Olatz de Andres eta Eneko Balerdi. Bi gazte euskaldun, bi dantzari, bi sortzaile. Bilboko Artebi zentroan elkartu gara eurekin eta zoruan, ispilu artean eserita, lantzen ari diren koreografiez mintzatu zaizkigu. Ibilbide oparoa egiten ari dira. Hara eta hona ibili ondotik, etxean daude berriro eta hemen zer aukera eta zailtasun dituzten kontatu digute.
Maider Iantzi
2009ko Azaroaren 13a
Gaur8-rekin egon zenean Olatz de Andresek (Donostia, 1976) artean ez zuen bere lana jendaurrean erakutsia. «Gauzak beti konplikatzen dira uste baino gehiago, konplikatu edo beti aurkitzen dituzu espero duzun baino gauza gehiago. Prozesuak harrapatu egiten zaitu, badoa, zu hor ari zara gidatzen, baina beti topatzen dituzu ezusteak eta hori oso interesgarria da. Aste honetan horrela nabil, baina primeran, e! Sekulako aktibitatearekin eta arretarekin, dena konposatzeko eta lotzeko», adierazi zigun.
Eneko Balerdik (Aia, 1981) dagoeneko aurkeztua zuen koreografia. «Egun berean lau aldiz egin nuen hainbat jenderen aurrean. Erabaki nagusiak, argia, musika... ez nituen aldatu, ez nuen hainbeste sartu nahi. Hau laborategi bat da, eta badago denbora, gero, aldaketa horiek egiteko. Baina aldaketa txikiak dezente egin nituen, kontzentrazioan, jarreran, ez hainbeste mugimenduan, baina bai mugimendu horren arretan. Agian intentsuegia dago, lasaitu, deskargatu. Beste bat gehiago kargatu...».
Gazteak erantzun ona izan zuen eta kritika erabilgarriak jaso zituen. Hagitz gustura zegoen. Publikoarekin interakzio txiki bat egin zuen: «Artium museoan egin nuen koreografia. Agertokian publikoa eseri egiten da eta distantzia hartzen du; museoak interbentziorako aukera ematen du. Proba txiki bat egin nuen: gerrikoarekin jendea lotzen nuen talde gorrian edo urdinean inplikatuz, eta ni aldendu egiten nintzen pixka bat jokoa beren eskuetan zegoela adieraziz».
Lana erakustea abiapuntua da aiarrarentzat. 15-20 minutu irauten du ikuskizunak eta planteamendu gehienak oraindik landu gabe ditu. «Asko aztertu ditut, beraiekin jolastu dut, baina askoz aukera gehiago dituzte eta aukera horiek ikertzeko ditut oraindik».
Usteak aldatu egiten dira
Gela batean sartzen zara eta mahai bat aurkitzen duzu; mahai gainean, kaxa forma daukan zerbait, opari paperez bildua. Papera kentzen duzu eta beste paper bat aurkitzen duzu, hau kentzen duzu eta beste bat eta beste bat eta beste bat. Kaxara iristen zara eta beste kaxa bat eta beste kaxa bat eta beste kaxa bat aurkitzen dituzu. Azkeneko kaxa irekitzean barruan norbaitek arkatzez idatzitako ohar bat eskuratzen duzu. Oharrak hau dio: `opari bat egingo didazu'?
Ikus daitekeena eta ikusezina, horiek dira Olatzen lanaren oinarriak. Gauzak era batean gertatzea espero izaten dugu, eta uste edo itxaropen hori hausteko edo aldatzeko jolas egiten du, xehetasunek garrantzia dute eta ukitu bat ematen diote eduki dezakegun itxaropenari.
Pragako antzinako antzerki beltzean beltza zen guztia ikusezina zen, eta donostiarrak baliabide txiki hori gaurkotu du. Soinuak ikusten ez dena entzungarri egiten du, eta ikusten ez denari gorputza emateko darabil. Ilusioarekin eta errealitatearekin jokatzen du. Badago zerbait ikusten ez dena baina entzuten dena. Badago gorputz bat ez dena ageri baina zerbait egiten ari dena. Hor nago eta ez nago. Ikuskizuna Artiumen egiteko aukera ere bazegoen eta Artium erabat zuria da; horrek irrika piztu zion dena berdin egiteko, baina zurian. Espazio guztia zuria balitz gorputza desagertuko litzateke?
Dantzan Bilaka
Enekok bi espazio bereizi ditu: pertsonaren mugimenduak hartzen duena da bat, eta hor gorputz arreta handiagoa da. Nire gorputza nola ari da funtzionatzen? Nekatuta nago? Nola sentitzen naiz? Bigarren espazioa pilotalekua da eta hor mugak daude, pilota harantz edo honantz joango da... Arreta gorputzetik atera egiten da. Frontoiko hainbat elementu hartu, eta espazio neutro batean jarri ditu beste era batera: frontisa eta bi paretak mantendu ditu, baina txapa noranzkoz aldatu du, motz eta luze mugak mantendu ditu, markagailua ere bai, espazioa mugatuta dago eta muga horien arabera antolatu du mugimenduaren garapena.
«Emozioak eta nekeak nola eragiten duten aztertu dut. Pilotariek nekea aipatzen dute batez ere, kirolari onak dira eta emozioez ez dute askorik hitz egiten, hotzean pentsatu behar dute, eta esaten dutenez, nekatutakoan asko aldatzen da gorputza, eta partida aurrera doan heinean, gero eta gehiago ekarri behar dute arreta gorputzera. Noski, emozioak ere hor daude: haserrea, urduritasuna... Lasaitzeko energia asko behar duzu. Gehienbat Oier Mendizabalekin egon naiz. Nire hizkuntzan hitz egin nion: espazioa, denbora... Eta asko jarri zuen bere aldetik».
Lakuako Kultura sailak sustatutako ekimenean 30 koreografia aurkeztu dituzte aurten. Horietatik hamar pieza aukeratu dituzte laguntza emateko, tartean Olatzena eta Enekorena.
Topaketak egin dituzte iritziak trukatzeko eta ekarpenak egiteko. Idoia Zabaleta koordinatzailea entseguetara joan da eta feed-back bat izan dute. Udako ikastaroetan gonbidatutako artistek koreografoen lanak ikusi eta iritzia eman dute. Olatzek bere lana erakutsi zion Janez Jansa esloveniarrari. «Oso erabilgarria da duzuna partekatzea. Beti transmititzen dizute hausnarketa bat, buruan gelditzen da bueltaka eta eraginen bat izaten du. Beti egon behar duzu gogor zure kontzeptuan eta zuzendaritzan, baina kanpoko begi baten informazioak prozesua elikatzen du».
«Ideiak pilatu egiten dira eta baloratu egin behar duzu zeintzuk diren baliagarriak eta zeintzuk ari zaren kosta ahala kosta sartu nahian. Duzuna argi ikusten saiatu, eta zama kentzen jakin behar duzu».
Orkestra gizonak
Koreografo gazteen arabera, sortzeko irrika handia dago Euskal Herrian, artista ugari dago; publikoa eta lanak aurkezteko aukerak falta dira, ordea. Eta artista gehien indartzen duena lanak behin baino gehiagotan aurkeztea da; hala, lana hazi egiten da eta artista bera ere bai.
«Orkestra gizonak bezalakoak gara -adierazi zuen Donostiako neska gazteak-. Bakarkako lan bat egiten ari naiz eta den-dena nik egin behar dut, kanpotik zuzendu, lana eraiki, gorputza jarri, testuaz eta argazkiaz arduratu, kolaboratzaileekin egon... Hori lehenengo fasea da, eraikuntza, eta asko da. Baina gero aurkezteko ekoitzi egin behar dut eta hori beste rol bat da».
Dantzarientzat zoragarria litzateke bertze pertsona bat arduratzea lana ekoizteaz, baita saltzeaz edo zabaltzeaz ere, maiz artistek lan handia egin, baina gero ez baitute zabaltzeko modurik izaten. Artista hauen iritziz, baldintzak hobetuz sektorea egonkortu eginen litzateke, lana sendotu eta hobetu eginen litzateke. Itxaropentsu daude: denborarekin sektorea hazten joanen dela deritzote.
De Andresek ongi ezagutzen du Bartzelonako egoera: han ere artistek ez dute lan erraza, baina anitzez aitzinerago daude kultur politiketan, laguntzetan eta sorkuntza sustatzean. Hemen egiten ari direnaren buruan daude nolabait.
Balerdik Dantzan Bilakaren amaieran lortu duen materialarekin lanean jarraitu nahiko luke, horretarako baldintzak lortu eta produkzio finko bat egin nahiko luke talde batekin. «Amets txiki hori daukat».
Olatzek ere lana eraiki eta aurkeztu nahi du, haz dadin. Epe luzeago batera begira, sorkuntzan ikasten eta garatzen jarraitzea desio du. «Proposatzen ari naizen ildoa zein den deskubritzeko, interesatzen zaizkidan gaiak zeintzuk diren jakiteko, fintzen joateko, hasi dudan eta garatzen ari naizen bilaketa zein den definitzeko. Ez nuke mila kontutan egon nahi, gehien interesatzen zaidana egin ahal izateko, edo behintzat kontu horiek aldizkakoak izatea nahiko nuke, sorkuntza prozesuan buru-belarri aritzeko».
«Niri sorkuntza gustatzen zait -jarraitu zuen Enekok-. Baditut ideiak eta horiei egurra ematea gustatzen zait, baina beste baten ideien mende jartzea ere gogoko dut. Irakaskuntzan lan dezente egiten dut eta hori ere maite dut».
Olatz ere klaseak ematen aritu da eta gogoko du. Denetariko gauzak egin ditu donostiarrak bere ibilbidean: txikia zenean dantza klasikoa egin zuen. Gero musikarekin hasi zen eta dantza utzi nuen. Helduagoa zenean ekin zion berriro eta espainiar Estatuko hainbat hiritan, Bruselan eta Amsterdamen ikastaroak egin zituen. «Nire ikaskuntza beti izan da nahiko anarkikoa, dantza eskola batean egon nintzen garaian izan ezik, Alacanteko Arte Ederren unibertsitatean. Ibilbide nahiko pertsonala eta indibiduala egin dut, interesatu zaizkidan eta zerbait eman didaten irakaspen eta teknikak ikasteko. Horrekin batera, sorkuntza lan txikiak egin ditut». Hamabost urte eman ditu kanpoan batetik bestera, Bartzelonan bizitzen egon da luzaroan eta orain dela zazpi hilabete Euskal Herrira itzuli zen. «Oso ondo nago. Gauza interesgarriak gertatzen ari dira hemen eta lanak proposatzeko eta garatzeko une ona dela dirudi».
Aiarra nahiko berandu hasi zen dantzan, 21 urterekin. Jazza egin zuen Donostian eta gero garaikidea ikasteari ekin zion. Hiru urte eman zituen Londreseko The Place dantza eskolan eta antzezten ibili zen hainbat konpainiarekin Londresen bertan, Dublinen eta Danimarkan. Urte eta erdi darama etxean, hainbat arrazoi tarteko etorri zen, hemen nola lan egin dezakeen ikusteko alde batetik. Master bat egin du EHUn, Ikuskizunaren Arte eta Zientziak, berria da, ekoizpenari eta kudeaketari buruzkoa. Olatzek, berriz, Bartzelonan dantza terapiari buruzko master bat egin zuen. Mugimenduaren eta gorputzaren bidez, arazoak dituen jendeari laguntzen diete. Dantzaren bertze dimentsio bat da, sorkuntza lanaren bertze leiho bat.
Sorkuntza mugimenduan
Britainia Handian, gizarteak harreman zuzena dauka dantzarekin. «Hemen dantza esaten duzu eta buf! pentsatzen du jendeak, auskalo zer den! Baina han natural egiten da, batez ere asko lantzen delako hezkuntzan. Konpainiek diru laguntzak jasotzen dituzte hezkuntzan lan egiteko baldintzarekin eta ikasleek dantzari izatea zer den ikasten dute, beste lanbide bat bezala», azaldu zuen Eneko Balerdik.
Olatz de Andresen aburuz, Euskal Herrian dantzari buruzko sentsibilizazio lan ikaragarria dago egiteko, jende gehiagok izan dezan aukera dantzatzeko, ikasteko eta ikusteko, eskolatik hasita. Euskal dantzak lantzen dira, baina eskolatik kanpo. Enekori gertatu izan zaio herrian ikuskizun bat egin eta jendeak erratea: «Polita, baina ez dut ezer ulertu». «Galdera da: Aurresku bat ikusten duzunean ulertu egiten duzu? Ez, baina aurreskuaren lengoaia oso ezaguna da. Ikusleak irekitasun bat behar du, denbora bat, eta nik uste gure aldetik egon behar duela gerturatze bat, ez dugu lana egokituko, baina bai kontuan izan ikusleek pausoka ikasiko dutela».
«Horrekin ez nago hain ados -sartu zen Olatz-. Egia da ikuslearengana hurbildu behar dugula, sorkuntzak mugimenduan egon behar du, ordea, berritzen, deskubritzen, publikoa alfertu ez dadin. Ez dut esaten denek horrela sortu behar dutenik, baina denetarik egon behar du eta horrek publiko anitzagoa sortzen du».
Enekorentzat garrantzitsua da ikusleak zer lan mota ikusi behar duen jakitea. «Kukai eta Aukeran bezalako konpainiekin beste zerbait egin daitekeela ikusi dugu. Lan horiek ezagutzen dituena errazago hurbilduko da gureetara. Oroitzen naiz Londresera joan eta lan batzuk ikusi nituenean esan nuela: `Hau ez da dantza!'. Ezagutzen joaten zara eta ez ulertzea gustatzen hasten zaizu, ez dena egina ematea, espazioa ematea zuk iradokitzeko. Hainbat dantza mota dago. `Dantza ikustera noa', esaten du jendeak. Ez. Zer ikusiko duzu? Non ikusiko duzu?».
«Dantzan Bilakako aurkezpenean esaten da lan batzuk bukatuta daudela eta besteak ez, eta informazio horrek ikuslearen begirada egokitzen du», erantsi zuen Olatzek. Donostiako koreografoaren ustez, ikuslea ere kokatu egin behar da, bere erreferentzien, interesatzen zaionaren, kilikatzen duenaren arabera. Bi norabidetako komunikazio ekintza da dantza.




