-

AEBetako agintariek sekulako dirutza inbertitu nahi dute datozen urteotan beraien aire armada «modernizatzeko". Gero eta piloturik gabeko hegazkin gehiago eduki nahi dituzte, pilotuek arriskurik izan ez dezaten. Egileak gai hau Pakistanen nola bizi duten deskribatzen digu artikulu honetan.

Manuel Navarro - Prensa Latina

2009ko Azaroaren 27a

Pakistango ipar-mendebaldeko herritarrak berehala konturatzen dira. Erlamando baten burrunbadaren tankerako zerbait entzuten dute estatubatuarren piloturik gabeko hegazkina iritsi aurretik. Inguruetako nekazariek badakite burrunbadaren atzetik misilak iristen direla, drone izeneko aparatu horiek jaurtitzen dituzten bonbak alegia. AEBetako militarrentzat arriskurik ez, baina bertako herritarrentzat... ikaragarria!

Urrutiko kontrolaren bitartez erabiltzen dituzte drone horiek. Hegazkin normalak baino askoz ere txikiagoak dira eta amerikarrek modelo ezberdinak erabili izan dituzte azken bi urteotan. Sarraski eta txikizio ugari eragin dituzte epe horretan. Afganistanekin muga egiten duen Ipar-mendebaldeko Mugako Probintzian pertsona asko hil dituzte, eraikin eta ibilgailu ugari suntsitzeaz gain. Estatubatuarrek egiten dituzten aire eraso horiek erabat bortxatzen dute Pakistanen burujabetza. Baita Pakistanek eta AEBek sinatuta dituzten itunak ere. Azken kalkuluen arabera, 2008ko azken hilabeteaz geroztik, 700 hildako eta 500 zauritu eragin dituzte zibilen artean. «Beldurraren aurkako gerraren» biktima bihurtu dituzte.

Pakistango Barne Ministerioaren arabera, piloturik gabeko hegazkinek 50 bonbardaketa egin dituzte, Waziristanen Pakistango Armadako lurreko tropek egin zuten eraso batean laguntzeaz gain. Aipatu eskualdean oso indartsu daude matxino islamistak.

Ikerketa estatistikoak esaten digu droneak ez direla batere fidagarriak. Ezta eraginkorrak ere. 50 aire eraso horietako 10 baino ez dira izan egileek nahi bezalakoak. Datu ofizialen arabera, eraso horietan talde armatu islamistetako 80 bat kide hil dituzte. Eta beste 40 erasoak? Horiek helburu militarrak lortu beharrean porrot politikoak eragin dituztenak dira, etsaia indartzea besterik ez baitute eragin. Izan ere, porrot egindako eraso horietan gutxienez 400 zibil hil dituzte. Baita Pakistango segurtasun indarretako 20 agente ere.

Afganistango inbasioa

Ez da harritzekoa aire eraso horiek herritarren haserrea eragin izana eta Pakistanen gero eta pertsona gehiagok AEBekin sinatuta dauden kooperazio itun guztiak ezabatzeko eskatzea. Kontuan hartu behar da Washingtonek behartu egin zuela Islamabadeko Gobernua itun horiek sina zitzan, AEBek Afganistanen inbasioa 2001eko urriaren 7an abian jarri ondoren. Pervez Musharraf Pakistango garaiko presidenteak berak jakinarazi zuen 2006an, New Yorken eskainitako prentsaurreko batean, Etxe Zuriak Pakistan osoa apurtzeko mehatxua egin ziola pakistandarrek Afganistanen aurkako erasoarekin bat egin ezean.

Erasoaldian Pakistango base militarrak erabili nahi zituzten estatubatuarrek. Musharrafek bere burua behartuta ikusi zuenez (agintean jarraitzeko estatubatuarren laguntza ezinbesteko zuen), Jacobabad hiriko base militar erraldoia amerikarren esku jarri zuen. Gainera, atzerritarrek Shamsi, Pasni eta Dalbadineko baseak erabiltzeko baimena lortu zuten.

Non daude droneak? Pakistango hedabideen arabera, Balutxistango probintziatik abiatzen dira piloturik gabeko hegazkinak. «The News» eta «The Times» Pakistango ingelesezko egunkariek egin duten ikerketaren arabera, estatubatuarren droneen basea erabat sekretua da eta Shamsin dago. Bandari izena ere ematen diote. Quetta Balutxistango hiriburutik 320ren bat kilometrora dago, hego-mendebaldean. Egunkariek Google Earths aplikazioak eskaintzen dituen irudi batzuk ere argitaratu dituzte. Irakurleek ikus dezakete Bandari izeneko aireportu militar erraldoia Afganistango mugatik 160ren bat kilometrora dagoela, eta Irango ekialdeko muga bera ere distantzia berean daukala. Bi herrialde horietako indarrei eraso egiteko oso leku aproposa da, beraz.

Aipatu irudietan eraikin berriak ere ikus daitezke. Baita 2006az geroztik eraikitako egiturak ere. Egunkariek nabarmentzen dute eraikin berrien artean hangar bat ageri dela, piloturik gabeko hiru hegazkin hartzen dituen instalazioa. Hesi handi batek inguratzen du hangarra, inor sar ez dadin. Hesia egiteko AEBek eta NATO erakundeak Afganistanen erabiltzen dituzten material berberak erabili dituzte Bandarin ere. Gainera, lurreratzeko pistaren beste aldean, etxebizitzak eraiki dituzte, dozenaka lagun hartzeko adinakoak. Ondoko eremu batean, boleibolean aritzeko instalazioak ikus daitezke.

«The News» eta «The Times» Pakistango egunkariek aditu militarrekin hitz egin dute irudietan ageri dena irakurleei hobeto esplikatu ahal izateko. Horien arabera, argazkian ikusten dena MQ1 Predator izeneko hegazkina da, CIA Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralak Pakistanen eta Afganistanen arteko muga zaintzeko eta eremu horretan antzematen dituzten talde armatu islamistei eraso egiteko.

MQ1 Predator aparatuak 220 kilometro orduko abiaduran egiten du hegan. 730 kilometro baino gehiagoko autonomia dauka. Zazpi milatik gorako altueran ere egin dezake hegan, www.af.mil AEBetako Aire Indarraren webgunearen arabera. Armamenturik modernoena eramaten du. GBU-12 Paveway kanoia nabarmen daiteke, laser izpien bitartez misilak gidatzen dituena. Baita AGM-114 Hellfire airetik lurrerako misilak ere.

Drone horietako batek akatsen bat izan zuen joan den irailean eta gizakien kontrolpetik ihes egin zuen. Halako batean, mugako eremuko mendi baten aurka granadak jaurtitzen hasi zen. Kabulen AEBek duten basetik beste hegazkin bat bidali behar izan zuten, pilotu eta guzti, dronea suntsitzeko, Allheadlinenews webgunearen arabera.

AEBek tankerako 5.000 hegazkin dituzte Iraken eta Afganistanen eta Etxe Zuriak 230.000 milioi dolar gastatu nahi ditu 2015erako aire armada «modernizatzeko».