1605ko azaroaren 5ean, katolikoz osatutako konspiratzaile talde batek, Jakobo VI.a erregea bertan egongo zela aprobetxatuz, Westminsterreko jauregia lehertzeko saiakera egin zuen. Eliza anglikanoa kolokan jarri nahi omen zuten. Egun hori gogoan izaten dute urtero-urtero Britainia Handia nahiz haren kolonia izandakoetan. Gertaerak komiki arrakastatsu bat -“V for Vendetta”- eta film bat egiteko aitzakia ere eman du.
Unai Belaustegi
2009ko Azaroaren 06a
Gogoratu, gogoratu azaroaren 5a. Horixe dio Britainia Handian egun horretan abesten duten kantak. Abestiak duela 400 urtetik gorako gertaera bat laburbiltzen du: Guy Fawkes ingelesak eta beste 13 bat lagunek Westminsterreko jauregia lehertzeko egindako saiakera. Berez, Eliza Anglikanoaren aurkako erasoa izan behar zuen ekintzak. Azaroaren 5a «Guy Fawkes gaua» bezala ere ezagutzen da, eta garai batean Guy Fawkes-en itxura zeukaten irudiak erretzen zituzten, erregea bizirik atera zen egun hura gogoratzeko.
1603an Isabel I.a erreginaren heriotzaren ostean, Eskoziako Jakobo VI.ak Inglalaterrako eta Galesko tronuak eskuratu zituen. Isabel bezala, Jakobo ere Eliza Anglikanoko kidea eta burua zen. 1530eko hamarkadan, Europako erlijio gatazken garaian, Enrike VIII.ak Eliza Anglikanoa sortu zuen, Erromarekiko lotura politiko eta ekonomikoak apurtzeko ez ezik, ezkontza baliogabetu ahal izateko. Izan ere, Enrike VIII.a Katalinarekin ezkonduta zegoen arren, harengandik banandu eta Ana Bolenarekin ezkondu nahi zuen. Aita Santuari ezkontza baliogabetzeko eskatu zion, baina Eliza Katolikoaren buruak ezetz erantzun zion. Ezetza jaso ostean, Erromarekiko harreman guztiak apurtu zituen Enrike VIII.ak eta Katalinarekin banandu eta Ana Bolenarekin ezkondu zen. Ondoren, beste lau emazte izan zituen. Britainia Handian erlijio ofiziala anglikanoa izan arren, herritarren gehiengo handi batek katolikoa izaten jarraitzen zuen, ordea.
1605eko azaroaren 5ean Jakobo VI.a Westminsterrera joatekoa omen zen, eta Guy Fawkesek eta beste konspiratzaileek egun hori probestu nahi izan zuten hura hiltzeko. Guztira, hamahiru lagunen kontua izan omen zen. Westminsterreko jauregiaren aldamenean etxe bat alokairuan hartu zuten, eta Fawkes bera arduratu zen etxea zaintzeaz. Juan Jonhson izenez lan egin zuen bertan handik aurrera.
1605eko martxoaren inguruan, Lorden Ganbera azpiko gela bat alokairuan hartu eta azarora bitartean bolbora-upelez bete zuten. Batzuek, guztira, 20 upel izan zirela diote; beste batzuen ustez, berriz, 40 izan ziren. Ordurako, ordea, Salisburyko kondearen gidaritzapean zegoen erregeren espioitza taldea Fawkesen atzetik zebilen. Fawkesek berak piztu behar zuen metxa bolborak eztanda egin zezan, eta ondoren, Europara ihes egin behar zuen. Bestalde, beste konspiratzaile batek erregearen alaba bahitu eta Ingalaterra erdialdera eraman behar zuen, han katolikoen altxamendua eragiteko.
Dena prest zegoela, Lorden Ganberako kideetako bati eskutitz sekretu bat iritsi zitzaion, azaroaren 5ean Parlamentura ez joateko gomendatuz. Hark Salisburyko kondeari jakinarazi zion eta Westminster goitik behera ikuskatzeari ekin zioten. Azaroaren 4ko arratsaldean, Westminsterreko sotoan Juan Jonhson bezala identifikatu zen gizon bat aurkitu zuten, egurrez egindako mendi baten eta bolbora-upel askoren inguruan. Atxilotu eta hurrengo egunean erregeak Fawkes torturatzeko baimena eman zuen.
1606. urteko urtarrilean epaitu zituzten konspiratzaileak, Fawkesek ia taldekide guztien izenak eman ostean. Traidoreei garai hartan jartzen zieten zigorra jaso omen zuten: lehenengo, Westminsterreko jauregiaren atarian bertan lepotik zintzilikatu zituzten, eta barrabilak moztu zizkieten; gero, eurek ikusteko moduan, moztutako barrabilak sutara bota zituzten eta, bizirik jarraitzen zuten bitartean, sabela ireki eta tripak eta bihotza atera zizkieten, hara hurbildu zirenek ongi ikus zezaten.
Zenbait historialarik diotenaren arabera, katolikoei zien gorrotoak bultzatuta, Salisburyko kondeak berak antolatu zuen konspirazio hura, haiek zigortzeko asmoz.
Gertaera historiko hau David LLoyd eta Alan Mooreri «V for Vendetta» izeneko komikia idazteko baliagarria izan zitzaien 1982an. Komikian III. Mundu Gerra osteko Britainia Handia deskribatzen dute. Etsaia eskuin muturreko Gobernua da eta haren gehiegikeriei aurre egiteko, V izeneko anarkista misteriotsu batek -Fawkesen aurpegia irudikatzen duen mozorroaren atzean ezkutatua- gerra egiten du bere kabuz. Komikia oso arrakastatsua izan zen, eta 2005ean komikian oinarritutako film bat egin zuten Wachowski anaiek; lan horrek kritika ugari izan zituen, komikiaren izaera anarkista ahazten zuelako.




