Erroman bizi den donostiar kazetariak emakume gutxik lortzen dutena lortu du: komunikabide bateko zuzendaritza postu batean izatea. Bertatik egoera horri buelta emateko asmo sendo du.
Maider Eizmendi
2009ko Azaroaren 13a
Kazetaritza lanetan hastear daudenek edota lehen pausoak ematen ari direnek, Miren Gutierrez kazetariak egin duen ibilbidearen parekoa izatea amestuko dute ziurrenik. Donostian jaioa, dagoeneko munduko makina bat txoko ezagutzen ditu eta horietako bakoitzeko errealitatea bere begiekin irakurri eta kontatu du mundu zabalera. Urteetan hartu duen eskarmentuak komunikazio arloan dauden hutsuneez jabetzeko bide eman dio. Horietako bat emakumeek albisteetan eta erredakzioetan duten pisu eskasa da, bere ustez. Hala, Erromatik zuzentzen duen IPS (Inter Press Service) informazio agentzian, tarte berezia eskaini diote genero albisteei, atal bat apropos sortuz. Emakumeen presentzia murritzak sortutako «irrealtasun eta bidegabekeri egoerari» erantzun nahi izan diote. Berdintasuna transmititzeko, berdintasuna erredakzioetan bertan gauzatu behar dela uste du, baina, «erredakzioetan pentsamolde patriarkala nagusitzen da oraindik orain».
Genero arloko albisteak jorratzeko atal berezia sortu zenuten agentzian orain urtebete. Komunikabideen alorrean oraindik ere urrun dago berdintasuna.
Egun komunikabideetan entzuten diren emakume ahotsak %22 baino ez dira. Okerra izateaz gain, irreala ere bada: ez du errealitatea islatzen, emakumeak populazioaren erdia baikara. Orain urtebete eskas eratu genuen zerbitzuak irrealtasun eta bidegabekeria hori zuzendu nahi du nolabait.
Emakume gaiak ez, genero gaiak jorratzen dituzue.
Oinarrian emakumeek pairatzen duten diskriminazioa jorratzen dugu. Emakumea gai duten informazioen eta genero informazioaren artean aldea dago. Azken horietan edozein fenomeno edo gertaerak gizon eta emakumeengan eragin ezberdina nola duen aztertzen dugu. Krisia, esate baterako, eragin ezberdina izaten ari da batzuen eta bestean artean.
Seguru asko zuen jardunean askoz ere adibide gehiago topatu dituzu.
Adibidez, gatazka armatuetan emakumeak dira kalte gehien jasaten dituztenak; izan ere, gatazka gizonek adina sufritzeaz gainera, indarkeria sexistaren kalteak ere jasaten dituzte. Horiek egoera larriak dira, baina mundu garatuan ere bidegabekeria handiak izaten dira, esaterako, lan merkatuan. Emakumeek egoera berdinean %20 eta %30 gutxiago irabazten dugu, eta ardura karguetan emakumeen kopurua oraindik orain oso murritza da. Komunikabideak ispilu dira eta erredakzioetan erabakiak hartzen dituzten lau karguetatik bakarrean dago emakumea. Ehuneko hori Suedian dute; Italian egoera are eta okerragoa da.
Emakumeak zuzendaritza karguetan egotearen garrantzia nabarmendu duzu. Hori lortuta, zertan atzemango litzateke zure ustez?
Emakumeak komunikabideetako zuzendaritzetan egongo balira horien edukiak eta horiek lantzeko moduak aldatu egingo lirateke; eta hori ez diot nik, ikerketa asko dago hori baieztatzen dutenak. Horietako batean esaterako, AEBetako egunkarietako azalak aztertu zituzten eta nabarmendu zuten gizonak zirela horiek sinatzen zituztenak. Espainian egindako beste batek ondorioztatu zuen erredakzioetan pentsamolde patriarkala nagusitzen dela, gai gogorrak, hau da, politika, ekonomia eta kirolak, gizonen arduratzat jotzen dira. Gai bigunak, berriz, hizkera emotiboagoa erabiltzen dutenak, kultura, gizartea, elikadura... emakumeen arduratzat jotzen dira, nahiz eta kasu horretan ere gizonak izan nagusiki erabakiak hartzen dituztenak. Erredakzioetako zuzendaritzetan emakume gehiago egongo balira, ezberdintasun horiek ez lirateke egingo, funtsean ez baitako horretarako arrazoi logikorik.
Nola amaitu estereotipoekin estereotipoetan oinarritutako erredakzioetatik?
Horixe da kontua: komunikabideek gizartearen jabetza eta botere estruktura islatzen dute. Oso kasu gutxitan ikus daitezke emakumeek gehiengoa duten zuzendaritza batzordeak. Gizonak dira erabakiak hartzen dituztenak, nahiz eta kasu gehienetan erredakzioetan emakumeak gehiago izan. Emakumeak dira landa lana egiten dutenak, lan zikina egiten dutenak, gizonen aginduak betetzen dituztenak.
Oraindik urtebete ere ez du egin atal berriak, baina dagoeneko balantzea egiteko adina datu izango duzue. Zer nabarmenduko zenuke?
Oro har sekzioak harrera ona izan du. Noski, beti gertatzen den moduan, lehenik eta behin kontzientziatutako jendearengana iritsi gara eta hori da errazena. Eurei asko gustatu zaie gure ekimena. Pixkanaka ari gara orain, gure lanak publikatu ditzaten.
Eta pertsonalki zer suposatu du zuretzat agentziako atal berri honen bultzatzaile eta gidari izateak?
Pertsonalki, atal hau abian jartzea eta egin dugun lana ikustea oso garrantzitsua izan da. Interes handia izan dut beti genero gaietan eta asko asetzen nauen proiektua da.
Generoa lantzen duten gaiak eskainiz komunikabideen jarrera aldatzea duzue helburu, baina horretarako etxetik hasi beharko zenuten lehenik eta behin.
Gure erredakzioko langileen jarrera ere aldatu behar izan dugu. Atal berri honekin hasi aurretik ordura arte egindako lanari erreparatu genion eta konturatu ginen emakume gaiak eta diskriminazioa jorratzen zuten testu gehienak emakumeak egiten genituela.
Gizonek, nik uste, joera gutxiago dute desberdintasunak daudela konturatzeko eta horiek islatzen dituzten datuak bereizteko. Txip horrekin hasi behar da albisteak idazten. Emakumeek erraztasun gehiago dugu hori egiteko, bai gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunez ohartzeko bai beste gutxiengo batzuen aldeak nabarmentzeko ere.
Txipa aipatzen duzu, beharrezkoa da genero ikuspegia jorratzen den albiste edo gai orotan barneratzea?
Nik uste dut genero ikuspegia informazio guztietan aplikatu behar dela eta egin daitekeela, gainera. Noski, emakumeen kasuak bereiztea beharrezkoa ez den gai batzuk badira, baina kasu guztietan jarri behar dira generoaren betaurrekoak. Horiekin beste modu batera ikusiko ez genukeen informazioa ere ikusten da, oso garrantzitsua dena eta gizon eta emakumeei eragiten diona gainera. Betaurrekoak une orotan izan behar ditugu jantzita, erabiltzen den hizkera eta kontzeptuak zaintzeko, estereotipoak ez erabiltzeko...
Egun lehen baino kontu gehiagorekin lan egiten dugu kazetariok oro har, baina oraindik orain ideia asko onartzen ditugu eta orokortu egiten dira. Arlo horiek guztiak kontuan hartzen dituen informazioa lantzean irakurlea da irabaztun nagusia, errealitateari hobeto egokitzen zaion informazioa jasotzen duelako.
Egiteko asko dago eta hortik dator seguruenik atalaren aberastasuna, zein da, ordea, zure ustez erronka nagusia epe motzean?
Gure erronketako bat emakumeen ahotsa arlo guzti-guztietan agertzea da. Sektore batzuetan apenas agertzen da, ekonomia arloan esaterako, besteak beste, ordezkari gutxi daudelako. Horregatik kazetariek esfortzu handiagoa egin behar dugu. Guk hasieran jarri genuen helburuetako bat gure iturrien erdia emakumezkoak izatea zen eta hori lortu dugu, nahiz eta ez den batere lan xamurra izan.
Desagertzera kondenatutako atala edota desagertzeko helburuarekin sortutakoa da hau, ezta?
Oraindik orain, diskriminazioa herrialde eta arlo guztietan ematen da eta horrek informazioa fribolitatez ematea eragozten digu. Hobe litzateke atal honen beharra izango ez bagenu, baina... Komunikabide guztiak izan beharko lukete genero ikuspegia, eta ez lukete atal zehatz batera mugatu behar gainera, baino... Nik kuotetan ere sinesten dut, izan ere, aukera berdinak izan ez diren eremuetan gisa horretako neurriak hartu behar direla uste dut. Justiziarik eta berdintasunik gabeko egoeretan aukerak zabaltzen dituzten aukerak ez dituenarentzat. Kuotak ere ezin dira betikotu, baina trantsizio epe batean erabilgarriak izaten dira eta, gainera, emaitza onak izaten dituzte.
Italia aipatu duzu lehen, ez da seguruenik berdintasun kontuetan puntan dabilen estatua.
Desberdintasun handiak daude oro har, baina estatu batzuetan atzera egin da, Italian esaterako. Bigarren Mundu Gerra osteko borrokak eta izan ziren lorpenak, esaterako lan arloan, abortuaren inguruan... desagertu egin dira. Lorpen feminista horiek erabat desagertu dira arlo publikotik. Telebistan ez da 50 urtez gorako emakumerik agertzen axola duen gaiei buruz hitz egiten, are gutxiago adineko emakumerik. Velinak (ia biluzik agertzen diren emakume gazteak) baino ez dira agertzen, tuntun itxura eginez. Hori da emakumearen irudia Italian eta gaztetxo askorentzat, gainera, eredu bilakatzen dira. Inkestak egin dira eta horietan ondorioztatu da Italiako neska gazte gehienek velina izan nahi dutela.
Berlusconik velina bat jarri zuen Berdintasun ministro, eta hori oso gustu txarreko broma da. Imajinatzen dut Berlusconi barrezka, `berdintasuna nahi zenuten, to!' esanez. Italia G8ko estatuen artean egonda, kasua larria da.
Gizarteak, emakume taldeek, mugimendu feministak... nola erantzuten du jarrera horren aurrean.
Horren aurka egiten duten emakumeen ahotsa ez da entzuten. Gobernu honi barkatu zaizkion gauzengatik, gobernuak dimititu ere egin beharko luke beste estatu batzuetan. Italiako kasua muturrekoa da, baina kontuan izan behar da ez dagoela estaturik munduan gizon eta emakumeen arteko berdintasun egoera bizi duenik. Aurreratuenak izan arren, Suedian eta Norvegian ere desberdintasunak daude. Herrialde garatuenetan ekonomia eta errepresentazio politikoa dira ahultasun nagusiak.
Ruandan edota Liberian esaterako, emakumezkoen eta gizonezkoen artean desberdintasun txikiagoak dituzte, bertan emakumeak politika eremuan sartzeko borondate politikoa izan dutelako eta emakumeek erantzun egin dutelako, nahiz eta emakume batentzat estatu horietan politikan jardutea oso zaila den. Beharrezkoa dena ez da dirua, Italiak badu, behar dena emakumeari dagokion lekua emateko borondate politikoa da.




