Astelehenean abiatuko da A gripearen aurkako txertaketa kanpaina Hego Euskal Herrian. Osasun arloko langileek lehentasuna dute txertoa hartzeko, Ipar Euskal Herrian urriaz geroztik abian den kanpainan bezala. Osasun langile gehienek, ordea, ez dute txertorik hartuko esperimentazio aldia murritzegia izan dela deritzotelako; badira, ordea, txertoa inolako erreparorik gabe hartuko dutenak ere. GAUR8k batzuen eta besteen iritziak jaso eta aurrez aurre jarri nahi izan ditu.
Maider Eizmendi
2009ko Azaroaren 13a
Urdazubiko osasun zentroan egiten du lan Mikel Barea sendagileak. Gaixoekin duen kontaktu zuzena dela eta, birusa hartzeko arrisku gehien duen taldean egon arren, erreparorik gabe dio ez duela A gripearen aurkako txertorik hartuko. Ez berak eta ez eta bere lankideak ere.
Izan badira txertoak hartzeari uko egiten dioten mediku eta erizainak, baina hori ez da Barearen kasua: «Gripe arruntaren txertoak iristen direnean ni izaten naiz hartzen lehena eta nirekin lan egiten duen erizaina bigarrena». Baina oraingo honetan ez, ez du A gripea saihesteko txertorik hartuko, ez dio konfiantzarik eragiten. «Txertoa atera eta kalera atera arteko tarteak handiagoa izan behar du; hiru hilabete ez dira nahikoak».
Bere ustetan, ez da behar adina ikerketarik egin, ez baita horretarako beharrezkoa den denbora hartu. «Gero ikusiko dugu honek zer albo-ondorio izango dituen, txertoa ez baitago behar adina probatuta».
Gainera, eraginkorra izango ote den ere ez dago ziurtatuta Barearen hitzetan: «Ez dakigu une honetan dugun birusari aurka egiteko txertoa prestatu den ala ez. Hau da, birusek mutatu egiten dute eta maiztasun handiarekin, gainera; akaso ez du lortuko lortu nahi duen helburua».
Osasun arloan lan egiten duen jendea txertoa hartzeko lehentasun taldean sartzea begi onez ikusten du. Eurak dira gaixoekin lan egiten dutenak; «gaixotzen bagara nork artatu behar ditu gainerakoak?». Aldiz, honakoa ere zehaztu du: «Lehentasuna gauza bat da, pribilegioa bestea».
Kontsultara bertaratzen diren herritarrei dagokionez, ohartarazi du ez dutela txertoa hartzeko asmo edota interes berezirik agertzen. «Ea guk hartzeko asmoa dugun galdetzen digute eta, ezetz erantzuten diegunean, eurek ere ez dutela hartuko esaten digute», azaldu du, osasun zentro txikietan mediku eta herritarren artean izan ohi den konfiantza tratua nabarmenduta.
Oro har, A gripearen inguruko informazioa modu aldrebesean kudeatu dela uste du Bareak. «Puztu egin da, argi dago. Urtero jende asko hiltzen da ohiko gripearen eraginez, baina ez da inoiz neurtu eta ez da inoiz esan `urtean horrenbeste jendek galtzen du bizia gripe arruntagatik'. Orain, berriz, Cadizen bat hil eta hemengo egunkari eta albistegi guztietan agertzen da».
«Ez gaude apokalipsiaren aurrean»
«Orain apokalipsiaren aurrean gaudela dirudi eta azken batean gripe ziztrin bat baino ez da; ez gara minbizi baten inguruan ari. Egia da jendea hil daitekeela, baina gehienetan bestelako osasun arazoak dituelako; gripeak eraginda ez balitz hilko, beste gaixotasun batek eraginda hilko litzateke».
Herritarrek A gripearen gainean larritasuna baino jakin-mina dutela iritzi dio Urdazubiko medikuak: «Kontsultara etortzen dira bai, baina kalean ere gelditzen gaituzte halakoa ala bestelakoa egin den galdetzeko».
Berak ez, baina bere lankideetako batek osasun zentroko atean eskuz idatzitako ohar deigarri hau jarri zuen: «A gripeak gripe guztien tratamendu bera du; orain arte emandako informazio txarraren errua politikariek dute». Mezu horrek argi eta garbi islatzen du medikuak A gripea artatzen adina esfortzu jartzen ari direla aurtengoan gripearen inguruan sortu den beldurrari aurre egiten. Eta zergatik ez, kokoteraino daudela ere bai.
JUAN CARLO ARBONIES, ERRENTERIAKO MEDIKUA
Ez da samurra izan txertoa hartu behar duen osasun langilerik topatzea. Besteak beste jada gripea pasa duten, eta, beraz, txertoa hartu behar ez duten, osasun langile ugari direlako. Txertoaren inguruko iritzi ezkorrak ere asko dira. «Orain bi hilabete txertoa atera izan balute ia guztiek hartuko genuen, baina birusa horren indartsua ez dela ikusi da eta, ondorioz, jendeak atzera egin du», kontatu digute Arrigorriagako osasun zentroan, adibidez.
Astelehenean hasiko den txertaketa kanpainan parte hartuko duen medikuetako bat da Juan Carlos Arbonies. «Nik ezin diet nire kontsultara etortzen direnei txertoa hartzeko eskatu nik hartzen ez badut», arrazoitu du txertoa hartzeko bere erabakia. «Medikuek eredu funtzioa dugu nolabait, guztiek ez dute hartu beharko, baina arrisku taldean daudenei hartu dezaten eskatzeko garrantzitsua deritzot eredu izateari», ohartarazi du.
Oro har, aholkatutako txertoak hartzeko ohitura duela adierazi du: «Ohiko gripearen txertoa, adibidez, urtero hartzen dut. Izan ere, funtsezkoa deritzot nire kontsultara datozen gaixoak babestea eta bide batez ni ere babestea». Horregatik osasun langileek txertoa hartzeko lehentasuna izatea begi onez ikusten du.
Txertoaren inguruko kezka handirik ez du, baina onartzen du «sendagai edo botika guztiek bezala albo-ondorioak» izan ditzakeela, «are gehiago medikamentu berria izanik». Arboniesen iritziz, ordea, «nahikoa proba egin dira». «Fidatzen naiz adituen hitzez», berretsi du.
Hala ere, argi utzi nahi izan du errespetu osoa diela bestelako iritzia duten medikuei: «Ulertzen dut hartu nahi ez dutenen jarrera. Zenbaitentzat oraindik ere goiz da txertoa ematen hasteko eta gainera zabaldutako informazioa ere nahaspilatsua da».
A gripearen inguruan plazaratutako mezuek larritasuna sortu dutela uste du: «Aurretik ere izan ditugu gripeak, hau baino bortitzagoak ere bai, eta aurrera egin dugu horrenbesteko iskanbila sortu gabe. Azken batean, burrunba honek zalantzak sortzen ditu gripearen inguruan interes ezkutuak ote dauden edo ez». Bere kezka gripearen inguruan denbora eta bitarteko gehiegi xahutuko ez ote diren da, «askoz ere garrantzitsuagoak diren eritasunak alboratuta».
«Nire iritzia ematen dut»
Kontsultara bertaratzen diren herritarren artean ardura eta jakin-mina nabaritzen ditu. «Txertoa hartu behar duten edo ez galdetzen dute eta mediku bakoitzak bere iritzia ematen du, beste kontu batzuetan bezala. Ni kasu honetan adituen esanaz fio naiz eta hori esaten diet».
Txertoaren ibilbidea gertutik jarraitu du Arboniesek. Informazio asko eta iturri ezberdinetatik iritsi zaie eta medikuen artean ere iritziak trukatu dituzte. Batzuk alde, asko kontra.
Baina A gripearen inguruko iskanbilak baliagarriak diren irakaspenak ere ekarri ditu mediku honen ustetan. «Orain lehen baino prestatuago gaude epidemia bati aurre egiteko. Gripearen inguruko informazioa emateko telefono zerbitzu bat eratu da eta gaixoak artatzeko modu berri bat zabaldu digu begietara». Halaber, komunikabideekin elkarlanean jarduteko beharraz ere ohartarazi du: «Gripe honek argi utzi digu komunikabideek duten boterea, populaziora iristeko gaitasun handia baitute». Horregatik, oinarrizkotzat jo du medikuak komunikabideetan agertzea. «Orain arte ez dugu gustuko izan komunikabideetan azaltzea, baina burrunba honek irakaspena eman digu zentzu horretan ere», azaldu du Arboniesek.




