Zenbat aldiz ireki ote dugu txorrota? Eta oraindik ez gara ohartu bertatik isurtzen dena kolorerik gabeko urrea dela. Donostiako aditu honek urik gabe bizirik ez dagoela nabarmendu, eta gaia lehenengo planoan jarri nahi izan du, lehengai honekin lotutako kontzeptuak ulertzen ez ditugun bitartean ez garelako gai izanen gure bizitza eta gizartea ulertzeko.
Maider Iantzi
2009ko Azaroaren 06a
Ekain Martinez Lizarduikoak liburu bat kaleratu berri du, ura bizitzaren oinarria dela eta zaindu egin behar dugula aldarrikatzeko. Azaltzen duenez, urez hornitzea ezinbestekoa den une beretik, eta aukera hori zailtzen den une beretik, arazoak sor daitezke eta sortzen ari dira. Gaur egun, 300 gerra deklaratu daude urarekin zuzenki lotuta, eta deklaratu gabeko bertze anitz eta anitz. Maiz, gerrak bakarrik hartu ohi ditugu kontuan, baina urak bertze hainbat eragin ere baditu: giza migrazio masiboak, adibidez. Martinez Lizarduikoaren arabera, lehengai honen premia gero eta handiagoa denez, gatazka gehiago eta gogorragoak sortuko dira etorkizunean. Hala ohartarazi du Mediterraneoko Uraren Institutuko ohorezko lehendakari Manuel Ansedek ere: «Ura XXI. mendeko gatazka handien sorburu izango da».
Ura ez da amaigabea eta martxa honetan agortu eginen dugu, beraz, ez da bizirik izanen. Nola gainditu egoera tragiko eta arriskutsu hau? Donostiako antropologoaren arabera, izugarrizko lana dugu egiteko. Buelta eman behar diogu guztiari, bai heziketan, bai kontsumoan, eta maila handiago batean, politiketan. Lehenengo zeregina urari behar adinako garrantzia ematea da, benetan baloratzea, lan intelektual hori egitea eta hortik aurrera pausoak ematea.
Ura ezinbesteko elementua da, baina ez du kolorerik eta ez dugu ikusten.
Ez dugu inondik inora baloratzen eta horren arrazoiak oso azpikoak direla uste dut. Adibidez, txikitatik uraren zikloa erakutsi digute: lurrundu eta kondentsatu egiten da, euria erortzen da, erreketatik ozeanora joaten da eta hodeietara bueltatzen da. Beti saldu izan digute zer edo zer amaigabea izango balitz bezala. Liburuan, horri buelta ematen saiatzen naiz eta jendeari ikusarazten ura egon badagoela, baina uste duguna baino askoz ere gutxiago. Lurra urez beteta dago, baina %2,5 bakarrik da geza eta horretatik gehiena poloetan dago izoztuta. Edangarria edo gizakiarentzat erabilgarria den ura planetan dagoen guztiaren %0,007 dela kalkulatzen dute. Oso lehengai urria da, bizitzaren oinarrietako bat, eta zaindu egin behar dugu. Kontraesan hori dago: ur kantitatea beti bera dela irakatsi digute beti, baina ez da hala. Horregatik, liburuan oreka hidrografikoaz hitz egiten dut eta oreka hori guztiz apurtu dela planteatzen dut.
Zer erran nahi du horrek?
Naturari ez diogu hartu diogun ur hori berreskuratzeko behar duen denbora ematen. Kontsumo burujabea egingo bagenu, beti izango genuke ur kantitate bera. Gaur egun, ez da hori gertatzen, ordea. Gizakientzat edangarri eta erabilgarri den ura gero eta murritzagoa da, eta gure jarrera, heziketa, politika aldatzen dugu edo etorkizunean ez dugu urik izango, beraz, ez da bizitzarik egongo.
Liburuan aipatzen dituzun datuen arabera, 2025erako eskaria %56 handiagoa izanen da.
Sekulako desoreka izango da: gero eta jende gehiago bizi gara eta herri garatuetan gero eta ur gehiago xahutzen dugu.
Batzuk ura pribatizatzen ari dira. Gure artean, modan dago botilak erostea. Bertze batzuentzat, ordea, ura publikoa da, gizadi osoaren ondarea.
Ura bizitzeko elementua den momentutik guztiok, guzti-guztiok, dugu eskubidea eskuragarri izateko. Ondasun unibertsala eta publikoa izan behar du. Zer gertatzen da? Gaur egun, dena pribatitzatzeko joera dago eta multinazional askok dirua ikusi dute. Ez da ur botilatuaren negozioa soilik, ur gezaren kontzentrazio handia dagoen lekuetan esku pribatuak ari dira horietaz jabetzen. Guztiona beharko lukeen lehengaia enpresa gutxi batzuen eskuetan gelditu da, eta beraiek nahi duten bezala kudeatu eta prezioa jartzen diote. Kafkianoa da: garapen bidean dauden herri askotan, aberatsek ura oso merke lortzen dute eta behartsuek ehun bider gehiago ordaindu behar dute. Horren atzean, gobernuak eta multinazionalak daude. Ur botilatuaren negozioa berria da, eta arrakasta handia izaten ari da, adibidez, Nestle, Coca-cola, Pepsi eta beste batzuk ere sartu dira. Askotan, iturriko ura besterik ez digute saltzen, akaso bitaminaren batekin. Dena den, behar baino askoz gehiago ordaintzen dugu. Berez, doakoa izan beharko litzateke, baina hor ere kontraesanak sortzen dira. Esan nahi dut: ura doakoa baldin bada, kontsumoa igo egingo da. Orduan, prezioren bat jarri behar bada, bakoitzaren ahalmenaren araberakoa izan behako litzateke. Bestalde, naturarekiko jarrera oso txarra da.
Herrialde behartsuenak dira urarengatik gehien ordaintzen dutenak.
Ezerk ez du logikarik gure begietatik ikusten badugu. Baina badu logika, begiratzen duten begien arabera: kontrola da, azken batean. Bizitzeko ezinbesteko elementu bat zure eskuetan baduzu, jendea kontrolpean duzu, boterea duzu.
300 gerra daude oraintxe munduan urarekin zuzenki lotuta.
300 gerra deklaratuta eta beste asko deklaratu gabe, baina, oinarrian, uraren kontrolarekin zerikusia duten gatazkak. Turkia, Siria eta Iran gatazkan daude etengabe. Tigris eta Eufrates ibaiak hiruretatik pasatzen dira; sorburua Turkian dute, ordea. Turkiak ur hori berea dela esaten du; Siriak eta Iranek, berriz, Mesopotamiako zibilizazioa bertan kokatu zela eta ura partekatu egin behar dela defendatzen dute. Nazio-estatuen barnean ere izugarrizko gatazkak izaten dira: hirigune eta nekazaritza guneen artean, etnia eta tribuen artean, klase altu eta baxuen artean... Etorkizunean, uraren premia gero eta handiagoa izango denez, orain baino gatazka gehiago eta gogorragoak sortuko dira, inongo zalantzarik gabe. Ez bakarrik gerrak, izugarrizko giza migrazioak kudeatu beharko ditugu. Jende askok mugitu behar izango du eta mugimendu horiek ura izango dute oinarri-oinarrian. Beti mugatzen gara gerretara, baina uraren gaiak alderdi asko ukitzen ditu.
Urtegiak eraikitzean, jende pila bat behartzen dute bere herria uztera. Begira Itoitzen zer egin zuten.
Itoitzen pasatu zena horren adibidea da, edo Yangzi, Txinan egiten ari diren Hiru Arroilen urtegi erraldoia. Herri ugari ur azpian geldituko dira eta bertako jendeak beste norabait joan beharko du bizitzera, horrek ekartzen duen guztiarekin: oinarri historiko-kulturala galtzea, bizi osoa alde batera uztea, migratzera behartuta sentitzea... Beti saltzen digute urtegi horiek egiteak onura asko ekarriko dituela, ez dizkigute azaltzen, ordea, dakartzaten ondorio lazgarriak. Eta Txinako kasu hau oso berezia da, gaixotasun asko sortu direlako. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Ura ezinbestekoa da edateko, garbitzeko, hainbat gauzatarako. Eta ur eskasiak eritasunak sortzen ditu.
Eskasiak eta kalitate txarrak. Herri askotan edaten den urak mikroorganismo toxikoak ditu eta horrek gaixotasun piloa sortzen du: kolera kasuak gertatzen dira, adibidez. Bi elementu horien gainean hitz egin behar dugu: ur eskasia eta kutsadura.
Lanaren bukaeran bada atal bat Aukerak izenekoa. Bertan, mundu mailako arazo honek tamaina bereko irtenbideak behar dituela azaltzen duzu.
Mundu mailako erantzunak eman behar zaizkio arazo global honi. Politika transnazionalak egin behar ditugu. Gero, nazio bakoitzean dituzten baliabideen eta beharren araberako politikak aurrera eraman behar dira. Gizartea hezi behar da, urari behar duen balioa emateko, lehenik eta behin eta, ondoren, ur horren kudeaketari dagokionez, ohituretan landu beharreko kontu asko dago. Beti hitz egiten dugu gaur egungo teknologiez eta, nire iritziz, nahitaezkoa da garapen teknologiko horiez baliatzea horrelako arazo larri bati aurre egiteko. Etorkizun iraunkor bat bideratuko duten politikak gauzatzea da kontua.
Pausoak eman behar dira eskolaz eskola, auzoz auzo...
Irakaslea naiz eta saiatzen naiz nire umetxoak uraren garrantziaz jabe daitezen. Beraiek ere barruan ura dutela azaltzen diet, bizitzaren oinarrietako bat dela eta amaitu egiten dela. Naturarekin orekan bizi behar dugula eta zaintzen jakin behar dugula irakasten saiatzen naiz. Bizitzaren sortzaile eta bizitzak jarraitzeko ezinbesteko elementua da eta hori baloratzen ikasten ez badugu, etorkizun oso iluna izango dugu. Makropolitikan har daitezkeen erabakiei dagokienez, argi dago ura lehengai publikoa dela eta guztiok dugula eskubidea eskuragarri izateko.
Hortaz, ura banatzeko azpiegiturak eta zerbitzuak mundu osora zabaldu behar dira.
Ez hori bakarrik: sistema berregituratu behar da, ur gezaren zati handi bat urtegietatik etxeetarako bidean galtzen delako.
Euskal Herriko egoera azaltzen duzu. Errate baterako, uraren garrantzi espirituala aztertzen duzu.
Urari izaera sinbolikoa ematen zaio, askotan sakratua, eta munduan dauden erlijioetan zein leku izan duen islatu nahi izan dut. Oso paper garrantzitsua du erlijio guzti-guztietan, bizitza sortzaile eta garbitasunarekin harremana duen elementu gisa. Euskal Herriko kontuarekin, liburu honetan aipatzen dut arazo global baten aurrean gaudela, baina atal bakoitzean saiatu naiz flash modura bertako kontuak sartzen, liburua garatu ahala, hainbat gai landu ditut, ikusteko ez garela mundutik kanpo bizi.
Gure toponimiak uraren garrantzia erakusten du.
Euskal Herriko orografia menditsua da, leize eta ibai asko ditu, eta beti izan du urarekin harreman zuzena. Elementu sinboliko garrantzitsua izan da eta herrien edo lekuen izenetan ere isla dauka. Nahiz eta kristautasunarekin izen asko galdu edo aldatu, urak gure artean izan duen alderdi sinbolikoa gorde egin da leku askotan. Ura horrela ulertzen dugu: indar birsortzaile eta aratzailea da, sendatu eta gaztetu egiten du, biziaren sinbolo da eta sorburu zentzua du. Ibai eta errekak bizitzaren metafora dira: ibaiaren sorburua bizitzaren sorrera da eta bokalea, heriotza. Ura hitza ez da toponimian agertzen, azpian doa. Lamiek gorputz erdia gizakiarena dute eta bestea arrainena, urarekiko lotura zuzena dago hor.
Erreken inguruan egiten da bizimodua.
Mundu osoan gertatzen da hori. Erreken inguruan bizitza sortu eta garatu egiten da: edateko, landatzeko, garbitzeko behar duzun lehengai preziatu hori ondoan daukazu. Ikusi besterik ez dago zibilizazio handiak nola garatu diren. Egiptoko zibilizazioa Nilo ibaiaren inguruan garatu zen. Noski, Euskal Herrian ere herri asko garatu dira erreken inguruan, eta beste elementu garrantzitsu bat burdinolak dira. XIV eta XV. mendeetan, erreken indarra aprobetxa zitekeela ikusi zuten. Etengabe agertzen dira loturak urarekin, izan daiteke errekan, ozeanoan edo itsasoan. Ura ezinbesteko elementua dela ez da niri sortu zaidan ideia bat, baizik eta historikoki zibilizazioen garapenean, erlijioetan, mitoetan ikusten dugu zer garrantzi duen. Txorrota irekitzen dugu eta ez gara konturatzen zer elementu preziatua den, ordea.
Falta zaigun arte.
Askotan gertatzen da hori, gauza bat falta zaigunean, orduan konturatzen gara. Baina ez dugu muga horretara iritsi behar konturatzeko. Orain da garaia benetako neurriak hartzeko eta behar adinako balioa emateko. Arazoari aurre egin behar diogu, ez dugu itxaron behar agortu arte. Uraren kultura berri bat behar dugu, arlo guztietan. Gizartea gizabanakook osatzen dugu eta erantzunak gizabanakotik hasi behar du, baina gizabanako guztiok ez dugu erabakitzeko eskubide bera eta hor lan bat egin behar da eta bultzatu benetan erabakiak hartzen dituztenak erabaki zintzoak eta koherenteak hartzera, ura guztiok behar dugulako, bai berak, bai nik, eta guztiok eskubide bera dugulako.
Euskal Herrian, 29 puntu beltz markatu ditu Greenpeacek. Eta gehien kutsatzen duten eta gehien kutsatuta dauden eskualdeetan minbiziaren eragina handiagoa dela ohartarazten dute ikerketek.
Ikerketa zientifiko askok esaten dute uraren kutsadura maila oso altua den lekuetan askoz minbizia kasu gehiago gertatzen direla eta, zehazki, Euskal Herrian, puntu beltz asko dago, kutsadura maila oso-oso altua duten toki ugari. Estatu mailan, tasa altuenetarikoa du.
Gainera, ibaien egoera hobetu beharrean, okertzen ari da.
Azken analisiek hori esaten dute. Zentzugabekeria da, ibai horiekin ere bizi gara eta oreka bilatu behar dugu. Lehen hitz egin dugu oreka hidrografikoaz, baina hori arazoetako bat da, beste arazo bat da gelditzen zaigun ur gutxi hori, etengabe gutxitzen ari dena, ez dugula zaintzen. Pasaiako badia da puntu beltz horietako bat. Begien aurrean dugun argazkia benetan tragikoa, arriskutsua eta erronkaz beterikoa da. Sustraitik aldatu behar ditugu gauzak, kalkulu askok esaten baitute urte gutxiren buruan ura izugarrizko arazoa izango dela eta ondorio katastrofikoak ekarriko dituela. Eta egia da.
Bertze datu kezkagarri bat da Euskal Herrian hezeguneen erdiak desagertu egin direla.
Ur edangarri gehiena akuiferoetan dago, hau da, lur azpian. Euria egiten duenean, ura zikina baldin badago ere, lurrak berak garbitu egiten du, baina hain kontsumo basatia daramagu, ezen akuiferoak husten hasi baitira. Hezeguneak akuiferoetatik elikatzen dira eta horien ur maila jaitsi ahala, hezeguneak desagertu egiten dira. Hezeguneak ezinbesteko elementuak dira inguruko ekosistemek eta bizitzak aurrera jarraitzeko, baita euria egiteko ere. Hezeguneak gutxitu ahala, euri gutxiago egiten du. Orduan, ekosistema aldatu egiten da, espezieak hil egiten dira... Kate bat da eta leku batetik mozten badugu, ondorioak katean etorriko dira.
DATUAK
Ekain Martinez Lizarduikoa 1980an jaio zen, Donostian. Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua, Lehen Hezkuntzan diplomatua eta migrazioetan unibertsitate espezialista da. Lehen Hezkuntzako irakaslea da eta hainbat lan argitaratu ditu, tartean, “Gerra Zibila Euskal Herrian” eta “Afrikari zor dioguna”. Eskoletan heriotza lantzeko proiektu bat darabil buruan, baita hezkuntzaren teorien liburu bat ere.




