Jose Angel Oria
2009ko Azaroaren 27a
Europar Batasuneko Estatu bat erabat ustelduta dago. «Bakarra?», galdetuko du irakurleak. Atera kontuak. Ustelkeriak BSP Bulgariar Sozialisten Gobernuaren gainbehera eragin zuen aurrena eta GERB Bulgariaren Garapen Europarraren aldeko Hiritarrak izeneko eskuineko alderdiak osatu duen Exekutiboa oso egoera larrian dauka orain. Ustelak dira nagusi, eta Bruselako erakundeek ematen dituzten diru laguntzak izaten dira agintarien arteko borroken sorburu. Batman goitizeneko lehen ministroa bera ere oso ahul ageri da.
Boiko Borissov karate irakasle ohia gardentasunaren aldeko eta ustelkeriaren aurkako mezuei esker bihurtu zen uztaileko hauteskundeetako garaile eta ezaugarri horixe gogorarazten du orain presseurop.eu/es webguneak. Sergei Stanisheven Gobernu «sozialistak» marka guztiak hautsi zituen: Europako Batzordeak ematen dituen diru laguntzak kendu behar izan dizkioten lehen Estatua izan zen 2008an, elpais.com webgunean irakurri dugunez. Agindutako 500 milioi euro haiek ez ziren inoiz Sofiara iritsi, aurretik emandako laguntzekin zer gertatu zen jakiterik ez zegoelako. Gardentasunik eza leporatu zieten Bulgariako agintariei, Europar Batasuneko herrialderik pobreenean orduan nagusi zirenei.
Bulgaria oso gutxitan ageri da hemengo hedabideetan. Bilatzaileak azaroaren 9an milenio.com webguneak eskainitako informazioa dakar: 2009an, 2008ko bahiketa kopurua bikoiztu egin da Bulgarian, jada hogeita hiru pertsona eraman baitituzte, ondoren erreskatea kobratzeko asmoz. Gainerako aipamen guztiak kirol arlokoak dira.
"Der Spiegel" Alemaniako astekariak, Europar Batasunari diru gehien ematen dion herrialdeko eta Europa osoko aldizkaririk handienak, Borissovek mahai gainean dituen arazoak gogorarazi ditu azken alean. Egungo lehen ministroak aurrekoari egotzi zion DANS agentziak 2008an idatzitako lehenengo txosten sekretua desagerrarazi izana. Era horretan, Alemaniako hedabidearen arabera, Stanishevek txostenak aipatzen zituen ministroei akusazioen berri eman zien garaiz, hartu beharreko neurriak har zitzaten. Gero, Justizia Administrazioarentzat ezinezko izan da ikerketan aurrera egitea.
"Der Spiegel" aldizkariko Renate Flottauren iritziz, «harrigarria da Stanishev bera izatea 2008an DANS agentzia abian jarri zuena, Barne Ministerioan lehertu ziren eskandaluen eraginez. Orduan argitara atera ziren funtzionario askok hanparekin zituzten harremanak eta Bulgariaren nazioarteko irudia oso kaltetuta geratu zen, Europar Batasunaren diru laguntzen murrizketa eraginez».
Politikariak eta delitugile ofizialak, bat eginda. Bruselatik datorren dirua da altxorra. Eta funtzionarioek zuzentzen dute bidegabeko xahutze prozesua. Horrela berretsi du DANSek 2009ko lehenengo seihilekoari buruz egin duen txostenak. Idazlanak sekretua behar zuen, baina berehalakoa izan da filtrazioa. Fondo publikoak bidegabe erabiltzeko joera batez ere nekazaritzan dela indartsu irakur daiteke. Dokumentuak suntsitu egiten dituzte kasu batzuetan, faltsutu besteetan; hildako pertsonek sinatzen dituzte jabetza tituluak; eta azalera handiko lursailak erosten dituzte, Bruselak azaleraren arabera kalkulatzen baititu subentzioak. Osasun arloan, medikuek eta erietxeek «asmatu» egiten dituzte gaixoak, horiei esker jasotako laguntzak beste gauzetara bideratzeko. Farmazia laborategiek monopolioa dute eta gehiegizko salneurriak ezartzen dituzte herrialde osoan... Horiek horrela, zer egin behar du Batmanek DANS agentziarekin? Eta Bruselak Bulgariarekin?




