«Hirugarren Mundua Bigarren Mundu Gerran» izena jarri diote Alemaniako zenbait hiritan ikusgai dagoen erakusketa esanguratsuari. Europan abian jarritako gatazkak sufrimendu asko eragin zuen gainerako kontinenteetan ere, baina irabazleek idatzitako historian horien kontuak aipatu ere ez dira egiten. Benetan gertatu zena ulertzen hasteko ezinbestekoa.
Jose Angel Oria
2009ko Azaroaren 13a
Historian zehar askotan gertatu den moduan, Bigarren Mundu Gerraren historia garaileena da, aberatsena eta jabeena izateaz gain. Alemaniak eta Japoniak porrot egin zuten arren, historia idazten dutenen ikuspuntutik garaileen artean daude. Herrialde horietako historiografiak makina bat gauza zalantzan jarri behar izan baditu ere, japoniarrak eta alemaniarrak garaileen pareko pertsonak bezala tratatzen ditu. Gatazkan esku hartu izan ez balute bezala gerra bukatu ostean ahaztuta geratu zirenak, beraiek egindakoaren berririk aurkitu gabe bere seme-alaben ondoan historia errepasatzera behartuta daudenak, benetako galtzaileen kategorian daude. Ahots propiorik gabeko galtzaileak dira. Horrela bizi dira gaur egun ehunka milioi pertsona eta horien ondorengoak Afrikan, Asian, Latinoamerikan, Australian eta Ozeano Bareko herrialdeetan».
Kuma Ndumbe Kamerungo Jaundeko Unibertsitateko irakaslearen hitzak dira, Bigarren Mundu Gerrako benetako galtzaileen egoera ederki asko laburbiltzen dutenak. Alemaniako Berlinen aurrena eta herrialdeko beste hiri batzuetan gero, inoiz izan den gerrarik tragikoenaren alde ezkutua eskaintzen duen erakusketa ikusteko aukera dago. «Hirugarren Mundua Bigarren Mundu Gerran» izenburua eman diote bildumari eta eskola publikoetan eskaintzeko asmoa dute. Koloniako Rheinisches Journalisten Büro kolektiboko kazetariek prestatu dute lana, Karl Rosselen zuzendaritzapean. Irabazleen pareko galtzaileak, benetako galtzaileen egoera nabarmentzen.
Zenbatu gabeko biktimak
Zenbat lagun hil zituzten Bigarren Mundu Gerran? Horietako zenbat ziren zibilak? Zenbat Europako herrialde aberatsenetakoak eta zenbat munduko herrialde pobretuetakoak?
Euskarazko Wikipedian 56 milioi pertsona hil zituztela esaten da, baina Berlingo erakusketaren arabera, mundu osoko hildakoak kontuan hartuta, benetako kopurua 70 milioitik gora doa. Ndumbe irakasleak dioen moduan, biktima guztiak ez dira berdinak, asko zenbatu ere ez baitituzte egiten. Erantsi daiteke aldi berean, geroztik nagusitu diren ideien arabera, gerrako biktimarik biktimenak juduak izan zirela, beraiei buruzko makina bat film, liburu, erakusketa, ekitaldi eta abar egiten baita etengabe edozein lekutan. Koloniako kazetarien lanak gauzak bere tokian jartzen ditu.
Ofizialki, Bigarren Mundu Gerra 1939ko irailaren 1ean hasi zen eta 1945eko irailean bukatu, nahiz eta Txina eta Japoniaren arteko gerrak bi urte zituen Europako sua bazter guztietara hedatzen hasi zenean. Gainera, Munduko herrialderik populatuenean ez zuten bakerik izan 1949an Maok eta bere jarraitzaileek agintea lortu zuten arte.
Kolonialismo garaia
1939ko munduan kolonialismoa zen nagusi: Europako estatuek kontinente guztietako lurraldeak menperatuta zituzten, bertako baliabideak ustiatzeko, «lapurtzeko» hobe esanda. Britainiarren indar koloniala gainbehera zetorren, baina artean ikaragarria zen, mundu osoaren laurdena baitzegoen Londresen aginduetara.
Frantses Estatuak Europan baino hogei aldiz lur gehiago zuen Europatik kanpo, eta kolonia guztien biztanleak kontuan hartuta bere populazioa 100 milioi pertsonetara iristen zen.
Herbehereek Mendebaldeko Europa osoa baino azalera handiagoko lurrak zituzten koloniatan. AEBek Filipinak eta Ozeano Bareko makina bat artxipelago zituzten mendean. Ozeano Bareko iparraldea, Korea, Taiwan eta Txinako ipar-ekialdeko zati handi bat zeuzkan kolonizatuta Japoniak. Italiak ere lurralde asko bereganatu zituen Afrikako ekialdean: Mussoliniren garaian, Italia baino lau aldiz handiagoa zen azalerako zatia zeukan Afrikako ekialdean. Alemaniak berak izan zituen koloniak Asian eta Afrikan, baina Gerra Handiko porrotaren eraginez galdu egin zituen.
Abisiniako sarraskiak
Txinarentzat Bigarren Mundu Gerra 1937an hasi bazen, milioika afrikarrentzat 1935ean jarri zen abian, Europan baino lau urte lehenago alegia. Benito Mussolinik, duce bilakatu ondoren, Abisinia edo Etiopia konkistatzeko kanpaina abiarazi zuen. Bere armadak 300.000 soldadu zituen, horietako erdiak Eritrea eta Somaliakoak. Abisiniarren arma ahulek ezer gutxi egin zezaketen italiarren ziape edo mostaza gasaren eta tankeen aurka. Gaur egungo Palestinako kontua dirudi. Italiak Addis Abeba 1936an bereganatu zuenerako, 150.000 zibil hil zituzten. Baina ondorengo okupazioak ez zuen bakerik ekarri: era guztietako bortxaketak eta torturak nagusitu ziren eta uste da 500.000 gerrillari zituela garaiko erresistentziak. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, bertan kokatu zen Afrikako ekialdeko frontea: hiru kontinentetako hamazazpi herrialdetako tropek esku hartu zuten 1941eko apirila arte luzatu zen gatazka armatuan.
Britainiarrek ere kolonietako soldadu ugari erabili zituzten: hamaika milioitik bost milioi ez ziren britainiarrak. Afrikako milioi bat lagun sartu zituen bere armadan, kasu gehienetan behartuta. Ardatzeko potentziek Afrikan zituzten lurralde guztietan aritu ziren borrokan: Etiopian Italiaren aurka, Libian Alemania eta Italiaren aurka, Madagaskarren Vichyko errejimenaren kontra... Baita Birmanian japoniarren kontra ere.
Soldata txikiagoa
Soldadu britainiarrek baino gutxiago kobratzen zuten kolonietakoek, janari gutxiago ematen zitzaien eta «umeen pentsamoldea» zutela esaten zuten beraien ofizialek. Heriotza zigorra izaten zen egoera horren aurka azaltzen zirenentzat. Aukerarik izanez gero, ihes egiten zuten: Afrikako ekialdean 1944an eta 1945ean 25.000 afrikarrek desertatu egin zuten.
Frantsesek ere erabili zituzten kolonietako herritarrak. Gerra hasi zenean, 1939ko irailean, garaiko gobernuak 500.000 afrikar erreklutatu zituen. Alemaniarrek frantsesak garaitu ondoren, nazien esanetara zegoen Vichyko errejimenak tropa horietako asko Afrikako iparraldean erabili zituen. Beste askok, berriz, bat egin zuten aliatuekin Siriako eta Afrikako gerretan. De Gaullek beste 100.000 errekrutatuko zituen 1943an, Europa berreskuratzeko kanpainan esku har zezaten. Hori bai, garaipena ospatzeko garaia iritsi zenean, ezkutatu egin zituzten soldadu afrikarrak, De Gaullek ospakizun «zuriagoa» nahi baitzuen. Iheslari eremuen tankerako lekuetan sartu zituzten eta askok 1947ra arte ez zuten Afrikara itzultzeko aukerarik izan.
Barrikadaren bi aldetan
Erakusketak kasu esanguratsu baten berri ematen digu: Yoro Ba senegaldarra Vichyko errejimenaren armadan sartzera behartu zuten 1940an. Ardatzaren aldeko borroka egin behar izan zuen orduan. Errejimen horren esku zeuden Afrikako mendebaldeko lurraldeak aliatuek bereganatu zituztenean, Ardatzaren aurka hasi behar izan zuen. Proventzako lehorreratzean esku hartu ondoren, Frantzia askatuko zuten tropen artean zegoen. Baina gero baztertu egingo zuten, ordurako aliatuen esku zegoen Alemaniako eremu batean. 1947an itzuli zen etxera, Senegalera. Gaur egun hilean 13 euro ematen dizkio frantses Gobernuak Yoro Bari.
Herrialde pobretuetako soldaduak erabiltzeko garaian frantsesek zein britainiarrek beraien arrazakeria agerian utzi bazuten, are argiago utzi zuten naziek. Gerra Handian porrot egin izanaren eraginez, herrialde garaileek oso zigor ekonomiko eta politiko larriak ezarri zizkioten Alemaniari. Koloniarik gabe geratu zen. Afrikan izan zituenak berreskuratu eta handitzeko egitasmoa prestatu zuten naziek. Europako ekialde osoa mendean hartu ondoren abian jarri nahi zuten egitasmo hori, baina Sobietar Batasunaren erresistentziak hankaz gora bota zituen asmo horiek. Edonola ere, paperean oso aurreratuta zeuzkaten: meategiak eta plantazioak nagusi ziren koloniak administratzeko pertsonak biltzen hasi ziren, eta «arrazak ez nahasteko» gomendioak eta legeak prestatu zituzten.
Garai hartako egitasmoen arabera, Madagaskarren elkartu behar zituzten Alemaniako lau milioi juduak. Baina aliatuak nagusi ziren itsasoan eta uhartea urrutiegi zegoen. Azkenean Europan bertan eraikitako eremuetan burutu zuten gerora Holokaustoa bezala ezagun egin den sarraski sistematikoa.
«Beltzik ez preso hartu»
Naziek 1940ko ekainean frantses indarrak garaitu ondoren, 100.000 inguru afrikar alemaniarren esku geratu ziren. Horietako 3.000 inguru berehala hil zituzten, zuriak ez izateagatik, besterik gabe. Karl Holz naziek Belgikan ezarritako agintariak beltzik preso ez hartzeko agindua eman zuen. Lyon hiritik gertu dagoen Chasselay herrian, afrikar fusilariz osatutako unitate osoa sarraskitu zuten: ofizial zuriak baino ez zituzten bizirik utzi.
Gerra amaitu ondoren ere, arrazakeria nagusi. 1944ko abenduan Senegaleko 1.300 fusilari itzuli ziren herrialdera, horietako asko alemaniarren eremuetatik bizirik ateratakoak. Dakar ondoko Thiaroye herrian elkartu zituzten. Soldata kobratu zain zeuden. Baita armada uzteagatik agindutako saria kobratu zain ere. Alemanian preso egondakoei 5.000 frankokoa egokitzen zitzaien, teorian behintzat. Afrikarrei iruzur egin zieten ordea. Fusilari ohiek ofizial bat bahitu zuten, beraien eskubideak errespeta zitzaten. Ofiziala aske utzi zutenean, abenduaren 1eko goizaldean, ibilgailu blindatuek fusilarien eremua inguratu zuten eta tiro egiten hasi ziren. 300 hildako izan ziren.
Askatzaileen inspirazio
Matxinadako hogeita hamar «buru» epaitu eta kartzelatu egin zituzten. Horietako bost espetxean hil ziren. Amnistia 1947an iritsiko zitzaien. Thiaroyeko sarraskiak agerian utzi zuen kolonizatzaileen benetako izaera eta gerora Afrika osoan hedatuko ziren askapen mugimenduen inspirazio izango zen.
Setif Aljerian dago. 1945eko maiatzaren 8an gerraren bukaera ospatzen ari ziren bertan. Agindu zitzaien askatasuna berehala emango zitzaiela, kolonia izatetik estatu izatera pasako zirela. AEBetako, Britainia Handiko eta frantses Estatuko banderen artean, Aljeriako bat ikus zitekeen. Festa giroko manifestazioa Cafe de Franceren parera iritsi zenean, «frantses komisario batek bere colta atera zuen eta jendeari tiroka hasi zen. Beste batzuek balkoietatik egiten zuten tiro», Lamri Bouras lekukoak adierazitakoaren arabera. Ehunka hildako utzi zituen sarraskiak protesta ugari eragin zituen. Armadak isilarazi zituen protestak. «Soldaduek gauza guztien aurka egiten zuten tiro», esan du Haada Manik.
Etxekoak erail dituztenean
Koloniako agintariek esan zuten 1.500 hildako izan zirela. Aljerian kalkulatu dute frantsesek 45.000 pertsona hil zituztela.
Egoera hori aurkitu zuten beraien etxean Europa askatzen ibilitako milaka soldadu aljeriarrek. Maiatzaren azken egunetan itzuli ziren, baina etxekoekin egoteko aukerarik ez zitzaien eman. Horrela kontatu du berari gertatutakoa Lounes Hanouzek: «Kerrattara iritsi nintzenean, jende asko ikusi nuen ilaran jarrita. Negarrez ari ziren eta niri zerbait esan nahi zidatela iruditu zitzaidan. `Non dira nire etxekoak? Non da nire aita?', galdetu nien. Azkenean erantzun bat jaso nuen: `Kamioi batera igota ikusi zuten azkenekoz'. Kerrattako sakanera eraman zuten. Han, zubian, zera galdetu zioten nire aitari: `Zurekin ala semearekin hasiko gara?'. Fusilatu zuten lehena bera izan zen. Gerratik itzuli eta gure familia eraila izan zela ikusi behar izan genuen. Ezin da hori ahaztu», bukatu du Hanouzek.
Herrialde pobretuetako milaka herritar bortxazko lana egitera behartu zituzten Europako kolonizatzaileek. Gerra ondorengo kalte-ordainen banaketan ere, herrialde horietakoek besteek baino gutxiago jasotzen zuten. «Frantsesen iritziz, gu betiko soldadu beltzak ginen, txanpon batzuk emanda konforme geratzen zirenak. Baina gerran balek ez zuten zurien eta beltzen arteko bereizketarik egiten eta guztiok era berean hiltzen ginen», esan du Issa Ongoiba Maliko Bamakoko Beteranoen Elkarteko kideak.
Puerto Ricoko eta Karibeko beste uharteetako hamarka mila boluntariok ere esku hartu zuten gerran, horietako batzuek Frantziaren askapenean eta Alemaniaren konkistan. Mexikoko hegazkin talde batek Filipinetako gerran esku hartu zuen eta 25.000 brasildarrek Italian. Monte Casinoko borrokan horietako 500 hil ziren.
Salomon Uharteetara 1943an iritsi zen gerra. Ozeano Bareko artxipelagoan estatubatuarrak japoniarren aurka aritu ziren borrokan. Biuku Gasa aliatuen aldeko informazio lana egiteko prest zegoen: Aaron Kumasi lagunarekin batera eta arrantzale itxurarekin, japoniarren mugimenduak aztertzen zituen, gero horien berri estatubatuarrei emateko. Halako batean, beraien piragua txikian zihoazela, uharte txiki batera iritsitako AEBetako soldaduak ikusi zituzten. Laguntza eskaini zieten eta horrela lortu zuten John Fitzgerald Kennedy kapitaina eta bere lagunak salbatzea. «Niregatik izan ez balitz, AEBek inoiz ez zuten izango Kennedy izeneko presidenterik» esaten du gaur egun Gasak.
Merkeenak, aborigenak
1940an Australiako aborigenek ez zuten eskubiderik legediaren arabera (ofizialki ez zitzaizkien 1967ra arte onartu), baina gerrarako balio zuten. Japoniarrek Darwin hiria bonbardatu ondoren, Australiako iparraldeko itsasertza zaintzeko ardura eman zitzaien, Japoniako tropak bertan lehorreratuko zirelakoan. Oso merke atera zitzaien Australiako agintariei, armarik eta janaririk ez baitzuten behar (beraien betiko teknikak basoan erabilita, behar zuten guztia eskuratzeko ahalmena zuten). Sokak, aizkorak, pipak eta tabakoa bezalako produktuak ematen zizkieten, beraien lanaren truke. Australiako agintariei asko kostatu zitzaien aborigenek egin beharreko lana zein zen uler zezaten. Urte batzuk lehenago, neska batzuk bortxatu zituzten arrantzale japoniarrak hil zituzten aborigenak oso gogor zigortu zituzten agintari horiek. Aborigenei asko kostatu zitzaien lehen debekatuta zegoena, orain baimenduta eta sarituta zegoela ulertzea.
Indian zegoen kolonietako armadarik handiena. Garai hartan 320 milioi biztanle zituen Indiak. 2,5 milioi lagunek osatzen zuten Royal Indian Armya. Nepaleko gurkak beste 120.000 ziren. Horiei Afrikako soldaduei baino tratu hobea ematen zieten: Afrikan ofizial guztiak zuriak baziren, Indian bertakoak ere baziren: 14.000 indiar iritsi ziren ofizial izatera Bigarren Mundu Gerran. Erretiratutakoan, pentsioak kobratu zituzten, britainiar jatorrizkoek baino txikiagoak, hori bai.
India, bataila eremu
India bataila eremu ere izan zen. Ekialdeko hiriak bonbardatu zituzten japoniarrek eta itsaspekoek aliatuen 23 zamaontzi hondoratu zituzten. Indiako 60.000 soldadu inguru hil ziren eta beste 80.000ren bat preso egin zituzten alemaniarrek, japoniarrek edo italiarrek.
Ekialde Hurbilera beranduegi iritsi zen Alemania. Frantsesek eta britainiarrek posizioak hartuak zituzten. Arabiarren kolonialismoaren aurkako jarrera nazien alde erabiltzen saiatu ziren Hitlerren estrategak. Nazien aldeko talde eta mugimenduak sortu zituzten Egipton, Sirian, Iraken eta Palestinan. Garai hartan britainiarren esku zegoen Egiptoko Faruk erregeari Mercedes-Benz Sport luxuzko autoa oparitu zion Hitlerrek berak 1938an. Aliatuek Afrikako iparraldeko borrokan porrot egiten zuten bakoitzean, arabiarren itxaropena, kolonia izateari uzteko itxaropena, hazi egiten zen.
«Etsaia herrialdetik ateratzeko aukera bakartzat genuen britainiarrek porrot egitea», esango zuen handik urte batzuetara Anwar El Sadat Egiptoko presidente izatera iritsiko zen gizonak. El Sadat bera britainiarrek atxilotu zuten 1942an, Alemaniako espioiek dirua eman zioten momentuan.
Arabiarrak eta juduak
Tunisian, berriz, tankerako kalkuluak egiten zituzten Frantziaren kolonia izan nahi ez zutenek. Hitlerrek aginduta, «arabiar legioak» eratu zituzten naziek. Kaukason, hizlari islamiarrak erabili zituzten naziek, Txetxenia eta Stalinek gaizki tratatutako beste herrietako biztanleak Sobietar Batasunaren menpetik ateratzeko. Sionismoaren eraginez juduz betetzen ari zen Palestinan ere aurkitu zuen aliaturik Hitlerrek. Hadji Amin el-Husseini Jerusalemeko muftiak nazien diru laguntzak jaso zituen eta Hitlerrek berak hartu zuen bere egoitza nagusian. Iraken, alemaniarrek britainiarren aurkako estatu kolpea bultzatu zuten. Britainiarrak itzuli zirenean, Bagdaden ehunka judu hil eta milaka zauritu zituzten. Garai hartan, Bagdadeko arabiarrek beraien etxeetan ezkutatu zituzten bizilagun juduak.
Potentzia kolonialen aurka egiteagatik naziekin eta Ardatzarekin bat egin zuten milaka lagunek Indian eta Birmanian ere. Subhas Chandra Bose Indiako politikariak nazien errejimeneko ezaugarriak izango zituen India eraikitzearekin egiten zuen amets. Naziek beraien kontzentrazio-esparruetan preso zituzten 3.500 indiar errekrutatu zituen Indiar Legioa eratzeko. Berak bildutako armada frantses erresistentziako kideak harrapatzen ibili zen. Gero, Singapurrera joan zen eta bertatik 50.000 boluntario indiar aurkitu zituen japoniarren kontra Birmanian borrokatzeko. Hegazkin istripu batean hil zen, britainiarrei ihes egin nahian. Bere izena daramate egun Bengalako makina bat eskola, unibertsitate, tren geltoki eta abarrek. Baita alderdi politiko batek eta Kalkutako nazioarteko aireportuak ere.
Birmania izan zen britainiarren kolonizazioa gehien jasan zuen herrietako bat. Horrexegatik, Birmania bera izan zen kolonizazioaren aurka gogorren egin zuen herrietako bat. Bertan britainiarrek atzera egin beharra izan zutenean, askatzaile moduan hartu zituzten japoniarrak Rangun hiriburuko kaleetan, nahiz eta hiriak japoniarren bonbardaketak jasan behar izan zituen hilabete batzuk lehenago. Japoniarekin bat egin zuen armada eratu zuten, japoniarrak britainiarren tankerakoak zirela konturatu ziren arte. Horregatik, gerraren azken fasean, japoniarren aurkako borrokan hasi ziren. Birmaniako 250.000 zibil hil zituzten gerran, Britainia Handiko kopurua laukoiztuz.
Bengalako gosetea
Indiako ekialdeko Bengala probintziara Birmaniako borroken eraginez iritsi zen gerra. Arroza lortzea gero eta zailagoa zen eta salneurriak gora egin zuen. Ikaragarri garestitu zen Asiako ekialdean hain oinarrizkoa den janaria. Jendea gosez hiltzen zen. Kalkuta hirian 100.000 eskale zenbatu zituzten 1944an. Lau milioi pertsona inguru hil zituen goseteak. Winston Churchillek aipatu ere ez zuen egin gosetea, sei tomo dituen Bigarren Mundu Gerraren historian.
Filipinetara ere iritsi zen gerra. Nola iritsi, gainera! Honela azaltzen du Ricardo Trota Jose historialariak orduan gertatu zena: «Asiako hegoaldeko beste edozein herrialdetan baino hildako gehiago utzi zituen Bigarren Mundu Gerrak Filipinetan. Eskualdeko beste inon ez zen izan hemen izan genuen txikizioa. Gobernuak ematen dituen datu ofizialen arabera, gerrak 1,1 milioi filipinar hil zituen, hau da, artxipelago osoko populazioa kontuan hartuta, hamasei lagunetik bat hil zen».
1945ean bukatu zen gerra. Alemaniak amore eman zuen maiatzean eta Japoniak irailean. Aurretik, AEBek bi bonba nuklear bota zituzten Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hirien aurka, ehunka mila hildako eraginez eta mundu osoari bere armen berri emanez.
Bakerik ez
Baina bakerik ez zen izan leku askotan. Txinan gerra zibilarekin jarraitu zuten 1949ra arte; Malasia, Indonesia eta Filipinetan kolonizatzaileen aurkako borrokan segitu zuten; Korea bi estatutan banatu zen eta teknikoki oraindik amaitu gabe dago 1950ean hasitako gerra, dagoeneko hiru milioi hildako eragin dituena; Indotxinak beste 30 urte jarraituko zuen borrokan, frantsesen eta estatubatuarren kontra (Vietnamen Alemanian baino bonba gehiago bota zituzten estatubatuarrek); garai bateko Indiatik egungo India eta Pakistan sortu ziren, beti elkarren artean borrokan aritzen diren potentzia nuklearrak; Ozeano Bareko uharteak proba atomikoen laborategi bihurtu dira, eta oso urrutiko armaden egoitza; eta Afrikan eta Ekialde Hurbilean, gerra eta borroka besterik ez dituzte ezagutu, gaur arte.




