Josu Juaristi
2009ko Azaroaren 13a
Ez da ohiko gaia gaur txoko honetara dakarkiguna. Atzerria sailean kokatuko luke batek baino gehiagok, baina gaizki egingo luke, Euskal Herriaren garapenarekin harremana baitu, zuzen-zuzenean. Europar Batasunetik datorkigun mugaz gaindiko lankidetzaren edo lankidetza transfronterizoaren estrategiaz ari gara. Ez da atzo arratseko kontua Europan, baina aldaketak datoz honetan ere eta eztabaidaren mamia ezagutzea komeni da, etor daitekeenaren aurrean batzuk, Patxi Lopezen gobernuak bultzatuta, posizioa hartzen hasi baitira.
Koka dezagun, lehenengo eta behin, kontua. Eztabaida Europar Batzordeak Parlamentuari eta Kontseiluari zuzendutako komunikazio baten filtrazioak piztu du. Zirriborroak izenburu hau du: «A reform agenda for a global Europe (reforming the budget, changing Europe)». Bukaerak sortu du iskanbila, dokumentu honetan proposatzen den Europar Batasunaren aurrekontuaren birmoldaketan kohesioari eta lehiakortasunari buruzko ikuspegiak berritzen edo aldatzen direlako.
Gaur egun, kohesioa estatuen artean -banaka hartuta- eta estatuen barruan lortu beharreko kontzeptu bat da Europar Batasunarentzat -kasu honetan ere, eskualdeak banaka hartuta-. Kontzeptu hori, dakizuenez, dirua da. Batasunak diru asko ematen die, urtero, eskualde pobreenei. Hori egiteko hainbat tresna daude, baina garrantzitsuenak kohesio funtsak eta egiturazko funtsak dira. Euskal Herriko eremu administratibo desberdinetara bigarrenak iritsi izan dira, gehienbat. Gutxi, dena den. Lehenengotik are gutxiago, gure eremu gehienak laguntza horietan sartu ahal izateko dauden baldintzetatik kanpo daudelako. Alegia, Europar Batasuneko batez bestekoa baino hobeto gaudelako, aberatsagoak garelako. Baina bada beste faktore bat diru-laguntzen urritasuna ulertzeko: Madrilgo filtroa pasatu behar izaten dutela diru-laguntza komunitario hauek, subsidiarietate printzipioaren kontrola eta gestioa estatuek dutelako bereziki. Hala izan da eta gertatu da Europar Batasunean gaudenetik (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa lehenago, jakina denez, eta gainerakoak Estatu espainola sartu zenean eta diru-laguntzak etengabe jasotzen hasi zenean). Urteotan guztiotan, Lakuako Gobernuak (EAJk, alegia) gauza gutxi egin du kontu honetan, jarrera edo adierazpen akademizista hutsetatik haratago.
Orain, esan bezala, kontzeptu aldaketa proposatu die Europar Batzordeak Parlamentuari eta, bereziki, estatuei. Eta aldaketa esaldi honetan dator: «The traditional focus of Cohesion competitiveness spending on individual regions prevents it from focussing on the transnational or cross-border dimensions which should be at the core of EU spending». Hau da, eskualdeak banaka hartu beharrean, Europar Batasunak mugaz gaindiko dimentsioa nabarmendu nahi du Europaren kohesioa bultzatzeko eta gastua mugaz gaindiko lankidetzara bideratu, horrek balio erantsia eman diezaiokeelako europar integrazioari. Eta puntu honek piztu du alarma etxe batzuetan, esate baterako, Lakuan. Patxi Lopezen Gobernuak bultzatuta, Estatu espainoleko elkarte autonomoek eta Europan egun dauden beste eskualde eta udal elkarte, erakunde edo kontseiluek gutun bat bidali diote Europar Batzordeari zirriborro horren aurka presio egiteko. Lakuako Gobernua kohesio politika aldatzearen aurka omen dago, baina motibo gutxi ditu, objektiboak, horren kontra egiteko, besteak beste, funts horietatik oso diru gutxi iristen zaiolako. Baina, gainera, gezurra da orain arte eskualdeek kontrolatzen zituztenik eta orain estatuen esku geldituko denik diru-laguntzen kontrol edo gestio hori. Aipatu dugun bezala, Madrilgo filtroa etengabea izan da azken urteotan, gure kalterako.
Lopezen Gobernuak eta bere alderdiak nahi ez dutena zera da, mugaz gaindiko lankidetza europar politika gisa egonkortzea eta Europar Batasunak horren alde egitea. Eta jarrera horren bultzatzailea, Europan, Lakua izatea esanguratsua da. Batasunean Euskal Herriaren garapen posible baten aukerarik txikiena ere ekidin nahi dute Madrilek eta Lakuak, eta horrexegatik ari dira mugaz gaindiko lankidetzen aurkako jarrera gogortzen. Are gehiago aipatu Europar Batzordearen proposamenean mugek eragiten dituzten hainbat zatiketa mota edo esparru horrela zehazten direla ikusita: merkatuarena, lan esparruarena, inbestitzeena, azpiegiturena eta erakundeena. Hori konpontzeko tresna mugaz gaindiko lankidetza dela dio Bruselak. Zerrendan «erakunde» hitza sartzeak ere asaldatuko zituen, seguru asko. Eta ez Euskal Herriaz propio ari delako Batzordea, estrategia berriak etorkizunari begira aukerak ireki ditzakeelako baizik.
Haserreak haserre, mugaz gaindiko lankidetzaren alde ari da Batasuna. Alde batetik, Batzordearen proposamenak hala erakusten duelako eta, bestetik, Baltikorako onartu bezala, makroeskualdeak beste irizpide batzuen arabera sortzen direlako orain. Zentralizazioaren kontra balego bezala erreakzionatu du Lakuak, baina gezurretan ari da, horixe baita betiko egonkortu nahi duena.




