-

Isidro Esnaola

2009ko Azaroaren 27a

Orain hamabost egun, Errusiako presidenteak urteko balantzea egiteko Parlamentuaren aurreko bere bigarren diskurtsoa eman zuen. Bertan, ia komunikabide guztiek, aurreko presidentearen aurkako kritika ikusi dute. Diskurtso horrek mami gehiago du, eta uzten duen sentsazioa norabide estrategikoaren aldaketa bat marraztu duela da. Baina, agian, estatu buruaren eta lehen ministroaren arteko hika-mikarik gabe zaila da Errusiar Federazioaren inguruan lantzen den irudi kaotiko eta ez demokratikoa mantentzea. Nik ez nator Errusiar Federazioren sistema politikoa defendatzera, baina hangoa inguru hauetan pairatzen dugunaren hain ezberdina ez dela iruditzen zait; espainiar demokrazia da horren adibide garbia bere oligarkiarekin, ustelkeriarekin eta eskubide urraketekin.

Kontuak kontu, nire ustez, orain arteko norabidean aldaketak planteatu ditu Medvedevek. «Txoke terapiak» utzi zuen txikizioa gainditzeko, Errusiar Federazioak bere indarguneak baliatzea erabaki zuen eta hori izan da orain arteko bidea: lehengaien eta baliabide energetikoen ustiapena eta armen salmenta esparru ekonomikoan, sistema autoritarioa esparru politikoan eta lurraldearen defentsa nazioartean, batez ere Jugoslaviako eskarmentuaren ondoren. Oinarri horiekin burua altxatu du Errusiar Federazioak, baina, era berean, pentsatzekoa da munduan emandako aldaketen ondorioz eredu hori agortu dela sumatzen hasi direla, batez ere Txinaren agerpenaren, AEBetako presidente aldaketaren, Europar Batasuneko eraikuntza prozesuaren eta mundu mailako krisi ekonomikoaren ondorioz.

Testuinguru horretan eta presidentearen diskurtsoa ikusita, Errusiar Federazioko eliteek aldaketa estrategikoa diseinatu dutela dirudi. Norabide berrian, ekonomiaren modernizazioa da lehentasuna. Teknologia berriak barneratzearen beharra ikusi dute, batez ere medikuntzan, energian eta informazioan. Errusiar Federazioko ekonomiaren beste zutabean, armagintzan, kanpo eta barneko salmenten arteko balantzea bilatu nahi dute. Zertan zehaztuko den ez dago argi, baina energia nagusiak esportazioetatik barne beharretara bideratzeko lehentasun aldaketa dagoela sumatzen da.

Ekonomiaren modernizazioarekin batera, bizitza politikoan demokratizazioaren aldeko erreformak planteatu ditu presidenteak. Bere ustez, alderdien sistemak balio duela erakutsi duen arren, arazoak daude hauteskundeen antolaketan eta kultura politikoa baxua da. Diskurtsoan zehaztu zituen aldaketa ia denak, tokian tokian eta eskualde mailan indarrean jartzekoak dira. Ematen duenez, demokratizazioan sakonduko dute baina urratsez urrats, «txoke terapiaren» errezetak albo batera utziz.

Hirugarren aldaketa kanpo politikari dagokio. Medvedeven ustez, kanpo politikaren helburuak Errusiar Federazioaren modernizazioa izan behar du; hau da, teknologia berriak, kapitalak eta abangoardiako ideiak erakartzeko balio behar du. Bere hitzetan, kanpo politikak pragmatikoa izan behar du eta bere irizpide nagusia honako hau izan behar da: herrialdeko bizi maila hobetzeko balio izatea. Kanpo politika ere modernizazioaren zerbitzura jarri nahi dute. Segurtasunaren esparruan, lehentasuna Europako segurtasuna ziurtatuko duen akordio bat lortzean jarri zuen Medvedevek. Bere ustetan, eremu euro-atlantikoa bat eta banaezina bezala ikusi behar da segurtasuna bermatu ahal izateko.

Diskurtsoaren norabide nagusiak ikusita, munduan ematen ari diren aldaketen irakurketa sakona egin dutela argi dago, baita testuinguru horretan Errusiar Federazioaren lekua zein den eta baliabideak nola erabili behar dituen sakon hausnartu dutela ere. Modernizazioaren aldeko apustuak eta armagintza industriaren lehentasunen aldaketak mundu mailako tentsioa gutxitzeko balio beharko lukeela ematen du. Zentzu askotan, Medvedevek planteatu zituen aldaketek orain dela hogeita hamar urte Txinak abiatu zuen bidea gogoratzen dute, bai helburuetan, bai neurrietan, bai pragmatismoari buruz egindako aipamenean ere.