-

Gaur egun, euskal arrantzaleen artean, atun arrantzan aritzen direnak ibiltzen dira kostaldetik urrutien. Atlantikoan, Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean jarduten dute. Euskaldunen eta frantsesen artean, ia 500.000 tona atun harrapatzen dituzte urtero; gehiena, latetan saltzeko.

Unai Belaustegi

2009ko Azaroaren 06a

Hilabete joan da somaliarrek Alakrana atunontzia bahitu zutenetik eta egunetik egunera arazoaren konponbideak gero eta zailagoa dirudi. Gutxi batzuk baino ez dira harritzen euskal arrantzaleak hain urruti dabiltzala entzun ostean. Izan ere, gaur egun Euskal Herriko itsasontziak eta arrantzaleak munduko itsaso guztietan dabiltza: Ipar Itsasoan, Ternuan, Mediterraneoan, Afrikako kostalde osoan, Artikoko uretan, Hegoameriketan, baita Polinesiar Uharteetan ere. Arrantza-tradizio handiko herria izaki, aspaldi geratu zitzaien euskaldunei txiki Bizkaiko Golkoa, eta gune berriak bilatzeari ekin zioten.

Zenbait datu

Euskal arrantzaleen artean, atun arrantzan jarduten dutenak ibiltzen dira urrutien. Interatun elkarteaen arabera -Atunaren Lanbidearteko Erakundea-, arrantza mota horretan jarduten duten Europako ontzien %60 Espainiar Estatukoa da (Euskal Herrikoak, gehientsuenak), eta, Frantziakoekin batera, 500.000 tona atun harrapatzen dituzte urtero denen artean. 2007. urtean, 24 atunontzi izoztaile zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan; denak, Bizkaian. Estatu mailan atun arrantzan aritzen den flota izoztailearen %60ak «nazioarteko ur» deitzen direnetan jarduten du, kostaldetik 200 miliatik itsaso zabalerantz. Gainontzekoak beste estatu batzuetako uretan aritzen dira.

200 milia

Historian hala egin izan den arren, gaur egun ezin da, legez, munduko edozein itsasotan arrantzan ibili. Estatu bakoitzak 200 miliako (320 kilometro inguru) itsaso zatia du bere ontzientzat, eta muga horren barnean ezinezkoa da arrantzan egitea, Estatuaren baimenarekin ez bada. 200 miliako itsaso zati honi «zonalde ekonomiko esklusibo» esaten zaio. Bertan aritzeko, arrantza enpresek zuneneko akordioak egiten dituzte estatuekin.

Beti ez da hori gertatu, ordea. 1947an, Txile eta Peru izan ziren 200 miliako tesia praktikan jartzen lehenak. Tesi berri hura oso iraultzailea izan zen, estatuaren interes sozialak eta ekonomikoak babesteko asmoz ezarri zuten eta.

1982an, eta hamar urteko eztabaiden ostean, Nazio Batuen Erakundeak (150 estaturen parte hartzearekin), Itsas Eskubideen Hitzarmena onartu zuen. Hitzarmen hura 119 estatuk sinatu zuten azkenean, eta honako hau zioen: estatu bakoitzaren zonalde ekonomiko esklusiboan, estatu hark baino ez zuela izango urak aztertzeko eta ustiatzeko eta bertako baliabide naturalak -biziak nahiz ez biziak- kontserbatzeko eta administratzeko eskubidea, bai ur azalean bai urpeko lurretan.

Honek guztiak euskal arrantzaleei kalte handia eragin ziela uste du Gracia Carcamo irakasleak. 1960tik aurrera, Gobernuak flotaren berregituraketarako ematen zituen laguntzez aprobetxatuta, arrantza sektorea itsasontzi berriagoak egiten hasi zela dio. Carcamoren ustez, ingurumenaren kaltetan egindako garapena izan zen erabat, eta ondorengo urteetan nabariak izan ziren ondorioak.

Urte haietan, Espainiar Estatua, arrantza sektorean, munduko hirugarren potentzia zen, Errusia eta Japoniaren atzetik. Eta Gipuzkoak eta Bizkaiak eurek bakarrik, Ingalaterrak eta Alemaniak baino flota handiagoa zutela dio Gracia Carcamok. Baina munduko estatu gehienak zonalde ekonomiko esklusiboa aldarrikatu eta urak pribatizatzen hasi zirenean, euskal arrantzaleek arazo handi batekin topo eging zuten. Ordura arte beste herrialdeetako uretan libre-antzean arrantzatzen zuten, baina handik aurrera ezin izango zuten halakorik egin. Hori dela-eta, euskaldunak arrantzarako ur berri bila hasi ziren eta ur haien «jabeekin» akordioak lortzen.

Arrantzarako ur berri bila joan zirenetako bat da Jose Maria Azkue oriotarra. Beste inor baino lehenago iritsi zen Seychelles uharteetara, 1979. urtean, 48 urte zituela. «Espainiako Arrantza Ministerioak egin zuen eskaintza: dena eurek ordainduko ziguten eta guk leku hura arrantzarako modukoa zen edo ez ondorioztatu behar genuen». Hegazkinez joan ziren Azkue, Bermeoko beste patroi bat, Ministerioko pare bat politikari eta Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantza federazioetako lehendakariak. «Uharte haiek non zeuden ere ez genekien guk».

Behin hara iritsita, eurak Frantziako bi ontzitan itsasoratu ziren, politikariek bertako agintariekin hitz egiten zuten bitartean. «Zortzi egun egin genituen itsasoan. Bueltan, Espainiako Gobernuari txosten bat idatzi genion. Hasieratik esan genien frantses haiekin ez ginela guk nahi izan genuen bezala aritu, baina arrantzarako leku egokia izan zitekeela pentsatzen genuela. Hori bai, uharte haiek arrantzarako ez zeudela prestatuta argi utzi genuen». Handik bi edo hiru urtera atera ziren Euskal Herriko lehendabiziko arrantzontziak Seychelles aldera, aurrekoek egindako txostenaz baliatuta. «Hara joan zen lehendabiziko ontzia, nik neuk saldutakoa izan zen, Mar del Cantabrico. Euren kabuz eta inolako laguntzarik gabe joan ziren. Arraina harrapatzen bazuten, ongi, bestela gaizki. Meritu ikaragarria izan zuten eta altxor galanta aurkitu zuten. Begira zenbat urtetan atera duten arraina ur haietatik!», esan du Azkuek.

Alakranaren kontua dela eta ez dela, orain atunontzietan dabiltzanek ez dute gaiaz gehiegi hitz egin nahi. Mikelek eta Jabik euren benetako izena ezkutuan gorde nahi izan dute, eurak ere atunontzi batean dabiltzalako eta Afrikako kostaldetik iritsi berriak direlako. «Alakranakoak pasatzen ari direna ez da ederra izango», adierazi digute berehala.

Atun arrantza

Jabi 1982an hasi zen arrantzan eta Kantauri Itsasotik Afrikara joatea erabaki zuen, atunontzi izoztailuetan lan egitera. Mikelek bost urte inguru daramatza Jabirekin. Kontserba arloan aritzen den Espainiako enpresa baten ontzian dabiltza biak. «Lau hilabete egiten ditugu etxetik kanpora. Euskal Herritik Abidjanera joaten gara -Boli Kostara- eta han sartzen gara itsasontzietan, portu basea Abijan-en baitugu». Kabo Berdetik hegoalderantz, Angola ingurura arteko kostalde osoan ibiltzen dira arrantzan. Mikelek dioenez, «kostaldetik gehienez ere lau edo bost egunera urruntzen gara. Estatuen baimenarekin sartzen gara beti euren uretara».

Indiako Ozeanoan ere ibiliak dira: «Seychelles-eko bandera erabiltzen genuen, eta Port Victorian izaten genuen basea. Han deskargatzen genuen guk geuk harrapatu eta izoztutako arraina portuan egoten zen ontzi handi batean. Orain Monbasara -Kenia- eta Madagaskarrera ere joaten direla uste dugu. Batez ere zimarroia eta txermola edo listaua harrapatzen dugu eta dena latetan sartzeko erabiltzen dute kontserba enpresek».

Arrantza teknika

Bai Atlantikoan bai Indiako Ozeanoan dabiltzan atunontziek teknika berbera erabiltzen dute. «Atlantikoan hasi ziren erabiltzen, eta gero Indiako Ozeanora eta Ozeano Barera eraman zuten. Gu bi atunontzi aritzen gara batera, eta guztira 240 baliza ditugu itsasoan botata». Baliza bakoitza, kainaberazko plataforma bati -plantauari- lotuta joaten da, sare ilunez estali ohi dena. Baliza urazalean mantentzen da eta urazpira sarezko korbata edo buztan bat luzatzen da. Puntan, pisu bat jartzen zaio buztanari, hau hondora begira manten dadin.

Leku jakin batzuetan botatzen dira, baina gero korronteak batera eta bestera garraiatzen ditu, horregatik, itsasontziak momentuoro lokalizatuta izaten ditu plantauok. «Balizek sateliteei seinaleak bidaltzen dizkiete eta sateliteak guri, balizaren inguruko uraren tenperatura, korronteen indar, balizaren norabide eta abiadurari buruzko datuekin. Baliza batzuek sondak ere badituzte, azpian zenbat arrain dagoen zenbatzeko. Gureek, ordea, ez zuten halakorik», gogoratu du Mikelek. Satelite bidez jasotako datu horiek aztertu eta balizaren inguruan arraina egon daitekeen edo ez ondorioztatzen dute. Plantauen azpian arraina biltzen dela diote bi arrantzaleek: «Ez dagiku zergatik. Batzuek diotenez, ekosistema bat sortzen da. Moluskuak eta arrain txikiak sortzen dira, eta haiek arrain handiagoak erakartzen omen dituzte. Kontua da arrain asko biltzen dela eta guk hori aprobetxatzen dugula». Jabik adierazi digunez, «Indiako Ozeanoan genbiltzala, oinetako baten ingurura sareak bota eta 200 tona zimarroi harrapatu zituzten behin».

Gero eta arrain gutxiago

Behin baliza baten azpian arraina dagoela ikusita, etxararako -arraina harrapatzeko- prestatzen dira. Baxurako arrantzan erabiltzen den teknikaren antzekoa erabiltzen dute. Itsasontziak sarearen alde bati lotuta doan ontzi txikiago bat botatzen du uretara -panga-, eta arrain sarda inguratzen du ondoren. Arraina inguratuta dagoenean, sareak jasotzen hasten dira. 1.500 metrotako perimetroa duten sareak erabiltzen dituzte. «Ontzia 900 tona arrain izoztu gordetzeko gai da, hamasei izozkailutan». 500 tonako etxarak egin izan dituztela esan digute. «Egun batzuetan, lau etxara egitera ere iritsi gara, eta urtean 21.000 tona harrapatu dituzten ontziak ezagutzen dugu».

Eurak ere askotan harrituta geratzen omen dira halako datuekin, eta itsasoarentzat kaltegarria izan daitekeela uste dute, «baina jan egin behar dugu eta jateko harrapatu egin behar da», dio Mikelek.

Konturatu dira arraina gutxitzen ari dela eta itsasontziak gero eta gehiago direla. Orain, gainera, Indiako Ozeanoan zebiltzanak ere Atlantiko aldera hurbiltzen ari dira. «Baina antxoarekin gertatu zena gertatu arte, zimarroia kopuru handietan harrapatzen jarraituko dela» uste dute, «bizimodu honek tona asko arrantzatzea eskatzen duelako».

 

Imanol «Txanbel» eta Joseba «Krexen», Salve Maria eta Rosa del Mar ontzietako arrantzale ohiak:

«Abidjan-eko portura sartu ziren lehendabiziko euskaldunak izan ginela uste dut»

Joseba eta Imanol mutrikuarrak duela urte dezente jubilatu ziren. Gaztetatik arrantzan ibilita, munduko leku askotara iritsi ziren itsasoz, «ia ekuadorreraino». Dakar, Freetown, Ghana, Abijan…

Aspaldiko kontuak dira horiek?
Joseba: 1960 aldera, 18 urte genituela. Joseba, patroi eta ni sotapatroi (bigarren patroia).
Imanol: Agadirreko lurrikara gertatu zenean izan zen, hankan min hartu nuen eta han gelditu ginen medikuarengana joateko. Kale guztiak irekita, etxeak erorita… Zer zen hura! Ordurako, arrantzale batzuk bazebiltzan Dakar inguruan, baina gu bezain urrun, hegoaldean, ez zen inor iritsi: japoniarrak, frantsesak eta amerikarrak bakarrik.

Eta zergatik joan zineten?
J: Amerikar bat etorri zen eta hiru ontziri kontratua eskaini zigun. AEBetako konpainia bateko kidea zen, ez dut izena gogoratzen. Badakit Señor Taso deitzen geniola. Zimarroi gaztea eta zerrutxoa harrapatzen bagenuen zenbat ordainduko zigun esan zigunean konbentzitu gintuen.
I: Hain urrutira joateko itsasora irteten genuen lehendabiziko aldia zen. Hala ere, tamainan irabazi genuen, eta orduan egindako lanaren ehuneko zati bat kobratzeko daukagu oraindik. Izan ere, Señor Tasok ez zuen bere hitza bete. Madrilera joan ginen bere bila, bazkari eder batera gonbidatu gintuen «Torre Madrilen», baina ez zigun dirurik eman.

Nolako izan zen bidaia?
J: Kanariar Uharteetara, gero Dakarrera, eta handik hegoaldera. Ez generaman ezer; sestante bat, besterik ez. Izan ere, orduan ez zegoen GPS eta halakorik.
I: Kanarietara iristeko sei-zazpi egun behar izaten genituen, eta handik Dakarrera joateko beste horrenbeste. Eta Abidjan ingurura jaisteko, beste 6-7 egun.
J: Abidjaneko portura sartu ziren lehendabiziko euskaldunak geu izan ginela uste dut.

 

Alejandro Barrenetxea, Pescanovako ontzietako patroia izandakoa:

«Arraina harrapatu, azala kendu, xerretan prestatu eta saltzeko prest izozten genuen kaxetan»

Zesta puntan jokatzetik itsasoan lan egitera igaro zen. «30 urte inguru nituela». Mutrikun jaioa, lehendabiziko bidaia Hegoafrikara egin zuen.

Eta hegoalderago ere bai, ez?
Lurmutur Hiritik hogei egunez hegoaldera ere joan ginen behin baino gehiagotan. Eduardo Printzearen uharteetan eta ekialdean haratago daudenetan, Crosset uharteetan, egona naiz. Hotz ikaragarria egiten zuela gogoratzen dut.


Ameriketara ere iritsi zinen.
Pescanova enpresatik deitu ninduten Txilera joateko eta han itsasontzi baten ardura eman zidaten. 50 laguneko ontziak izaten ziren. Hasieran prospekzioak egitera ateratzen ginen, Txile eta Argentina hegoaldera. Uruguain eta Perun ere ibilia naiz. Hegoaldeko Georgiar Uharteetara ere joan ginen arrain bila. Hiru hilabeteko prospekzioak egiten genituen. Itsas gutunak aztertu eta arraina non egon zitekeen pentsatu ostean, enpresari baimena eskatu eta harantz abiatzen ginen. Batzuetan arraina aurkitzen genuen eta besteetan, ez. Askotan, itsas eskutitzak gaizki zeudela ere konturatzen ginen; bertara iritsitakoan, noski. Gero, enpresari abisua botatzen genion, arrainik zegoen edo ez jakin zezan, eta ontzi gehiago bidaltzen zituzten. Han inguruan legatza eta gorrixka harrapatzen dira gehien.

Zuek arrainik harrapatzen zenuten?
Bai, noski. Arraina aurkitzen bagenuen, arrantzan egiten genuen, ontzia bete arte. Namibian, esterako, Pescanovak 1.000 lagun inguru zituen itsasoan eta beste horrenbeste, lehorrean. Orain bezala, lehen ere ontzietako ardura nagusiak arrantzale zurien esku egoten ziren, eta bertako jendea bigarren mailako lanetarako kontratatzen zuten. Gure ontziak arraina harrapatu, arrainari burua eta buztana moztu, azala kendu, xerratan prestatu, kaxetan sartu eta izozteko prest egoten ziren. Izozkailutik atera eta dendetan saltzeko prest.

 

Txomin eta Santi Uribe, sotapatroia (2.patroia) eta patroia:

«13 egunetan zeharkatu genuen Atlantikoa eta bidaian ez genuen ia inor ikusi»

Santi eta Imanol 1978ko uztailaren 6an atera ziren Ondarroatik. Aurretik, hilabete lehenago han egona zen Santi, egoera aztertu eta behar ziren baimenak eskuratzeko.

Zer dela eta Caribe aldera?
Santi: Ondarrutar bat bizi zen Venezuelan eta hark esan zigun arrantzarako egokia izan zitekeela.
Txomin: Urte horretan abiatu ziren lehendabiziko euskaldunak Caribera. Gu bi itsasontzitan joan ginen, bakoitza banatan, eta bidaia ere biok egin genuen, ni Ensenada Sagustanen eta Txomin Villa de Ondarroa ontzian. Hondarribiatik, Oriotik eta Lekeitiotik ere atera ziren ontziak. Ondarroatik Kanariar uharteetara joan abiatu, eta handik Venezuelara. Atlantikoa zeharkatzen 13 egun egin genituen, eta bederatzigarren egunera arte ez genuen inor ikusi.

Nola joan zitzaizuen?
S: Arrain lantegi batekin hitzarmena egina geneukan. Lantegiak izotza eta gasoila ematen zigun eta berak aurrez esandako prezioan saltzen genion arraina. Karnata ere bertako arrantzaleei erostea ezinbestekoa zen. Garestia zen, eta nahi baino gutxiago eskuratzen genuen.
T: Gainera, oso karnata txarra zen. Harekin ez genuen ezer harrapatzen eta azkenean, gure konturako karnata preparatzen hasi ginen. Hobeto joaten hasi zitzaigun, baina arraina harrapatzeko sasoia pasata zegoela ematen zuen eta ez genuen askorik harrapatzerik lortu. Zimarroia eta txermola harrapatzen genituen gehienbat. Beti kainaberaz.

Arazorik izan al zenuten sekula?
S: Behin edo behin poliziaren batekin bai baian askorik ez.
T: Gauzak ez ziren nahi bezala atera. Arrantzarako baldintzak ez ziren oso onak eta nahi baino arazo gehiago izan genituen.