Beņat Gaztelumendi
2009ko Azaroaren 06a
Araua da udan Ondarretara joatea. Gorputzen eskaparate, begiraden pasarela, dibertsioaren postal. Araua, besterik ez. Goizean sartu, etzan, igeri egin, bazkaldu eta iluntzean etxera. Hiru hilabete ordenagailurik gabeko bulego erraldoian fitxatuz. Udazkenaren etorrera bete gabeko ametsetatik esnatzearen modukoa izan da, begiak zabaltzean dinosauroak hor jarraitzen duela ikustearen antzekoa. Inoiz baino bakartiago, inoiz baino amorratuago. Oihu egiten du eztarriaren barru barrutik, bere mihi urdin mugagabea, zeruak eta urak batzen diren leku horretaraino iristen dena, gora eta behera mugituz. Bere hortz zuriak agertzen eta desagertzen dira etengabe, hondar aleak irentsi eta irentsi. Udako oinatzak berdindu dituzte haizearen esku izoztuek. Area buztin bihurtu dute. Turisten sandalia koloretsuek irribarre zuri bat margotu zuten hondarretan. Baina bukatu dira flashak, bukatu dira toallak. Euriak eguzkitako kremaren azken arrastoak maldan behera eraman zituen, eta kresalaren perfumea inoiz baino hotzagoa da orain.
Inoiz baino grisagoa da Ondarretaren gaineko harresia. Udazkenak zerurainoko gortina bat ireki du. Antiguako tunelean sartzen dira autoak, motorrak, autobusak eta bizikletak, inurriak bailiran. Orain dela bi hilabete inurriak hondarretan etzaten ziren modu berean. Beltzak dira begiradak, beltzak bozina hotsak eta beltzak berokiak. Baranda zuriari itzalak irten zaizkio alde guztietan, itzali egin dira bere alde guztiak.
Baranda horretan ehunka beso pausatzen ziren orain dela bi hilabete, ehunka begirada paseatzen ziren hondarretan Ondarretan, galtzak orkatilen gainera jasota. Ehunka pertsona murgiltzen ziren dinosauroaren mihi lasaian. Hotzik ez denean hortzik erakusten ez duen aho horretan. Igeri egiten zuten, aurrera eta aurrera, dirudien baino urrunago dagoen uharteak inbidiaz begiratzen zien bitartean. Eta beste ehunka gorputz biluzi eguzkitan, Ondarretan.
Poltsa huts batekin jolasean ari da orain dinosauroaren mihi gosetia. Zaporerik gabeko poltsa bat, udan izozkiren bat ekarri zuena agian, edo hondarretan gaztelu bat egiteko palak akaso. Haurren batek hondarretan hondoratuko zuen desesperazio une batean. Urrunegi ikusiko zuen zakarrontzia, gertuegi mihi urtsua. Laburregiak hankak eta handiegiak haginak. Eta hantxe hondoratu zuen, hondarretan, gazteluaren azpian, amaren errietatik urrun, amets baten erraietan.
Uda etxeko kutxaren batean gorde dugu, azken bidaietako argazkien aldamenean. Ahaztu zaizkigu izozkien zaporeak eta ilunabarren edertasuna. Poltsa huts bat badoa dinosauroaren barrura. Ez gara ikusteko gai ordea. Tunelari baino ez diogu begiratzen.
Halako batean, hiru inurri agertu dira tunelaren ahotik. Beroki beltzak kendu eta bainujantzi koloretsuak erakutsi dizkiote zeru beltzari. Hondarretan hiru pausu agertu dira, eta beste hiru, eta beste hiru, eta beste hiru. Irribarre bat marraztu diote Ondarretari, eta desafio egin dinosauroari. Jauzi egin dute hortzen artera eta igeri egin dute mihiak gora eta behera darabiltzan bitartean. Ordu-erdiz egin dute jolas ur gaziarekin. Joandakoan, milaka hondar ale altxatu dira dantza egitera, udazkenean ere, tarteka, gazteluak eraikitzen direla ahaztu izan balute bezala.
Izan ere, hondarrak kantu isil bat egiten dio itsasoari arratsero, gaztelu bat eraikiko dio. Eta txalo jotzen dute olatuek, ezeroso mugitzen dira mareak beren egurrezko aulkietan. Baina, desagertzera kondenatutako abestia da hondarrarena, txaloek irentsiko baitute alez ale. Zerbait handia, ia mirari bat gertatu dela esango du kresalak. Hitzak desagertu egin dira, ordea. Bakartia da Ondarreta udazkenean. Hosto eroriak marrazten dira hondarretan, Ondarretan. Azaroa arazo bihurtu zitzaion. Baina nik nahiago dut horrela, «h»rik gabe.




