Gorka Elejabarrieta
2009ko Azaroaren 13a
2010eko urtarrilaren 1aren geroztik eta sei hilabetez Estatu espainolari dagokio Europar Batasuneko lehendakaritza hartzea. Beraz, Jose Luis Rodriguez Zapatero Europar Batasuneko lehendakari bihurtuko da. Jose Maria Aznar ere Europar Batasuneko lehendakaria izan zen. Europako Parlamentuaren aurrean bota zuen lehenengo diskurtsoan, terrorismoaren kontrako borroka izan zuen hizpide. Bere mezua argia bezain beldurgarri eta mehatxagarria izan zen. Eta ez euskaldunentzat soilik: bakezale, ekologista, antimilitarista, ezkertiar, disidente oro sartu zuen Aznar jaunak terroristen zaku zabal eta sakonean. Espainiar lehendakaritza horren sei hilabeteak inork gutxik gogoratzen ditu. Europan zein estatu espainolean.
Aznarren garaiaz Europak gogoratzen duen bakarra Irakeko gerra eta 2004ko martxoak 11ko atentatuak dira. Giza eskubideen defentsan aritzen diren nazioarteko adituek 18-98 sumarioa, tortura, eskubide zibil eta politikoen murrizketa eta euskaldunen kontrako jazarpena ere gogoratzen dituzte. Garai ilunak eta gogorrak. Gogorrak euskaldun abertzaleentzat bereziki.
Aznarrek euskal gatazka konpontzeko aukera galdu zuen. Bere garaia pasa zen, eta gurean beste politikari espainol mediokre eta tirano bat bezala oroitua izango da. Besterik ez. Asko baitira gure herritik igarotako espainiar estatu buruak. Asko dira ere desagerraraziko gintuztela uste izan zutenak. Horietako bakoitzak bere ibilbide politikoa nola amaitu zuen historia liburuetan eta prentsa hemeroteketan aurki daiteke. Beraiek joan ziren, ezker abertzaleak eta euskaldunen autodeterminazio eta independentziarako grinak tinko jarraitzen dute.
Eta orain Zapatero dugu, behin Aznarrek erabilitako aulkian eserita. Eta Aznar jauna bezala, Zapatero ere, Europar Batasuneko lehendakaria izango da. Orain arte behintzat ez du ezer onik erakutsi.
Nazioartean giza eskubideen defentsan aditu direnek egiten dituzten informeetan ez da aldaketa nabarmenik nabaritzen. Torturak berdin-berdin jarraitzen du, baita ere alderdi politikoen ilegalizazioak, aktibista politikoen kriminalizazioak eta kartzelaratzeak eta beste hainbat eskubide zibil eta politikoren murrizketak. Gatazken konponbidean aditu direnak esaten dituztenak entzunda (Brian Currinek Kursaalean adibidez) ez dirudi Aznarretik Zapaterora gauzak asko aldatu direnik ere.
Zapaterok, Aznarrek bezala, euskal gatazka konpontzeko aukera izan zuen. Baita alferrik galdu ere. Aznarrek bezala, Zapaterok ere nahiago du egungo status quoa mantentzea. ETA erakundearekin hitz egitera eseri ziren biak. Eta biek ere mintzakide izan zituzten ETAko ordezkariak atxilotu zituzten.
Moncloako webguneak adierazten duenez, Europar Batasunaren lehendakaritza bereziki garrantzitsua da espainolentzat. 27 estatu kideko Batasuna zuzenduko duelako, 12 edo 15ekoa beharrean. Marko instituzional berria, Europako Parlamentu eta Europako Batzorde hautatu berriekin. Eta azkenik, marko konstituzional berria ere badagoelako, Lisboako Itunaren onarpenaren ostean sorturikoa.
Inoiz egon den Europako Parlamentu eskuindarrena egonik, ez dirudi Batzordea atzean geratuko zaionik. Ezin esan ere Lisboako Ituna oso progresista denik. Eta honen guztiaren gidaria Zapatero jauna izango bada, sei hilabetez bakarrik izan arren, ezin ezer onik itxaron. Moncloak berak lehendakaritzarako zehazten dituen helburuak ikusirik, hirugarren tokian barne segurtasuna dago, ez da nobedade handirik aurreikusten.
Europar Batasunak neoliberalismoaren bidea hautatu zuen aspaldi, eta bide horretan aurrera pausuak ematen ari da. Ez dirudi gaur egun Europar Batasunean dagoen ezkerrak joera hori aldatzeko gaitasuna duenik. Ezkerraren presentzia txikia eta testimoniala bilakatzen ari da. Eraldatzailea beharko lukeen ezker horrek ez du babes nahikorik lortzen.
Eta artikulua amaitzeko Europako instituzioetako alderdi positiboago bat ekarri nahiko nuke denon gogora. 2006an Europako Parlamentuak euskal gatazkaren konponbidearen aldeko ebazpena onartu zuen. Zapateroren alderdikideen bozekin onartu ere. Ebazpen horrek, estatu kideei eta europar instituzio beraiei ere gatazkaren konponbidean lagun zezaten eskatzen zien. Ebazpen hori indarrean dago oraindik.
2006ko urtarrilean hamaika eurodiputatuk euskal gatazkaren konponbidearen aldeko Friendship taldea sortu zuten. Geroztik hor ibili dira, garai onetan eta txarragoetan lanean. Ziur, aurrerantzean ere, Zapatero jaunari Euskal Herrian dituen egitekoak gogoraziko dizkiotela.




