Xole Aramendi
2009ko Azaroaren 06a
Martin Cooper da sakeleko telefono batetik lehen deia egin zuen pertsona. 1973. urtean izan zen. New York-eko kaleetan zebilen. Eskuan, kilo eta erdi pisatzen zuen tramankulua, Cooperrek berak sortua. Aparteko bateria handi baten laguntza behar zuen.
Geroztik, 36 urte joan dira eta, gaur egun, munduan, gehienek sakeleko telefonoa dute: 4.000 milioi pertsonak erabiltzen dute, hain zuzen ere.
Gizonak, orain, 82 urte ditu -ingeniari lanetan aritu zen Motorola etxean-, eta Madrilen izan da aste honetan, Datuen Babesaren eta Pribatutasunaren XXXI. Nazioarteko Konferentzian. «Horixe da Europako Batasunaren puntu ahula», irakur zitekeen Interneteko hainbat hedabidetan.
Irribarrez, lehen sakeleko telefono hura erakutsi zuen Cooperrek. «Hogei minutuko iraupena zuen bateriak: nahikoa, ezin zaio-eta luzaroan eutsi, hain da astuna...», adierazi zien Konferentzian bildutako mila pertsonei.
Sakeleko telefonoaren sortzailearen hitzetan, iraultza teknologikoaren atarian gaude oraindik. Horretarako ezinbestekoa da produktuak merketzea. Kostu-zerbitzu harremanaren hobekuntzari esker, esaterako, teknologiak osasun arloan izan ditzakeen aplikazioak aurreratu zituen Cooperrek. Izan ere, bere ustez, iraultza teknologikoa ez da mugatzen e-mailak bidaltzera: «Osasun arloan ekar ditzakeen hobekuntzak, horiek dira garrantzitsuak». Horretantxe ari da orain lanean. Konferentzian zapi baten itxura duen dispositibo bat erakutsi zuen, gorputzaren 39 funtzioen gaineko kontrola lor dezakeena. Sakeleko telefonoaren bidez osasun etxera deitu eta pertsona jakin baten arazoaren berri ere eman dezake. Bihotzekoak edo iktus-ak aurreikusteko gaitasuna ere azpimarratu zuen.
Elpais.com agerkariari eskainitako elkarrizketan adierazitakoaren arabera, ez du gizartea Gran Hermano handi bat bihurtzeko arriskurik ikusten. «Ez dago pribatutasunik, baina jendeari ez zaio axola. Gakoa guk geure datuekiko erabakiak hartzea da, ez Gobernuak. Hark eduki beharko ez lukeen informazioa daukanean etortzen da gehiegikeria. Zer esan nahi dute, Gobernuan gu baino argiagoa den norbait dagoela? Ez nator horrekin bat».
Harantzago doa: «Informazio finantzarioa, bai, babestu egin behar da, baina niri berdin zait zer erosi dudan inork badaki. Nire ohituretan oinarritutako publizitatea jasoten badut, ondo, bizitza erraztuko didate eta».
Bere hitzetan, kontua honako hau da: «Datu guztiekin zer egiten dugun. Oreka bilatu beharrean gaude, iraultzaren onuraduna herritarra izan dadin».
Berak bizpahiru hilabetetik behin aldatzen du sakelekoa. Gazteen eskariari erantzunez, ingeniaria ez da denetarik egiten duten sakelekoen aldekoa; «ez baitute ezer ondo egiten», dio. Cooperrek amets bat du: belarri atzean edo azalaren azpian jar daitekeen telefonoa asmatzea. «Ez da berriro kargatu beharko, eta ez duzu etxean ahaztu duzulako kezkatu beharko. Denei gustatuko zaiei», adierazi du sakeleko telefonoaren sortzaileak.




