Iratxe Esnaola
2009ko Azaroaren 13a
«Pirateria terrorismoa da», hori esan zuen Yukata Kubota, Japoniako copyright-aren aldeko elkarteko lehendakariak [ http://www2.accsjp.or.jp/ ] "Famitsu Magazine" bideojokoei buruzko aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean. Muturreko adierazpen polemikoa da, «pirateria» kontzeptu erratuan sakontzeaz gain, terrorismoaren kontrako banderari heltzen diona, «terrorismo» kontzeptua bera ere esanahiz husten ari denean.
Baina bai, horixe esan zuen Kubota-k: «Nintendo DSren kopia ilegalek gure interes nazionalen aurka egiten dute, eta nik neuk, nazioarteko terrorismotzat hartzen dut, industria japoniarra deuseztatzen ari dena». Beste gutun batean, azalpen gehiago eman zituen: «Badakit Famitsu-ren irakurleek benetan bideojokoak atsegin dituztela. Baina ezer egiten ez badugu, denbora gutxian ezingo da bideojokorik sortu. Pertsona batzuk objektuak sortzeaz bizi diren moduan, beste batzuk edukien ekoizpenetik edota bideojokoen garapenetik bizi dira, eta guztiok dakigun moduan, gure ekonomia japoniarra zuzenean laguntzen duen ekoizpena da eduki informatiko hauekin lotuta doana».
Adierazpen hauek bi oinarri nagusi dituzte: batetik, egoitza nagusia Kyoton duen Nintendo enpresak, urtean baimenik gabeko 120 milioi deskarga zenbatzen ditu; eta bestetik, une hauetan, Japonian bideojokoen inguruko legedia aldatzeko proposamena aztertzen ari dira, zeinaren bitartez, besteak beste, erosiak diren bideojoko originalen kopiak egitea ere debekatu nahi duten. Eta interes saltsa horretan, copyright-aren aldekoek, kultura eta aisia kontsumitzeko modu berriei muzin egiten jarraitzen dute.
Horregatik heltzen diote «pirateria» kontzeptuari eta «kopia ilegaltzat» definitzeari, kopia ilegalak izan beharrean, «baimenik gabeko kopiak» direnean, eta baimenik gabeko kopiak egitea pirateria ez denean. Pirateriak lapurretari egiten dio erreferentzia eta ekintza eremua itsasoa da, ez ordenagailua, ez sarea. Baina bideojokoak kopiatzen dituztenek, zerbait lapurtzen al dute? Pirateria kontzeptuaren erabilerak, beraz, eta zalantzarik gabe, mezua nahastea du helburu: norbaiti zerbait lapurtu diogula adieraztea, gurea ez dena geure egiten dugula barneratzea. Eta ez da horrela: Nintendoren jokoek, bereak izaten jarraitzen dute, ez zaie egile estatusa lapurtzen. Ez.
Eta Nintendoren bideojokoen kopiak eskuratzen dituztenak, Japoniaren etorkizun ekonomikoaren erantzule al dira? Betikoa: kontsumitzaileok sortu dugu industria musikalaren krisia. Baina hori nola izan daiteke? Krisian dagoena industria bada, kontsumitzaileen jarrera berrietara egokitzeko duen gaitasun faltagatik izango da bada, ezta? Ala jarrera berriak naturalki gailendu diren arren, industriek beren diru-iturriak bere horretan mantendu behar al dituzte? Indarrean duten negozio ereduak funtzionatzen ez badu, ez al dute beste bat pentsatu behar?
Berdina gertatzen da musikaren industrian. Eta kazetaritzan. Eraberritzea ezinbestekoa da. Gauzak egiteko moduak aldatzen ari dira, eta egokitu egin behar. Negozio eredu berriak sortu behar dira, ezinbestean. Musika eskuratu, entzun eta banatzeko modua aldatu egin da. Orain arte musikari eta entzuleen artean egon den katea, beharbada, ez da beharrezkoa. Paperezko egunkaria gero eta gutxiago erosten eta irakurtzen da. Sarea hor dago. Eta hortik doa kazetaritzaren etorkizuna. Beti esaten da, «eraberritu edo hil», ez dago besterik.
Hori bai, behin mezua nahasten hasita, zer hobeto «terrorismo» hitza sartzea baino. Kitto. Eginda dago. Galde diezaietela «Alakrana»koei eta senideei. Zer den pirateria eta zer den terrorismoa. Nintendo ez dute aipatuko, hori ziur. Eta, noski, gauzak nahasteko beharra errealitatea onartu ezin izatetik dator, hori ere ziur.




