Xole Aramendi
2009ko Azaroaren 06a
Bizitza erdia baino gehiago daramat Donostian bizitzen. 24 urterekin etorri nintzen eta 63 ditut. Atera kontuak... Espainiara iritsi nintzen, lehenik. Jaenera, ikasketa beka bati esker. Ingeniaritza agronomoa ikasi nahi nuen. Ordurako, Marcelino, nire lehengusua, hemen zegoen eta berak animatuta hartu nuen Euskal Herrirako bidea.
Etorri eta «La voz de España» egunkarian hasi nintzen lanean. Izenburuen konposizio lanak egiten nituen, inprentan. 5.000 pezeta irabazten nituen. Egun batean, udaltzaingoan langileak behar zituztela irakurri nuen. 6.000 pezeta agintzen zituzten. Saiatu beharra ikusi nuen eta haraxe jo nuen. Lehengusuari kontatu nion eta biok hasi ginen.
1969. urtetik erretiroa hartu bitartean -duela zazpi urte- aritu nintzen udaltzain. Kalamidade asko ikusi ditut kalean.
Ikaragarri harritzen ziren batzuk gu udaltzain ikustean. Marcelino eta biok, bi beltz, motor gainean batetik bestera... Emakume batzuei bazkaria erre ere egin omen zitzaien etxeko leihotik guri begira zeudela! Halaxe esan zidaten.
Euskaraz, zerbait ulertzeko moduan, kalean ikasi dut. Lankideekin, batik bat. Behin, Aian, emakume bati euskaraz erantzun nizkion hitz batzuk eta seko harrituta geratu zen! Donostiaz gain, beste toki askotan ibiltzen ginen. Jende asko ezagutu nuen. Asteburuetan, txandaka, Gipuzkoako hainbat herritara joaten ginen lanera. Zarautz, Andoain, Beasain, Ordizia, Tolosa... Bertan ez zegoen nahikoa udaltzain eta laguntzera joaten ginen, hango alkateek Donostiakoari hala eskatuta.
Ginea Etxeko lehendakaria naiz. Neuk sortu nuen, 1991n, elkarrekin egoteko toki bat behar genuela pentsatuta. Donostiako Intxaurrondo auzoan dago lokala. Ateak zabalik daude edonorentzat. Bazkideen artean, ginearrak gaude, baina txinatarrak, zuriak... denetarik aurki dezakezu elkartean. Pertsonak gara, azken finean. Liburutegian lasai egoteko aukera eskaintzen dugu edo, besterik gabe, lagunartean hizketalditxo bat egitea.
Ahal dugun neurrian, behar dutenei laguntzen saiatzen gara. Ginean osasun arazoak dituztenei, esaterako. Sendagileen espedienteak jasotzen ditugu hemen eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzen dizkiogu guk. Haiek, aztertu eta erabakitzen dute zein kasuri heldu. Gineako gazteek aukeratu duten karrera ezin badute han egin, hemen egin dezaten saiatzen gara. Kulturen arteko trukaketa ere egin dugu Ginea Etxea elkartean eta, horri esker, ginear batzuek euskaraz ikasi dute. Gure herrialdean ere gazteleraz hitz egiten da eta ez dut arazorik izan hizkuntzarekin. Azentua daukagu berezia, hori bai, hala esaten digute.
Fang etniakoa da nire familia eta horixe da gure hizkuntza. Guk umetan ikasi genuen gazteleraz -espainiar kolonia izan zen Ekuatore Ginea-, baina gurasoei asko kostatu zitzaien. Gaztelera-fang-euskara hiztegi txikia egina daukat, baita gaztelera-fang-katalanera ere. Orain, galizierakoa bukatu dut. Lehen biak banatu dira, azkena oraindik ez. Ez da egun bateko lana, noski, pixkanaka egin dut.
Euskal herritarra pertsona ona da. Euskal Herrian, berrogeitaka urtetan, ez dut arrazakeriarik ezagutu. Etorkinen gaineko kexarik ere ez dut entzun sekula. Norberak dagoen tokikoa izan behar du, bertako ohituretara egokitu. Errusiara joan eta goizaldeko 6etan jaten dutela ikusten badut, gauza bera egin beste erremediorik ez daukat. Baina batzuek ez dituzte doazen herriko ohiturak errespetatzen eta arazoren bat izan dezakete, agian. Hemen ongia egitea edo Ginean egitea gauza bera da, gaizkia hemen edo Ginean egitea gauza bera den bezala. Gauza onak edonon aurki ditzakegu: Euskal Herrian, Kamerunen edo Ginean. Eta txarrak, berdin.
Hotza egin zitzaidan gogorrena. Negu gorrian iritsi nintzen, 1968an. Baita euria ere. Ginean, sekulako euriteak izaten ditugu urrian, baina, bestela, ez du egiten. Sokamuturra ez nuen ezagutzen.
Bi urtetik behin joaten naiz Gineara. Ez da merkea eta etxea ere atenditu behar da. Bi seme-alaba ditut. Bat Errenterian eta bestea Alacanten bizi dira. Ume bana daukate. Emaztea Salamancakoa da. Donostian ezagutu genuen elkar. 1971n ezkondu ginen.
Emaztea ez da ausartzen hegazkinean igotzera. Joatekotan, semea, haren alaba eta emaztearekin joango naiz. Modurik onena da, bost ordutan han gaude. Ez dut pentsatu Gineara bueltatzerik. Umeak txikiak ziren eta...
Haurtzaroko lagun batzuk Euskal Herrian bizi dira, besteak han. Geratu ziren batzuk ondo bizi dira.
Agurrak, irrati bidez
Radio Exterior-en hemen dauden ginearren berri ematen dut eta ezaguna naiz ginearren artean. Agurrak dira: norbaitek ezkondu egin dela esan nahi die senitartekoei, beste batek eskuminak bidali nahi dizkie lagunei...
Tarteka, afariak eta bazkariak antolatzen ditugu Ginea Etxean. Juka, kakahueteak... afrikar jakiak nola prestatzen diren erakusten dugu. Deialdi zabala egiten dugu eta auzotarrak etortzen dira.
Herrikide bat hiltzen bada, hileta elizkizunaren ostean, Ginea Etxean biltzen gara, senitartekoekin egoteko. Pare bat orduz, hildakoa gogoratzen dugu eta familikoei babesa ematen saiatzen gara. Ginean kristau katolikoak dira gehienak, baina ebanjelistak eta protestanteak ere badaude.
HITZ BITAN:
EUSKARAZ, ZERBAIT ULERTZEKO MODUAN, KALEAN IKASI DUT
GINEA ETXEAN, AHAL DUGUN NEURRIAN, JENDEARI LAGUNTZEN DIOGU
RADIO EXTERIOR-EN GINEARREN AGURRAK IRAKURTZEN DITUT




