Josu Imanol Unanue
2009ko Azaroaren 13a
Ez dakit nola aztertu Somaliakoa; oso hurbiletik sentitu dut gertaera eta bahitutako pertsonen egoera mingarria. Arrantzale bermeotarrengandik hasita: bata neure lagun baten anaia da; bestea auzokoa; beste bat nire egunean jaioa eta ezaguna; beste asko herritarrak eta, nahiz besteak kanpotarrak izan, arrantzaleak dira, langileak, errurik gabeko langile bahituak.
Baina sarri galdetzen dut zer aldatu ote den urte gutxian hemen, urrunean aurkitu behar izateko bizimodua. Hola edo hala, zerbaitek eroan gaitu itsaso ezezagunetan arrantzatzera, akaso arrantzale guztiek daukaten filosofiak berak; hobeto bizitzeko bada, itsasoak inolako mugarik ez duela uste duena. Nire aitaren, aitxitxen eta lagun askoren antzera, itsasoan ibilitakoa naiz; nire aitxitxe biak zazpi urterekin hasi ziren itsasoak apurtzen eta aita ere bederatzi urterekin joan zen lehenengo aldiz itsasora, olgatzea zer zen jakin gabe. Haurrak izan barik gizonak bihurtzen ziren kolpez. Haiek bai ausartak! Eta haiek horrela ikasten zuten, beren gaztaroan gizon nagusiekin harremanak izaten, baita adin txikian itsasoari beldurra galtzen eta brankan edo popan ekaitzak makurtuta igarotzen ere. Portuak ematen duen babesik gabe olatu izugarriei aurre egiten. Gazte-gaztetatik trebatzen ziren lanabesekin. Zelan ez, aurretiaz goizean goiz esnatu eta etxez etxe joan beharra zuten orduak ematera, udan zein neguan, hori baitzen txoen beharra! Horrela bakarrik uler dezakegu arrantzaleek izaten duten barne-indarra eta kemena, goxotasuna, gogortasuna, edo sarri esaten den legez, bizitzeko zoro-gogoak.
Baina Somalian gertatutakoa guztia zakartzen ari da, inork ez du ulertzen zergatik bihurtu den hain arriskutsu hango uretan arrantzatzea. Gure politikoei esker ohartu gara itsasoen mugak ere oso hurbil daudela gaurko itsasontzi erraldoientzako. Gainera, konturatu gara atunontziekin ez garela ari hemengo arrantza tradizionala bultzatzen, ase bako arrantza baizik. Garai batekoak gogoratzerakoan, ondo dakigu atunontzien eragina zein izan daitekeen goiz edo berandu, gero eta zailagoa egingo zaigulako arrainontzien konpainiek ekoizpena mantentzeko behar duten arrain kopurua arrantzatzea eta, egindakoen eraginez, txiroenek, errekurtso gutxien duten herritarrek, gero eta gehiago gorrotatzen gaituztelako. Hango itsasontzietako biziak ez dauka zerikusirik Imanol Berriatuak «Itsasoa eta ni» liburuan kontatzen zigunarekin. Ezta nire arbasoek esan didatenarekin. Zer bizimodu sortzen ari gara? Zer utziko dugu datozen belaunaldikoentzat?
Aspaldiko arrantzak gertu zeukan behar zuen neurria, eta, hala ere, ia ez dago ez bisigurik, ez papardorik, ez hegaluzerik hemengo uretan, asko eta ganora barik harrapatu genuelako. Atunontziekin egiten dugun arrantza motak ere ez dauka etorkizun hoberik, itsasontzi bakarrak Bermeoko baxurako guztiek urte berean harrapatzen duten adina harrapatzen duelako; gainera, irabaziak bata bestearekin alderatuta, ematen du baxurako arrantzak ehunka laguni ematen diola jaten eta, atunontzietakoak aldiz, hamarka gutxi batzuei. Hala ere, arraro egiten zaigu itsaslapurrek bahiketaren arrazoiak eta aitzakiak ematerakoan, horietako bat gureek egiten duten lapurreta etetea izatea.
Arrantzaleak azkar askatzea eta etxera bueltatzea gura dugu, baina, goiz edo berandu, holako arazoei erantzuteko orain arte emandako irtenbideak (militarrekin arrantzatzea, gure legedia bertaratzea, pentsatzea itsaso guztiaren jabeak garela edo holako arrantza mota mantentzeko gai garela), bidezkoak ez direla konturatuko gara.
Ez da batzuei kontuak eta arrazoiak eskatzeko unea, guztiak gaude amorratuta agintari politikoek erakutsitako jarrerekin, hunkituta gaude urrunean bahituta dauden gizonen egoerarekin eta familiakoen sufrimenduarekin, baina, egunen batean, antzinako argazkiren bat aurkituko dugu, gure herriko edozein portu zaharretan ateratakoa, eta bertan ikusiko ditugu motorretan haur eta nagusiak, neskatila asko lanean, saregile ugari edonon, arrainak barra-barra ontzien gainean, jendearen aurpegietan irribarreak.
Gaur ez dago arrainontzirik portuan; udatiarren yateak eta kanoa izugarriak baino ez daude. Baxuran ere ez dago ia arrantzalerik eta daudenek ez dituzte bizi baldintzak askorik hobetu urteetan. Oraindino bateletan joan behar dute ontzietara edo branka azpian lo egiten dute, katre txikietan. Bitartean, yateetakoek gora eta behera ibiltzen diren arrapala egokiak dituzte, baita arrapaletatik hurbil beraien autoentzako aparkaleku pribatuak ere, giltza eta guzti. Akaso, batzuk horri guztiari aurre egiteko, bizimodua hobetzeko daude urrunean, ez bakarrik arrantzatzen, baita bizia arriskuan jartzen ere, neurriz kanpoko egoerek bultzatuta.




