-

Ama edo aita izatea eskubide bat da, ukaezina espetxean ere. Hala ere, preso gurasoek eta beren umeek bizi duten errealitateari ez zaio behar adinako arretarik jartzen. Haur anitzek dute gurasoren bat kartzelan, batzuek biak, eta badira sei neska-mutiko amarekin espetxean bizi direnak.

Maider Iantzi

2009ko Azaroaren 13a

Heldu den larunbatean, azaroaren 21ean, Irritxoen Eguna izanen da Hernaniko Oialume dantzalekuan. Pirritxek eta Porrotxek Onditz Euskal Herrira plataforma sortu zuten 1998an eta ordutik makina bat mobilizazio koloretsu egin dute. Palentziako espetxean zegoen Onditz, amarekin, eta Euskal Herrira ekartzeko eskatu zuten. Badira Onditz gehiago. Etxeraten datuen arabera, sei haur bizi dira gaur egun kartzelan amarekin. Amets Dueñasen dago; Arane Curtisen; Garikoitz Valentzian; Zohargi eta Haizea Granadan; eta Didac Bartzelonan, Wad Rasen.

Joxe Mari Agirretxe Porrotxek azaldu digunez, haurrak sakabanatuta daude, Euskal Herri osoan ez baitago eurentzat egokitutako espetxerik.

Nazioarteko legediak haurrak babesten ditu, baina urratu egiten dituzte lege horiek. Giza Eskubideen Adierazpenaren arabera, amek eta haurrek zaintza eta laguntza berezia izateko eskubidea dute. Haurren Eskubideen Adierazpenak, 1959an Nazio Batuek onartutakoak, honakoa jasotzen du: «Haur guztiek dituzte adierazpen honetan jasotako eskubideak, inongo salbuespenik gabe». Espetxeetako araudiak dioenez, amen moduluetan umeei laguntzeak eta arreta eskaintzeak lehentasuna izan behar du.

Euskal presoen seme-alabek, ordea, milaka kilometro egin behar dituzte edo baldintza kaskarretan bizi behar dute espetxean. Hori guztia kontuan hartuta ekin zioten Irritxoen Eguna antolatzeari, «errepresioa zuzenean edo zeharka pairatzen duten senide eta haurrei begirako festa bat, elkarri berotasuna emateko».

Pirritxek eta Porrotxek «Irrien lagunak» diskoa eta ikuskizuna martxan jarriko dituzte aurki eta Irritxoen Egunean eginen dute estreinaldia. Kanta berriak, zaharrak eta herrikoak kantatuko dituzte, ozen kantatu ere, behar den toki guztietara iristeko. Dantzan eta bihurrikeriatan ibiliko dira eta loreak eta muxuak partekatuko dituzte.

«Koloretako mundua eta Euskal Herria nahi ditugu eta badirudi ilusioaren bidea irekitzen ari zaigula. Irribarreak ikusten ari gara berriz, nahiz eta egoera gogorrak pairatu. Denon esku dago horri buelta ematea eta guk gure animoa eta ilusioa eskaini nahi dugu».

Pailazoez gain, Olentzero bera ere izanen da Oialumen eta umeen marrazki eta eskutitzak jasoko ditu, opari handi-handi bat eta maitasun guztia eman nahi dietelako kartzelan dauden sei neska- mutikoei.

Zohargi da haur horietako bat. Amarekin bizi da eta aita ere kartzela berean du. Joxe Mari aitonak azaldu duenez, «oso ondo dago. Egun guztian patioan egoten dira. Hala ere, badira bazkalondoan ordu batzuk gelan sartuta egon behar dutenak eta hori ikaragarri gogorra egiten zaio. Zelda guztia argazkiz jantzita daukate: `Hau da amona, honako hau aitona'... Badakizu, jendea ezagutzeko. Kalean dagoen pertsona bat baino argiago hazten ari da, ez dauka beste erremediorik, han bizimodu gogorra dago».

«Guraso batek gehiena maite duena umea izaten da -jarraitu du zaldibiarrak-. Orduan, 365 egunetan gure etxean besterik ez dago. Gure neska oso gogorra da eta animoa puntan edukitzen du. Hemendik harantz joan eta konturatu egiten da triste bazaude eta alaitu egiten zaitu. Umea ere hain pozik ikusten duzu! Gauza ona daukagu erraz jarri dela gure eskuetan».

Oskarbirekin eta Zohargi bere semetxoarekin batera daude Maite eta Haizea. Elkarrekin egoten dira egunero. Maite hala-hola joan zen Aranjuezetik Granadara eta Oskarbirekin batzea sekulakoa izan zen.

Maite eta Mikel bere bikotea hagitz kontent daude. Maiteren ahizpa Nereak jakinarazi duenez, lasai daude eta orain arte pediatrarekin eta medikuarekin «oso-oso ondo» moldatu dira.

«Barruan ezberdin bizitzen da dena. Kanpokotik inkomunikatuta zaude, etxera deitzen duzu eta bost minutu dituzu dena galdetzeko, dena ezezaguna da eta hori gogorra da. Haurdunaldi nahiko ona izan zen, hala ere. Umea osasuntsu-osasuntsu dago. Gurekin jada ondo moldatzen da, kalean ere bai, pixka bat kostatzen zaio ama uztea, baina gero oso gustura egoten da».

Kanpotik adi

Garikoitz Eiderren eta Jonen semea ere pozik bizi da, baina senitartekoek adierazi dutenez, barruan edo kanpoan egon, badaki zerbait falta zaiola. Familiakoek ateratzen dutenean ama falta du; barruan gelditzen denean, berriz, «etorri, etorri!» esaten dio amonari. Badira funtzionario batzuk oso gaizki portatzen direnak Eiderrekin eta baita umearekin ere. Jende jatorra ere badago, pertsona batzuk laguntzeko eta tailerrak emateko joaten dira.

Haurtzaindegi zerbitzu bat badago, baina Eiderrek ez du haurra bertara eramaten. Lagunek materiala ematen diote, Pirritx eta Porrotxek presoei gauza pila ematen dizkie eta horrekin ere ibiltzen dira.

«Preso baten egoera zaila bada, zailagoa da emakumea baldin bada eta are eta zailagoa haur bat baldin badauka. Eiderrek noizbehinka aurkitzen du jendea laguntzen diona, lagundu edo bere lana egiten duena, baina kanpotik pixka bat adi egoten gara. Eskerrak behintzat inguruan badaukagun jendea eta mugitzen garen».

Amnistia eskatzen dute Eiderren amak eta Nerea lagunak, baita presoak eta senideak pertsona bezala tratatzea ere. «Presoak pila bat zanpatzen dituzte, baina horrelako kasuetan eurek adi daude eta zu ere bai, azkenean ez baitzara zu bakarrik. Haurra ez dago preso eta ezin dizkiote jartzen dizkioten mugak jarri. Dena hain da hain absurdoa eta hainbeste mugitzen dituzte! Berriro ohitu behar duzu, haur batekin».

Alde txarra aipatzen ari gara, baina une politak ere badira. Alaitz Iturriotzek nabarmendu duenez, haurrarekin bizi dutena, oztopoak gaindituz, benetan polita da. «Beregatik egunero irribarrez egoten zara, ezin zara erori eta egoera erlatibizatzen saiatzen zara, traumatikoa izan ez dadin. Lekua nahiko tristea da, guk are tristeagoa egiteko. Zure eta haurraren arteko harremana oso intentsua da, 24 ordu ematen ditu zurekin. Bera bakarrik duzu eta nire kasuan kideak ere bai». Orain libre daude Alaitz, Ibon eta Intza.

«Beti saiatu gara umeari egia normaltasunez kontatzen: `Egun batean Euskal Herrira joango zara, gu ere bai'... Misterioarekin eta traumarekin azaltzen badiozu, hala biziko du. Atera zenean, ez zuen espetxea aipatu bolada batean. Orain hasi da. Ez du buruan han gaizki egon zenik, amarekin eta lasai zegoen. Bertan jaio zen eta ez zuen besterik ezagutzen. Tentsio uneak egon badaude: funtzionarioen oihuak eta ate kolpeak... Baina zuk lasai bizi baduzu, beraiek ere hala bizi dute. Iaz Irritxoen Egunean izan ziren eta aurten berriro joanen dira. «Giro polita izaten da, konplizitatea sortzen da, egoera bera bizi izan dugun haur eta senideak elkartzen garelako. Polita eta tristea da, aita edo ama han ez duten haurrak ikusten dituzu eta laguntza ematen saiatzen zara. Hobetzeko gauza asko daude: espetxeak ez daude prestatuta. Barroteak, ate guztiak giltzarekin irekitzea, kolore tristeak, katxeoak... Haurrak hori bizi du. Nahiko muga ditu eta ez dizkiozu gehiago jarri nahi, baina urduri, adi zaude beti, eta nekagarria da hori».

JOXE MARI JAUREGI

Oskarbi Jauregi Amondarain zaldibiarra da eta Granadan dago preso Zohargi semearekin. Joxe Mari Oskarbiren aita da. «Alaba 2001ean atxilotu zuten eta handik aurrera espetxe pila batean egon behar izan du: Soton, Mecon, Avilan, Almerian eta Castellon. Tarte horretan mutil-laguna egin zuen, Antxon Sasiain bergararra, hura Parisen zegoen, kartzelan baita ere. Idatzien bitartez ezagutu zuten elkar. Gero telefonoz hitz egin zuten urte askoan», hasi zaigu kontatzen. Orain kartzela berean daude eta astelehenero gela batean egoten dira hirurak, lehenago kristalarekin, baina orain gabe. «Oskarbik esan digu ia seguru familien bisitak ere kristalik gabe egitea onartu dietela ume txikiak dauzkatenei. Bestela oso hotza da».

Familia handia dira, osaba-izeba, lehengusu eta lagun pila bat dituzte eta zortzi urtean beti prest eduki dute jendea bisitarako. Hala eta guztiz ere, gogorra da urruti egotea. «Imajinatu Burgosen daudela, bidaia ordu eta erdian egingo genuke eta edozein egunetan hartuko genuke autoa joateko. Umea goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara atera dezakegu, nahi dugunean, aldez aurretik abisatuta eta baimendutako pertsona batek hartuta. Lehen amona eta biok sartzen ginen haurra jasotzeko eta orduan alaba besarkatzen genuen eta harreman bero bat izaten ahal genuen, baina gero hasi ziren bat nahikoa zela esaten eta orain amona bakarrik sar daiteke. Nik ikusten dudan alderdi gogorrena bidea da. Gu asko joaten gara. Nire emazteak maiatzaren lehenengo zubi horretatik bi asteburutan egingo zuen huts. Umea ateratzeko ezagutzen duen norbaitek joan behar du, bestela salduta geldituko litzateke, nahiz eta segituan jartzen den denera eta asko ireki den. Orain egin ditu 18 hilabete», azaldu du.

«Bere amarentzat ez dago gauza pozgarriagorik umea ateratzean guregana pozik etortzea baino. Lehenbizi kosta egiten zitzaion haren besoetatik guregana etortzea. Aurrez aurreko bisitaldietan barruan egoten ginenean ikaragarri gaizki sentitzen zen. Gu ere bai berekin, ama ere bai. Baina behin kalera ateratzen hasi zenetik, oso ondo.  Zohargi eta bere aita eskutik aterako dira, aitak kondena bete egingo duelako».
Joxe Mariri ez zaio iruditzen biloba preso sentitzen denik. «Hori ezagutu du. Beldurra ematen dit egunen baten jarriko dela barrura joan nahi ez duela. Oraindik ez. Amonak eramaten duenean amaren bularrera joaten da segituan. Hortik elikatu da gehiena. Ikusten da behar duela». Lehendabiziko biloba dute eta txoratzen egoten dira egiten dituen gauza guztiei begira.

MAITE ETA NEREA

Eider Perez Aristizabal Oreretakoa da eta Valentzian, Picasenten, dago preso Garikoitz 20 hilabeteko semearekin. Maite Eiderren ama da eta Nerea, laguna. 2001eko martxotik dago Eider espetxean: Madril, Soto, Brieva, Almeria, Huelva, Granada eta Alacant ezagutu ditu. Bikotea, Jon Igor Solana bilbotarra, Huelvan zegoela eta bera Almerian, paperak egin zituzten eta Eider Huelvan egon zen bi hilabete-edo, haurdun gelditu arte. Orduan Granadara eraman zuten eta denbora batera Jon ere bai. Haurra Granadan jaio zen eta esperientzi txarra izan zuen familiak. Maiteri ez zioten sartzen utzi eta sekulako trabak jarri zizkioten. Urtebete geroago ere, jostailuak eraman zizkion amonak, baina bueltan etorri behar izan zuen opariarekin.

«Bisitak ostiraletan izaten dira, 12.00etan. Hortaz, lagunak ezin dira joan eta senitartekoek ere arazoak dituzte. Esaten diote haurra ez dagoela preso, eta egia da, baina aitzakia perfektua da bisitarik ez egiteko. Hau da, bisitak kristalik gabe egin daitezke bakarrik, haurra preso ez dagoenez ezin delako kristalarekin egon; kristalik gabeko bisitak senitartekoekin soilik egin daitezke, ordea. Lagunak joan ahal izateko, familiako norbaitek haurra atera eta bisita galdu behar du. Koadrilako batzuek ez dute Eider urtebetean ikusi horregatik».

Bera da Picasenteko preso politiko neska bakarra. «Orain arte beti egon da norbaitekin, Oskarbirekin egon zenean oso ondo egon zen, baina orain ez du kiderik eta horrek egoera zailtzen du, adibidez, ez da bisitetarako haurra inori uztera ausartzen. Hilabete batzuk daramatza, jendearekin ondo moldatzen da, baina kide batekin konfiantza gehiago daukazu».

Garikoitz astean behin egoten da aitarekin, eta familiakoek tarteka kanpora ateratzen dute: Maitek eta bere bikoteak, Kandik, eta Txemak, Eiderren aitak, eta Esther bere bikoteak, baita Rafa eta Ana Jonen gurasoek ere. Maitek eta Anak, biek dituzte osasun arazoak.

Umeak hiru urte betetzen dituenean legez espetxetik atera behar du eta Eiderren aitarekin bizitzera joango da, Jonek eta biek urte dezente egin behar baitituzte oraindik espetxean. Txema kontentu eta ilusioz dago eta etxea prest du jada. «Aurrera egingo dugu», ziurtatu dute Maitek eta Nereak. Neska kideen artean harreman ona dute, beti daude adi eta elkarri laguntzeko prest, neskak eta familiak. Askotan harrituta gelditzen dira senideak: presoek ia eurek baino lehenago izaten dituzte berriak!

NEREA PEDROSA

Maite Pedrosa Barrenetxea Ugaokoa da eta Granadan dago preso Haizea alabarekin. Maite eta Mikel mutil-laguna orain dela 11 urte eta erditik daude kartzelan eta umeak abenduan egingo du urtebete. Barruan eduki zuten eta aitak bi hilabete zituela ezagutu zuen alaba. Maite eta Mikel elkarrekin egon ziren Almerian, gero Maite Aranjuezera eraman zuten umea jaio baino hilabete lehenago, eta otsailean Granadan elkartu ziren. Orain hirurak daude bertan, aita modulu batean eta ama umearekin bestean. Aurrez aurreko bisitaldietan ikusten dute elkar eta haien artean astean behin bisita bat daukate. Kristalik gabe egitea lortu dute. Nerea ahizparen arabera, espetxearen arabera desberdina da bizitza. «Orain Maite eta Mikel nahiko ondo daude Granadan. Baina Aranjuezen oso txarto egon zen. Mikelen senideak ezin ziren sartu eta Granadan ezagutu zuten umea. Ezkonduta ez daudenez, ez zituzten familiakotzat hartzen».

Haizea ongi dago, amarekin 24 orduz. Haurtzaindegia daukate, baina espetxetik kanpo. «Nire ahizpak, adibidez, ez du bidali, zeren goizeko zortzietan eramaten baitituzte umeak eta arratsaldeko bostetan bueltatu. Barruan ez dago gauza handirik haurrentzat. Gela bat daukate jostailu eta zabuekin, baina haurrentzat pentsatutako ekintzak Errege Egunean eta gutxi gehiago izaten dira. Beren kabuz, beren arduraz pasatzen dute eguna. Ekainetik hilero ateratzen hasi gara, eguna pasatzen oraindino zeren oso txikerra da. Hor ez daukagu arazorik, lagunek ere hartu dute. Nabaritzen da moduluan umeak daudela: gauza gehiago baimentzen edo onartzen dituzte. Nire ustez garrantzitsuena umea hurbilago egotea izango litzateke, hemendik bi urtera kalera aterako da eta oso urrun daude hona ekartzeko. Umeak etxekoak bakarrik ezagutzen gaitu, ez dugu aukerarik zabaltzeko, hurbilago egonez gero umearekin ibiliko ginateke herrian, baina ez dago aukera material eta fisikorik ere, ez dago emakumeentzako lekurik ere, emakume eta umeentzat eskatzeko moduan! Ama otsailean hil zen eta ezin izan zuen biloba ezagutu. Ahizpak lekuz aldatzea eskatu zuen, baina ukatu egin zioten ez zegoelako kartzelarik alabarekin egoteko. Mikelek eta biek urte piloa dauzkate oraindik kartzelan eta nirekin etorriko da umea, haurdun gelditu aurretik pentsatuta geneukan. Aurrera egitea, ez dago gehiagorik».

ALAITZ ITURRIOTZ

Alaitz Iturriotz, Ibon Urrestarazu eta Intza elkarrekin atera ziren espetxetik. 2005eko uztailaren 15ean jaio zen Intza Madrilen. Ama Sotoko kartzelan zegoen eta haurrak zazpi hilabete bete zituenean Valentziara eraman zituzten biak. Handik bidaia batzuk egin zituzten Madrilera epaiketa zela-eta, baina bestela Valentzian egon ziren Intzak hiru urte egiteko sei egun falta zirela aita eta hirurak elkarrekin libre atera ziren arte. Aita Valdemoron zegoen alaba jaio zenean. Intzak bi hilabete zituenean Sotora eraman zuten eta orduan ezagutu zuten elkar.

«Alaba oso ondo moldatu da kaleko girora. Berriz bizitzen ikasi behar izan genuen, bai haurrak bai guk. Aitak eta umeak astean bitan ikusten zuten elkar espetxean, kiroldegian, moduluko beste bikoteekin batera, eta ostiraleko familiaren bisitan. Beraz, kalean hasi zen aitaren funtzioa betetzen».

«Tarteka familiarekin ateratzen zen, baina Euskal Herrira gurekin etorri zen lehenbiziko aldiz. Hasieran urduri zegoen, gu ere hala ginen: dena handia, etxean ez dakit zenbat gela, jende pila bat, bizitzeko era eta ordutegi desberdina... Espetxean jende gutxi eta bera egoten zen beti, espazio bera genuen, ordutegi bera, eta haurra oso ziur sentitzen zen. Baina gurekin etortzeak gauzak erraztu zituen. Osaba-izebekin bizi behar zuen hasieran eta hirurok elkarrekin aterako ginela jakinarazi zigutenean ez genuen sinetsi!».

«Espetxe batzuetan haurtzaindegia dago, Madrilen nintzenean beste etxe batean zegoen eta nahiko polita zen. Valentzian gela bat dago moduluan bertan haurtzaindegi gisa jarria eta parke txiki bat patioan. Intza gurekin egoten zen egun osoan, nirekin eta  kide euskaldunekin, ez baikinen fidatzen. Nahiko ondo egon ginen, bat baino gehiago ginelako. Beste haur euskaldun bat zegoen, eta anai-arrebak bezala hazi ziren. Zikinkeria, droga, denetarik dago eta haurrak tartean dabiltza. Izkina pila bat herdoilduta daude eta arratoiak dabiltza, bizi baldintzak beste edozein modulutan bezalakoak dira. Ordutegia ere ez dago egokitua. Zenbaketa egiterakoan ez dute kontuan hartzen haurrak lo egon daitezkeela».

«Beste arazo bat da beti txantajea egiten saiatzen direla umeekin. Esaten digute: ‘Bihar ekintzak izango dira haurrentzat, baina zuenak ezingo dira joan’. Hala, denak pailazoak ikustera joaten dira gureak izan ezik. Haurrak erabiltzen dituzte gu psikologikoki umiliatzeko. Errudun sentiarazten gaituzte haurra izatea guk erabaki genuela esanez. Borrokatzea oso zaila da: ‘Zuk aukeratu duzu haurra hemen edukitzea. Ez bazaude gustura, atera familiarekin’, esaten digute».