-

Datorren abenduaren 1ean, Alex Freyre eta Jose Maria Di Bello ezkondu egingo dira. XXI. mendean, bi gizonezkoen arteko ezkontzak albiste izaten jarraitzen du. Latinoamerikan ospatuko den homosexualen arteko aurreneko ezkontza izango da beraiena. Orain arte egindako bide gogorraren berri eman dute GAUR8n.

Daniel GALVALIZI

2009ko Azaroaren 27a

Xedea bidezkoa denean, politika iristera ausartzen ez den tokietara iristen da justizia. Eta hori frogatzen duen gertakarietako bat, datorren abenduaren 1ean emango da. Egun historikoa izango da Latinoamerikako homosexualentzat: Argentinako epaile batek hartutako erabaki bati esker, bi gizonek osatutako bikote bat aurreneko aldiz ezkonduko da. Ezkontza legala izango da, eta heterosexualek ezkondu ostean eskuratzen dituzten eskubide eta betebehar berberak bereganatuko dituzte.

Uruguain badute sexu bereko pertsonen arteko batasuna arautzen duen legea eta Buenos Aires eta Latinoamerikako beste zenbait hiritan batasun zibilak gauzatzeko arauak dituzte, baina, ezkontza honekin, lehendabiziko aldiz, justiziak sexu bereko bikote bat bikote bezala definituko du, eta ezkongaiak bikote heterosexualetako senar-emazteen pare jarriko ditu. «Orain artean justiziak guk ere familia bat era dezakegula onartu dien bikote bakarra gara, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu hori, izatez familia bat garelako eta ez elkarrekin edo batera bizi diren pertsonen batasun bat», adierazi dio Alex Freyrek GAUR8ri. Ezkongaietako bat da, 39 urte ditu eta zoriontsu eta urduri agertu da, laster ezkontzera doalako.

Alex Freyrek eta bere mutil-lagunak, Jose Maria Di Bellok, aniztasun sexualaren eta giza eskubideen defentsan jarduten dute, eta Argentinako lesbiana, gay, bisexual eta transexualak (LGBT) elkartzen dituen erakundeko kideak dira. Alex Freyre, gainera, legegile izateko aurkeztu zen azken hauteskundeetan Buenos Aireseko Alderdi Sozialistako zerrendetan.

Eta ezkontza eguna ere ez dute kasualitatez aukeratu. Abenduaren 1a hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna da, eta bi ezkongaiek Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) dute. Freyrek Buenos Aires SIDA fundazioan egiten du lan, eta Di Bellok hiriko Gurutze Gorrian, hiesaren prebentzioa sustatzeko sailean.

Bide luzea

Pauso historiko hau ordea, ez da hala-hola eman. Argentina eta Latinoamerikako gay kolektiboak aurrera eramaten ari diren borroka gogorraren ondorioa da. Borroka horretan, oinarri matxista duen gizarte bati eta oraindik botere handia daukaten agenteei aurre egin behar izan diete: eliza, komunikabideak eta zenbait partidu politiko, esaterako. «LGBTak biltzen dituen erakundeak lan-estrategia batzuk markatu zituen eta horien artean ezkontza homosexual bat gauzatzea zegoen. Horregatik, `Eskubide berdinak, izen berdinekin' lelodun kanpaina jarri genuen abian. Espainiar Estatuan aurrera eraman zuten borrokak inspiratu gintuen leloa aukeratzerakoan», azaldu du Freyrek. Elkartea bi gizonez osatutako bikote baten bila hasi zen epaitegietan borrokatzeko, eta Freyre eta Di Bello berehala agertu ziren prest. Ezkontza eguna jartzeko erregistro zibilera joan ziren, ezetza jaso zuten, epaitegietara jo zuten ondoren, eta euren auzia goi gorteetara iritsi arte jarraitu zuten. «Egingo genuela esan genuen, elkar maite dugulako, gure harremana sendoa delako, gauza asko dauzkagulako esateko eta, gainera, GIBaz kutsatuta gaudenez, traba asko gainditu beharko genituela bagenekielako», gogoratu dute. GIBaren kontua ez da bigarren mailakoa. Egunero arazo oso larriak aurkitzen dituzte: bikote askok, bietako bat gaixo badago (GIBarekin edo beste edozein gaixotasunekin), ezin izaten dute gaixoentzako osasun plana baliatu, adibidez.

Eta hari horri tira eginez gero, Pandoraren kaxa irekitzean atera zen zalapartaren antzekoa ateratzen da: sexu berdineko bikoteek ezin diote besteari oinordekotzan ezer utzi, edota heriotza edo banaketa baten ostean, bien artean hezitako umearen zaintzarik ezin izaten dute mantendu.

Egindako borroka guztia bidean geratutako espediente juridiko soil batean amaitzeko arriskua ikusten zuten Freyrek eta Di Bellok. Aurrekari asko ezagutzen dituzte, horietako bat Maria Rachid LGBTen Argentinako erakundearen lehendakaria eta bere bikotearena; 2007ko otsailetik gorteek erabaki bat hartzeko zain daude.

Aldaketak Konstituzioan

Horiek horrela, Freyre eta Di Bellorena ez da prozesu soil bat bakarrik izan eta Argentinako gay mugimenduaren ekimenik garrantzitsuena bilakatu da. Azaroaren 13an, Gabriela Seijas epaileak Kode Zibileko 172 eta 188 artikuluak inkonstituzionaltzat jo zituen, artikuluok ezkontza gizonezko baten eta emakumezko baten arteko batasuna bezala deskribatzen baitzuten. Epaileak erregistro zibilari ezkontza onartzeko agindu zion.

«Epailearen erabakia aniztasunaren eta eskubideen aldeko poema bat da, eta aurrekari oso garrantzitsu bat suposatu du», iritzi du Freyrek. Baina oraindik borroka ez dela amaitu ere gogoratu du. Buenos Aireseko Gobernuak erabakia errekurritu dezake oraindik, nahiz eta ia mundu guztia ezustean harrapatu duten Mauricio Macri gobernuburuaren adierazpenek. Epailearen erabakia ezagutu eta hurrengo egunean, sare sozialen bidez (Facebook, Youtube eta Twitter), partidu eskuindar, liberal eta kontserbadoreen koalizioaren burua den Macrik, erabakia ez zuela errekurrituko jakinarazi zuen: «Erabakia aurrerapauso handia da, munduak daraman norabidean egindako aurrerapausoa. Herritarrei zer-nolako loturak izan nahi dituzten erabakitzeko aukera ematea da, zoriontsu nola izan nahi duten aukeratzeko eskubidea ematea, alegia. Zoriontasun osoa opa diet». Baina aurkako ahotsak berehala entzun ziren. Hainbat agintari politiko eta elizako ordezkarik euren desadostasuna adierazi zuten.

Elizaren haserrea

Elizak ohar oso gogorra kaleratu zuen; bertan, ezkontza «emakumearen eta gizonezkoaren arteko batasuna» dela defendatzen da. «Heterosexuala izatea ezkontza bat ospatzeko ezinbesteko ezaugarria dela aldarrikatzea ez da diskriminatzailea izatea, baizik eta ezkontzaren oinarri objektibo bat defendatzea. Gainontzekoa, ezkontzaren izatea ez ezagutzea litzateke», zioen elizaren agiriak. Komunikatua, Macriren, epaile aurrerakoien eta Parlamentuaren aurka zuzenduta zegoen, Diputatuen Kongresuak homosexualen arteko ezkontza eztabaidatzeko aurreproiektu bat onartu baino egun bat lehenago kaleratu baitzen. Azaroan Kirchner presidenteak Vatikanora egindako bidaia presio horren ondorioa dela uste da. Baina, zalapartaren erdian, ezkongaiak, epailearen agindua eskutan, erregistro zibilera joan ziren eta abenduaren 1a aukeratu zuten Latinoamerikaren historian mugarri izango den egun gisa.

Latinoamerika argituz

«Espainiar Estatuan gertatu zen bezala, prozesuak Latinoamerika argitu du. Horregatik, ezkontzaren lekukoetako bat Pedro Zerolo (PSOEko diputatua) izango da. Laguna da, miretsi egiten dugu eta borrokan laguntzera etorri da», esan du Freyrek. Baina, aldi berean, ezkongaiak honakoa ere azpimarratu nahi izan du: «Ezkontza baimena ez da erabat justua. Bikote bakarrarentzat balio duenez, diskriminatzailea izaten jarraitzen du». Epailearen erabakiak aurrekaria jarri du Argentinako sistema judizialean, baina etorkizunean, ezkondu nahi dutenek, epaile baten oniritzia beharko dute, bai behintzat estatu mailako lege orokor bat onartu ezean.

Freyrek dei zabal bat egin du: «Abenduaren 1ean milaka pertsonen babesa izatea espero dugu. Munduari Argentina traba hauek gainditzen ari dela erakusteko aukera aparta delako eta Latinoamerika osoa argitu dezakegulako».

Euren ezkontzaren inguruan sortzen ari den jakin-minak beldur pixka bat ere ematen diela aitortu du Freyrek: «Etorkizun hurbilean izango dugun egoera eraikitzen ari gara. Ez dugu nahi gure inguruan heroi irudirik sortzea, bikote aniztasun ikaragarria dagoen lekuan homosexualen estereotipo jakin bat sortu baitaiteke. Homosexualen familiak anitzak dira, umeak dauzkate, transexualak daude... Eta gurea familia eredu bat bihurtzea ekidin behar dugu, gainontzekoak zalantzan jar ez ditzaten».

Pauso handiena eman berri dute. Latinoamerika lehendabiziko ezkontza homosexuala bizitzear da, baina borroka hasi besterik ez da egin.