Eskuz idatzi zuen Suitzan, ikasketak egiten ari zela, Ramon Saizarbitoriak «Egunero hasten delako». Gutun-azal batean sartu eta neska adiskide bati eman zion, Donostiara ekar zezan, Ibon Sarasolari emateko aginduarekin. Ibon ez omen zegoen etxean eta haren postontzian geratu zen euskal eleberrigintzan mugarri izango zen nobelaren eskuizkribua. Saizarbitoriak, noski, ez zuen kopiarik etxean.
Joxean Agirre
2009ko Azaroaren 06a
Berrogei urte bete dira euskal literaturari aro berri bat zabaldu zion «Egunero hasten delako» kaleratu zela. Aurretik Txillardegiren «Leturiaren egunkari ezkutua» argitaratu bazen ere, egileak ondoren euskal literaturan izan duen eraginagatik eta eleberriaren izaera berritzaileagatik beragatik mugarritzat jo izan da Saizarbitoriaren lana. Jendaurreko agerpenetatik ihesi ibiltzen bada ere, Lazkaoko Gerrikon izan zen joan den astean eta oso bere estiloan, gogoz kontra bezala hasi bazen ere, oso hitzaldi samurra eta interesgarria eman zuen.
«Aita mutrikuarra nuen eta sarritan joaten nintzen Donostiatik Mutrikura. Gauza harrigarriak antzematen nituen eta, horien artean, bereziki, heriotzak zuen pisuak harritzen ninduen. Norbait itsasoan hiltzen zenean, batez ere, herri osoa hartzen zuen heriotza horrek. Herri osoa triste eta jota geratzen zen. Ordurako, Donostian heriotza ezkutatu egiten zen. Gogoratzen dut nola Mutrikun umeak etxez etxe ibiltzen ziren, hildakoa ikusi nahian. Hildakoaren etxean atea jo eta `ikusiko?' galdetzen zuten eta barrura sartzen ziren ikustera. Egun batean, heriotzaren inguruko giro hori sumatu nuen herrian, hil kanpaiak jo zituzten, herri osoa goibel ikusi nuen eta jakin nuen neska gazte batek bere burua hil zuela, eskopetaz sabelean tiro eginez, haurdun zegoelako», hasi zen idazlea «Egunero hasten delako» eleberriaren sorreran izan ziren gertakariak arakatzen.
Ez daki Saizarbitoriak gertakari horren berri izan zuenean zenbat urte zituen, baina markatu egin zuela bai.
Hogeita bi edo hogeita hiru urte zituen «Egunero hasten delako» idatzi zuenean. Suitzan zegoen ikasketak egiten eta Suitzako gizarteak egin zion inpresioaz ere aritu zen solasaldian. «Suitzan, gurearekin zerikusirik ez zuen gizarte bat aurkitu nuen eta bi gauza iruditu zitzaizkidan bereziki deigarriak: emakume helduen edertasuna izan zen lehena. Hemen, 40 urteko emakume bat dagoeneko zaharra zen, askotan beltzez jantzita ibiltzen ziren eta, han, aldiz, gazteak iruditu zitzaizkidan, orain hemen 40 urteko emakume bat gaztea den bezalaxe. Baina beste gauza askok ere harritu ninduten eta horietako bat abortua tratatzeko modua izan zen eta hori islatu nahi izan nuen nobelan», jarraitu zuen.
Noiz bukatzen da bizitza?
Abortuari buruzko garaiko ikuspegia gogora ekartzen saiatu zen. «Ez naiz gai horri buruz hitz egitera etorri eta ez dakit abortatzen zuten emakumeen artean heriotza tasak zenbaterainokoak ziren, baina erdiak inguru hil egiten zirela esango nuke, oso ondorio larriak izaten baitzituzten askotan. Abortua debekatuta zegoen, baina gaur beste abortu egiten zela esango nuke edo, beharbada, gehiago. Suitzan, aldiz, egoera oso bestelakoa zen eta hori izan zen nobelan agertu nahi izan nuena. Gure egoera dramatiko, latz eta triste horretatik kanpo beste eredu batzuk bazeudela erakutsi nahi izan nuen», jarraitu zuen Saizarbitoriak.
Abortuaren gaia gehiegi dramatizatzen dela gehitu zuen. «Abortatzea ez da emakumeak gustuko duen gauza. Abortua ezin daiteke erabili antisorgailu bezala. Baina, ohartzen bazarete, abortuaren alde daudenen diskurtsoetan beti dramatizatu egiten da. Niretzat kontua etikoki argi dago. Dramatikoa bada, dramatizatu egiten dugulako da. Gaur, gizarteak ez du arazorik gai hori aurrez aurre tratatzeko. Etikoki askoz ere auzi gogorragoa datorkigu zahartza- roan bizitza noiz bukatzen den erabakitzeko orduan. Eztabaida hori laster gizarteratuko dela iruditzen zait. Pertsona bat existitzen noiz hasten den galdetzen dute gaur eta garrantzitsuagoa eta zailagoa da, seguru asko, pertsona baten bizitza noiz bukatzen den erabakitzea», jarraitu zuen.
Sexualitatea
«Egunero hasten delako» nobelako bigarren gai nagusia sexualitatearena da. «Errepresioaren garaia zen eta esango nuke nobelan agertzen den sexualitatearen gailurrean maitasuna dagoela eta horixe da nik orain, beharbada zaharra naizelako, aldarrikatzen dudana. Iruditzen zait gaur sexua banalizatu egiten dela eta nik kurtsia irudituko zaizuen gauza bat aldarrikatzen dut, maitasuna egitea, alegia», esan zuen bere jardunaren beste pasarte batean.
Eleberriak txandakatuz doazen bi plano narratiboren bidez Gisèle Sergier ikasle gaztearen historia kokatzen du. Plano batean, abortatzeko hartu duen erabakiaren berri ematen du eta, bestean, bakarrizketen edo elkarrizketen bidez, arrazakeria, feminismoa, birjintasuna eta, batez ere, abortua agertzen ditu. Badago adineko pertsonaia bat ere eta irakurleen galderei erantzunez, hauxe aitortu zuen Lazkaon egin zuen solasaldian: «Pertsonaia hori neu naizela esan dezaket».
Eleberria idazteko izan zituen arrazoiez ere mintzatu zen eta, beste eragile batzuen artean, hizkuntza txiki batekoa izatea nabarmendu zuen. «Berriotxoak esaten zuen santu izaten saiatu bazen Bizkaiak santu bat izan zezan saiatu zela eta ni ere, seguru asko, ez nintzen idazle izango, hizkuntza handiago batean jaio izan banintz», esan zuen. «Aurrerakoiak ginen eta literatura modernotasunaren bidetik egin nahi genuen. Zer irakurle espero nuen? Lagunen batek edo bestek irakurtzea espero nuen, baina besterik ez. Argitaratu ere euskaraz zentsura politikoa zegoela argitaratu zen», esan zuen.
Mikel Hernandez Abaituak, Saizarbitoriaren nobelagintzaz tesia egin duen aztertzaileak, mahai beretik esan zuenez, nobela atera eta ez zuen kritikarik jaso, ez garaiko egunkarietan, ez eta «Zeruko Argia»n ere. «Anaitasuna»n Xabier Gereñok egin zion aipamenen bat.
«Ni Donostiara itzuli eta inork ez zidan adierazpenik egin nire liburuaz ¯hartu zuen hitza berriro Saizarbitoriak¯. Egun batean, Aldundiko Liburutegian nengoela, bertako zuzendaria zen Jose Artetxe etorri zitzaidan eta sekulakoak esan zizkidan, jendearen aurrean. `Zuk Euskal Herriari belauniko barkamena eskatu beharko diozu', esan zidan beste gauza askoren artean eta, liburuagatik baino gehiago, seguru bainago ez zuela ikurri, azalean azaltzen zena Bernardette zelako haserretu zela uste dut, Lourdesko Ama agertu zitzaion artzainaren aurpegia agertzen zelako, alegia. Nik ez nekien azaleko neskaren aurpegia norena zen, baina gerora Hernandez Abaituak esan dit hala zela. Alberto Corazonek egin zigun azala, gaur munduan sona handia duen diseinatzaileak», esan zuen. Lur argitaletxeak atera zuen eleberria, Arestirekin batean adiskide talde batek sortu berri zuen argitaletxeak. Mila harpide zituen argitaletxeak.
Ramon Saizarbitoria, idazlea:
«Nobela potoloegia atera zitzaidan, milioi bat karakteretik gora zituen eta moztu eta moztu ari naiz»
Hogei urte pasa eman zituen “Hamaika pauso” idazten eta hamar eskas dira “Gorde nazazu lurpean”, bere azken lan handia, kaleratu zuela, jarraitzaileoi luze egin bazaigu ere. Ez dira izaten idazleak bukatu gabe dituzten lanei buruz hitz egitearen aldekoak eta diskrezio izugarriarekin zaindu du Saizarbitoriak ere esku artean duen lan berria, baina adierazpen batzuk bildu genizkion aretoan bertan, zalapartaka aulkiak jasotzen ari ziren bitartean. Oso bakanak izan dira Saizarbitoriak lan berri honi buruz eman dituen xehetasunak. Bere buruari eta inguruari buruzko galderei erantzuten saiatu omen da eleberrian eta giro soziopolitikoak, beharbada, aurreko bere zenbait lanetan baino presentzia handiagoa izan dezake. Baina, kezka horiekin batean, segurua da maitasuna, sexuen arteko ezin ulertuak eta hain bereak diren beste hainbat obsesio jorratuko dituela.
Zer fasetan dago eskuartean duzun nobela? Zer itxura du?
Ez diot oraindik itxura onik hartzen. Potoloegi dago. Kentzen eta kentzen ari naiz eta sekulako sufrimenduarekin, ez kentzen dudana ona delako, kentzea izugarri kostatzen zaidalako baizik. Eguneroko bizimodua erabat baldintzatzen dit horrek. Goizean, jaiki eta besterik ez dut egiten, obsesio bihurtu zait. Osasunez ere ez nago egoerarik onenean eta nobelaren kontu hau buruhausteak ematen ari zait.
Potoloegia dela diozunean, zehaztu al dezakezu zenbat orrialde dituen?
Milioi bat karakteretatik gora idatzi nituen. Esan didatenez, 700 orrialde inguru dira horiek. Nobela bat hain luzea denean, askoz ere zailagoa egiten da aldaketak egiten hasi eta orekari kalterik ez eragitea. Beste bat idatzi behar badut, ez naiz horrelako lanetan sartuko.
Zuri idaztea kostatzen zaizunarekin, harrigarria egiten zaigu 700 orriko nobela bat egin duzula entzutea.
Horregatik nago nagoen bezala edo igual sermoiak botatzea gustatzen hasi zait. Dena den, idaztea baino gogorragoa gertatzen ari zait ondorengoa.
Zer zailtasun ari zara aurkitzen azken orrazketa horretan?
Inoiz baino gehiago, teoria falta nabaritzen dut, sekulako ezjakintasuna sumatzen dut. Uste dut, gainera, zailtasun faltsuak jartzen dizkiodala neure buruari. Nik baditut arau batzuk idazteko orduan erabiltzen ditudanak, baina gauzarik sinpleenetan, paragrafo batetik bestera jauzia egiteko orduan, esate baterako, zalantzak sortzen zaizkit etengabe. Seguru nago teorikoren batek arau horiek definituta izango dituela, baina nik ez ditut ezagutzen. Nik, bestalde, nobela batean gauza gehiegi sartzeko grina daukat. Edozer gauza kontatzen hasi eta nobela bat egin behar izaten dut. “100 metro”, esate baterako, nobela handiago baten zatia baizik ez zen. Beste bi zati nagusiak bota egin nituen.
Zer egitura du orain esku artean duzun eleberriak?
Bi nobela batean bildu ditudala esan daiteke. Ez dute zerikusi handirik batak eta besteak, baina pertsonaia komunak dituzte. Bi pertsonaia nagusi agertzen dira: mediku bat, alde batetik eta, idazle batekin bizi den emakumea, bestetik. Bi pertsonaia horiek ematen diote batasuna nobelari.
Inori ez diozu uzten zure lana irakurtzeko? Argitaratzaileak ezagutzen al du nobela?
Ez, ez. Bukatu arte ez dut inori irakurtzeko emateko asmorik.




