-

Josu Juaristi

2009ko Azaroaren 06a

Lisboako Ituna abenduaren 1ean sartuko da indarrean. Baina ez dezala inork pentsa horrek, besterik gabe, barealdia ekarriko diola Europar Batasunari. Hogeita zazpi estatu kideren agintariek arnasa hartuko zuten, seguru, irlandarrek baietz esan ziotenean, bigarren erreferendumean, Itunari, baina oraindik kontu asko dituzte konpontzeko, argitzeko eta erabakitzeko. Begi bistakoenak, seguru asko datorren astean egingo duten Europar Kontseiluan erabakiko dituzte: Europar Kontseiluko presidentearen izena eta Kanpo Ekintzarako Europar Zerbitzu berriaren buruaren izena. Hautagai asko daude bi postu horiek betetzeko, baina garrantzitsuena ez da hau edo beste hori aukeratzea, karguei emango zaizkien izaera eta ahalmenak baizik. Eta hori ere, beste gauza asko bezala, erabaki gabe dute oraindik. Gainera, Lisboako Itunak ekarriko dituen oinarrizko aldaketa batzuk ez dira berehala sartuko indarrean. Erabakiak hartzeko sistema berria, esate baterako, bost edo zazpi urte pasa arte ez da erabat martxan jarriko. Eta tarte horretan, gainera, negoziazio latzak egin beharko dituzte aurrekontuak eta martxan dauden hainbat erreforma adosteko.

Zer esan nahi du honek guztiak? Gaurko Europar Batasunean, benetan, jokoan dagoena botere banaketa berria dela. Lisboako Itunak posizioak finkatu zituen, batez ere Europako Parlamentuan estatu kide bakoitzak izango dituen eserlekuekin eta, bereziki, Ministroen Kontseiluan bakoitzak izango dituen botoekin eta estatuen gune horretan erabakiak hartzeko erabakitako sistemarekin. Hori indarrean sartu arte, ordea, botere banaketa ez da behin betikoa izango (Batasun honetan zerbait betiko izan daitekeela esan badaiteke, behinik behin).

Bitartean, esan bezala, kontu asko izango dituzte negoziatzeko, eta negoziazioak gero eta zailagoak dira Batasuna gero eta handiagoa delako, eta interesak, inoiz baino anitzagoak edo desberdinagoak.

Batzuk, ordea, besteei terrenoa markatzen hasi dira, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak egin berri duen bezala. Asteazkenean, Sarkozyk Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Hungaria kritikatu zituen, nahiko gogor gainera, Europar Kontseiluen atarian bilerak egiteko ohiturari heltzen diotelako. Europako erdialdeko lau estatu hauek Visegradeko Taldea osatu zuten 1991ean (hiru kide ziren hasieran, Txekoslovakia zatitu baino lehenago sortu zelako), Batasunean sartu baino askoz lehenago, beraz (2004an integratu ziren laurak). Baina, behin Europar Batasunean sartuta ere, Visegradeko Taldeak talde bezala funtzionatzen jarraitu zuen, neurri batean. Esate baterako, batzuetan (ez beti, jakina), jarrera bakarra eramateko Europar Kontseiluetara edo Batasun barruko negoziazioetara. Eta hori da Nicolas Sarkozyk jasan ezin duena, besteek berak egiten duena (Angela Merkelekin, normalean) egitea. Jakina, Frantzia «handia» da eta Europako erdialdekoak, berriak izateaz gain, txikiak dira (Polonia kenduta). Baina Sarkozyk ez du lotsarik. Bere hitzek ohiko harrokeria islatzen dute (nik egin dezaket, baina besteek ez; nahiz eta ez litzatekeen ausartuko gauza bera esatera Belgikari eta Holandari Luxenburgorekin antzeko bilerak egiteagatik gailurren bezperetan). Baina bere hitzek, gainera, etorkizuneko Batasunean (erabakiak hartzeko sistema berria erabat indarrean denean) izango diren gehiengo eta gutxiengo konplikatu eta delikatuen aurrean urduritasuna erakusten dute. Estatu batzuk, Polonia kasu, gero eta indartsuagoak dira Batasunean, eta beraz, gero eta kontrolaezinagoak handienentzat. Hori, Parisentzat edo Berlinentzat, esate baterako, arazoa da. Kromoak 27ren artean banatu behar dira, eta gehiengoak lortzeko lagunak egin beharko dituzte -edo zordunak edo auskalo-, eta Sarkozy ez da hain ona lagunak egiten.