-

Patri jaio zen lehendabizi eta, hiru minutura, Eli. Beti ibili izan dira ondo-ondoan. Eskubaloi jokalari profesionalak dira eta 23 urte zituzten arte elkarrekin aritu ziren, talde berean. Bost urte elkarrengandik aparte eta elkarren kontra aritu ondoren, berriz jantzi dute kamiseta berdina, Lizarrako Itxako taldearena.

Amagoia Mujika

2009ko Urriaren 23a

Eli eta Patri. Patri eta Eli. Bikiak dira. Eskubaloi jokalari profesionalak dira eta denboraldi honetan biak ari dira Lizarrako Itxako taldean jokatzen. Elik bi urte darama Lizarran eta Patrik, hilabete batzuk. Bost urte zeramaten elkarrekin talde berean jokatu gabe, elkarren aurka askotan. Horregatik, oso pozgarria izan da berriz topatzea, bai bikientzat, bai beren senide eta lagunentzat. «Orain gurasoek ez dute erabaki behar astebururo zeinen partida ikustera joan. Eta ez gaituzte elkarren aurka jokatzen ikusi behar. Oso gaizki pasatzen zuten», esan du Elik. Beraientzat ere ez zen erraza. «Zure ahizpa daukazu aurrean eta indar guztiarekin defendatu behar duzu zurea. Behar baldin bada bultza egin, kolperen bat eman... Hasieran oso gogorra zen, baina azkenerako ikasi egin genuen», jarraitu du Patrik. Ile iluna dauka Elik; Patrik, berriz, argia. Eskerrak horri, bestela ez dira bereizten errazak.

Amurrion jaio ziren duela 28 urte. Patri lehendabizi eta Eli hiru minutu eskasera. Oso azkar. «Oso mugituak izan gara txikitatik. Beti elkarrekin ibili izan gara eta beti gauza berak egin izan ditugu». Pianoa jo, ingelesa ikasi, futbolean aritu... dena elkarrekin. Bi ziren, baina askotan bakarra ematen zuten.

Eta eskubaloian ere elkarrekin hasi ziren, Amurrioko eskolako taldean. «Eskolaz kanpoko jardueretan hainbat kirol egiten genituen, eta, aukeratzeko garaia iritsi zenean, guk futbolean aritu nahi izan genuen. Baina bai entrenatzaileak, bai etxekoek, eskubaloian hastera animatu gintuzten». Oso altuak eta sendoak ziren -orain Lizarrako taldean ez omen dira handienak, «badira gu baino handiagoak, baina baita txikiagoak ere»- eta azkar nabarmendu ziren eskubaloiaren munduan. Haur-kategorian ari zirela joan ziren lehendabizikoz Euskal Selekziora.

Kadete mailan Amurriotik Eibarrera joan ziren, eta bertan lau urte eman zituzten jokatzen. «Hasieran Eibarren bizi ginen, baina gero Amurriora bueltatu ginen. Oso gazteak ginen eta gurasoek nahiago zuten gu etxean egotea. Astean hirutan eramaten gintuzten Amurriotik Eibarrera. Gurasoek kilometro mordoa egin dute gu batetik bestera eramaten. Garraiolariak dira eta, laneko kilometroez aparte, beste pila bat egin dituzte gurekin», jarraitu du Patrik.

Eibartik Donostiara joan ziren biak, Akaba Bera Bera taldera, eta bertan bost denboraldi osatu zituzten elkarrekin. Eta, 23 urte elkarren ondo-ondoan eman eta gero, banantzeko ordua iritsi zitzaien. Eli Valentziako Cementos la Unión taldera joan zen. «Gogorra izan zen, baina aukera ona zen nire kirol ibilbiderako; horrenbestez, joatea erabaki nuen. Egun guztia ematen genuen telefonoz elkarrekin hitz egiten». Urtebeterako joan bazen ere, azkenean hiru urte eman zituen Elik Valentzia aldean, Astroc Sagunto taldera joan baitzen ondoren. Eta 26 urte zituela bueltatu zen Euskal Herrira, Lizarrako Itxako taldera hain justu.

Patrik, bestalde, Bera Beran jarraitu zuen eta, hamar urte Donostiako taldean aritu eta gero, aurten joan da Itxakora. Eta, bost urteren buruan, berriz ere bi pinedotarrak kamiseta berarekin jokatzen. «Gu asko aldatu gara azken bost urteetan, orain taldeko beteranoak gara eta asko ikasi dugu. Hori guztia sumatzen da. Baina benetan gustura gaude elkarrekin gaudelako berriro. Polita izan da berriz topatzea», esan du Patrik.

Lotura oso estua

Patriren eta Eliren arteko lotura oso estua eta berezia da. «Ez dakigu bikiak garelako den edo ahizpak garelako. Ahizpen artean ere lotura oso berezia izaten da eta, gure artean, agian, are gehiago, beti gauza berak eta elkarrekin egin izan ditugulako. Ahizpa zaharragoa daukagu eta harekin harremana desberdina da, baina guk txikitandik dena elkarrekin egin izan dugu», esan du Elik.

Oso ondo ezagutzen dute elkar. Beren artean ez dago sekreturik. Eta, baldin badaude, alferrik. «Batak bestearen sekretuak ezagutzen ditugu, askotan kontatzeko beharrik izan gabe. Nik Eliri aurpegira begiratuta badakit zer gertatzen zaion edo zer pentsatzen ari den», jarraitu du Patrik. Onerako eta txarrerako, noski. Haserretu ere askozaz bortitzago haserretzen dira. «Gainera guk liskar asko izan ditugu batak bestearekin. Baina, gero, edonoren aurrean elkar defendatzen lehenak gara», jarraitu du Patrik. Kantxan ere haserretzen dira: «Konfiantza handia dugunez, asko exijitzen diogu elkarri».

Kanpotik elkarren antz handia badute ere, izateko moduan desberdinak dira. «Ni aitaren berdina naiz, itxiagoa eta serioagoa. Eta, Eli, amaren berdina, irekiagoa eta alaiagoa».

Jokatzeko moduan ere oso desberdinak dira, eta postu desberdinetan aritzen dira. Elik ezkerreko hegalean jokatzen du eta, Patrik, lehen lerroan. «Nire postuan garrantzitsua da jokoa ikustea eta antolatzea. Eliren lana, berriz, baloia iristen zaionean, tokia ikusten badu, baloia barrura sartzea da».

Itxakok joan den denboraldian balentria handia egin zuen, ABF liga eta EHF kopa irabazi zituelako. Eta aurtengo denboraldian indar handiarekin ari dira. Bai Patri, bai Eli oso gustura daude Lizarrako taldean.

Ikasketak aparte utzi gabe

Kirol ibilbide polita egin duten arren, ikasketak ez dituzte inoiz alboan utzi. Elik Pedagogia ikasi zuen eta orain ile-apainketa ikasten ari da. Diseinuaren mundua izugarri gustatzen zaio, eta askotan pentsatu izan du horretan lanean hasteko aukeraren inguruan. «Baina horretarako ondo marraztu behar da, eta ni horretan oso txarra naiz. Ez dakit zer egingo dudan, bokazio krisia daukat-eta», kontatu du.

«Biei moda izugarri gustatzen zaigu eta askotan joaten gara arropa erostera elkarrekin. Gainera, taila berbera daukagu, eta batek probatzen du besteari gustatzen zaion arropa, berari ere nola geldituko zaion ikus dezan. Gainera arropa trukatzeko arazorik ez daukagu. Armairu bikoitza daukagu, beraz», jarraitu du Elik.

Patrik, berriz, Euskal Filologia eta Lehen Hezkuntzako ikasketak ditu eta orain frantsesa ikasten ari da. «Beti saiatu izan gara zerbait ikasten jokatzen genuen bitartean. Ze, azkenean hau guztia bukatu egingo da eta gure bizitza beste edonork bezala zerotik hasi beharko dugu. Gu ez gara futbol jokalariak, ezingo dugu honetaz bizi kantxa utzitakoan», azaldu du Elik.

Bizitza erdia baino gehiago daramate kantxan jokatzen. Baina erretiroaz hitz egiteko arazorik ez daukate. «Eskubaloian ez dago erretiratzeko adinik. Badira 35 urterekin oraindik jokatzen jarraitzen duten emakumeak. Baina gure asmoa ez da hori. Guk ama izan nahi dugu. Agian ez aurten edo hurrengo urtean, baina bai bizpahiru urteren bueltan. Eta oso zaila da eskubaloi jokalari profesionala eta ama izatea. Nik taldean ikusi ditut egoera horretan daudenak eta nire asmoa ez da hori, gogorra iruditzen zait entrenamenduak, partidak eta bidaiak haurraren hazkuntzarekin partekatzea», esan du Patrik.

Emakumeak dira eta kirolari profesionalak izatea lortu dute. Lorpen handia da eta, hala ere, bidean beti dago trabaren bat; amatasuna, esaterako. Baina trabak traba, abantailak ere badaude. «Abantaila handiena gustatzen zaiguna gure lanbide bihurtu ahal izatea da», esan du Elik. Faltan dutenaz galdetutakoan, biak ados daude erantzunean: asteburuak libre izatea nahi dutena egiteko.

Patrik, gainera, sumatzen du beste hutsuneren bat. «Denboraldian beti daukazu minen bat, kolperen bat, giharrak kargatuta... Faltan sumatzen dut gorputza ondo edukitzea, minik gabe. Udan, adibidez, oso gustura egoten naiz primeran egoten naizelako eta asko gustatzen zait sentsazio hori».

Gorputza minduta izan arren, buruak beti egon behar du ondo denboraldiak iraun bitartean, emaitzak aldekoak edo kontrakoak izan. «Alderdi psikologikoa oso garrantzitsua da. Lehiaketa gogorra da buruarentzat, eta beti indartsu egon behar duzu. Egoera txarrei buelta emateko gaitasuna izan behar duzu eta hori ikasi egiten da», agertu du Elik.

Aurrera egiteko indarra eta egoera aldrebesei buelta emateko gaitasuna. Horixe beren kirol ibilbideak utzi dien arrastoa. Hori eta beste gauza asko. Baina oraindik ez da hori errepasatzeko garaia. Erretiratzen direnerako utzi behar.