-

Bossa nova egiten dute, euskaraz eta aurretik dastatu dituzten musika estiloen arrastoen gainean. Bidasoaldeko taldea «Kiribil" diskoaren biraren azken txanpan sartuta dago. Azken asteotan milaka lagunek entzun dute Zuraren abesti bat; gutxienez, bat: Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia.

Amagoia Mujika

2009ko Azaroaren 13a

Taldean lau dira orain: Nerea Olaxa (ahots nagusia), Eñaut Balentziaga (bateria), Hans Dieckmann (baxua) eta Xabi Strubell (gitarra eta ahotsa). Strubell da Zura taldearen arima, sortzailea, aita. Baina dagoeneko Zura laukotearena da, eta ez hainbeste Strubellena bakarrik. Hondarribiko Etxeberria tabernan, taldearen topagune kutunean, lautik bi harrapatu ditu GAUR8k; Strubell bera eta Balentziaga.

Azken asteotan milaka lagunek entzun dute Zura taldearen abesti bat; gutxienez, bat: Bertsolari Txapelketa Nagusiko «bertsoka-bertsoka» sintonia. «Oso bitxia izan zen. Furgonetan kontzertuetara eta goazela askotan aritzen gara gure artean bertsotan eta txantxetan behin esan nion Xabiri `datorren txapelketan aurkeztu egin beharko dugu'. Handik bi egunera deitu ziguten Bertsozale Elkartetik», hasi da kontatzen Balentziaga.

«Lagun batek Elkartean lan egiten du eta hark proposatu zien sintonia guk egiteko aukera. Elkartekoei ere gustatu egin zitzaien gure diskoa eta enkargua egin ziguten. Ilusio handia egin zigun. Ez zuten nahi bertso doinurik edo antzekorik, zerbait desberdina nahi zuten, berria. Eta letradun abestia nahi zuten. Enkargua egin eta ia segidan atera zitzaigun abestia», jarraitu du kontatzen Strubellek. Emaitzarekin oso gustura daude. «Gainera oso berezia izan da. Diskoan berez hiru lagun gaude, baina orain lau gara, Hans eta Eñaut beranduago sartu zirelako. Txapelketako sintonia da lauron artean egin dugun lehen abestia», jarraitu du Strubellek. «Estilo aldetik, gainera, gure burua berriz asmatzeko aukera eman digu. Diskoa oso bossa zen eta sintoniarekin estilistikoki urrats berri bat eman dugula uste dut. Gure musika proposamena garatzeko aukera eman digu».

«Eta gainera sekulako ilusioa egin digu, bertsozaleak garelako eta gure modura txapelketan parte hartzeko aukera eman digulako. Txapelketari esker, bestela gure berri izango ez zuen askok entzun du gure abestia. Aurretik ere bagenekien agian `bertsozale dinosauroei' ez zitzaiela gustatuko, baina hori ere nahi genuen, pixka bat probokatzea edo», jarraitu du Balentziagak.

Omenaldia bossa novari

«Kiribil». Horixe Zuraren bigarren diskoa, 2008an argia ikusi zuena. «Brasilgo musikari omenaldia egin nahi izan diogu, betiere euskaraz, euskal musikaren kontzientziatik eta euskal musikaren tradizioari uko egin gabe. Euskal Herrian urte askoan erreferente ugari izan ditugu Ingalaterran, Ameriketako Estatu Batuetan, Irlandan... baina Brasili ez diogu inoiz begiratu, nahiz eta tradizio oso aberatsa eta oso polita duen».

Baina, zer da bossa nova? «Bere oinarriak jazz estatubatuarra eta Brasilgo afrikar kutsua duten tradizioak dira, samba herrikoia eta horrelakoak. Bi horien arteko nahasketa dago bossa novaren oinarrian. 1958. urtea aipatzen da musika mota horren mugarri bezala eta jazzaren akordeak eta melodiak eta Brasilgo herri musikaren erritmoak nahasten ditu», agertu du Strubellek. Izan ere, berak aspaldidanik du bossa novaren berri, hamabost urte zituenerako musika horren zalea baitzen. «Gitarra jotzen hasi nintzenean atentzioa eman zidan bossa novaren armonia moduak, oso gozoa delako eta musikalki asko betetzen zaituelako».

Dut eta Anari taldeetan aritutakoa da Strubell. «Nik musikari gisa ez daukat inolako mugarik. Estilo desberdinetan aritzeko beharra sentitzen dut eta musikalki ez dut inon trabatua gelditu nahi. Zura nire lanarentzat erakusleihoa da. Baina hasiera-hasieratik garbi neukan proiektuak talde kutsua izan behar zuela, horrek indarra ematen diolako proiektu bati. Lehen diskoak eta bigarrenak ez daukate zerikusi handirik eta niretzat oso polita izan da Zura izeneko etiketa horren azpian gauza oso desberdinak egiteko aukera izatea. Baina, orain, laukote sendoa osatu dugu eta ziur nago hurrengo diskoa talde lanaren emaitza izango dela, denona izango dela gehiago», azaldu du Xabi Strubellek.

Beste mundu batetik

Eñaut Balentziaga «beste mundu batetik» dator. «Hard rock musikatik nator ni. Kabul izeneko talde batean aritzen nintzen lehen -Nerea Olaxa ere talde horretan aritu zen- eta Xabik Zurara etortzeko proposatu zidanean aldaketa handia izan zen. Makilak utzi eta eskuilak hartu behar izan nituen bateria jotzeko. Hasieran kezka izan nuen estilo berri horretara moldatzeko gai izango ote nintzen. Pentsa, Xabik taldean sartzeko aukera aipatu zidanean Interneten emulera joan eta bossa nova musika jaitsi nuen, haren berri zehatzago jakiteko. Eta asko harritu ninduen erritmo aldetik daukan aberastasunak. Guk erritmoaz dugun kontzeptuaren oso desberdina da. Baina lehendabiziko egunetik oso-oso gustura sentitu nintzen eta izugarri gozatu dut bossa novarekin».

Bossa novaren bertsio propioa egiten dutela nabarmendu nahi izan dute hala ere, «gero eta propioagoa» gainera. «Talde izaera indartzen ari den neurrian bossa novaren esferan gabiltzala esango nuke», esan du Balentziagak. «Elementu desberdinak sartzen ari gara; rocka, samba, drum and bassa... oso leku desberdinetik gatoz -orokorrean musika gogorraren arlotik- eta ez diogu uko egiten musika ulertzeko dugun moduari. Ez dugu ihes egiten gure eraginetatik eta horietara ekartzen dugu bossa nova», jarraitu du Strubellek.

Era askotako aretoetan jo dute eta ez dute oso garbi zein areto mota gustatzen zaien gehien. «Baina gaztetxeetan egindako kontzertuak oso ondo atera dira. Horrelakoetan, gainera, guk ere egur pixka bat ematen dugu eta nik eskuilekin jo beharrean makilekin jotzen dut bateria eta besteek ere basatiago jotzen dute, giroa bera basatiagoa izaten delako horrelako tokietan», esan du taldeko bateria-jotzaileak. Eta aulkidun aretoak baino, hobe dantza egiteko tokia dutenak. «Badakigu Euskal Herriko dantza pauso ohikoena burua gora eta behera mugitzea dela. Baina ikusi dugu bossa novarekin aldakaren bat mugimenduan», jarraitu du Balentziagak.

Musika gogorra egitetik datoz Zura taldekoak eta ikusten dute aldaketarik entzulerian. «Egia esan lehen metalean-eta ari ginenean gizonezkoak ziren nagusi aretoan. Orain, bossa novarekin, emakumeak eta gizonak kopuru nahiko paretsuan ikusten ditugu gure kontzertuetan».

Hala ere, euren barruan metala eta bossa nova kabitzen diren modu berean kabitzen dira entzulearen barruan estilo oso desberdineko musikak. «Azken hamarkadan entzulea oso anitza bihurtu dela uste dut. Lehen batek metala entzuten bazuen, beti entzuten zuen metala. Orain entzule batek estilo oso desberdinak entzun ditzake, hip-hopetik jazzera eta jazzetik technora. Gu ere entzuleak gara eta nire ustez momentu bakoitzak dauka bere musika. Orain ez dago publiko jakina musika bakoitzarentzat. Entzule bakoitza nahiko aberatsa da bere baitan une bakoitzean zein musika mota entzun nahi duen erabakitzeko. Eta ideia hori bera sorkuntzara eraman daiteke. Oraintxe Zura taldean gaudenok berdin-berdin egin dezakegu hardcore estiloko disko bat edo bossa nova estilokoa», azaldu du Strubellek. «Furgonetan zer entzuten dugun esango bagenu...», ondotik, Balentziaga zirikatzen. «Epelde eta Larrañaga» eta trikiti pieza asko entzuten omen dituzte kontzertuetara bidean. «Porrusalda hitza asko entzuten da gure furgonetan», jarraitu du taldeko bateria-jotzaileak.

«Kiribil» diskoarekin egiten ari diren biraren azken txanpan sartuta daude Zura taldekoak. Asteburu honetan, hilaren 13an eta 14ean, Usurbilgo Sutegi aretoan eta Gernikako gaztetxean joko dute hurrenez hurren. Hilaren 20an Tolosako Bonberenean arituko dira eta biraren amaiera festa Donostiako Bukowski tabernan izango da hilaren 21ean.

Bigarrenaren azken txanpan, hirugarren diskoa buruan daukate dagoeneko. «Presarik ez daukagu, baina laster hasiko gara lanean», esan du Strubellek.

Izan ere, oso garbi daukate sorkuntza ez dagoela krisian. «Industria da krisian dagoena, baina sorkuntza inoiz baino hobeto dago. Edozein asteburutan Euskal Herrian barna dagoen kontzertu kopurua ikustea besterik ez dago. Aretoak agian ez dira lepo beteko, baina beti dago jendea», esan du Balentziagak.

«Krisi bakarra CDaren kulturarena da eta enpresek berek sustatu duten krisia da. Binilotik CDra pasatu ginenean CDak egitea askoz merkeagoa zela esan bazuten ere, askoz garestiago jarri zituzten salgai. Urte askoan diru mordoa atera dute baina bukatu zaie negozioa», erantsi du Strubellek. Zuraren diskoa Internetez jaisteko aukera dago. «Guk garbi daukagu kultura librea dela eta nire ustez Internetek asko lagundu dio musikari. Aukera asko zabaldu ditu gure lana ezagutzera emateko», jarraitu du. Bide berriak asmatu behar. Eta horretan jarraituko dute Zura taldekoek. Izango dugu haien berri.