behar dira: apustu politikoari jarraitu eta Ezker Abertzalearen kultura eta balore kolektiboa den borroka egiteko eta erantzuteko prestutasunari eutsi. (...) Nekez geldituko dugu martxan dagoen operazio bat, baina erantzun egokia emanda operazio hori agindu dutenen apustua higatu ahal izango dugu eta, modu berean, aterabide demokratikoa defendatzen dugunon jarrera indartuko dugu».




