Iņigo Ansorena
2009ko Azaroaren 06a
Proiekzioa, psikologian, gugan ikusi nahi ez duguna ¯geure itzala- besteei leporatzen diegunean gertatzen den fenomeno psikologikoa da; horrela, bulkada, desio, sentimendu edota pentsaera onartezinak, izan beharko genukeenaren ideiarekin bat ez datozenak, kanpoan ezartzen ditugu.
Defentsa-mekanismo honi buruz zerbait esan zigun lehena Sigmund Freud izan zen; bere ustez, ikasi eta barneratutako arauen arabera, desio batzuk, sexuarekin zerikusia dutenak, adibidez, onartezinak dira eta barne-kontraesan horri aurre egiteko, geure egitura psikologiko hauskorra babesteko, ukatutako hori beste bati leporatzen diogu. Nola? Freuden ustez, inkontzienteki gertatzen da hau eta, beraz, proiektatzen ari garela onartzea ez da batere erraza izaten.
Norbaiti zerbait proiektatzen ari dela seinalatzen badiozu, litekeena da erresistentziekin topo egitea, hau da, defentsiban jarriko da. Baina argi dagoena zera da, honetan denok eroriko ez bagina, artikulu honi izenburua ematen dion esaera zaharra ez genuke hain erraz ulertuko.
Adibide batekin hobeto ulertuko dugu. Pentsa dezagun homosexualei gorroto eta nazka dieten pertsonengan. Pertsona hauek berez homosexualak direla esatea sinpleegia da eta, gainera, gehienetan, ez da egia. Bestalde, egia dena zera da: denok dugula joera bisexuala eta edozeini gerta dakiokeela, nahiz eta homosexuala ez izan, bere sexu bereko norbait erakargarritzat jotzea. Homosexualak gorrotatzen dituenak inoiz hori sentitu du eta bera homosexual «bihur» daitekeen beldurrarekin geratu da. Tendentzia hori errefusatzen duenez, errealitate hori gogora ekar diezaiokeen guztia arbuiatuko du, baina, bideratzen jakin ez duen benetako bulkada denez, homosexualak toki guztietan ikusiko ditu. Adibide sinple honekin, proiektatzen ari garena ulertzeko erabilgarria zaigun beste osagai bat ikus dezakegu: besteengan gorrotatzen dudana, nigan dagoen zerbait izan ohi da. Noski, inozoak ez garenez, gurekin zerikusia duen norbaiten aurka proiektatzen dugu, hau da, zozoak ez dio zikoinari ezer aurpegiratuko! Baina geure buruarekin zintzo jokatzen badugu, geure erantzuna batzuetan neurriz kanpokoa izaten dela ikus dezakegu eta, horrela denean, dudarik gabe, geurekin zerikusia duen zerbaiten aurrean gaudelako da.
Psikologia humanistaren oinarrizko printzipio batek dioenez, aldatzeko eta garatzen hasteko, geure izaera ontzat hartu behar dugu. Aldaketaren ikuspegi paradoxiko honek lotura handia du gaur ikusten ari garenarekin. Adibidez, demagun onartua izateko ikasi nuenaren arabera, ez ditudala nire bulkada agresiboak onartzen. Ziurrenik, nire inguruan jarrera oldarkor asko ikusiko ditut eta, beraz, beldurturik biziko naiz, jarrera pasibo baten morroi izango naiz. Aldiz, nire haserretzeko gaitasuna berreskuratuz gero, bulkada agresiboak ere baditudala onartuz gero, nire garapen pertsonala defendatzeko nahitaezkoa den indarrarekin kontaktuan egoteko aukera izango dut. Baina proiekzioa ez da beti hain sinplea eta hain negatiboa izaten. Proiekzio batzuk gure buruari merezi dugun bezain ona izaten uzten ez diogunean gertatzen dira eta, orduan, geureak izan daitezkeen ezaugarri miresgarriak besteengan ikusten ditugu: azkarrak izatea, jatorrak, eskuzabalak, langileak, kreatiboak, balio dutena defendatzeko gai, eta abar.
Gauza da pertsona garenetik kontraesan mordo bat dugula geure barruan eta geure alderdi miserableenak onartzen ez ditugun bitartean, geure buruarekin dugun borroka hau kanpoan jarriko dugula. Bestalde, gure alderdi laudagarriei ez badiegu tokirik uzten, ezin izango dugu harrotasun osasuntsurik izan.
Horregatik, geuregana datozen pertsonen arazoen iturria aipatutako hau izan ohi delako, prozesu psikoterapeutiko batean, ezinbestekotzat jotzen dugu proiektatzen duguna berreskuratzea. Esan bezala, besteengan gustatzen ez zaiguna gurea dela onartzea ez da erraza, baina ideia hau kontuan hartu eta, gure buruarekin merezi dugun zintzotasunez jokatzen baldin badugu, geure potentzialtasunak modu kontziente eta emankorrean erabiltzeko aukera izango dugu.




