Unai Gorrotxategi
2009ko Azaroaren 06a
Twitter ezagunagoa den heinean, jendea beste erabilera mota batzuk ematen ari zaizkio. Edo hobeto esanda, erabilera gehiago ematen ari zaizkio. Hasieran, «zer egiten ari garen» esateko balio bazuen ere, gaur egun hainbat arrazoi eta helburutarako erabil daiteke sare soziala. Edonork erabil dezakeen zerbitzu hau ideia bat, mezu bat, 140 karakteretan idaztean datza, eta enpresetatik hasi eta aktibistetaraino, helburu askotarako erabil daiteke.
Honela, erabiltzaileak ordenatuago izan ditzakegu. Gure kontaktuak ordenatzeaz gain, besteek sortzen dituzten zerrendetan ere harpidetu gaitezke. RSS jario irakurgailu batek egiten duen antzera, baina kasu honetan, Twitterreko jarioekin. Zerrenda bakoitzak bere orri independentea dauka, erabiltzailearen jario nagusitik bereizia, eta beraz, jario nagusia eta zerrendetako jarioak ez dira nahasten. Gainera, erabiltzaile bakoitzak erabakitzen du bere zerrendetatik zeintzuek izan behar duten publikoak eta zeintzuek, pribatuak.
Oso erabilgarria izan daiteke. Ehunka kontaktu izan beharrean, zerrendetan bana daitezke. Kontaktuak haiek lantzen dituzten gai nagusietan etiketatuaz, interesatzen zaigun momentuan baino ez dugu ikusiko gai jakin batez esandakoa. Kaosa izan zitekeenari ordena pixka bat ekarriko dio.
Dagoeneko berrikuntza honen inguruko webguneak sortu dira: "Listorious" (http://listorious.com/) izeneko webgune bat, Twitterreko zerrendak gaika sailkatzen dituena, eta "Top Twitter Lists" (http://www.vobios.com/twitter-lists/), jarraitzaile gehien duten zerrendak zerrendatzen dituena, adibidez. Haiez gain, Twitter erabiltzen duten aplikazioak ere hasi dira ezaugarri berri hau inportatzen.
Hau guztia oso ondo dago, baina alde iluna ere badago. Izan ere, zerrendak osatzen ditugunean, gure kontaktuak etiketatzen ari gara, eta guk gure kontaktuak etiketatzen ditugun bezala, besteek ere gauza bera egin dezakete gurekin.
Facebooken, adibidez, norbaitek etiketatzen bazaitu, zeure etiketa ken dezakezu edozein momentutan. Twitterren sistema honekin, ordea, hori ezinezkoa izango da. Gure gustukoak ez diren hitzekin edo gure intimitatea urratzen duten informazioekin sailkatzen bagaituzte, ezin izango dugu ezer egin. Hau da alde ilunena. Agian joera hau berria zaigulako. Orain arte ez baitugu folksonomia pertsonetan modu masiboan eta publikoki aplikatu. Ondorioak ikusteke daude.
Dena den, Twitterren eboluzioan zeresan ugari eman dezakeen ezaugarria da zerrendena. Sare sozialaren erabilera alda dezake. Beharbada, zerrenda hauetatik mezuak jasotzeaz gain, zerrendako partaideei bidaltzeko aukera izango bagenu (nolabaiteko kontrolarekin), askoz ere interesgarriagoa izango litzateke; etorkizunean, agian. Baina, hala eta guztiz ere, zer esana emango duen berrikuntza da.




