-

Iņaki Altuna

2009ko Azaroaren 06a

Azken Gaur8tik gaurko honetara izandako gertakarien eta adierazpenen artean, aipagarriak dira joan den igandean Rufi Etxeberriak GARA egunkariak eginiko elkarrizketan esandakoak. Lehen arrazoia begi bistakoa da: elkarrizketatua bera. Rufi Etxeberria ezker abertzalearen ordezkari nagusien kontra eginiko azken operazioan atxilotu zuten, «herritar batasuna»ren (badirudi kontzeptu hori indarrez berreskuratu nahi dutela) ibilbidean militante ezaguna izan da eta gertaera politiko erabakigarrietan protagonista ere izan dugu. 2005-2007 negoziazio saioan, bai Loiolan eta bai, ondoren, Genevan, PSOErekin izandako bilkuretan ezker abertzaleko ordezkaria izan zen oiartzuarra, Arnaldo Otegirekin batera.

Elkarrizketak bazituen beste bi osagai aipagarri: lehena, ezker abertzaleak hitz egin zuela, ezker abertzalearen hizkuntzarekin eta kodeekin. Ez gara ari beste batzuek -izan prentsa filtrazioen bidez, izan kazetarien iruzkinen bitartez, izan beste politikarien adierazpenen ahotan- ezker abertzaleaz diotenaz. Ezker abertzalea ezagutu zitekeen garden Etxeberriaren hitzetan. Hori ere oso azpimarragarria da, azken urteotako ezkerreko independentistei jarritako oztopoak direla-eta, lehen pertsonan hitz egiteko erraztasun gutxi izan baitute, eta hala, haien asmoei buruz beste batzuen interpretazioak -maiz, fede txarrez egindakoak- izan baitira nagusi hedabideetan.

Elkarrizketaren beste osagaia mamia bera zen. «Fase politikoaren eta estrategiaren argipena» izenburuarekin Batasunak zabaldu berri duen eztabaidarako txostenaren edukia eta Etxeberriaren hitzak enbor bereko ezpalak dira: aldaketaren garaia da; aldaketa egiteko estrategia eraginkorra behar da, eta horretara bere burua egokitu behar du ezker abertzaleak; prozesu demokratikoa egin, egin behar da; independentziaren erreferentzia estrategikoa izango duen indar metaketa eraiki behar da prozesu demokratikoa norabide egokian aurrera eramateko; estatuen erasoei aurre egiteko ere indar metaketa behar da; eta horren guztiaren motorra izateko ezker abertzalea bera berrindartu behar da.

Ezker abertzalea marrazten ari den estrategia berrituak eta hortik eratorriko liratekeen ekimen politikoek jakin-mina eragin dute, nahiz eta zenbaitek gaiari nola heldu ere ez duten asmatzen. Ikusi besterik ez dago Rufi Etxeberriaren elkarrizketarekin gertatutakoa. Nola jaso asmatu ezinik, askok ezkutatu ere egin zuten. Azken batean, azken asteotan Rubalcabak prestatutako gidoia aldatu egin da, eta bakarren batzuk noraezean dabiltza. Adibidez, atxiloketen ondotik Jesus Egigurenek egindako adierazpenak adierazgarriak izan ziren; adierazgarriak eta penagarriak, elkarrizketarako mintzakide omen den baten ahotan. Euskal Herrian Baltasar Garzon epaileak bideratutako operazioak sortutako ondoezari nola edo hala aurre egin nahian-edo, atxilotutakoen proposamen politikoa gutxiesten saiatu zen Egiguren. Ondoren, aste honetan bertan, ñabardura egiten saiatu da; beharbada, elkarrizketa mintzakide baino gehiago, Barne ministroaren itxura eman zuela ohartu delako.

Esan bezala, gidoia aldatu egin da asteotan. Polizia operazioarekin, ezker abertzalearen jarduera politikoa blokeatuko zutela uste izan zuten atxiloketak agindu zituztenek. Egoera prestatzeko zenbait ekimen eginak zituen Rubalcabak: hedabideekin hitz egin, Batasunaren mezu politikoaren aurrean alderdien jokabidea bateratzen saiatu -baita EAJrekin eta Aralarrekin ere- eta nazioartean errepresio estrategiaren onurak saldu. Halere, ez du oraingoz bere helburua lortu, ekimen politikorako aukerak indartu baititu ezker abertzaleak.