-

Joxe Rojas

2009ko Urriaren 23a

Poliziak hainbat lagun atxilotu ditu arrazoi politikoengatik. Euskal gizartearen zati handi bat atxiloketen aurka agertu da. EAEko telebista publikoak, albistearen berri ematean, atxiloketen kontra dauden sektoreen ahotsari ere utzi dio tartea. Euskadiko gobernuari ez zaio gustatu haren aginduz egindako atxiloketen aurkako ahotsak «haren» telebistan entzutea, eta albistegietako editoreak kaleratu egin ditu «eurenganako konfiantza galdu» duelako.

Horrelaxe omen daude kontuak ETB telebista publikoan, egunotan prentsan argitaratu diren albisteei kasu egiten badiegu, behintzat. Bertako «hiritar guztiontzat» gobernatu nahi omen zuen gobernu berriak ahotsa kendu die batzuei, eta horren aurka mintzatzen denik ez dagoela sinestarazi nahi digu «bere» hedabideetan.

Hori bai, ez dezala inork pentsa horrelakoak gertatzen diren lehen aldia denik. Hemerotekara joan eta, esate baterako, duela 18 urte, «Terminus» saioak eta Elene Lizarraldek nola bukatu zuten ikustea besterik ez dago, orduko Jaurlaritzaren ildoarekin bat ez zetozen J. M. Gorordo eta Korrika 7ri ahotsa eman nahi izateagatik.

Tristea eta amorragarria da horrelakoak gertatzea. Tokatu zaigun -edo guztion artean eraiki dugun, ez dakit- klase politikoaren mailaren erakusgarri argi eta gupidarik gabea. Berdin dit ezkutatu nahi diren egiak alde batekoak edo bestekoak diren; erakunde publikoen kontzepzio erabat gaiztotua dago horrelakoen atzean: publikoa beharko lukeen komunikabidea agintean dagoenaren komunikabide pribatua da praktikan. Neurri batean ala bestean, disimulu edo dotorezia handiagoaz edo txikiagoaz, horixe gertatzen da hurbil ditugun kasu guztietan eta, are gehiago, batzuek horrela izan behar duela defendatzen dute sutsu .«Euskal telebista publikoa gobernatzen duen partiduaren kolorekoa izatea normala da. Hori leku guztietan gertatzen da eta jende guztiak daki». Horixe esan zion Antonio Basagoitik Espainiako Tele5 kateari (sic) joan den martxoan. Disimulatu beharrik ez, beraz: telebista publikoak gobernuaren kolorekoa izan behar du, eta baten batek gobernuaren tesien kontrako ahotsei lekua emanez gero, kalera. Leku guztietan gertatzen da eta jende guztiak daki.

Guztietan? Tira: Ingalaterrako BBC ezagunaren zuzendari nagusia ez du gobernuak hautatzen. Deialdi publikoa egiten da kargua berritu behar denean, eta baldintzak betetzen dituzten guztiek eman dezakete izena, gero azterketa moduko bat egiteko. Azterketa horretan oinarrituta, batzorde batek hautatzen du zuzendaria, eta jarraipena egiten dio, BBCren independentzia, iritzi aniztasuna eta abarrak mantentzen dituela zaintzeko. Egia da batzordea erregeak izendatzen duela, ministroen aholkuetan oinarrituta, baina tira, gutxienez idatzita daukate telebista publikoa ez dela gobernatzen duenarena, eta bertan ahots guztiek izan behar dutela lekua.

Dena den, egia da beti dagoela baten bat okerrago. EAEn gobernuaren koloreko irrati-telebista dago, baina Nafarroan, ezta hori ere. Hango gobernua azkarragoa izan da, eta etorkizunean jabez alda litekeen telebista publikoa sortu ordez, hiru telebista pribaturen artean banatu ditu komunitate osorako emititzeko lizentziak. Horrela, gobernua aldatu arren, Canal 4, Canal 6 eta Popular TV telebistek ez dute zertan euren «kolorea» aldatu. Hori lasaitasuna!

Bide batez, txutxu-mutxu interesgarri bat kontatuko dizuet. Badakizue Nafarroako gobernuak zenbat diru eman dien aurten aipatutako hiru telebista pribatu horiei? Hiru milioi euro. Eta Nafarroan diren euskarazko 30 hedabideei? Zero. Krisia, badakizue...